Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Genero bereizketarik gabeko ezpata-dantza plazaratuko dute Markina-Xemeinen

Dokumentuaren akzioak

Genero bereizketarik gabeko ezpata-dantza plazaratuko dute Markina-Xemeinen

2022/09/26 12:25
Genero bereizketarik gabeko ezpata-dantza plazaratuko dute Markina-Xemeinen

Zerutxu dantza taldea, sanmigeletako azken entsegua, Markina-Xemein, 2022-09-23. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

“Dantzarekiko maitasuna eta ardura transmititu digute. Xemeingo ezpata-dantza horrelako garrantzitsua bada, zergatik ezin dut nik egin dantza hori?”, galdetzen zuen Iraide Antxia Zerutxu dantza taldeko kideak. 4-5 urte inguruko barne prozesuaren ondoren, ordea, aurten bai! Heldu da San Migel egunean taldeko denek egiteko aukera. Irailaren 29an, Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoko festetan genero bereizketarik gabeko ezpata-dantza eta mahai-gainekoa plazaratuko dituzte.

Zerutxu dantza taldea
Zerutxu dantza taldea, sanmigeletako azken entsegua, Markina-Xemein, 2022-09-23. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

“Guri lan erdia eginda eman zaigu, gauza asko berreskuratuta jaso ditugu”, dio Oier Onaindiak. Argi ikusten dute aurreko belaunaldiak lan ikaragarria egin dutela herriko dantzak berreskuratzen eta gordetzen. Konturatzen dira nolako altxorra duten herrian aurrekoek borondatez egin duten lanari esker, eta jakitun dira orain beraiek ari direla jasotakoa ondorengoei ematen. Transmisio hori, ordea, egungo balioetara moldatuta egin behar dela ulertzen dute, genero bazterketarik gabe.

Prozesu baten emaitza

2020an aratusteetako saragi-dantza eta karmenetako aurreskua neska-mutilek plazaratu zituzten; 2022  honetan, Xemeingo ezpata-dantzaren eta mahai-gainekoaren txanda iritsi da. Inauterietan emakumeek lehen aldiz hartu zuten parte saragi-dantzan eta pandemiako uda berezi hartan genero bereizketarik gabeko aurreskua kaleratu zuten. “Pauso horiek emanda San Migeletan ezpata-dantzan eta mahai-gainekoan guk parte hartzea espero zen herrian, baina ez ziren ospatu Arretxinagako festak”, azaldu digu Ainhoa Basterretxeak.

Markina saragi-dantza
Saragi-dantza Aratuste igandean Zerutxu dantza taldearen eskutik, Markina-Xemein, 2020-02-23. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Aitortu dute pandemiako geldialdiak hausnartzeko eta taldeko dinamikak aldatzeko aukera eman diela. Badira 4-5 urte gaia mahai gainean ipini zutela eta taldeko jardunen norabidea aldatzen hasi zirela. Pixkanaka eman dituzte urratsak; eztabaidatu, haserretu, adiskidetu... danetik egin direla diote, baina, azkenean, trantsizioa era pausatu eta egoki baten egin dutela uste dute.

Markina aurreskua
Aurreskua, Karmen, Markina-Xemein, 2020-07-16. Argazkiak: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Arretxinagan neska zein mutil dantzan

Xemeingo ezpata-dantzara heldu arteko urratsak gradualak izan dira, eta, azkenean, herriko dantzarik esanguratsuena ere genero bereizketarik gabe plazaratuko dute, baita mahai-gainekoa ere. Basterretxeak dio ezpata-dantzaren inguruan inork ez zioela ezer, baina mahai-gainekoagatik askotan galdetzen zietela herrian: “noizko neska bat mahai gainera?”. Uste du herrikoiagoa edo errazagoa ikusten dela kanpotik. Antxiak ere argi du mahai-gainekoarekin presio handiagoa izan dutela herriko gazte askoren partetik. Iruditzen zaie Arretxinagara eguerdian baino iluntzean jende gehiago hurbiltzen delako izan daitekeela. Ezpata-dantzak du prestigioa, baina mahai-gainekoa egiten den unean jende gehiago biltzen da, San Migel egunean ez baitute jai izaten herritar askok.

Zerutxu dantza taldea
Zerutxu dantza taldea, sanmigeletako azken entsegua, Markina-Xemein, 2022-09-23. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pozik eta harro sentitzen dira Zerutxuko dantzariak. “Aurrerapauso handi moduan sentitzen dut. Benetan pozten naiz aldaketa egin duen taldean egoteaz”, dio Basterretxeak. “Hemendik urte batzuetara 2022. urtean neskak irten zuten lehengoz Xemeingo ezpata-dantzan esango da, eta ni han nintzen”. Antxiak ere oso harro dagoela dio, eta plazakoa urte askoan eman dituzten pauso txikien emaitza dela dio: “Xemeingo-ezpata dantza emaitza bat da, baina harroago nago atzetik egin ditugun aldaketa guztiez plazan erakusten dugunaz baino”.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)