Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak

Dokumentuaren akzioak

San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak

2022/12/13 07:30
San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak

Chineloak dantzan San Frantzisko elizan, 2022-10-08. Arg.: X. Itzaina.

2022ko urriaren 8a, larunbata. Arratsaldeko bortzetan bagaza Cuadrante de San Francisco deitu Coyoacán-eko auzo batetara. Xoko harrigarri bat. Miguel Angel de Quevedo etorbidearen izkina batetarik sartzen da kartierrean, eta bertze mundu bat irekitzen da. Karrika hertsiak, etxebizitza xumeak, ez erraiteko pobreak. Egun Asiseko San Frantses edo San Frantzisko dute ospatzen, kartierreko patroina. Sainduaren eguna bera urriaren 4an zen, bainan orduan lauzpabortz meza emanik ere, besta bera ondoko aste ondarrean dute haundizki ospatzen. Goizean goizik hasi dira tiroak, mañanitas mariachi taldeekin, erien meza eta abar.

Arratsaldeko bortzetan, San Frantsesen irudia lau gazteek bizkarrez baderamate auzoko karriketan barna. Laguntzaile bezala hor dituzte chinelos deitu dantzariak. Diotenez, usaia hori Morelos-eko Estadoan sortu zen 1870 inguruan, ihauterikari. Ikusiz tokiko jauntxo, hacendados eta españolen  ondokoak untsa jostatzen zirela ihauteriz – artxiboek diotenez “jota aragonesa” dantzatuz -, tokiko jende xeheak deliberatu zuen berak ere maskatuko zirela, eta jauntxoetaz trufatuko beren gisako ihauteria asmatuz. Jabeek peoner utzi zieten ihauteriz beztitzeko eskubidea, bizpahiru indulgentzien truke alabainan. Zerua saritzat. Ordutik hunarat, jauntzi berezi horiekin ateratzen dira chinelo-ak Morelos-eko hainbat herritan – batez ere Tepoztlan inguruan -, bainan Mexico-ko Estadoan ere, izan bedi ihauterietan baina baita ere, harrigarriago dena, eliza bestetan. Ciudad de México-ko hegoaldeko hainbat auzoetan ere azkarra da ohidura hori, Xochimilcon, Coyoacán-en eta bertzetan.

San Franciscon beraz, delako larunbat hartan, arratsaldeko bostetan ttanko chinelo-ak sartzen dira eliza (hutsea)-n. Fraile frantxixkano gazte batek ongi etorria desiratzen diete eliza atarian, benedizione edo otoitz formalik gabe. Dantza izigarri xinple batekin sartzen dira elizan, binazka eta beti aintzina. Gure Besta berriko zapurren gisara, bainan urrats xinpleago batekin. Aldare aintzinera heltzean, denak belaunikotzen dira. Ondotik, lerro bakotxa bere aldetik badoa elizaren sahetsetik zolaraino, eta gero berriz aldarerat buruz. Horiek oro kobre fanfare batek lagundurik, eliza hutsak sortzen duen ikaragarriko oihartzunarekin aipatu gabe kanpoko cohete-ak.

Chineloak dantzan 001
Chineloak dantzan San Frantzisko elizan, 2022-10-08. Arg.: X. Itzaina.

Behin elizatik atera eta, erran dena, sainduaren irudia joaiten dute karriketan barna. Karrikak ikaragarri hertsiak dira, gero eta xumeagoak. Segitzen ditugu saindua, chinelo-ak eta kartierreko jendea. Kaxkarot edo puska biltzaileen gisara, auzoko kantoin guziak bisitatzen ditugu. Bide nabar, aldare zonbeit paratu dituzte biztanleek, eta jendek edatera eta jatera fornitzen dute ausarki. Eta “prosesionea” edo nik dakita zer den ibilaldi hori segitzen dutenak kasik elgarri pusaka delako otorduen harrapatzeko. Euskal Herrietan XVIII-XIX mendeetan ogia eta arnoa behartsuer banatzen zituzten besta egunetan. Funtzio ber-bera, bainan XXI. mendean, munduko hiri haundienetarik batean. Eta ez agintariek emanik baizik eta tokiko biztanleek. Geldialdi bakotx, jendeek saindua hunkitzen dute aldizka eta zeinatuz.

