Mutil-dantzen aferari lotutako memoria ariketa eskatzen du Hemen Plazara Dantzarak

2025/06/06
Mutil-dantzen aferari lotutako memoria ariketa eskatzen du Hemen Plazara Dantzarak

2025eko mutil-dantzen sasoi berriari begira Plazara Dantzara herri ekimenak mutil-dantzen aferari lotutako aitortza eta erreparazio ariketaren beharra dagoela adierazi du. Bi urte dira Baztanen dantza baztertzailerik ez dela izan, baina minak behar bezala sendatzeko memoria ariketa egin beharra dagoela uste dute. Hori horrela, luzaroan bazterketa bultzatu duten horiek espazio feministetan parte hartzera gonbidatzen dituzte, baina aurrez lanketa egiteko konpromisoa bada.

Hemen Plazara Dantzara herri ekimenak kaleratu duen testua:

2025eko Mutildantzen sasoia hasi berri da, eta gaurgero Iruritan izan dugu plaza libre batean dantzatzeko aukera. Inportantea da, ekarpen handia egiten baitu adierazpen kultural batek, kasu honetan baztandar guziena den dantza batek. Bestetan leku zentrala hartzen duen eta gure ondarea den dantza batean denen parte hartzea bermatzea funtsezkoa da. Hori dela eta, azpimarratu nahi dugu azkeneko bi urteetan ez dela dantza baztertzailerik izan eta hori ere ospatzekoa dela.
Hori erranik, Plazara Dantzara ekimenak dantzatzera gonbidatzeaz gain, hondar urte hauetako hausnarketa konpartitu nahi du berriz herritarrekin.
Urteak dira plaza parekideen aldeko borrokan hasi ginela eta argi dugu denen lorpena izan dela bazterketekin akitzea: dantzariena, musikariena, publikoarena, erakusten dutenena, ikasten dutenena. Denen artean Baztan parekideago bat lortu dugu.
Baina hori ez da aski, horrek ez baitu erran nahi emakumeek leku seguruak ditugunik nonahi. Dantzetan bazterketarik eta erasorik ez egoteak ez du erran nahi eraso eta bazterketa horiek gauzatu zituztenek bat egiten dutenik gure lorpenekin. Bertzerik gabe, plazetatik desagertu dira, baina ez gizartetik. Dantzatzeari utzi diote, Mutildantzari prestigioa galarazi nahian.
Bazterketarekin akitu genuela ospatu genuen urtean prentsaurreko bat eman genuen gonbidapen zehatz batekin: oroitu, sendatu eta dantzatu. Denborak minak desagerrarazten dituela sinesteak kalte bertzerik ez dio eginen sendatze prozesuari, eta horregatik da inportantea memoria ariketa bat egitea, bizipenak gogoratzea eta sendatzeko bidea abiatzea aitortuz eta erreparatuz, berriz gerta ez dadin.
Horregatik gonbidatu nahi ditugu urteetan bazterketa gauzatu eta talde erasotzaile baten parte izan diren horiek, feministendako seguruak diren espazioetan parte hartu nahi badute, lanketa zintzo eta erreal bat egitera, ez zuriketa bat. Aurtengo M8an Elizondon gertatu bezala, feministei eskainitako eremu batean baztertzaile bat eroso sentitzea ez da lanketa erreal eta zintzo baten emaitza. Militante feministendako espazio seguruak izateko berme minimoak behar dira.
Bazterketarik gabeko plazak lortu ditugu, baina eraso hauek egin zituztenen partetik berriz jasan ditugu erasoak. Berriki gure bi kide sare sozial batean seinalatu dituzte, erabaki kolektibo baten erantzule gisa. Emakume hauek emakume gaizto eta agintari gisa seinalatzeaz gain, kolektiboari zilegitasuna kentzeko intentzio nabarmena erakutsi dute. Urteetan egindako kaltearen ardura hartu beharrean, erasotzaileak berriz ere bere burua biktima gisa aurkeztu nahi izan du, hainbatetan bizi ditugun erasoak erreproduzituz.
Argi gelditu da oraindik bidea egitekoa dela. Horregatik gonbidatu nahi dugu berriz ere prozesu sendatzaile hori martxan paratzera, aitortza eta erreparazioa eginez.
Modu indibidualean edo kolektiboan, baztertzaile eta erasotzaile izan diren horiek prozesua abiatzera gonbidatu nahi ditugu: publikoki sortu zen talde baztertzailea, publikoki desegin beharko litzateke. Publikoki egin diren erasoen aitortza ere publikoki onartu eta erreparatzeko bidea egin beharko litzateke: mina aitortu eta taldeari bizkarra ematea. Hau da momentua aitzin segitzeko, iragana erre eta etorkizuneko bestak berdintasunean eta feminismoan eraikitzeko. Baztan gero eta anitzago batean, plazara dantzara!

Plazara Dantzara