Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Maialen Galarza: "Protagonismo gabe, badirudi ez zaiela interesatzen"

Dokumentuaren akzioak

Maialen Galarza: "Protagonismo gabe, badirudi ez zaiela interesatzen"

2020/11/03 08:00
Maialen Galarza: "Protagonismo gabe, badirudi ez zaiela interesatzen"

Maialen Galarza.

Urdiaingo kintoen festan eta sanjoanetan emakumeek zaintzari lotutako irudia hartzen dutela ondorioztatu du Maialen Galarzak (Urdiain, 1996). Aurreko ikasturtean bukatu zituen Antropologia ikasketak Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean eta gradu amaierako lanean Urdiaingo kintoei buruzko ikerketa egin zuen. Jaia ospatzen den asteburu osoan, zein kintoek dantzatzen duten zortzikoan emakumeak bigarren planoan geratzen direla ikusi zuen. Orain, kintoen festa eta San Joan bezperako kantaitaren erritua ikertu eta alderatu ditu, eta berriz ere gizonezkoak jarrera aktiboan eta protagonistan ikusi ditu eta emakumeak itzaleanean eta zaindari paperean.

Urdiain kantaita 2013
San Joan kantaita, Urdiain, 2013-06-23. Argazkia: Francis Irigoein

Kintoen jaia eta San Joan bezperan herriko neska gazteek duten parte-hartzea maila berean antzeman ditu emakumeek irudikatzen duten funtzioari erreparatuta. Bi errituetan ikusi nahi izan du ea zer gertatzen den emakumeekin eta zaintza beraien esku geratzen dela ondorioztatu du. Galarza urdiaindarra izanda oso barrutik bizi izan ditu bi errituak. Bere ikerketarako esperientzia pertsonala, behaketa eta elkarrizketak erabili ditu.

Urdiango kintoak 2013
Kintoak, Urdiain, 2013.

Helduen mundurako sarbidea

Kintoak igarotze erritu moduan ikertu ditu. Hiru urtetan ospatzen den festa da. Gazteak kintoetan sartzen dira hamazazpi urte dituztenean, “Hiru urtean izaten dira kinto eta festa bukatuta beste adin-talde batean sartzen dira: helduen errealitatean. Nerabezaroa utzi eta hurrengo adin-taldean sartzeko prozesuan, hiru urte pasatzen dituzte transizioan, liminala edo mugakotzat jotzen den fasean, eta hor "kintoen identitatea hartzen dute eta hori bukatzean helduen kolektiboan sartzen dira".

Urdiango kintoak 2019
Kintoak, Urdiain, 2019. Argazkia: Maialen Galarza

Urdiango kintoak 2019
Kintoak, Urdiain, 2019. Argazkia: Maialen Galarza

Festak bere barnean jasotzen dituen hainbat faktore ikertu ditu Galarzak, besteak beste, iniziazio frogak, herritarren onarpena, sortzen den laguntasuna, zortzikoa eta emakumearen papera.

Asteburu osoko jaia hiru urtean

Kintoen jaiak ospatzen dira Urdiainen. Hamazazpi, hemezortzi eta hemeretzi urteko gazteek elkarrekin ospatu ohi dute Santa Ageda bueltako asteburua. Hiru egun festan eta jan edanean pasatzen dituzte eta azkenik, igandean, zortzikoa dantzatzen dute plazan.

Urdiango kintokak 2016
Kintoak, Urdiain, 2016.

Galarzak ikusi du kintoen errituan badaudela iniziazio froga moduko batzuk, “Frogak ez daude finkatuta, baina kinto gazteek zeharkako frogak pasa behar izaten dituzte”. Hiru urteko festa denez hierarkizazioa dago, urtero estatus soziala igotzen da: kinto gazteak, kintoak eta kinto zaharrak bereizten dira. “Kinto zaharrek eta kintoek badute esperantza moduko bat, ea kinto gazteak nolakoak izango diren. Gero eta astakeria gehiago egin, orduan eta kinto hobeak dira”. Galarzak ikusi du emakumeek ekintza horietan ez dutela parte hartzen, “jarrera eta ekintza maskulinizatuak baitira”. Gehienetan arriskuarekin lotutako ekintzak direla dio eta emakumeek ez dutenez parte hartzen, bigarren plano batean gelditzen dira.

Urdiango kintoak 2018
Kintoak, Urdiain, 20118. Argazkia: Maialen Galarza

Kintoen jaian beste bi kontu aipagarri ere ikusi ditu Galarzak. Hiru urtean, Santa Agedako jaietan, kintoak aske dira edozer aldrebeskeria egiteko, “Kintoek egiten duten dena onartzen dute herritarrek. Astakeriak, musika altua, suziriak gauean...”. Bestalde, hiru urte horietan bizitakoa eta gero kintoen arteko laguntasun berezia sortzen da. “Zure kintoak beti izango dira zure kintoak. kuadrilla ezberdinak nahasten dira eta denen arteko laguntasun berezia sortzen da kinto izate hutsagatik”.

Urdiango kintoak 2019
Kintoak, Urdiain, 2019. Argazkia: Maialen Galarza

Urdiango kintokak 2016
Kintoak, Urdiain, 2016.

Emakumeak ezin identifikatu

“Banderaren zin berri” moduan izendatzen du zortzikoa Galarzak. Ofizialki kinto bihurtzeko azken pausoa da zortzikoa. “Herriak ikusten du benetan kintoa zarela, gazteek erakusten dute duinak direla kinto izateko eta herritarrek onartzen zaituzte”. Banderaren zina egiteko ekitaldia aipatuta gogoratu du Galarzak kinto kontzeptua soldadutzarekin lotuta dagoela, nahiz eta gero bilakaera izan duen eta egun ez duen zerikusirik.

Zortzikoa identifikazio prozesu bezala erabiltzen dela Urdiainen erreparatu du. “Banaka kintoak bakarrik dantzatzen dira, hemezortzi urtekoak. Kinto zaharrek eta gazteek lagundu egiten diete”. Normalean kinto gazteak izaten omen dira laguntzaileak eta horrela ikusten dute hurrengo urtean nola dantzatu behar diren. Jende gutxi badago, zaharrak ere sartzen dira laguntzera. Horrela, gazteek zortzikoan betetzen duten postuaren arabera herritarrek badakite ze adinetakoak diren. Kontua da orain dela hiru lau urtera arte emakumeek ez zutela dantzatzen zortzikoa, “beraz herriak ez zituen identifikatzen emakumeak”.

Urdiango kintoak 2018
Kintoak, Urdiain, 2018. Argazkia: Maialen Galarza

Gizonen baimena behar

Orain urte gutxi arte emakumeek ez dutenez zortzikorik dantzatu, ordura arte gonbidatu moduan bakarrik hartzen zuten parte. Galarzak kontatu digunez emakume askok dantzatu nahi izan dute zortzikoa, baina gizonek ez zieten uzten. “Ematen du gizonek dutela legitimitatea erabakitzeko emakumeek dantzatu edo ez”. Emakumeek dantzara plazara ateratzeko pausoa eman zen, eta aurrerapauso handia izan zela uste du, “baina horretarako emakumeek gizonen baimena behar izan zuten”. Aurrerapena izan zen emakumeek dantzatzea, baina hasieran estruktura ez zela aldatu dio Galarzak. Nahiz eta emakumeek dantzatu, ardoa gizonek banatzen zuten, laguntzaileak gizonak ziren, emakumeak ziren gonbidatuak... Bi urteren buruan dena aldatu dute eta orain neska-mutilek dantzatzen dute eta paper guztiak denen artean banatzen dituzte.

Galarzak ikusten du berdintasunerako bidean pausoak aurreratzerakoan gizonek dutela erabakimena. “Intsumisio garaian ere antzekoa gertatzen zen. Emakumeek ez zuten parte hartzen kintotan eta gizonek bazkaria egiten zutenean, beraiek erabakitzen zuten emakumeak kafera gonbidatu edo ez. Kontsentsua baldin bazegoen emakumeak joaten ziren, baina bestela ez”. Gizonek uzten diete lehenik emakumeei kafea hartzera joaten, gero kintoen jaian parte hartzen eta azkenik zortzikoa dantzatzen, “pausuak eman dira, noski, baina zergatik dute gizonek legitimitate hori?”.

Emakumeei arrotz zaie jaia

Erritualean zehar jarrera maskulinoek dutela protagonismoa uste du Galarzak, iniziazio probak, gizonek dantzan erakusten duten indar fisiko eta bortitza... “Emakumeek sentitzen dute ez dela beraien lekua”. Orain parte hartzen dute jaian, baina gizonek dituzten jarrerekin ez dira eroso sentitzen. Ikusi du hori nagusi dela nesken artean.

Uzta eske kantuan

Emakumeek dantzatzeko nahia agertu izan dutenean sortu izan ziren eztabaidatan zenbait gizonek honako galdera luzatzen zien emakumeei: “Orduan guk sanjoanetan dantzatu nahi badugu, zer?

Urdiango kintoak 2013
Neska gazteak San Joan ermitara bidean, Urdiain, 2013-06-23. Argazkia: Francis Irigoein

Urdiango San Joan 2013
Neska gazteak San Joan ermitara bidean, Urdiain, 2013-06-23. Argazkia: Francis Irigoein

Galarzak pentsatzen du benetan hori bada gizonezkoen nahia, inork ez diela esango ezezkorik. Argi du, ordea, gizonei ez zaiela interesatzen San Joan kantaita abesteko errituan parte hartzea. “Erritu femeninoa denez, gizonek inoiz ez dute parte hartzeko benetako nahirik agertu. Protagonismo totala ez luketenez izango, badirudi ez zaiela interesatzen”.

Urdiango San Joan 2013
San Joan kantaita, Urdiain, 2013-06-23. Argazkia: Francis Irigoein

Urdiango San Joan 2016
San Joan kantaita, Urdiain, 2016-06-23. Argazkia: Francis Irigoein

San Juan kantaita hamalau eta hogei urte bitarteko emakumeek abesten dute San Joan bezperan. Ekainaren 23an ermitan ospatzen den mezaren ondoren eta sua piztu aurretik ospatzen da erritua. Neskatxak borobilean eskutik heldu eta besoak gora eta behera mugituz, uzta ona edukitzea eskatzen dute kantuan. Letraren arabera, abestia kantatzen den momentua janaria ez dagoen momentua da, baina intentzioa da abestia bukatzean eta uzta jasotzerakoan herriak uzta ona bildu eta janaria izatea.

Emakumeei dagokie zaintza?

Galarzak bi errituen arteko lotura egin eta ikusi du bietan emakumeak zaintzarekin lotzen direla. “Kintoetan bigarren planoan geratzen dira emakumeek, ez baitira gerturatzen arriskura; baina zer gertatzen da arrisku gehiegi hartzen badute kintoek? Gehiegi edan, min hartu...?” Galarzak ikusten du, normalean, emakumeek hartzen dutela horiek zaintzeko, laguntzeko edota etxera eramateko ardura. San Joan kantaita ere zaintza lanen abestia dela uste du, “emakumeek abesten dute edo zuten herria zaintzeko, uzta ona izateko”.

Urdiango San Joan 2013
Neska gazteak San Joan kantaita abestu ondoren, Urdiain, 2013-06-23. Argazkia: Francis Irigoein

Urdiango San Joan 2013
San Joan kantaitarako prestatzen, Urdiain, 2013-06-23. Argazkia: Francis Irigoein

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)