Chinelo dantzariak 002
Chinelo dantzariak, ibilaldi denboran, 2022-10-08. Arg.: F. Lastère.

Hori kolorezko kapera ttipi baten sahetsean gelditzen gira. Berriz ere jendek edatekoa eta jatekoa ateratzen dute. Ogitartekoak, alabainan biperrez emokaturik. Itxura guzien arabera kanpotiar bakarrak gira. Segur niz Frantziako Ambaxadak egin daukun seguritate briefing-aren arabera ez ginukela bazter hauetan sobera herrestan egon behar. Holako batean gainerat, bandako tronpetalari(ona)-a hurbiltzen zauku eta deplauki erraiten : “ez dakit nor zirezten eta nungoak zirezten, bainan egon lasai, gurekin seguritatean zirezte, egun kartierreko besta da, denak anaiak gira”. Ados, mezua ulertua. Gauden beraz tronpetatik hurbil.

Soinulariak 003
Soinulariak, 2022-10-08. Arg.: X. Itzaina.

Geldialdien artetik, chinelo-ak dantzan ari dira, beti beren joan-jin xinpleetan, artetan itzulika, ihaute giroan. Karrikan emazte bat hasten zauku solasean. Denak ez dazkogu sesitzen bainan bai hiriak ez dituela zikinak gehiago biltzen kartierrean, auzoek behar izan dutela berek beren burua antolatu eta abar. Eta ikusiz argi-indarraren hariak nola dauden dilindan eta koropilatuak, ulertzen dugu zertaratuak diren. Ura aipatu gabe (Ciudad de Mexico-ko biztanlegotik %35ak ez da ur banatze sare publikoari lotua). Gero esplikatzen dauku maiordomiaren sistema oraindik xutik dela kartier hortan ere, maiordomoa jaz zendu zela eta orain haren semeak dituela bestak antolatzen. Talde xumea segitzen dugu xokoz-xoko, alabainan guahurek sekulan bisitatuko ez ginintuen parte batzutan. Halako bazter batean zikinak metatuak, eta gainetik pankarta: “no tirar basura ni animales muertos”.

Sainduarekin dantzan karriketan 004
Sainduarekin dantzan karriketan, 2022-10-08. Arg.: X. Itzaina.

Sainduarekin dantzan karriketan 005
Sainduarekin dantzan karriketan, 2022-10-08. Arg.: X. Itzaina.

Gaua heldu da, senditzen dugu etxerateko tenorea dela. Alta, izanen zen nun zer ikus gauaz ere. Arratseko 10etan errezebitzen omen dute kartierrean “Señor de Chalma” Kristoren irudia, biharamuneko ospakizunen menturan. Bainan gu gabe gauazko hori, gure alaba leherregina da eta gauaz bazter horietan barna barrandan ibiltzeko ez gira arras fida.

Biharamun goizean hamarretako San Francisco elizako plazan nago. Jendek kafea eta bixkotxak hor daudener eskaintzen dituzte. Bi atsoer galdegiten det hamarretan egin behar zuten “kurutzeen altxatzea” nun iragaiten ote den. Baietz segurki, badakitela nun den, segitzeko. Goazin beraz ene bi amatxirekin, hiruzpalau karriken arteko bide kurutze batetarat. Han omen dira kurutzekatariak askaiten ari etxe batean, eta heekin bertze dantzari talde bat. Aldi huntan, berriz delako “Azteca” talde bat, San Mateon ikusi ginintuen gisa berekoak, bainan aldi huntan konpartsa Nuestra Sra de San Juan deitzen da. Konprenitzen dut askaria maiordomoaren bizkar dela.

Berehala ulertzen dut ere gaurko prozesio edo ibilaldia bezperakoa beino garrantzitsuago izanen dela. Paretaren kontra, askaltiarren beha, hor daude gero aterako dituzten saindu eta kurutzeak. San Frantsesen irudiaz gain, hor dira baita ere kartierreko bertze saindu batzu, Los Reyes Coyoacan-eko bertze kartier batetik jinikako Jesus haurra, ttipi bezain barokoa, eta delako Chalma-ko Kristo. Ahatik ez da, hastapenean uste nuen bezala, Estado de México-n dagoen Chalma-ko santutegi famatuko Kristoa, baizik eta San Andres Tetepilco Ciudad de México-ko bertze auzo batetik jinikako Kristo-a. Bere banderazainarekin.

Jainko ttipi eta haundiak 006
Jainko ttipi eta haundiak, askaltiarren menturan, Cuadrante de San Francisco, 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Ene gringo itxura ikusita, pareko paretaren kontra jarriak dauden bi gizonek deitzen naute. Hi nor hiz? Nungoa? Ze ari hiz hemen? Behin bizpahiru azalpen eman eta, funtsean frango kontent dira ikustea norbeit kartier huntan pasatzen denari interesatzen dela, eta gomesa hasten dugu. San Andreseko banderazainak kondatzen daut gau osoa pasatu dutela kantuz, dantzan eta otoitzetan. Goizeko seiak arte. Azaltzen daut baita ere San Andres-eko kartierreko besta azaroaren 30an dela, bainan ondoko aste ondarrera pusatzen dutela. Eta urtean behin Kristo-ren itxura baderamatela delako Chalma-ko santutegirat, handik 70 bat kilometretarat. Oinez, eta saindua bizkarrez. Bideo bat erakusten daut bere telefonean, nun ezagun diren gizonak kurri mendiko xendretan barna, delako Kristo bizkarrean. Herri txar batean gaua pasatzen dutela, eta biharamun arratsaldeko Chalman direla. Ados. Hain xuxen zonbeit aste berantago gertatu gira gu ere Chalman, bisitatu dugu delako santutegia eta ikusi ditugu gizon batzu beren Kristoren ekartzen. Nundik heldu ziren jakin gabe ahatik. Hots, hor ere espazioaren markatzeko aspaldiko errito bat.

Kristoa Chalmako santutegira ekartzen 007
Herritar batzuek beren Kristoa Chalmako santutegira ekartzen, Chalma, 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Ohartzen niz bertzalde San Andres Tetepilco kartier hori ez dela San Franciscotik biziki urrun, beti Churubusco partean. Hor ere badea auzoen arteko elgar gomita zerbeit? Ahatik gure gizonak erraiten daut hemengo San Frantses ez dela San Andres-erat agertzen.

Jarririk dagoen bigarren gizona gero ulertuko dut Azteca dantzarien buruzagia dela. Ricardo deitzen da, eta ari da sarri kaskoan izanen dituzten lumen konpontzen. Hasten gira solasean. Nungoa den dantza taldea? Ciudad de México-coa. Nun ateratzen diren? Denetara, Estatu Batuetako Dakota-raino. Ze dantza mota emaiten dituzten eta nola ikasi zituzten? Herri pre-hispanikoak direla, katolizismoa jin aintzin bazituztela beren erljio eta sinesmenak. Etzutela Jainkorik baizik eta “deidadeak” (“no Dios, sino deidades”), Amalurra dutela adoratzen, sugea dela lurraren sinboloa lurrean herrestan ibiltzen delakotz, jendek erraiten dutela “guk herioa adoratzen dugula, ez da hala, herioa errespetatzen dugu, ez da gauza bera”. Bainan kontent zela hura ere kanpotiar baten interesa ikusteaz. Beren burua eta auzo hau indigenotzat dauzkala konprenitzen dut.

