Emakumeak danborradan orain 100 urte
Ez da oso kontu ezaguna, baina orain 100 urteko danborradetan ere parte hartu zuten emakume batzuk. Eta ez soilik kantineraz, danborra jotzen ere bai. Honela jaso zuten Emeki-emeki berdintasunezko danborradarantz laneko egileek (Beatriz Moral, Margaret Bullen, Xabier Kerexeta Savina Lafita, Silvia Loza Luz eta Maceira Ochoa):
Eppur si muove... Egia esan, emakumeak, kantineraz gain soldadu eta danbor-jole ere hasi ziren agertzen Unión Artesanaren eskutik. 1920ko eta 30eko hamarkadak ziren, gizartean hasiak ziren gauzak aldatzen, oso poliki izan arren, eta Danborradak, beste jaiek bezala, ezin utzi ikuskera zabalago hura islatu gabe.
Danbor-jotzaile turkiar moduan atera ziren emakumeak, Suavoen konpainia osatzen zuten. Dataren inguruan badira zalantzak. 1936 aipatzen da Union Artesanaren historia egiten duen lanean, Kutxatekan 1929an datatuak ageri dira argazki batzuk, eta Sada historialariak 1928 eta 1936 bitartean kokatzen ditu. Badirudi 1934an, Union Artesanaren danborradan 30 emakume danborrarik osatutako konpainia atera zela.
Irainen gainetik danborra joz
Emakume horiek jasan behar izan zituzten irainek berriz ez irtetera eraman zituzten. Arantxa Gurmendik bere amari entzundako hitzak jaso zituzten Beatriz Moralek koordinatutako lanean: “Sekulakoak entzun behar izan zituzten, eta ez zuten jarraitu”. Hala ere, urte desberdinetako testigantzek eta beste konpainia eta funtziotako argazkiek erakusten dute ez zela ez urte bakarreko, ez konpainia bakarraren kontua izan.
Danborradan emakumeek izandako ibilbidearen historia egiten duen lanean aipatzen da beste adibiderik: "20ko hamarkada hartan sortutako Loiolatarra elkartea ere, mistoa sortu zen: emakumeak baziren bazkide fundatzaileen artean eta aktiboki parte hartzen zuten: "1936an Euskal Billerak antolatutako haurren danborradan, kantinera eta banderadunaz gain, Laura Idigoras kapitain doa, beste mutil batzuek bestelako paperak egiten dituztelarik".