Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Luzaideko Bolant egunean nesken parte hartzea zein izan behar den erabakitzeko galdeketa egingo da

Dokumentuaren akzioak

Luzaideko Bolant egunean nesken parte hartzea zein izan behar den erabakitzeko galdeketa egingo da

2016/03/14 09:50
Luzaideko Bolant egunean nesken parte hartzea zein izan behar den erabakitzeko galdeketa egingo da

Luzaide, Bolant eguna 2015, mutilak dantzan eta neskak bazterretik begira. Argazkia: Aritz Ibañez - Dantzan.eus CC BY-SA

"Neskek dantza taldean parte hartzearen alde zaude? Hala bada, nola jantzita?". Horrelako galderak erantzun beharko dituzte Luzaiden bolantetan nesken parte hartzea zein izan behar den adosteko egingo den herri galdeketan. 

Orain arte emakumeek "Neskatoak" paperean zenbait dantzatzan bakarrik parte hartu dute Luzaideko bolant egunean. Martxa, bolant-dantza eta Lauetan Erdizkan parte hartzen dute eta kontra-dantzetan gizonezkoekin bikote osatuz, baina dantza-jauziak gizonezkoek bakarrik eman izan dituzte, azken urteotan gero eta ume gehiagok, baina mutilak badira soilik. Neskek dantza guztietan parte hartzeko aukera jarri da orain mahai-gainean, eta 2017ko bolant-egunera begira emakumeen dantzatzeko aukera hori zabalduko den ala ez erabaki nahi da 2016eko bolant-egunaren bezperetan. 

Galderak eta iritziak

Luzaideko Bolanten batzordeak erabaki du galdeketa bidez jasotzea herritarren iritzia, horretan oinarrituta hurrengo urterako erabakia hartu ahal izateko. Baina ez galdetarekin bakarrik. Bai eta Ez erantzunetatik haratago, herritarren iritziak bildu nahi dituzte, eta horretarako gutunontzi bat jarriko dute. Martxoaren 24an, 25ean eta 26ean burutuko da galdeketa, eta bertan Luzaidarrei luzatuko zaizkien galderak hauek dira: 

  • Mutilek egiten duten bezala, neskek dantza taldean parte hartzearen alde zaude?
  • Hala bada, nola jantzita?
  • Zein pertsonaia ordezkatu beharko lukete?

Luzaide bolantak 2002
Luzaide, Bolant Eguna, 2002-03-31. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Tradizioak egokitu beharra

Luzaideko Bolanten dantza taldean gero eta gehiago neskak dira, eta gero eta gutxiago mutilak. Urtean zehar, herritik kanpo emanaldiak dituztenean, neskek dantza guztiak ematen dituzte eta horrekin ez da arazorik. Kanpoan dantzatzen dutena herrian ez egin ahal izateak egoera bitxia sortu du Luzaiden. Mutil dantzarien eskasiak kezka eragiten du, eta ikusteke dago horrek nola eragin dezakeen erabakian.

"Tradizioak bizi ditugun garaiei egokitu behar direla" sinesten dute Luzaideko Bolanten batzordean, eta Baztango mutil-dantzetan izandako gertarakiak gogoan, Luzaideko galdeketa eta parekidetasunerako borondatearekin auzia beste modu batera bideratzeko asmoa erakutsi dute. Iurre Bidegain kazetari eta dantzari luzaidarrak eman ditu Luzaideko galdeketa honi buruzko xehetasunak Kazeta.eus agerkarian. 

Luzaideko Bolant eguna 2016

Pazko asteburuan, martxoaren 27an ospatuko dute Luzaiden aurtengo Bolant eguna. Aurreko egunean, larunbat arratsez, ekingo diote ospakizunari kalejira eta dantzaldiekin baina iganderako antolatu dituzte ekintza esanguratsuenak. Honela, goizean goizeko gosaritik hasita herriko kaleetan jiran eta dantzan ibiliko dira bolantak bazko igandez. Hona egitaraua:

Luzaideko Bolant eguna 2016Martxoak 26, larunbata:

  • 20:00etan: Kalejira herriko kaleetan.
  • 21:00etan: Dantzak herriko plazan eta taloak.

Martxoak 27, igandea:

  • 8:15etan: Askaria
  • 9:30an: Pekotxeta eta Benta auzoetara bisita.
  • 12:00etan: Dantza ikuskizuna Santiago Plazan.
  • 17:00etan: Emanaldia Arretxe frontoian.
  • 21:00etan: Afari herrikoia.
  • 00:00etan: Dantzaldian "Holako" taldearekin.

Informazioa: Bolant eguna Luzaide (Luzaideko Bolantak)

Dokumentuaren akzioak

2016/03/15 09:29
Gauza batzuk ez lirateke galdetu behar, adibidez, ea herritar batzuk emakume izateagatik baztertuak izan daitezkeen. Galdeketa eginez, bi aukerei zilegitasuna aitortzen zaie.
2016/03/15 09:42
Bai, nik ere halaxe uste dut Iker. Horrelako galdera baten desegokitasuna argi ikusteko generoaren ordez arrazarekin probatu dezakegu, eta "emakumea" ordez "beltza" jarri. Onartuko genuke galdera egitea era horretan? "Zuriek egiten duten bezala, beltzek dantza taldean parte hartzearen alde zaude?".

Baina hori esanda, uste dut euskal dantzaren munduan inor ez gaudela genero berdintasunari dagokionez lezioak emateko moduan. Talde gutxi batzuetan hasi dira gauzak aldatzen, baina oso berriki, eta oraintsu arte bereizketa eta bazterketa indarrean izan dugunok (alegia, guztiok) badugu nahikoa lan nork bere baratzean parekidetasuna eremu guztietan aplikatzen asmatzen. Inertzia gogorrak eta eskema mental hertsiak ditugu parean eta gurean.
2016/03/15 10:25
Nire asmoa ez zen inolako leziorik ematea, inondik inora. Ez ditut maite paternalismoak. Kasu honetan akats handia iduritzen zait galdeketarena, eta iritzia eman dut. Adibidez, Iruñeko Udalak galdetuko balu "nahi duzu hiriko paisai linguistikoa, gazteleraz bezala, euskaraz ere egotea?" astakeria idurituko litzaidake.

Bigarrenarekin ados nago, lan handia dugu taldeetan, eta gizarteko gainerako alorretan. Baina horrek ez du esan nahi iritzirik ezin dugunik eman inguruan gertatzen diren aferetan.
2016/03/15 12:09
Egia da galdeketarena arriskutsua dela eta ederki azaldu duzue. Baina eremu lerrakorrean ari gara eta gauzak tentuz egin nahi izatea ere ez da gauza txikia. Ezagunak ditugu beste adibide batzuk, zeinetan -logika osoz- eskubideak aurretik, baimenik eskatu gabe, emakumeak tradizioetan parte hartzen hasi diren eta gatazkak sortu dira. Horiek ekiditeko saiakera iruditzen zait Luzaidarrena, eta egoeraren tenperatura hartze bat. Formula magikorik balego... Prozesuaren amaierak esanen du asmatu duten ala ez!
2016/03/28 22:09
Aritz, galdeketaren arriskua galdeketa bera egitea da. Horrek zilegitasuna zernahiri emanen dio eta aurrekaria sortu. (Euskaldunek parte hartzen ahal dute dantzetan? Erdaldunek parte hartzen ahal dute dantzetan?)
"Baimenik eskatu gabe tradiziotan parte hartzen hasi dira eta gatazka sortu da" erran duzu. Batetik baimena eskatzearena ikaragarria iruditzen zait. Nori?
Bertzetik gatazka ez da sortzen emakumeak parte hartzean, gatazka AZALERATU egiten da. Gatazka hor zen eta bazterketa du izena. Baina, normalki izkutuan egoten da, erosotasunean izkutua.
Emaitzak jakin behar izan gabe ez da batere justua, galdeketa bat onartzean ezetza ere onartzen duzulakoz. Hori da arriskutsua, XXI. mendean.
2016/03/29 11:24
Elurre, agian ez hemen baina beste plazetan zure kezka bera azaldu dut galdeketaren kontuarekin. Eskubideak ez dira galdetzen. Egiten dizkidazun zehaztapenetan ere ados. Hortik aurrera, iruditzen zait Luzaidarrena bazterketa horren aurreko lehen saiakera bat dela (galdeketa borondate horrekin egina dela ez dut zalantzarik) eta beste toki batzuetan gaia planteatu ere egiten ez dutenean, eta lasai-lasai bizi direnean, planteatzen duenari nik behintzat ez diot kritika sutsurik eginen. Hori baizik!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)