Emakumea Garaiko plazan dantzari-dantzan
Emakume batek dantzatu du dantzari-dantzan Santiago eta Santa Ana egunez Garain. Badira 20 urte Garaiko emakumeek dantzari-dantzan parte hartu zutela lehenengoz, izan auzoetako jaietan edota izan San Inazio egunez plazan. Azken urteetan ere dantzatu izan du Alazne Sarrigoitiak (Garai, 1995) auzoren batean edo bestean, baina Garaiko dantzarientzat egun garrantzitsuenak Santiago eta Santa Ana egunak izan ohi dira eta aurten arte emakumeek ez dute dantzatu festa egun handi horietan.
Duela 20 urte dantzari-dantzan
"Guretzako dantzari-dantza ez da berria eta plazan dantzatzea utzi bagenu ere entseguetan jarraitu dugu, inoiz ez dira zortzi mutil elkartzen, beti egoten gara hor dantzari-dantza entseatzeko prest. Ez dugu lortu oraindik berriro plazara bueltatzea, baina beti presente izan dugu", azaldu zuen Sarrigoitiak 2019an Dantzanen egindako elkarrizketan.
2004 eta 2005 urteetan neska-mutilez osatutako ezpata-dantzari taldea aritu zen dantzan Garain, mutilez osatutako taldea osatzea kosta egiten baizen. Bolada batean neska-mutil taldea dantzan ibili ondoren, mutil batzuk dantzara animatu eta taldea handitzen joan zen. Orduan, nesken eta mutilen taldeak osatu zituzten, eta bakoitzarentzat errepertorio jakin bat zehaztu zen. Ordutik dantzari-dantza mutilek bakarrik dantzatu dute Garaiko plazan.
Geratzeko itzuli dira
2019an San Joanetan dantzatu zuen Sarrigoitiak, zortzikotea osatzeko mutil bat falta zela baliatuta. Urte hartan Santiago eta Santa Ana egunez dantzatzeko aukera izango zuela pentsatu zuen, baina ez zen suertatu. Azkenean, 2023. urte honetan dantzatu du. Sarrigoitia da Santiago eta Santa Ana egunez dantzari-dantzan atera den lehen emakumea eta momentuz bakarra. Hala ere, badirudi, datorren urtean gehiago izango direla, emakume talde bat dantzari-dantza prestatzen hasia baita.