Lehen aldiz emakumeek dantzatuko dute Oñatin Korpus egunean
Korpus jaiak ate joka ditugu; Oñatiko dantzariek asteburu gogorra bezain ederra dute aurretik. Atzo egin zuten Korpus dantzariek azken entsegua; ohitura den moduan, azkenengo astean erabaki ohi da entseatzen aritu direnetatik nork hartuko duten parte asteburu handian. Atzo jakinarazi zuten zein izango den taldea eta, tartean, emakumeak ere badira.
Azken urteetan, gizonek bakarrik dantzatzen zituzten hainbat tradiziozko dantzetan, emakumeak ere parte hartzen hasi dira. Pauso hori emango duten hurrengoak oñatiarrak izango dira.
Korpus igandea, egun handia izaten da Oñatin. Festa barroko ikusgarria da Oñatiko Korpus jaia, orain 500 urte egiten ziren Corpus Christi dantza eta ospakizun arranditsuen airea eskaintzen du. Nekez aurkitu daiteke horrelako besterik inguruko eremu zabalean. Oñatiko Korpus jaian protagonismo berezia dute dantzariek; hiru egunean herriko dantzariek bertako kaleak eta auzoak zeharkatzen dituzte ia gelditu ere egin gabe eta azken egunean prozesioan santuei laguntzeaz gain, plazan urteko emanaldi nagusia eskaintzen dute.
Korpus egunean lehenengo aldiz dantzatuko dute emakumeek, baina ez da Oñatiko emakumeek Korpus dantzak dantzatzen dituzten lehen aldia. Argazki eta irudi zaharretan ikus dezakegu Oñatiko emakumeek behin baino gehiagotan dantzatu izan dituztela korpus-dantzak bereziki Sección Femeninaren eraginez.
1945ean Sección Femeninaren IX. batzarrean, esaterako, Oñatiko, Tolosako eta Azkoitiko Sección Femeninako dantzariek Oñatiko Korpus dantzak eta sagar-dantza egin zituzten. No-Doko irudi hauetan ikus ditzakegu:
Oñatin bertan ere, dantzatu izan dute emakumeek 1940-50eko hamarkada inguruan. Hurrengo irudian ikus dezakegunez, neska-mutilek osatutako taldea atera izan da korpus-dantzak dantzatzera.
Korpusak Oñatin
Ekainak 1, ostirala
-
Goizean zehar, aspaldiko ohiturari jarraituz, Oñatz dantza taldea herriko baserri eta auzoetan arituko dira puska biltzean.
-
14:30-17:00 Oñatz dantza taldearen ekitaldia herriko ikastetxeetan eta Ugarkalde, San Martin eta Kasablanka auzoetan Txistulari Bandak lagunduta.
Ekainak 2, larunbata
- 9:00 Oñatz dantza taldearen emanaldia, Foruen enparantzan. Ondoren, herriko kaleetan ibiliko dira, txistulariek lagunduta.
Ekainak 3, igandea
-
09:00: Txistulari bandaren goiz-eresia.
-
10:00: Musika Bandaren goiz-eresia eta prozesioko irudiak San Migel Parrokiara ekartzea.
-
10:45: San Migelen irudia San Migel Parrokiara iritsiko da.
-
11:00: Meza nagusia Parrokian. Mezaren ondoren, Korpuseko prozesioa, herriko kale nagusietan. Euria eginez gero, prozesioa parrokian egingo da.
-
18:15: Soka-dantza. Oñatz dantza taldearen emanaldia, Foruen enparantzan, Txistulari bandak lagunduta. Eguraldi txarra egiten badu, Zubikoa kiroldegian.