Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeak erasotu dituzte Cerveran

Dokumentuaren akzioak

Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeak erasotu dituzte Cerveran

2025/09/03 08:55
Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeak erasotu dituzte Cerveran

Gaita, Cervera del Río Alhama. Argazkia: Gaita Mixta en Cervera

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun; Errioxako (Espainia) Cervera del Río Alhama herriko Gaitan ere emakumeak diskriminatu eta erasotzen dituzte dantzatu nahi izate soilagatik.

Santa Ana (uztailak 26) eta San Gil (irailak 1) jaietan dantzatzen da Gaita izeneko dantza. Hamar urtetik gora dira emakumeek dantzan parte hartzeko ahaleginak egiten hasi zirela, baina gizonezkoek ez diete uzten beraiekin dantzatzen. Horrela, Gaita Mistoa elkartea sortu behar izan dute, baina hori ere ezin onartu gizon baztertzaileek eta urtero oztopoak jasaten dituzte: irainak, bultzakadak... Azkenengoak pasa den abuztuaren 31n.

Talde mistoa dantzara atera da, baina baztertzaileek oztopatu egin dituzte, beren dantzaren erdian sartuta modu oldarkorrean. Honako komunikatua atera dute Cervera del Río Alhamako Gaita elkarteko kideek:

Gaur, San Gil jaietan, Gaita Elkarteak gertaera tamalgarria pairatu du. Kalean dantzan ari ginela, San Gilen Gaitako dantzariek gure dantza eten dute errespeturik gabe. Bultzatu eta dantzatzeari uztera "behartu" gaituzte.

Lehenengo elizaren barruan dantza egiteko eskubidea ukatu zitzaigun, eta orain guztionak diren kaleetan ere isilarazi nahi gaituzte. Gure ustez, lotsagarria da "tradizioaren" eta matxismoaren aitzakiak erabiltzea, benetan herri baten askatasun, kultura eta batasun adierazle behar lukeen ekintza eragozteko.

Gaita, dantza eta musika ondare komunak dira. Inork ez luke inposatu behar nork goza dezakeen edo nork ez. Dantzatzeko eskubidea, adieraztekoa eta gure sustraiak diskriminaziorik gabe bizirik mantentzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Tradizioak ere eboluzionatu egiten direlako; kulturak errespetuz eta berdintasunean partekatzen denean bakarrik du zentzua.

Kaleak guztionak dira. Eta horietan dantzan jarraituko dugu.

 

Baztertzaileek erabiltzen dituzten argudioak aztertu eta hankaz gora botatzen ditu Marcos Herreros-ek Cerverako gaita eta tradizioaren argudio faltsua artikuluan. Jantzien txukuntasuna, dantzaren existentzia fisikoa, tradizioa mantendu nahia... dira erabiltzen dituzten argudioak, baina horiek aitzakiak besterik ez direla dio Herreros-ek, azkenean, gizonezko horiek boterea nork duen erakustea eta espazio hartzea bilatzen dute dantzaren bidez:

Protagonismoa, nagusitasuna eta boterea izaten jarraitzea bilatzen dute, sinbolikoak eta oso puntualak izan arren, emakumeek ordura arte gizonentzat gordetako gero eta espazio gehiago okupatzea lortu duten gizartean.

Cervera Gaita
Gaita, Cervera del Río Alhama. Argazkia: Gaita Mixta en Cervera

Emakumeek ez dutela gizonen espazio errespetatzen diote, baina hori ez da horrela, kontua da emakumeak ez direla gizonek utzitako espazioarekin konformatzen.

Gertatzen dena ez da gizonek emakumeen espazioa errespetatzen dutela, eta emakumeek ez dutela gauza bera egiten gizonenarekin, baizik eta emakumeak ez direla konformatzen gizonek ordura arte beren botere- eta menderatze-posiziotik beraientzat gordetako espazioa okupatzearekin; aldiz, gizonek emakumeei eskatzen diete konformatzen jarraitzeko tradizioz eurek ezarritako espazio hori errespetatzearekin.

Cervera Gaita
Gaita, Cervera del Río Alhama. Argazkia: Gaita Mixta en Cervera

Eta eboluzionatzen ez den tradizioak, ez duela zentzurik dio. Tradizioa beti aldatzen da, hainbat elementu berritzen, zahartzen, ordezkatzen... dira, ia konturatu ere egin gabe.

Ziur al gaude jantziak edo banderak ez direla aldatu XVI. mendetik? Jatorrizko zortzi doinuetatik lau bakarrik kontserbatzeak ez al du tradizioa indargabetzen? Noiztik egiten dira orratzak, abarketak edo letrak bezalako irudiak eta noiz sartu ziren azkenekoz zenbaki berriak? Non geratu da boboaren irudia? Oraindik ere Cerverako gizon ezkongabeak bakarrik parte hartzen al dute? Kintatik itzuli eta emakumeren bat gorteiatzeko datzatzen al dute? Noiztik onartzen da dantzari ohiek dantzaldian parte hartzea Santanilla egunean? Noiz sortu zen haurren Gaita?

Cervera Gaita
Gaita, Cervera del Río Alhama. Argazkia: Gaita Mixta en Cervera

Azkenik, gogorarazten du, eskubideez ari garela eta Espainiako Konstituzioak eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak emakume gaitariak babesten dituztela.

Oinarrizko eskubideak bozkatzen ez direlako eta erakunde baten barne-araudiak ezin direlako inoiz zuzenbide-estatuaren aurrean urratu edo inposatu. (...) Tradizioaren babesean, matxismoa ez ezik, arrazakeria edo xenofobia eta auskalo zer gehiago ere justifikatzen saia liteke; (...) baina inork ez dezala bere burua engainatu, jarrera aurrerakoi, tradizional eta normalizatu baten aurrean jarrera immobilista bat defendatzea ere jarrera politikoa baita.

 Iturria:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)