Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Orain 75 urte, Orion, emakumeek dantzatu zuten aurreskua Kontxan lortutako garaipena ospatzeko

Dokumentuaren akzioak

Orain 75 urte, Orion, emakumeek dantzatu zuten aurreskua Kontxan lortutako garaipena ospatzeko

2017/09/11 09:50

Oriok irabazi ditu 2017ko Donostiako estropadak eta, orain dela 75 urte ere, 1942an, oriotarrak izan ziren garaile Kontxan. Kutxatekan gordetako argazki hauek Orioko arraunlariek Kontxako bandera irabazi eta herrian egin ziren ospakizunekoak dira. 

Aurreskua Orioko arraunlariei 1
Emakumeen aurreskua Orion, estropaden garaipena ospatzeko, 1942an. Argazkia: Pascual Marin/ Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Emakumeak aurreskua dantzatzen ikus daitezke irudietan. Domingo Mitxelena patroi zutela, Kontxako bandera irabazi zuten Orioko arraunlariek, eta garaipena ospatzeko kalejira, meza, aurreskua, bazkaria eta festa antolatu ziren Orion.

Orio 1942 emakumeen aurreskua 012
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Arraunlariak eta dantzariak taldean. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Hain zuzen soka-dantzan ageri dira hainbat emakume zuriz jantzita, aurreskua dantzatzen. Ondoko argazkian, Domingo Mitxelena patroia izan daiteke aurreskulariaren parean dagoena.

Orio 1942 emakumeen aurreskua 017
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Emakumeen aurreskua, agurra. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Orio 1942 emakumeen aurreskua 011
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

1921eko Santurtziko estropadetan emakumeek arraunlariei dantzatutako aurreskuaren tankera handia dute irudi hauek. 20 urte beranduago eta Orion dira irudiak, baina bietan errepikatzen da eszena: herriko arraunlariek estropada garrantzitsuak irabazi dituzte, harrera egin diete herrian, eta herriko emakumeek atera dute soka-dantza, aurreskua dantzatuz. 

Orio 1942 emakumeen aurreskua 016
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Emakumeen aurreskua, agurra. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Orio 1942 emakumeen aurreskua 014
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Arraunlari eta emakume dantzariek, talde argazkia ere egin zuten elkarrekin.

Aurreskua Orioko arraunlariei 2
Arraunlariak eta dantzariak taldean, Orio 1942. Argazkia: Pascual Marin/ Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Orio 1942 emakumeen aurreskua 015
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Emakumeen aurreskua, desafioa. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Pascual Marin eta Vicente Martin-ek egindako argazkietan festako hainbat une ikus daitezke, Donostiako estropadetatik hasita, arraunlariak Orion, ontzian bertan irabazitako bandera beraiekin dutela, eta prozesio eta aurreskukoak barne.

Aurreskua Orioko arraunlariei 3
Orioko arraunlariak Kontxako banderarekin, Orio 1942. Argazkia: Pascual Marin/ Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Orio 1942 emakumeen aurreskua 013
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

2017/09/13 22:26
Orioko irudi horiek direla-eta, pare bat gauza nahi nituzke esan.

Urtebete edo izango da argazki horiek aurrenekoz ikusi nituela; Orioko Eneko Dorronsoro dantzariak erakutsi zizkidan, Orio aldean gerra ondorenetik gaur arteko dantza-sueltoaren inguruko bilketa lana egiten ari baitira, eta bilaketa horretan, argazki hauek ere aurkitu baitzituzten. Protagonisten izen gehienak ere badakizkite. Ea ba, lan horren emaitzak laster ikusten ditugun!

Nesken aurreskua izateaz aparte, niri atentzioa ematen didate beste kontu batzuek: iruditzen zait argazki horietan antzematen direla dantza-tradizio zaharraren zantzu batzuk. Esaterako: besoak gerrian jasota dantzan egiteko ohitura, edo, espazioaren erabilera (iruditu baitzait, oraindik Zarautzen egiten den moduan, binakako desafioan mugimenduak aurrera eta atzerakoak ere badirela, eta elkar gurutzatzen direla). Eta, noski, akademizazio urriak ematen duen soltura, aurpegietan eta gorputza kolokatzeko moduan antzematen dena. Detaile horietan ere arreta jarri beharko genukeela iruditzen zait, eta ez dantza-pausuetan bakarrik.

Ospakizunari dagokionez, nahiago nuke nik orain egiten dituzten ospakizun arranditsu horien partez argazkien parekoak egingo balituzkete. Baina, hori beste kupeleko sagardoa izango da. Edo, beharbada ez!

Xabier Etxabe.
2017/09/14 12:38
Eneko eta zuri esker izan genuen Xabier, argazki horien berri duela urtebete. Mila esker!
2017/09/14 12:44
Begirada zorroztuta duenak hainbat kontu ikusten ditu Xabier. Desafioaren irudia oso ederra eta esanguratsua da, bai, ezer esanik ez besoak gerrian jarrita dantzatzea bera, zenbait tokitan orain gutxi arte egin dena. Ane Albisuk jantzi zurian jarri du arreta, izan ere, poxpolina jantzia asko hedatu zen gerra aurreko urteetan, eta ez da ongi ezagutzen nola janzten ziren emakumeak dantzarako horren aurretik. HOrrelako irudiek adierazten digute zuriz jantzita, apaingarri gorriekin, ohiko janzkera izan dela, gizon zein emakumeentzat dantzaraji eta festarako.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.