Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en

Dokumentuaren akzioak

Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en

2023/08/28 11:00
Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en

Lau kapitainak banderak elizan pausatzerat abian (arg. X. Itzaina)

Uztail undarrean aste bat pasatu nuen berriz Chiapas-eko Selva Norteko partean. Jada hemen aipatu dituztan Yomol A’Tel (“elgarrekin lanean”, tseltal hizkuntzan)-eko kooperatibak bigarren aldikotz bisitatu nintuen. Esperientzia ikaragarri aberatsa, bainan bertze nunbeit aipatuko dutana. Gauden hemen besta eta ospakizun solasetan.

Suziriak eta zezena: besta aintzineko erritoak Chilón-en

Aipa dezadan lehenik bi hitzez Chilón herrian berean suertez hauteman nuen ospakizun xume bezain sarkorra. Santo Domingo de Gúzman herriko zaindaria agorrila hastapenean ohoratzen dute. Agorrileko besta hori tseltal-ena daukate, maiatzeko San Juan Nepomucenorena aldiz mestizo-ena delarik. Hamar bat egun agorrileko besta aintzin, hasten dituzte prestaketa erritualizatuak. Ni gertatu nintzan “entrega de los materiales” deitzen duten gertakizunean. Igande goizean meza edo zeremonia zerbeit bazen Chilón-eko eliza nagusian. Jende guti, bainan apezak untsa troxatuak ziren suziri andana bat benedikatu zuen. Ondotik, denak atera ziren karrikarat gitarra, arrabita eta tseltal danborrak lagundurik. Danbor joilea hiru hilabete lehenago ortzirale sainduz kurutze bidean jotzen hauteman nuen gizon bera zen. Erritmo arinago batekin aldi huntan.

Suzirien eskaintza, mezatik ateratzea, Chilón, 2023ko uztailaren 23a (bideoa X. Itzaina)

Talde ttipia abiatu zen gaineko karriketan barna, soinulariek lagundurik. Baimena adineko gizon bateri galdeginik, segitu nintuen. Gizon hori principal bat zen, goi mailako kargudun bat tokiko cargos-en xixtema konplexuan. Esplikatu zautan egun hartan benedikatzen zituztela besta denboran erabiliak izanen ziren suziriak, eta orain bagindoazila nochero eta nochera delakoen etxerat, zoinek kargu zerbeit zuten bestaren antolaketan.

Patar xut baten puntan zagoen etxe baten sahetsean plantatu ginen. Prinzipalak jarri ziren lerroan paretaren kontra, emazteak parean eta soinulariak zolan. Gizon batek atera zuen botoila bat eta prinzipaler eskaini. Elkarrizketa erritual batetarik landa eta bildutasun haundi batean, gizon batek ttilika bat eskaini zuen behazale bakotxari. Soinulariek jotzen zuten, frango untsa gainerat. Biziki giro bildu eta erritual bat zen. Bizpahiru aldiz errepikatu zuten errituala.

2023-07-23_Chilon_XItzaina_14_2_r.jpg
Suzirien zeremonia, nochero-en etxean, Chilón (arg. X. Itzaina)

Noizpait, hain segur bestaren ardura zuen gizon batek hartu zuen hitza eta kondu solasetan sartu ziren. Suzirien gastuetaz naski. Elkarrizketa seriosa, itxura guzien arabera. Ber-denboran, bestan aterako zuten kartoinezko zezen baten apailatzen ari ziren bizpahiru gizon.

20230723_Chilon_XItzaina_14_3_r.jpg
Zezenaren beztitzea, Chilón (arg: X. Itzaina)

Noizpait prinzipalak xutitu ziren, errezebitzen ginintuenaren etxean sartu eta han otoitzetan hasi ziren. Hortan utzi nintuen. Arratsaldean berriz kartier hartan barna banindoalarik, hurbiltzeko erran zautataten. Zeremonia bururatzen ari zen. Prinzipal eta nochero-ek azken esker onezko agurrak elgarri bihurtu zituzten, beti botoilaren eskaintza erritualarekin, musika eta danborraren soinuz. Erran zautaten ondoko asteartean hasiko zirela bederatziorreneko zeremoniak, gauero ibiliko zirela karriketan musikarekin bestaren iragartzeko eta izanen zirela urrats desberdinak elizan eta kargudunen etxeetan. Agorrileko besta beraren bizitzeko gutizia eman zautaten, agian bertzaldi batez, nork daki!

