Ainara Agerre: "Enetako neska ala mutiko, Kabana entzun behar da"

2023/12/15
Ainara Agerre: "Enetako neska ala mutiko, Kabana entzun behar da"

Pagolako maskaradetan Kabana Handiaren papera beteko du Ainara Agerrek. Eta argi du berak ez lukeela Kabana emakume bat izan behar, baizik eta Kabana: “Enetako neska ala mutiko, Kabana entzun behar da”.

Ainara Agerre. Argazkia: Joanes Etxebarria

Berrian elkarrizketatu du Joanes Etxebarriak. Kabana neska izatea ez zela beraien helburuetako bat dio, pentsatu gabekoa izan zela, “baina, halere, horrek hainbeste polemika pizteak erakusten du badela problema zerbait Zuberoan”. Harritu egiten da jendea oraindik harritzeaz nola rolak denen artean banatu daitezkeen edo emakumeek edozein roletan parte hartzea berrikuntza bat den oraindik. Eskiulako maskaradak ekarri ditu gogora: “Eskiulan izan zen emazteen maskarada bat, ene ustez erakusteko bazela desoreka arazo bat maskaradetan, eta edozein gai dela edozein kargu egiteko”.

Eskiulako maskaradak, 1992. Argazkia: Mujer, ritual y fiesta liburutik.

Emakumeak ala arizaleak?

Maskarada misto batean lehen aldiz izango da Kabana, Kauteren taldeko nagusia, emakumea. Ikusten da oraindik kosta egiten dela maskaradetan zenbait kargu emakumeek betetzea, baina aipatu bezala, badira zenbait aurrekari, 1992ko Eskiulako maskaradetan kargu guztiak emakumeek eman zituzten, esaterako. Hogei urte beranduago, 2012an, Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek eman zituzten eta orduan kauter bat emakumezkoa zen, Joana Hoki eta baita Buhame jauna ere, Xantiana Etxebest.

Eskiulako maskaradak, 1992. Argazkia: Kepa Fdez. de Larrinoa

Azken urteetan ere ikusi ditugu zenbait buhame eta kauter emakume plazan. Emakume, diogu. Askotan, emakumea izatea eta euren feminitatea azpimarratzen baita, pertsonaia horien izaera grazioso, bihurri, zirikatzaile, malabarista, bortitza... baino.

Anna Iraola, Gamere, 2022-04-17. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Oraindik arizaleen generoak badu pisua, baina Agerrek zama hori kendu nahi dio, “ni arituko naiz Kabana karguan, beste batzuek andere izanen diren bezala, edo buhame, edo gathuzain...; beste edozein kargu bezala”.

Pertsonaien ezaugarriak eta generoa

Kepa Fdez. de Larrinoak aztertu zituen Eskiulako maskarada haiek Mujer, ritual y fiesta (Pamiela, 1997) liburuan. Besteak beste, maskaradetako pertsonaien atzean dagoena eta generoei loturiko gorabeherak behatu zituen. Hainbat testigantzetan jaso zuen pertsonaiei gorpuzkera eta nortasun zehatz batzuk egozten zaizkiela tradizionalki eta horien artean muturrenekoena Kabana Handia dela. Altua, Indartsua, energia handikoa, ahots sendokoa eta edozein egoeraren gaineko kontrola izan behar du Kabanak. Tamalez, ezaugarri horiek oraindik maskulinitatearekin identifikatu ohi dira gure gizartean, ondorioz, Kabana emakume batek jokatzeak oraindik jendea aztoratzen du.

Altzürüküko maskaradak, Altzürükü, 2020-02-09. Agazkiak: Amaiur Aristi - Dantzan

Badirudi, pertsona batek bere generoari egozten zaizkion ezaugarrien kontrakoak antzeztu behar dituenean hainbat eragozpen eta zalantza sortzen direla. Garai batean, Kantinersa, Anderea edo Laborarisa mutilek gorpuzten zituzten, eta ez zen arazoa izaten. Beraz, arazoa norabide bakarrean bakarrik sortzen da? Edo egun gizonezkoek azken paper horiek antzeztea ere eztabaidagarria litzateke?