Dantzari aztecak 008
Dantzari Aztecak lanerat abian, Cuadrante de San Francisco, 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Alabainan, 10etan hasi beharrak ziren bainan 11ak aintzin ez da tutik mugitzen. Askari goxoa dute naski. Kartierrean ibiltzen niz eta ikusten dut hiriko Gobernuaren afitxa bat zoinek deitzen dituen pueblos originarios y comunidades afromexicanas bezala ezagutuak diren kartierretako asanbladak. Konprenitzen dut beraz Cuadrante de San Francisco “jatorrizko herri” bezala ezagutua dela ofizialki. Behar laike ikusi ze ondorio duen horrek tokiko politika publiko eta gobernantzak, bainan bertze gai bat da!

Noizpait askaria untsa liseriturik ateratzen dira dantzariak eta kurutzeketariak. Azteca edo conchero dantzariek hasten dira lanean, atabal eta mandolina mota desberdinetako soinuz. Egia erran, atabal soinuz oroz gainetik, gaineratekoa estaltzen dutelakotz. Dantzarien buruzagiak lehenik hitzaldi labur bat egiten du, erritualari hastapena emaiteko. Lehen dantza emaiten du sainduaren irudia eta kurutzeen aintzinean. Gero bertze batek, bertze batek, eta gero denek. Elgarrekin ari direlarik errondan ari dira, ezkerretik eskuinerat. Holako batean, kartierreko norbeitek ekartzen du bere karroan dagoen andere xahar ezindu bat. Argi ta garbi, Azteca taldekoek sendagintza dantza bat eskaintze dakote, intsensu eta guzti. Ez dakit zerbeit sendatuko ote duten, bainan andere xaharrak ez du kexu iduri. Dantzak noizpait gelditzen dira.

Dantza sendagai 009
Dantza sendagai bezala? Cuadrante de San Francisco, 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Delako “kurutzearen altxatzearen” tenorea da, diotenez, auzo huntako berezitasuna. Kurutzeketariek hartzen dituzte lurrean zauden bi animaleko kurutze, etzanik atxikitzen dituzte eta prosesionea abiatzen da. Itzulia bezperako itzulia beino laburragoa da, eta kutsu erlijiosoagoarekin, apez edo fraile bihirik ez baldin bada ere. Dena kartierreko auzoen esku. Musika bandarik ez egun, ahatik jendeak kantuz ari da gogotik, itxura guzien arabera San Frantses-en kantika batzu, frango ederrak. Animaleko kurutzeekin ez da beti aise karrika hertsien trebesatzea, sustut kamiun batzu nola nahika garatuak direlarik.

Kurutzeak 010
Kurutzeak San Francisco-ko karriketan ibilki, 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Noizpait halere elizako plazarat heltzen gira, bestaren janari saltzaile eta jokoen artetik pasaturik. Eguerditan meza hasten da, frantxixkanoek emanik. Beren Probintzia burua hor dute meza-emaile. Meza hasi aintzin, Probintziala ateratzen da, eta plazan dauden sainduen itxura, kurutze eta dantzariak benedikatzen ditu bana-banaka. Behin eliza bortarat berriz heldu eta, esku keinu batez sartzeko erraiten deie. Denak sartzen dira elizan kurutzeketari, sainduketari, dantzari.

Kurutzeak 011
Kurutzeak San Francisco elizan sartzen, 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Meza bera aski klasikoa da, salbu gitarrek laguntzen dituztela kantuak. Predikua ere klasikoa. Otoitzetako xedeetan, alabainan, bakearen aldeko deia, oihartzun berezia hartzen duena hemen. Eta xede bat “droga eta krimenan ari direnek utz ditzazten beren ekintza kriminalak”. Goiz guziz, zinez goiz guziz, hedabideetan ateratzen diren sarraskiak ikusita, dei horrek badu oihartzun. Hots. Meza bururatzean, Las mañanitas kantatzen ditugu denek. Artetik erraiteko, kantuak badu Labéguerie-ren Gau iluna-k doinuaren egite zerbeit.