20230723_Chilon_XItzaina_14_4_r.jpg
Suzirien zeremonia : azken agurra. Ezkerretarik, tseltal danborra (arg. X. Itzaina)

Guaquitepec-erat abian

Zonbeit egun berantago, Guaquitepec deitu herrixkarat hurbildu nintzan. Aintzineko apirilean Bachajón-eko Misioan ezagutu ginuen Aita Rodrigo jesuista gazteak esku-zabalez gomitatu ninduen herri hartan ospatzen duten santa Anaren bestarat. Jakinez komunitate horietako ospakizunetarat nekez sar ditaikela gomitarik gabe, baietz erran nuen berehala, nolaz ez! Rodrigoko parropiaren kargua du, jakinez 87 (!) komunitate segitzen dituela Bachajón-eko misioaren kondu. Jakin behar da Bachajón-eko Misioak 1958etik geroz ikaragarriko lana egiten duela bere kondu dituen 600 bat komunitateetan. Bertzeak bertze, Biblia tseltal-ez itzuli zuten, gatazken konpontzeko bitartekaritza xixtema berri bat sortu, autonomia ekonomikoa bultzatu kooperatibismoaren bidez, indigenoen giza eskubide zentro bat xutik ezarri, tokiko karguen xixtema arralandu, tseltal irrati komunitario bat abiarazi eta abar luze bat. Eliza autoktonoaren mugimendu horren barne da ere tokiko besta eta erritualitean parte hartzea. Rodrigo aste guziko jina zen, besta burutik buru segitzeko. Jakin behar da bertzalde Eugenio Maurer, misio bereko jesuita batek bere tesia egina zuela Pariseko EHESS-en Guaquitepec-eko erlijiotasunari buruz. Tesi hortan barnatzen zuen nola Guaquitepec-en aurkitzen zen kristautasuna eta tseltal erlijioaren arteko “sintesi” bat – “sinkretismo”-a beino nahiago zuen konzeptua – hain xuxen urteko besten zikloa xeheki aztertuz (Maurer 1983). Rodrigok Bachajón-en apirilean eskaini zautan Maurer-en liburua sakelan etorria nintzan Guaquitepec-erat, jesuitak 1970 urteetan ikusi zituenak zertaratuak ziren ikusteko.

Guaquitepec tseltal herria da. Chilón-eko munizipio-ari lotua da, jakinez munizipio horrek 5000 km2 dauzkala (Ipar Euskal Herri osoak 2900 dituelarik). Eremu zabalak, dena oihan, bortu eta erroitz. Harat heltzea bera zerbeit da. Tuxtlako airalekutik behar da San Cristobalerat joan, handik taxi kolektibo edo camión zerbeit hartu Ocosingorat, handik bertze bat Chilón-erat (jakinez frangotan bideak blokatzen dituztela Ocosingo edo Oxchuc-en), gero Chilón-etik Sitalá-rat. Sitalán bidea gelditzen da, eta pista da hamar bat kilometrez Guaquitepec-eraino.

Uztailaren 25an, astezkenez, kooperatibako lagun batek utzi ninduen Guaquitepec-eko elizaren parean, goizeko seietan. Arimarik ez. Bazterrak ixil. Alabainan, ostaturik ez kafe ttilika batentzat. Zazpiak et’erditan hauteman nintuen elizara buruz heldu herritar talde bat. Aintzinean emazteak, lore zama eder batzu eskuan. Ondotik lau gizon gazte, bertze lau gibeletik, bertze adineko lau gizon eta soinulari talde bat. andereek loreak eskaini zizkiozkaten santa Anari, eta elizatik atera ziren berehala.

20230725_Guaquitepec_14_5_r.jpg
Loreen eskaintza, santa Ana bezperan, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Han juntatu ginen Rodrigo eta harekin ziren bi lagunekin, Alejandrina, Meridako unibertsitate batean ingurumen eta agroekologi gaietan ari zena, eta aita Raúl, bertze jesuita bat, zoinek bortz indio hizkuntzetan lanean ari den La voz de los campesinos - Radio Huayacocotla deitu irrati komunitario bat bultzatzen duen Veracruz-eko iparraldeko sierra-n. Konpañia – sentsu guzietan! - onean nindagon.

Kapitainak, alkal-ak, prinzipalak

Rodrigok behar-beharrezkoak ziren azalpenak egin zitzauzkidan. Gizonak hiru taldeka muntatuak dira. Lau kapitainak, alde batetik, oraindik zibilean bezti direnak bainan mokanes xuri batekin buruan, bestaren ardura dute. Alkal deitu bertze lau gizonen bizkar da zeremoniaren egitura bera. Aginte makil bana baderamate. Lau gizon zaharrenak principal edo trensipal-ak dira. Kapitainen karguak urtero aldatzen dituzte. Printzipalek izendatzen dituzte lau akal-ak, eta alkal-ek lau kapitainak. Ez da untsalaz bolondresik, nehorek ez du bere burua aurkezten. Alkal-ak joaiten dira kapitain bakotxaren etxerat, formula erritualen bidez kapitainek lehendabizik ezetz ihardesten dute, ez direla gai, ohore haundiegia dela, gastu ekonomiko haundia dela. Eta ondarrean onartzen dute kargua. Printzipalak aldiz behin-betiko karguak dira, jakinez printzipal bilakatzen direla behin bertze kargu guziak bete eta. Komunitatean inguru moral haundia dute.

Lau printzipalen artean bezala, kapitainen artean bada hierarkia bat, tseltal familian aneien artean bezala. Holaxe sailkatzen dituzte lau kapitainak : Sbah bankilal (anei zaharrena), Schebal bankilal (bigarren anei zaharrena), Sbah yihits’inal (lehen anei gazteena), Xuht’ul yihts’inal (bigarren anei gazteena). Herriko besta nagusientzat hautatzen dire lau kapitain desberdin: san Juan ekainean, santa Ana uztailean (tradizioaren arabera, Ama birjinaren ama dena), Ama birjinaren sortzea buruilean. Urteko 12 kapitainak biltzen dira ihautirietan. Rodrigok kondatu zautan kari horretarat bazutela joko berezi bat, urtxintx larru idortu batzu elgarri aurpegirat botatuz. Maskarada joko...

20230725_Guaquitepec_14_6_r.jpg
Lau kapitainak eta soinulariak, santa Ana bezperan, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Gizon taldearekin batera abiatu ginen lehen kapitainaren etxerat. Edo hobeki erran, lehen kapitaina laguntzen zuen printzipal nagusiaren etxerat. Aurten lau kapitainak herritik urrun diren lau komunitateetakoak izanki, besta irauten duen aste guzian herrian gelditzen dira prestatzen dezkieten etxeetan. Soinulariek (musikero) taldea bide guzian lagundu zuen. Soinulariak pareka ari ziren: sei xiloetako flauta eta tseltalen larruzko danborra alde batetik, arrabita eta gitarra bertzetik. Batto ixiltzen delarik, bertzea ixiltzen da ere, bertze pareak aintzina segitzen duelarik. Flauta joilea opisal edo “ofiziala” deitzen dute, eta zeremonien kudeatzaile nagusitzat daukate.

20230725_Guaquitepec_14_7_r.jpg
Soinulariak, santa Anaren bestetan, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Lehen kapitainaren etxean printzipal nagusiak errezebitu gintuen etiketa xehe bat segituz, agurretarik hasita. Mahain luze bat bazuten ezarria, eta bakotxa bere lekuan jarri zen. Botoilak benedikatu eta dener aurkeztu zituzten. Printzipalak lehenik bakotxari xerbitxatu zuen edari ezti bat, behar bezala benedikatu eta. Kapitainek dantza bat eman zuten. Dantza hasi aintzin soinulariak agurtu zituzten eskuarekin. “Dantza” diotalarik, hemen dantzaren forma xinple-xinpleena ginuen. Urrats bat aintzinera edo sahetsera, eta halaber gibelka edo sahetsera. Bakotxak bere moldean. Lau kapitainak soinularien aintzinean, eta haien gibelean lau alkal-ak. Kapitain batek keinu batez dantzarat gomitatu ginintuen eta ohore horri ihardetsi ginion. Bere xinpletasunean, ikaragarri indarra hartzen zuen dantzak. Soinulariek ere funtsean bi egunez doinu bera jotzen zuten. Trantze lasai giro batean bezala. Hemengoek dantza bakea eta armoniaren ardiesteko bide bezala daukate, eta hala iduri zuen.

Kapitainen dantza prinzipal baten etxean, santa Ana bezperan, Guaquitepec (bideoa X. Itzaina)

Dantza bururatu eta, denak soinularien aintzinean pasatu ginen haien eskertzeko, hastapeneko keinu berarekin. Berriz jarri ginen. Prinzipalak untzi bat ur pasarazi zuen gomita bakotxari, eskuak garbi zitzan. Hor egin nuen lehen pettoa. Eskuak garbitu eta untzia berriz eman nakon prinzipalari. Ezetz, erran zautan Rodrigok, ondoko lagunari behar zen pasarazi. Eta halaber eskuen xukatzeko trapua. Ados. Ondotik pasatu zautaten pitxer bat ur. Alegia edan nuen – gure mendebaldeko barneek ez dute jasaiten ahal tratatua ez den ura, eta hori Mexiko guzian – eta beha egon. Bigarren pettoa. Pitxerra behar zen auzoari pasatu, eta oroz gainetik urarekin ahoa garbitu eta iretsi gabe tu eginez bota etx’aintzinean. Ados.

Ondotik, prinzipal-ak eskaini zaukun bakotxari chilha’ deitu edaria, arroltze haundi baten itxura duen kalabaza hertsi batean, arto eztiz eginikako lauki ttipi bat gainean, eta oihal brodadu batean troxatua. Hor eginen hirugarren pettoa. Behin denek edan eta jan eta, prinzipala pasatu zen laguntzaile batekin delako kalabaza eta oihalen biltzeko. Laguntzaileak bazuen kalabaza haundi bat eta han pausatzen zituen prinzipalak. Nik zozoki ene kalabaza eta oihalak delako laguntzaileak zeraman kalabaza haundian pausatu nintuen. Hirugarren pettoa. Ezetz, erran zautan Rodrigok, eskaini dauzunari zaio gibelerat eman behar, ez laguntzaileari. Ados. Gero atera zuten arto salda mota bat, biper gorri bixiarekin. Aldi huntan konprenitua nuen nori zer behar zitzakon eman. Kapitainek bertze dantza bat eman zuten. Memento batean – xuxen ez dakit noiz – lehen kapitainak erran zuen – tseltalez, ez nuen espainol tutik entzun bi egunez - soinulari eta bertzer: banoa garbitzera. Esplikatu zautaten bazoala bere jauntzi zeremonialaren jaunstera. Bulta baten buruan berriz agertu zen arropa gorri eder batean, eta xapel xingoladuna buruan. Galtzetan bazuen galoin bat kuxkulekin, gure kaxkarot edo bolanten gisarat. Eta palto gorria, gure Besta berrietako kapitainarena bezalakoa, hain xuxen.

Orduan ekarri zituzten haragi saltsak gatulu batzutan eta pausatu soinularien aintzinean, ez nola nahika ahatik, hunenbertze gatulu (lau etxe batean, sei bertzetan) soinulari bakotxaren aintzinean, eta tortillak erdian, oihal brodatuan troxatuak. Flauta joilea xutitu zen eta denak hurbildu ziren mahainerat. Flauta joileak galdeginik, aita Rodrigok benedikatu zuen janaria. Bakotxak hartu ginuen gatulu bana, eta ixilik jan. Rodrigok ahapetik erran zautan plat hau ez baginuen osoko jaten etzela afruntu bat. Jakinez oroz gainetik ondoko bertze hiru etxeetan gauza ber-bera izanen zela, behar behar zirela gure barneak zaindu. Ixilik jan ginuen, biziki giro erritual, serio eta ber-denboran goxoan. Jatea bera otoitz zerbeit balitz bezala. Erran dena: gaur badugu asetzeko doia. Bihar ageriko. Ondotik, soinulariek, kapitainek eta laguntzaile batzuek gure gaineratekoak bildu zituzten, eta tortilla peza batzu gainetik eman, ez nola nahika alabainan. Behin dena xeheki prestatu eta, prinzipalak hartu zuen gatulu bana eta kanpoan lerroan beha zauden emazteer eman, beren etxeetarat ereman zezaten. Bakotxari berea eman zakon, birbanaketa mota bat.

20230725_Guaquitepec_14_9_r.jpg
Prinzipalak herriko familier eskainiko dituen janariak (arg. X. Itzaina)

Gero azken dantza bat, denak agurtu, prinzipala eskertu eta talde osoa atera ginen. Karrikan barna joan ginen bigarren kapitainaren etxerat, beti soinuarekin. Bigarren kapitainaren etxean gure zain zagon bigarren prinzipala. Lehen etxean bete ginintuen urrats guziak errepikatu ginintuen xeheki. Bigarren kapitaina joan zen beztitzerat, eta gibeleratekoan abiatu ginen. Hirugarren eta laugarren etxean berdin. Anartean truko zonbeit banintuen ikasiak, adibidez edari zonbeit diskretuki emaiten ahal zirela uliak bezala ingurinan barrandan ginintuen haurrer.

Banderaren musua

Behin azken etxean laugarren kapitaina beztitu eta, talde osoa abiatu ginen elizara buruz, beti soinuarekin. Kapitainek aldare gibelean kokatuak ziren lau banderak hartu zituzten. Banderak gorriak ziren, zurezko kurutze batekin puntan. Taldea berriz abiatu zen banderekin lehen kapitainaren etxerat. Harata, etx’aintzinean jarria zuten zurezko muntadura haundi baten lau izkinetan kokatu zituzten banderak. Flauta eta danborra igan ziren delako zurezko dorrerat eta jotzen hasi ziren.

20230725_Guaquitepec_14_10_r.jpg
Flauta eta atabala bigarren kapitainaren etxean, santa Ana bezpera, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Orduan gertatu zen Rodrigok arrazoinekin “el climax de la fiesta” deitu zuena. Aldi huntan emazteek zuten parterik garrantzitsuena. Dorrearen parean hedatua zuten belardi zama bat zolan, eta gainetik lastoko tapiza lauki bat. Flauta eta danborra jotzen zuten. Bertze emaztek lagundurik, lehen kapitainaren emaztea belaunikatu zen. Lehen kapitainak bere bandera itzulikatu zuen eta etzanik emazteari aurkeztu. Andereak banderaren punttan dagoen kurutzearen azpian kutxin brodatu ttipi bat ezarri zuen, eta kurutzeari pottaka hasi zen: kopetarekin kurutzearen gaineko partean, kokotsarekin azpiko partean, matel batekin eskuineko partea, bertze matelarekin ezkerrekoa, eta ezpainekin kurutzearen erdiko partea. Behin kapitainak bandera bertzaldera uzkali eta, bortz musuak errepikatu zituen kurutzearen bertzaldean.

20230725_Guaquitepec_14_11.jpg
Banderaren musua, lehen kapitainaren andrea, santa Ana bezpera, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Tentsio zerbei nabari zen une horretan. Emazteek delako kapitainaren esposa ingurikatzen zuten eta sustengatzen. Lehen kapitainak bandera dardaraka aurkezten zion bere andreari. Une hortaz izan omen dira interpretazio ainitz, antropologo eta psikologoen gandik ere... Hasteko, senditu ginuen giroa bapatean aldatu zela eta garrantzitsua zen “zerbeit” iragaiten ari zela gure aintzinean. Banderaren musutik landa berriz jarri ginen, edari zerbeit atera zuten goizeko protokolo berarekin. Dantza berriz hasi zen, bainan kasu hutan, kapitainak bazterrean ezarri ziren eta ez soinularien parean, eta lau emazte ziren dantzan arizan: lehen kapitainaren andrea, lehen prinzipalaren andrea (hots, etxekanderea) eta bertze bi zerbitzari edo laguntzaile. Soinulariak agurtu, eskertu eta segi aintzina. Noizpait atera ginen etxetik eta berriz abiatu goizeko lerro berean. Lau banderetarik biga ahatik delako dorrean utzi zituzten kokaturik.

Bigarren kapitainaren etxerat joan ginen, bi etxeen arteko pasaia hertsi batetik. Han ere bazuten muntatua egurrezko muntadura bat, eta flauta eta danbor joilea han plantatu ziren eta jotzen hasi. Aldi huntan, bigarren kapitainaren andreak zuen banderaren musua egin, lehen etxean bezal-bezalako giro kartsuan.

20230725_Guaquitepec_14_12_r.jpg
Bigarren kapitaina banderaren musuarentza prestatzen ari, santa Ana bezpera, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Ondoko zurezko etxean arrabita eta gitarra soinuz hasi ziren dantzan emazteak soinularien parean, kapitainak sahetsean. Alkal batek edatera eskaintzen zuen anderer. Kapitainek soinean zuten bi mokanes xurietarik bat utzia zuten untsa hedaturik soinularien aintzineko mahainean. Artean, lau banderak berriz ekarriak zituzten barnerat. Dantza bitartean, prinzipalak laguntzaile batekin banderak troxatu zituen delako kapitainen mokanesetan, izigarriko artharekin.

Banderen altxatzea bigarren prinzipalaren etxean, santa Ana bezperan, Guaquitepec (bideoa: X. Itzaina)

Berriz esker onezko otoitz, agur, edari, eta noizpait ekitaldia bururatu zen. Arratsaldeko hiruak ziren nunbeitan, eta egun hartako parte errituala hortan gelditu zen. Ikaragarri ederra eta indartsua izan zen, bainan jan eta edan sobera! Doi bat deskantsatzekotan ginaudela, bigarren prinzipalak erran zaukun orain... janen ginuela. Gomitak bi parte egin zituzten: Ale eta Rodrigo bertze etxe batetarat eta Raul eta biak hemen berean. Artean, bigarren kapitaina aldatu zen eta berriz eguneroko jauntziekin jin zen. Jan ginuen ixilik, alabainan, gure tseltala frango xuhur izanki. Kapitain gazteak gaztelera jakinik, doi bat solastatu ginen halere hain bihotz zabalez hartu gintuzten etxekoekin. Gero pausarat joan ginen, herriko artatexean, nun hilabetean behin pasatzen den miriku edo erizain bat. Arratsean, zazpitako berriz gomitatu gintuzten afaitera, delako bigarren prinzipalaren etxerat. Arto opilez inguratu ilhar zonbeit eta kafea, bihotzetik eskainiak berriz ere.

Santa Ana eguna

Biharamunean, goizeko zazpitako bigarren prinzipalaren etxean ginen, berriz hasteko prest. Soinulariak, lau kapitainak eta lau alkal-ak han ziren, berme. Bezperako erritual ber-bera errepikatu zuten, salbu janaria pixka bat arinago zela, izaitekotz ilhar eta tortilla. Gero joan ginen lehen kapitaina/lehen prinzipalaren etxerat, gero hirugarren eta laugarrenaren ganat. Etxe bakotx, urrats berak: kapitainen dantzak, botoilen eta janarien benedikatzea, askari errituala, eta emazteer janariaren birbanaketa. Azken etxetik ateratzean, kapitainen beha zagotzin lau zaldi. Igan ziren, banderak hartu eta denak abiatu ginen elizara buruz, beti musikarekin.

20230725_Guaquitepec_14_14_r.jpg
Kapitainak zaldiz, prestatzen ari, 2023ko uztailaren 26a (arg. X. Itzaina)

Behin elizarat heldu eta, kapitainak zaldietarik jeutsi eta lau banderak elizan pausatu zituzten, aldare gibelean.

20230725_Guaquitepec_14_15_r.jpg
Lau kapitainak banderak elizan pausatzerat abian (arg. X. Itzaina)

Elizaren barnean lerroan jarririk zauden emazteak, eskuineko paretaren kontra. Eliza bortatik hurbil ezarriak zituzten bizpahiru buztinezko pitxer edo anfora haundi. Soinulariak plantatu ziren kanpoan alki baten gainean. Lau prinzipalak jarri ziren elizaren paretaren kontra.

20230725_Guaquitepec_14_16_r.jpg
Lau prinzipalak eliza bortan, kapitainen gapeluen zaindari, santa Ana eguna, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Orduan hasi zuten corrida de caballos edo zaldi lasterketa delakoa. Lau kapitainek zituzten lehen itzuliak eman. Egian erran, lasterketa beino gehiago, erakustaldi bat zen. Etzen baitezpada zoin-gehiagoka bat lauen artean baizik eta eliz-aintzineko pentzearen hunenbertze itzuli, beti musikarekin. Flautak eman zuen lasterketaren gelditzeko seinalea. Kapitainak zalditik jeutsi ziren eta eliza barnera sartu. Emazteek eman zeiezten untzi bana, eta kapitainek edaria banatu zuten, prinzipaler eta alkal-er lehenik, gainerateko behazaleer gero.

20230725_Guaquitepec_14_17_r.jpg
Andereak edarien zaindari eliza barnean, santa Ana eguna, Guaquitepec (arg. X. Itzaina)

Lagun batek erran zautan zonbeit urte lehenago jesuita batek kenarazi zuela alkohola bestetarik, erranez bestan aguardiente edo bertze ttilika bat agertzen balitz etzela gehiago etorriko. Beti ere, zaldiek bigarren ateraldi bat egin zuten, bainan aldi huntan etziren kapitainak baizik eta bertze gazte batzu, izigarri trebeak. Itzulika ari ziren bitartean, lau kapitainak dantzan arizan ziren soinularien aulkiaren parean. Itzuliak bururatu eta, aldi huntan lau alkal-ak ziren sartu elizarat emazteek eskaini edariak behazaleer emaiteko. Zaldizkoak hirugarren aldikotz atera ziren, kapitainek berriz dantza bat eman zuten eta hek ziren joan edarien bila. Hortan gelditu zen zaldi lasterketa. Kapitainak berriz sartu ziren elizan, uste dut (hortan badut duda bat) lau banderak berriz hartu zituztela. Hasteko berriz abiatu ziren, beti soinulari eta alkal-ekin lehen kapitainaren etxerat, eguneko azken ekitaldiarentzat.

Nik hortan utzi nintuen, moto-taxi bat harrapatu behar nuelakotz Sitalà-ra heltzeko pistatik barna, beinakien han ene beha zagola kooperatibetako adixkide bat. Erran zautaten biharamunean eginen zutela kapitainen aldaketa, eta sartzen ziren lau kapitain berrier utziko zietela kargua. Santa Ana egunean berean etzen mezarik izan. Bainan besten lehen egunean behar izan zuen Rodrigok meza goizeko lauetan eman, eta bestetako azken egunean ere hala izanen zela erran zautan. Kondatu zautaten ere ni arribatu bezperan ibili zirela gauaz prinzipalen etxeetan, eta etxe bakotx bi prinzipalek elgar agurtu zutela elkarrizketa luze eta erritualizatu baten bidez. Pat’o tan (“bihotzetik agurra”) deitzen omen dute solasaldi hori eta berez ikerketa xehe bat merexi luke.

La religiosidad popular es un deporte extremo” ohartarazi zautan Raul jesuita lagunak. Hala da. Jakinez nik Guaquitepec-eko bestetako maratoiaren zati bat beizik ez nuela ezagutu, hiru lagunak aste guziko han zaudelarik. Hasteko, neretzat bi egun horiek parentesis bat bezala bizi izan nintuen, bertze bizi-ziklo batean harrapaturik bezala. Errealitaterat frango fite harrapatu ginintuen. Behin kooperatibekin egin lana bururatu eta, artean eni juntatu zen Maya, nere ikerketa zentroko zuzendariarekin San Cristobal-erat buruz abiatu ginen bainan Ocosingon bidea zerratua kausitu ginuen. Egun hartan berean mugimendu harmatu batek kamiun haundi bat erre zuen beren kide baten kalitzearen salatzeko. Bertze balentriarik ere izan nuen Mexikorat sartzeko, airekoa ezeztatua eta bertze. Hots, Chiapas. Hasteko, milesker haundi bat Guaquitepec eta Chilón-go herritarrer, Rodrigo, Alejandrina, Raul eta Erikari esperientzia horiek hurbiletik bizitzeko parada eskainirik.

Erreferentziak

Maurer E. (1983), Los tseltales. Paganos o cristianos? Su religión, sincretismo o sintesis?, México, Centro de Estudios Educativos.

 

Dokumentuaren akzioak

2023/08/30 10:23
Ene ba. Bada mundu oso bat gure begiek ikusten duten horren ezkutuan. Guaquitepec-era iristeko bidea eta tseltal hizkuntzan bizi den kultura horren errito eta ohiturak harrigarriak dira goitik behera. A ze bizipen harrigarriak Xabier. Baduzu jakintza eta kemena haien berri izan eta haiengana iristeko hiri-bizitza eta jakintzetako erosotasunak atzean utzita. Muturreko kirola, bai horixe! Sabela osorik ekarri zenuen bueltan? Mila esker esperientzia horiek umore eta jakintzarekin partekatzeagatik.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina