Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat
Dantzan.eus webgunean plazer haundirekin irakurri dugu berrikitan Belako Zaldunak dantzetaz ziona. Milesker haundi bat Ekaitz Santaziliari artxibo hori berriz ezagutarazteagatik. Txomin Peillen-ek orain dela zonbeit urte agertarazi zuen dantzari buruzko pasarte hori, bainan hemen bere osotasunean ekarria da. Milesker baita ere Jon eta Oier-eri beren emendakinentzat. Ene partetik, pentsatzen dut Ekaitz-ek bezala hemen dantza luzearen ziklo osoa duela deskribatu Belako zaldunak : Courante bat lehenik, kontrapasak, eta azkenik jauziak.
Dantza eta herioa Kanbon 1727an
Hari beretik, nahi nuke ene partetik ekarpen xume bat gehitu oraindik frango ilun den gure dantzen aspaldiko ixtorioari. Alde hortara doa loturik dagoen lantxoa, eta bereziki artxibotan aurkitu nuen auzi bat, zointan 1727ko Mendekostez Kanbon (Lapurdin) gertatu herio bat aipu den. Garai horietan maiz gertatzen zen bezala, dantzaren protokoloaren inguruko eztabaida baten ondorioz zuten Kanbo-Puttueneko premua makil eta ganit ukaldika zanpatu eta gorpu utzi.
Auziaren lekukotasuner esker, ulertzen dugu Kanbon hiru auzoetako gazteriak aldizkatzen zirela dantzaren emaiteko urteko lau besta nagusietan, tokiaren arabera. Mendekostez, dantza Elizako kartierrean emaiten zen, bezperetarik landa. Lehen dantza Elizako gazteriak zuen emaiten, eta bigarrena Plazakoak (gaurko Behereko plaza). Urte hartan ahatik Basaburukoek ostatuan jokatu zuten haiek zutela bigarren dantza emanen. Lehen dantza usaiaren arabera elizakoer utzi zuten, bainan bigarrena hastekotan zaudela eta, bi dantza sartu ziren betan plazan, eta hori ezinezkoa zaukaten. Kalapita sortu zen, makilak atera eta gauzak mindu ziren.
Dantzaren egitura
Dantzaren erranahi sozial eta politikoaz balitaike ainitz erraiteko. Bainan dantza berari buruz ere badituku elementu zonbeit, Bela-ren testua osatzen dutena, Lapurditik ikusita. Testuan emaiten ditut xehetasun gehiago, bainan huna guti eta aski zer dioten 1727eko lekukotasunek :
“Dantza” (“première danse”, “deuxième danse”) bakotxak oren bat irauten zuen. Beraz pentsatzen ahal da nahiko protokolo luze eta konplexu bat bazitaikela hor, ene gostuko Hegoaldeko soka dantzen parekoa. Dantzak ainitz sekuentzia zauzkan. Gizonen arteko soka ireki batekin hasten ze, “buru” (“tête”) eta buztan (“queue”) batekin. Ez dakigu ahatik lehen pasarte hortan gizonek eskua elgarri emaiten zuten ala ez. Lehenak eta azkenak makil bana zeramazten (“canne en jonc d’Inde”). Makil horiek ohorezko postu horietan pasatuko zirener pasatzen ziezten. Ondotik emaiten zuten “jauzicoa” deitu dantza. Gero dantzariek eskual elgarri emaiten zuten eta dantzatzen zuten “à la courante”, lekukoek euskeraz “chehecoa” deitzen zutena. Dantzaren une batean, neskak sararazten zituzten sokan, mutikoek gomitaturik – neska batzuek uko egin zioten gomitari, eta horrek ukan zituen bere ondorioak (ikus testua)-.
Dantza luze hortan behar bada lotzen ziren elgarri gaur egun berexten ditugun dantza korda eta dantza jauziak. Artetik erraiteko, ohargarri da dantza khordaz ditugun partitura zaharrenetan, lehen partea branle luze bat dela, minor eta major tonuan. Pasarte hortan kontrapasak dantzatzen zitaizkela pentsa ginezake, bainan ez da segurtamenik.
Dantza xehea
Artxiboak xehetasun guti dakarzka beraz, bainan zerbaitxka halere. Eta Belako Zaldunaren kontrapasak-“dantza schuhia”/courante – jauziak zikloari konparatzea interesgarria dena. Bela-ren eskuizkribua hurbiletik begiratuz, nago ez ote ginuken “dantza schuhia”-ren orde “dantza schehia” irakurri behar. Kasu hortan, Kanboko “chehecoa”-ren antza haundia har lezake. Ohargarri da bertzalde Nafarroako Eugiko partean XX. mendean bildua izan zela “dantza xea” (xehea?) deitu soka dantza-ingurutxo bat.
Kanboko gertakaerak bertzalde informazio ainitz dakarzka orduko gizarteko tentsio sozialeri buruz (kartier edo auzoen artean, premu eta kaieten artean, tamburin joile eta dantzarien artean, Eliza, boterea eta dantza, eta abar). Ez naiz hemen solas horietan sartuko. Testuan ekartzen ditut halaber XVII-XVIII mendeetan Zuraiden, Uztaritzen bai eta Oztibarren (hau Manex Goyhenetche-ek bildua) gertatu dantzaren inguruko hainbat kalapita eta auzi. Bada oraindik nun zer mia.