Mezatik lekora, dantzak berriz plazan, eta San Mateon ikusi ginuen errito berezi hori berriz ere. Bataiorik ez aldi huntan, bainan oaixteko andere ezindua ezarri dute Aztekek lurrean egin aldare-intsensudunaren gibelean. Ondoan ezarri dute San Juanita-ren itxura ttipi bat – dohaike Sra. de San Juan, konpartsaren patroiaren irudia. “Indio” batek limpia egiten dio andere xaharrari eta dantzari bat berriz ari zako dantzan aintzinean.

Erritual terapeutiko 012
Erritual terapeutiko bat ote? 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Gure partetik hortan uzten ditugu, eta bagaza berriz etxera buruz, mila galdera gogoan. Gibeleratekoan irakurtzen dut Renée de la Torre (2008) antropologoaren lan bat nun esplikatzen duen delako dantza azteca-conchera-ren mugimendua aspaldikoa dela, baduela lotura konplexu bat mexikar nazionalismoarekin eta katolizismoarekin. Bi tendentzia ere badirela mugimenduaren baitan. Bata, mexicanista, zoinen arabera mendebaldeko kultura eta katolizismoarekilako sinkretismo mota guziak ukatu behar diren. Bertzea, neo-mexicanista. Horientzat aldiz, sinkretismoa da bidea eta bai katolizismoarekin bai New age espiritual mugimenduekin badira nahasketak. Daukat San Francisco-n eta San Mateo-n ikusi ditugun taldeak bigarren ikuspegi hortatik hurbilago zirela, ikusiz beren bandera edo estandarte-k nola aipu dituzten frantxixkanoak, konkista eta nola nahasten dituzten sinbolo girixtino eta indioak. De la Torre-ek azaltzen du bertzalde dantza talde horiek, frangotan XX mendeko asmakizun urbanoak izanik ere, biziki antolatuak eta hierarkizatuak direla: kapitainak, jeneralak, ordenantzak... Guk ikusi ditugun taldeetan, dantzarien estandarte-etan izkiriatua da: estandarte hau holako urtean altxatua izan da, holako dantzaren jeneralak baimendurik. Bere artikuluan, De la Torrek hirugarren ezaugarri interesgarri bat azpimarratzen du: delako dantza azteca-conchera-k esportatu direla, batez ere Mexikar diasporarekin batera. Alabainan, Estatu Batuetako chicanos-en artean da bereziki hedatu dantza eredu hori, ikusiz bertzalde batzuk gaurko Estatu Batuetan kokatzen dutela Aztlàn hiri mitikoa, nundik abiatu ziren lehengo mexica-k Tenochtitlan-erat (gaurko Ciudad de México) beren leinuaren bermatzeko. Europan – eta batez ere Españan - ere ba omen dira delako conchera talde horiek. Hots, berriz ere tokian-tokikoa eta globala dantzaren bidez elgarri lotzen.

Erritual terapeutiko 013
Erritual terapeutiko bat ote? 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Kurutzeak pausan 014
Kurutzeak pausan, Cuadrante de San Francisco, 2022-10-09. Arg.: X. Itzaina.

Xabier Itzaina

Erreferentziak
De la Torre R. (2008),”Tensiones entre el esencialismo azteca y el universalismo New Age a partir del estudio de las danzas ‘conchero-aztecas’”, Trace, 54, p. 61-76.

Dokumentuaren akzioak

2022/12/14 10:12
Bai abentura zirraragarriak dituzuela bizitzen ohitura eta festen arrastoan. Ze ederrak argazkiak eta mozorroak! Bagolinoko inauterien airea hartu diet kapeluei.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina