Emakumeek dantzatu dute Kaxarranka Argentinan lekeitiarren babesarekin
Lau emakumek dantzatu dute kaxarranka Buenos Aires probintziako (Argentina) Llavallolen. Aitor Alava dantza irakaslearen esanetan, bere dantza ikasle neskek urteak zeramatzaten galdezka ea beraiek noiz dantzatuko zuten Lekeition San Pedro egunean dantzatu ohi den dantza. Hori horrela, irakasleak ikasleei proposatu zien lekeitiarrei gutuna idaztea, beraien nahiaren berri emateko.
Abuztuan jaso zuten argentinarrek lekeitiarren erantzuna, Etorkizuna dantza taldeko kideen eta Lekeitioko Udalaren izenean, adierazi zitzaien begi onez ikusten zutela emakumeek kaxarranka dantzatzea. Hori horrela, urriaren 13an Llavallolen ospatu den euskal festan lau emakume igo dira kaxa gainera dantzara.
Asier Uskolak, egun Lekeition kaxarranka egiten duen dantzariak, orain hilabete batzuk esan zuen ez dela arazorik egongo Lekeition emakumeak kutxa gainera igotzeko. Bere erreleboa ez daki noiz eta nork hartuko duen, baina hurrengo dantzaria neska izateko arazorik ez du ikusten. Lekeition bezala, zenbait alardetan kaxarranka dantzatzen duten guztiak gizonezkoak dira oraindik, baina argentinarren moduan, Euskal Herriko talde bat baino gehiagotan aspaldi ari dira kaxarranka emakumeek egiten.