Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Mutil-dantza baztertzailerik ez aurten Baztanen lehen aldiz

Dokumentuaren akzioak

Mutil-dantza baztertzailerik ez aurten Baztanen lehen aldiz

2023/11/03 11:05
Mutil-dantza baztertzailerik ez aurten Baztanen lehen aldiz

Argazkia: Plazara Dantzara

Baztanen mutil-dantza parekideak izateko borroka hasi zenetik, aurten lortu dute lehenbizikoz mutil-dantza baztertzailerik ez plazaratzea. Mutil-dantzen auziaren egungo egoera eta puntu honetara iristeko egin den bidearen berri eman dute Plazara Dantzara elkarteko kideek Elizondon azaroaren 2an egin duten prentsaurrekoan.

Azken hamarkadetako borroka feministaren emaitzaz iritsi direla bazterketarik gabeko mutil-dantzetara diote. Bide horretan jasan dituzten eraso, mespretxu eta bidegabekeriak ere gogoratu dituzte, baita helburura iristeko ezinbestekoak izan diren aliatu eta konplizeak ere. Mutil-dantzak ondare kulturala direla azpimarratu dute eta merezi duten balioa eta zabalkundea ematearen ardura aipatu dute. Amaitzeko, egin den mina eta kaltea aitortu eta erreparatzeko bidea abiatu behar dela ere esan dute.

Hemen duzue Plazara Dantzarak prentsaurrekoan irakurririko idatzia:

Oroitu, sendatu eta dantzatu
Arratsalde on denei, eta esker mila etortzeagatik! Gaurko prentsaurrekoa aurtengo Baztango herrietako bestetan lehenenbiziko aldiz mugarri garrantzitsu bat gainditu izanaren berri emateko deitu dugu. Baztanen Mutil-dantza parekideak izateko borroka hasi zenetik, lehenbiziko aldiz erraten ahal dugu aurtengo herrietako bestetan Mutil-dantza baztertzailerik ez dantzatzea lortu dugula.
Hamarkada luzeetan eman den borroka feministaren ondorioz lortu den garaipena da hau. Azpimarratu nahi dugu helburu hau lortzeko bidea luzea eta gogorra izan bada ere, Baztan feminista bat eraikitzeko aitzinamendu nabarmena izan dela aurtengoa. Argi utzi nahi dugu baita ere, dena ez dagoela irabazia eta oraino bide luzea dugula egiteko. Bazterketarekin akitu bada ere, baztertzaileak ez dira desagertu. Bazterketa ez da akitu beraiek egindako hausnarketa baten ondorioz, baizik eta antolakuntza eta borrokaren bidez beren harrokeriak eta ideia misoginoek zilegitasuna galdu dutelakoz.

Ibilbide luze honetan gure herrietako plazetan pasatu denak, gure oroimen historikoaren parte izan behar du. Memoria ezinbertzekoa da urteetan mutil-dantzekin gertatu diren eraso, mespretxu eta bidegabekeriak berriz errepikatu ez daitezen, ez Baztanen, ez inon. Ez dugu atzentzen ahal Baztandarren Biltzarra egunean emakumeak dantza-tokitik aterarazi gintuztela eta txistulariak isildu zirela; Lekarozen herriko argiak itzali, iraindu eta mehatxatu gintuztela; Elbeteko plazan dantzara sartu ginelarik gizonek dantzatzeari uzteaz gain, han zeudenek iraindu eta bulkatu gintuztela; Ikastolako plazan ere, dantzara sartzean dantzatzeari utzi ziotela; Elizondoko elizatea bazterketa eremu bihurtu, eta dantzara sartu ginelarik iraindu gintuztela; Gartzainen bertze hainbertze; eta zenbait herritan emakumeek dantzatzea baino, nahiago izan dutela bestetako programatik Mutil-dantzak kentzea; eta lerro hauetan kabitzen ez diren bertze hainbat eraso gertatu dira herritar aunitzen begirada eta isiltasun konplizearekin.

Gogora ekarri nahi dugu baita ere, bidean gurekin izan ditugula ezinbertzekoak izan diren hainbat aliatu eta konplize. Bidelagun izan ditugu mehatxu eta erasoen aitzinean gure ondoan dantzatzen, txalotzen, eta animatzen aritu diren herritarrak; bazterketaren aitzinean isildu ez diren txistulari eta atabalariak; herriz herri Mutil-dantzak erakusten eta dantzatzen ibili direnak; Mutil-dantza baztertzaileak Baztandik kanpo geldiarazteko hain eraginkorra izan den Euskal Herriko sare feminista; Mutil-dantza baztertzailea geldiarazteko publikoki eskatu duten hautetsi, alkate eta instituzioak; etxeko gizon baztertzaileekin mahai-inguruan etsitu gabe eztabaidatzen aritu direnak; ez dugu atzenduko urtez urte handituz joan den aliatuen sare horri esker ailegatu garela momentu honetara. Gure eskerrik beroenak beraz, konplize eta aliatu guztiei egindako ekarpenarengatik.

Lortu dena mugarri garrantzitsua bada ere, ez da aski bazterketarekin akitzea, egin den mina eta kaltea aitortu eta erreparatzeko bidea abiatu behar dugu. Hasteko, Mutil-dantza baztandar guztien ondare kulturala den heinean, gure herrietako plazetan eta dantza eskoletan merezi duen tokia eman behar zaio. Lan honek ez du emakumeen eta mugimendu feministaren ardura bakarrik izan behar, denen ardura da. Bazterketaren estrategiaren parte izan da, emakumeak plazan lekua hartzen joan garen heinean, gizonezkoek Mutil-dantzak dantzatzeari uztea edota dantzatzen delarik plazatik lekutzea; bertze estrategia bat da Euskal Herrian barna antolatzen diren plaza-dantzetan Mutil-dantza txertatzen ari den garai honetan, Baztanen “bailableak” izenarekin egiten diren plaza-dantzetan Mutil-dantzak ez jotzea. Bada garaia boikot kanpaina hau salatu eta horrekin akitzeko.

Mutil-dantzen aldeko borroka gure memoria historikoa eta ondare kulturalaren aldeko borroka ere bada. Sendatzeko bidea, beraz, Mutil-dantzaren ospea eta balioaren berreskuratzearekin etorriko da. Hortaz, baztandar guztiak animatzen ditugu Baztanek behar duen sendatze prozesu hau elkarrekin abiatzera.

GORA MUTIL-DANTZAK!GORA BORROKA FEMINISTA! PLAZARA, DANTZARA!

 

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)