Neska-mutilek osatutako sokak Asteasun eta Bergaran
San Pedro egunean Asteasun eta San Martzial egunean Bergaran, neskek zein mutilek dantzatu dituzte aurreskuak. Genero bereizketak alde batera utzi eta dantzariak bihurtu nahi izan dira protagonista.
Elizmendiko dantza-soka
San Pedro egunean, ekainaren 29an, asteasuar ugari elkartu dira Elizmendin. Meza, omenaldiak, hamaiketakoa eta dantza-sokarekin ospatu dute jaia. Aurtengoan, orain arte ez bezala, neskak eta mutilak atera dira sokan. Jaiak prestatzeko bileratan proposatu omen da aurten nesken parte hartzea gauzatzeko aukera eta horrela animatu dira neskak.
1936ko Gerratik egin gabe egon ostean, 2008an ekin zioten asteasuarrek atzera ere dantza-soka egiteari. Angeles Uzkudun herritarrak emandako testigantzekin osatu zuten soka herriko gizon helduekin. Azken bizpahiru urteotan, gero eta gazteagoak ziren partaideak, eta aurretik herriko hainbat ahotsek proposatutakoekin aurten erabaki dute sokako kideak gizonak eta emakumeak izatea.
San Martzialeko aurreskua
Biharamunean, bergararrek asteasuarren bide beretik jarraitu dute, emakumeek eta gizonek osatutako aurreskua dantzatu baitute Bergarako San Martzial erromerian. Aurreskuak azaldu digunez, aldaketa modu naturalean eman da, "dantza Xamatz dantza taldeko oraingo eta lehengo dantzariek eta zinegotziek egiten dugu. Aurten jende berria sartu da, lehen dantzan ibili gabeak ere bai, propio soka-dantzako entseguetan prestatu dute dantza".
Azken urteetan nahiko soka heldua ateratzen omen zen, aurtengo berrikuntza bikoitza izan da, soka gaztetzearekin batera emakumeak sartu baitira. Aurtengoa berdintasunera bidean lehenengo urratsa izan da, hurrengo pausoa aurreskua edo atzeskua emakumea izatea izan liteke, "herrian emakumezko dantzari on dezente daudela ikusita, horiek animatzea izango litzateke ona, berritua eman ahal izateko sokari".