Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Mutil-dantza baztertzailearekin bukatzeko eskatu dute Baztanen

Dokumentuaren akzioak

Mutil-dantza baztertzailearekin bukatzeko eskatu dute Baztanen

2018/10/25 09:35
Mutil-dantza baztertzailearekin bukatzeko eskatu dute Baztanen

Baztandarren prentsaurrekoa, 2018-10-24. Argazkia: Plazara Dantzara

Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan egiten diren mutil-dantza baztertzaileak ez egitea eskatu dute Baztango hainbat taldek eta eragilek. Baztango Talde Feminista, Plazara Dantzara eta Jo ala Jo taldeek deitutako prentsaurrekorako prestatutako testuarekin bat egin dute Baztandarren Biltzarra, Elizondoko herria, Elizondoko besta batzordea eta Baztango Batzar Nagusiko zenbait kidek ere.

Hemen duzue irakurri duten testua:

Gaur hemen Baztango zenbait eragile elkartu gara eskakizun zehatz bat egiteko: hementxe berean, gu gauden toki honetan, Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan egiten den dantza baztertzailearekin akitzea.

Baztango Talde Feminista, Plazara Dantzara, Jo ala Jo, Baztandarren Biltzarra, Elizondoko herria eta Besta Batzordea eta Batzar Nagusiko zenbait kideren izenean, Baztango Mutildatzariak taldeari eskatu nahi diogu bazterketak egiteari uzteko, bai hemen, bai bertze edozein eremutan. Bazterketarik gabeko Baztan nahi dugulakoz.

Hamarkadak pasatu dira emakumeok, gure eskubideen defentsan Baztango Mutildan tzetan parte hartzeko nahia azaldu genuenetik. Bide luzea izan da eta denetarikoak izan dira emakumeak jasan ditugun erasoak, ahozkoak zein fisikoak. Ez da xamurra izan. Emakume bezala bestaz, dantzaz, plazaz eta tradizioez libreki eta nahi bezala gozatzeko eskubidea bermatu nahiak, antolatu eta borrokatzera eraman gaitu.

Hortaz, kolpeak jasan bezain laster zutitu gara eta aitzinerat segitu dugu, emakumeak izateagatik gure etorkizuna, gure askatasuna, eta gure bizitzak egunero jokoan daudelakoz.

Guk gure gorputza eta dantza, gure arma bihurtu ditugu, batzuk gudu-zelai bihurtu nahi izan dituzten arren. Borroka luze honen ondorioz Mutildantza dantzatzen den herriko plaza publiko guztietan dantza parekidea izatea bermatu dugu.

Herri honetan ere emakumeen kontrako erasoak oraindik ematen ari dira. Behin eta berriz salatu dugu matxismoaren alardea den eraso sexista kolektibo hau. Plaza publikotik kanpo emateak ez du erran nahi onartu behar denik. Etxe barnean eta altxapeka ematen baitira emakumeen kontrako eraso gehienak (irainak, kolpeak, bortxaketak, eta erailketak), eta elizate honetan gertatzen dena eraso larri horien oinarrian dagoen patriarkatuaren adierazgarri argia dugu.

Hau dena salatuz mozio bat aurkeztu genuen Baztango Udaleko Osoko Bilkuran eta Batzar Nagusian. Egoera honek aukera ematen baitigu guztioi batera, parekidetasunaren bidean, emakumeon eskubideak bermatuak izan daitezen aitzina pausuak ematera. Osoko Bilkuran mozio hau ez zen aitzinerat atera Geroa Baik, Baztango Ezkerrak eta Baztan Auzolanean-ek honen kontra egin zutelakoz. Zenbait ekitaldi instituzionaletan pankartan gibelean emakumeen indarkeria salatzen ikusten ditugunak, oraingo honetan bazterketa hau babestu dute.

Batzar Nagusiak berriz, salaketarekin bat egin du, zenbait herriko alkate eta junterok eta EHBko hautetsiek erakutsi dutelakoz herritar guztiak ordezkatzen dituztela eta ez dutela bazterketarik onartuko. Bertze batzuk abstentziora jo dute, UPN barne. Hauei garbi erraten diegu, erasoa salatzen ez duenak bidea libre uzten duela honek bere horretan segi dezan.

Baztanetik, Hondarribira, Iruñetik, Baionara, mendez mende eta inkisizioz inkisizio, gure eskubideak defendatzen eta bermatzen segituko dugu emakumeen kontrako zapalkuntzarekin akitu artio.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)