Otxandioko emakumeen soka-dantza berreskuratuko dute larunbatean
82 urtean galduta egon den errementarien soka-dantza egingo dute uztailaren 22an, larunbata, Otxandioko Urduri dantza taldeko emakumeek.
1980ko hamarkadan Santurtziko Mendi Alde dantza taldeko Mundi eta Andoni Flores anaiak Otxandioko soka-dantza ikertzen hasi ziren. Santa Marina jaietan egiten zen emakumeen soka-dantzaren inguruko informazio historikoa, ahozko testigantzak eta herriko hainbat abestiren partiturak bildu dituzte. Ikerketa- eta bilketa-lanak eman dute fruitua, 1935etik dantzatu ez den soka-dantza egingo dute aurten herriko emakumeek.
Sabina Oiangurenek, soka-dantza modu zaharrean dantzatu zuen azken belaunaldiko emakumeak, erakutsitako pausuak ditu soka-dantzak oinarrian. Flores anaien laguntzaz ikasi dituzte Urduri dantza taldeko dantzariek pausuak.
Esan bezala 1935ean dantzatu zuten soka-dantza azkenengo aldiz. 1936ko uztailaren 22an, Otxandio jai giroan murgilduta zela, herria bonbardatu baitzuten. Aurten eraso faxista hartan hildakoen eta dantzan egin ezin izan ez zuten emakumeen omenenez dantzatuko dute. Hori dela eta, plazan beharrean, Andikonan izango da soka-dantza, iluntzeko 20:30ean.