Emakumeen aurreskua Elorrion, Argiñetan

2020/02/14
Emakumeen aurreskua Elorrion, Argiñetan

Elorrion, Argiñetako kofradia jaietan, emakumeek dantzatzen zuten aurreskua. Abuztuaren lehenengo igandeari dagokion asteburuan ospatzen ditu festak Argiñetako kofradiak. Ostiralean hasi ohi dira festak, afari eta erromeriarekin, eta larunbat eta igandez ere izaten dira jatorduak eta erromeriak. Astelehenean, meza ostean, emakumeek dantzatzen zuten aurreskua eta aurresku horren 1960ko hamarkadako irudiak ikus ditzakezue hemen, Jose Garaizabali esker jaso ditugunak.

Emakumea aurreskua dantzatzen Elorrion, Argiñetan, 1964an. Mari Atxero da dantzan ari den emakumea, eta aurreskua jasotzen ari dena Aldeko Txikiko Justo da.

Kofradiak "baserri inguruetako anaiarteak" zirela idatzi du Markel Onandiak Astola aldizkarian (13. zkia, 2019). Argiñetako kofradiak, bertan dagoen Erdi Aroko nekropoliaren oihartzunak jasotzen ditu. Garai bateko funtzioa galduta badu ere, zutik dirau kofradiaren egiturak, kofrade, maiordomo eta zerrenda-egilea tarteko. 

Aurresku bukaeran dantza soltean, Elorrion, Argiñetan, 1960ko hamarkadan. Dantzan ageri dira Begoña Aldekoa, Felix Garatzabarrengo eta Hilario Azkarate, pilotari handia izandakoa.

Abuztuan izaten du Argiñetako kofradiak ospakizun nagusia, Kofradia jaiak. Hori antolatzeko lanak maiatzean abiatzen dira, garai batean enkante bat eginez, eta gaur egun festen antolaketa lanak abian jarriz. 

Emakumeak aurreskua dantzatzen Elorrion, Argiñetan, 1960an. Ezkerretik hasita sokan ageri dira: Aristiko Marina, Begoña Garaizabal, Maria Jesus Errasti, Gariketxeko Karmen, Errotaldeko Kontxi eta Aristiko Juanita.

1960ko hamarkadan andreek ateratzen zuten aurreskua utzita egon da azken hamarkadetan. Baina orain 4 urte berriz ere abian jarri zuten Argiñetako Kofradia festetako asteleheneko aurreskua, eta halaxe dantzatu da 2017, 2018 eta 2019. urteetan. 

Aurresku bukaerako kalejira Elorrion, Argiñetan, 1960ko hamarkadan.