Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas

Dokumentuaren akzioak

Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas

2008/01/08 11:25
2007-ko agorrilaren 19an Itsasuko plazan emana izan da kabalkada bat. 130 bat herritar beztitu dira eta eman dituzte betiko dantza, antzerki eta jokoak. Usaia hori gaizki ezagutzen dutenentzat balio du behar bada bizpahiru gauzen orroitaraztea. Hemen aipatuko ditut laburzki tobera horien bilakaera historikoaren lau urratsak.

Kabalkadak lehenagoko tobera-mustren orroitzapenak dira. Europa guzian hedaturikako zigor kolektiboak ziren toberak, zirela “charivari”, “cencerrada”, “rough music”, karrusa, galarrotsak edo toberak... Herriaren arau moraletik baztertzen zirenak, bereziki ezkontza kontuetan, ziren sinbolikoki zigortuak. Alargun zahar bat neska gazte batekin arraezkontzen bazen, adin klasen arteko oreka hausten zuela pentsatzen zen. “Lapurketa” horren gatik, bikote berria gazteriarekin zorretan zen. Zorra ordaintzen ahal zen edo trago bat eskainiz edo gazteria diruztatuz. Fitsik ez bazen emaiten, gauzak mintzen ziren, eta gauazko toberak egiten ziren ezkont-berrien leiho azpian. Hilabete osoak irauten ahal zuten gauazko garrasi eta soinu horiek. Berdura baten mentura gerta zitaken baita ere bikote ilegitimoen etxen artean. Zigorraren azken gradoa auzi publikoa zen: plazan erakusten (la “montre” frantses zaharrean) ziren toberak: “tobera munstrak”. Egun hartan antzezten zen alegiazko auzi bat, gorte eta sujetekin. Bertsulariek zuten leku Itsasu 07 Kabalkada 2garrantzitsuenetarik bat, bat sujetaren alde plantatzen zela eta bertzea kontra, betiko dialektikan. XIX. mendean, Otxalde batek bere larderia behin beino gehiagotan erakutsi zuen kari horretarat. Auziaz gain, dantzak bazuen ikaragarriko garrantzia, dantzari kategoria desberdinekin : bolantak, kaxkarotak, basandereak, andere xuriak. Gisa hortako kabalkadak atxemaiten ziren Errobi harane guzian, Garazitik Senpereraino, guti edo aski ezaugarri berdintsuekin. Itsasun, artxiboen arabera, tobera mustrak izan ziren 1849an, 1859an, 1865an, 1876an, 1883an, 1889an (azkenean auzapezak debekatuak). Bertze bakarren bat izan zitaken 1914 gerla aintzin, argazki xoil bat dugula lekuko. XX mende hastapenean, Georges Hérelle ikerleak berexten zituen Errobi aldeko eredu hori (“parades charivariques”) eta Xiberu eta Amikuzeko antzerki satirikoa (“farces charivariques”).

 

Itsasu 07 Kabalkada 1Gizartea aldatu arau, ohidurak ere aldatzen dira. Bigarren gerlatik landa, lehenagoko  gaiekilako tobera-mustrarik etzen gehiago egin. Diotenez, Irisarrin 1937an iragan ziren moda xaharreko azken tobera mustrak. Lapurdi barnekaldean, 1920-25 Hazparneko auzo batean gazteriak muntatu zuten zerbeit hor plantatu ziren Ingles bikote baten eskarniatzeko. Egiazko gaiekilakoak guti edo aski 1914ko gerlarekin batera utzi zituzten beren gisara. Gauazko toberek eta berdurek aise berantago iraun zuten, eta XX. mendearen bigarren partean badira han eta hemen hanitz lekukotasun. Itsasun bigarren gerla denboran izan ziren gauazko azken toberak, frango bortitzak gainerat. Garazi aldean bi gerlen artean hedatu zen usaia berri bat, hau da gairik gabeko kabalkadak egitea, dantzaren inguruan. Faustin Bentaberry soinulari eta dantza maisuaren eraginez azkartuz joan ziren kabalkadak eskualde hortan. Zenbeit herritan gaur egun oraino urtero egiten dira gisa hortako ospakizunak (Arnegi, Uharte Garazi, Izpura, Luzaide, Baigorri,...). Baigorrin segitu zuten ere tobera-mustra egiten noizbehinka gerlatik landa, kabalkada xoilez gain. Antton Luku idazleak eta antzezleak hurbiletik aztertu du baxenabartar toberen ixtorio hori. Lapurdiri dagokionez, Luhuso eta Makean 1950 urteetatik aintzina berriz hasi ziren kabalkada emaiten, alegiazko gaiekin (Ganix kontrabandixtaren ixtorioa Makean) bainan aintzinagoko joko guziekin: dantza, auzi, zirtzil, zaldizko, huxer,... Formak irauten zuen, bai eta herriko pesta giroa. 1980 arte eman zituzten holako kabalkadak Makean.
 

Itsasu 07 Kabalkada 31970 urteetan abertzalek proposatu zuten toberen irakurketa politiko berri bat. Europa guzian antzerkiaren formak erreberritzen ari ziren, antzerkia mezu politiko batzuen plazaratzeko tresna bezala baliatuz. Irakurketa hortan, toberak baliatu behar ziren tokiko boteren ordenuaren zalantzan ezartzeko eta ez ordenu horren indartzeko. Iholdin 1974-an aintzira egitasmo baten aurka egin zituzten moda berriko tobera horiek, eta ikaragarriko tentsioneak sortu ziren (ikus Hélène Etchecopar-Etchart-en lana). Erranahi politiko berri horiek arrabultzatu eta gaurkotu zituen toberak (Eiheralarren, 1988an, Baigorrin 1976an, Amikuzen 1991an, bertzeak bertze).
 

Lapurdi barnekaldean, 1990 urteetan abiatu zuten gogoeta bat lehenagoko kabalkaden inguruan. Itsasun (1992, 1994, 1997, 2001, 2007), Lekornen (1995, 1996), Luhuson (2002) edo baxenabartar auzoa den Heletan (2003), hautsi-mautsi bat nahi izan zuten atxeman : herriko arazoak aipatu, bainan ez baitezpada salaketa bortitz baten bidez, ikusiz gainera herritar guziek parte hartzen zutela, beraz behar zirela tendentzia guziak hein batean bildu. Helburu hori garrantzitsua zen, bereziki Itsasu bezala 1980 hamarkadan politikoki frango inharrosiak izan zen herri batean. Eztiegi batzuentzat, bortitzegi bertzentzat: Itsasu 07 Kabalkada 4bixtan da kari horietarat antzezten zirenak etzirela denen gostukoak. Bainan, bederen, herriaren kezkak plazaratuak ziren, eta eztabaida sortzen zuten. Egia erran, lapurtar adibide horiek barnetik bizi izan dituenak erran dezake toberen gaia etzela behar bada gauzarik garrantzitsuena gertakizun horietan. Parte hartzailentzat, herriaren elkartasuna zen lehen helburua. Dantzak, bereziki, ikaragarriko garrantzia hartu zuen. Dantza jauzier beren lehenagoko ospea nahi izan zuten eman kabalkada horietan. Itsasun, adibidez, 2007an, bi dantza-jauzi luze eta bihurriak gogoz eman zituzten, 1914 aintzineko jauzi zoin-gehiagokaren izpiritua berriz atxemaiteko xedearekin. Bururatzeko, azpimarra nezake tobera mustra edo kabalkadaren erran nahi ezkutuak badirela oraino argitzekoak direnak. Zergaitik da huxerra hiltzen eta arrapizten, Xiberoko maskaradako Pitxu bezala? Zer da andere xuri eta basandere-n erran nahi sinbolikoa? Zer zen zirtzilen lekua? Eta bertze hainbat galdera. Badira bixtan dena eskola bezenbat hipotesi, bainan ez gira hortan sartuko hemen. Gauden beraz ondoko ikerketen beha mixterio horien xilatzeko.
 

Erreferentziak:

Etchecopar-Etchart H., Théâtres basques, une histoire du théâtre populaire en marche, Bayonne, Gatuzain, 2001.

Itzaina X., « Tobera-mustrak Lapurdi barnekaldean », Sukil, cuadernos de cultura tradicional (Iruña-Pamplona), 2, Iruña-Pamplona, 1998, p. 2-18.

 

Itzaina X., « Sanction morale, fête et politique : le charivari à Itxassou au XIXe siècle », Revue d'Histoire de Bayonne, du Pays-Basque et du Bas-Adour, 151, 1996, p. 435-450.


 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina