Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta San Juan Chamulan

Dokumentuaren akzioak

Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta San Juan Chamulan

2023/05/04 07:45
Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta San Juan Chamulan

Esteart-ihautez, San Juan Chamula (arg.: F. Lastère)

Joan den otsailean Chiapas-en egon ginen eta bertzeak bertze San Juan Chamula eta Tenejapako ihauterien bizitzeko parada izan ginuen. Tetelako ospakizunetan gure europar neguko besten kutsua hauteman baginuen, chiapaneco-ek aldiz bertze mundu batera ereman gintuzten. Aldi huntan Chamulakoa dut kondatuko.

Otsailaren 21an, asteart ihautez combi colectivo bat San Cristobal de las Casas-en harturik, handik hamar bat kilometrotara dagoen San Juan Chamula herrira arribatu nintzan. Herri gotor bat da, 101,972 biztanlekoa (2020an) eta izigarri hedatua. Biztanlearen gehiengoa tzotzil leinu eta hizkuntzakoa da. Besta cabecera municipal edo herri gotorraren erdigunean iragaiten zen. Colectivo-tik jeutsi eta, karrika zabal nagusia jeutsi nuen elizako plazaraino. Jendeek ohidurazko jauntzi zituzten soinean, ardi larru beltzez jositako zaiak emazteentzat, gure joaldunen eiteko artile xuri edo beltzak gizonentzat. Etzituzten bestaren karietarat jauntsiak baizik eta eguneroko arropa bezala.

San Juan Chamulako plazan, asteart-ihautez (arg. F. Lastère)

Goizeko bederatziak ziren eta zernahi jende beha zagon eliz’aintzineko plaza nagusian. Bazterreko karrika batetik kurri abiatzen zen gizon talde bati juntatu nintzan. Gehienak artile xuria zuten soinean bainan zonbeit ihauterietako soineko berezi bat zeramaten, gorri, berde eta beltza, xapel xut luze batekin. Gero jakin nuen max (espainolez mono-ak, ximinoak) deitzen zituztela beztitu horiek. Taldea noizpait arribatu zen San Juan auzora. Delako auzoan bazen iturri edo ur begi ( (ojo de agua) bat ederki apailatua kapera miniatura baten ondoan, eta hiru kurutzekilako galbario bat. Zernahi jende alde guzietarik. Ahal bezain diskretuki plantatu nintzen galbarioaren gibeleko ezpondaren mazelan. Banakien chamulek nekez onartzen zituztela argazkiak beren besta eta erritualetan.

Delako San Juan auzoan beraz, han zauden erdian hiruzpalau aulkitan jarririk hunenbertze gizon, artile beltzarekin, bainan xapel xingoladun eta makila eskuan. Gero jakin nuen agintari tradizionalak zirela, eta makila beren karguaren seinale zaukatela. Hiru kurutzeen aintzinean jarriak ziren soinulariak. Hamar bat gizon, gitarra, akordeoia, arpa edo maniura jotzen, baita ere maracas gisako perkusio xehe batzu, hemen sot deitzen dituztenak. Musika bera xumea zen: bi akordio eta erritmo ber-bera, eten gabe: tan-tan, tan-tan, tan-tan, taan; tan-tan, tan-tan, tan-tan, taan. Trantze batean sartzeko balitz bezala. Burutik ezin kenduak diren kadentza obsesibo horietarik.

Soinulariak lanean ari ziren bitartean, gizonek urrats erritualak betetzen zituzten kurutzeen aintzinean, belarra errez, hautsa eta intsensua hedatuz, otoitzak marmarikatuz. Joan-jinka ari ziren soinulari eta plaza erdian zagotzin agintarien artean. Plaza ttipiaren bertze puntan jarririk zauden bi gizon, buztinezko untziz eginikako danbor bana jotzen zutena (tocadores de olla edo jbal binetik tzotzil-ez). Danborren inguruan itzulika ari ziren sei banderari, bakotxak kolore desberdinetako bandera haundi bat zeramala. Hiru itzuli egiten zituzten, ezkerretik eskuinerat. Noiztenka, plazatik gizon bat lasterka hasten zen, eskuan zerabilarik ocelote (hango leopardo mota bat) larru bat, larruzko uhal batekin eta izari desberdinetako xilintzez beztitua.

Plazan zagoen bertze gizon bat hautatzen zuen, eta delako ocelote larrua kopetan kokatzen zion, eta danbor joileari buruz eremaiten. Harata, hautatua izan zen gizonak sei banderetarik bat hartzen zuen, eta hiru itzuli egiten danborraren soinuz, bertze bortz banderariekin batera. Behin hiru itzuliak egin eta, bertze gizon azkar batek besotan hartzen zuen banderaria eta altxatzen, eta hunek, zangoak airean, hiru aldiz bandera ukurtzen zuen, plaza benedikatzen balu bezala. Gero berriz lurreratzen zuten gizona, hunek bandera gibelerat eman eta lehengo xerkari bera berriz lasterka hasten zen plazan barna delako ocelote larrua bertze norbeiti jaunsteko. Eta berriz haste. Zeremoniak oren pare bat iragan zuen.

Noizpait erdian jarririk zagotzin agintari makildunek erritual zerbeit bete zuten, belar, edari eta intsensuekin, otoitz zerbeit erranez. Ondotik, plazan ziren behazale guzier jatera eta edatera eskaini zuten agintariek. Iduriz pozole-aren egite zuen arto eltzekari gizen zerbeit eta pox aguardiente motako edaria. Porru landa gisako barazki erroak ere banatu zituzten. Argazkiak debekatuak izanki, behar izan nuen Violet Alford folklorista inglesak 1920 urteetan Pirineotan, artetik dute ttilika bat hartuz egiten zuen bezala ene orroitzapena ahal bezala marrazkitan ezarri.

2chamula
Chilon-aren erritoa San Juan auzoan asteart-ihautez, San Juan Chamula (marrazkia: X. Itzaina)

Alabainan, ikus eta sinets, ene begipean iragaiten zenari ez nuen tutik konprenitzen. Carnaval hitzaz aparte, hemen ikusten nuenak etzuen fitsik ikustekorik Europako ihauteriekin. Eta erran dena, plaza nagusian zernahi behazale izanik ere, goizeko kartierreko erritual hortan kanpotiar bakarra nintzen. Manexa beino manexago. Nitaz fite ohartu ziren gainerat. Artile beltzdun mutiko bat hurbildu zitzautan eta gomesa hasi. Nor eta nungoa nintzan eta ze debru ari nintzan hor? Behin ezagutzak egin eta, mutikoak gauza ainitz esplikatu zauzkitan. Bera Chiapas-ekoa zen, bainan ez herri hortakoa. Yonatan Emmanuel Reyes Urbino deitzen da eta erregularki izkiriatzen ditu Chiapas-eko toki eta usaieri buruzko kronika batzu, batez ere Mexico desconocido deitu webgunean. Bertzalde besta horri buruz lan baten prestatzen ari zen unibertsitateko. Elgarren kontaktuak hartu ginintuen, behin pixka bat baztertu eta. “Ez gaituzte sobera ikusi behar gure telefonak ateratzen” lagunak ahapetik erranik.

Yonatanek hunenbertze gauza argitu zauzkitan. Chamulako ihauteriaren arduradun nagusiak paxon-ek deitzen dituzte (Jesusen pasionetik, iduriz). Paxon izaitea ohore haundia da eta norberak behar du 30-50 urte beha egon kargu hori bete aintzin. Gazteek 17 urteetan emaiten dute izena igurikatze zerrendan eta dirua baztertzen dute ikusiz ikaragarriko gastuak pagatu beharko dituztela bestaren arduradun bihurtzearekin. Batzu Estadu Batuetarat joaiten dira laneko, bertzek etxea saltzen, bertze batzu zorretan sartzen, horiek oro ihauteriaren pagatzeko. Tzotzil hizkuntzan (tzeltzal-chol maya hizkuntzetarik bat), ihauteria K’in Tajimoltik deitzen dute: “jokoaren besta”. Hauste aintzineko bortz egunez ospatzen dute, eta diotenez maya egutegi zaharren konduen arabera (18 x 20 egun), urtearen bururatzeko eskas diren bortz “egun galduak” dituzte markatzen. Hiru kartierretarik (San Juan, San Sebastian, San Pedro) bakotxak baditu bere Paxon-ak. Orotarat hiru sartzen direnak eta hiru ateratzen. Asteart-ihautez, san Juan-en ikusi ginuen erritual bera bertze bi auzoetan markatzen dute. Max beztituen xapela untsalaz ximino larruz estalia da eta galtzak orein edo orkatz larruz eginak bainan orain bertze ekai eta oihalak erabiltzen dituzte, abere horiek mehatxatuak izanki. Bi max mota ba omen dira. Paxon-ek izendatuek behar dute zeremonietan parte hartu, hunenbertze betebeharrekin. Kolemal max-ak aldiz libro dira, ez dira nehoren agintearen pean eta lau egunez karriketan ibiltzen dira musikan, kantuz eta dantzan. Esplikatu zautan baita ere goizeko San Juan-eko erritoaren azken partean bazela joko bat, haurren artean, zointan berriz jokatzen zuten Chiapas-en berreskuratzeko Guatemala eta Mexikoren artean izan zen guduka. Haurrak zaldi kakak elgarri botaka ari dira eta banderek badute funtzio zerbeit ere. Ondikotz, etxekoak bildu behar izan nintuen gaineko plazan eta jokoa bera huts egin nuen. Ahatik haurreria zaldi kaka biltzen hauteman nuen!

Goizeko ocelote larru eta banderaren erritoaz ere behar nuen zerbaixka jakin. Ulertu nuen larru apaindu horri horri chilon zeritzotela, eta jaguar edo tigrearen sinbolotzat zaukatela. Erritoari “subirse a la olla” erraiten diote: danborrera igaitea. Ez dute nor nahiri jartzen chilon-a, izaitekotz paxon eta karguduner, eta banderen dantza ohore haunditzat daukate. Batzuentzat, dantza edo erritoaren erranahia da danborrarekin batera janaria eta jariotasunaren galdegitea. Jakinez banderek garrantzia haundia dutela chamulen kosmobisioan. Banderen ziria bekatorosek Kristoren hiltzeko erabili zuten lantzaren sinbolotzat daukate. Del Rosario eta Montoya (2019) urrunago doatzi. Haien arabera, chilon-aren dantzaren erroak Chamulen mitoetan aurkitzen dira. Ahozko tradizioaren arabera, lurrean bizi zelarik, Jainko-Iguzkia izpiritu gaixto batzuek lasterkatzen zuten – debruak, judioak (!), bertzeak bertze – eta jaguarak, bere “animale kide” izanki, gerizatu zuen Jainko-Iguzkia erahiltzekotan zirelarik. Horren ondorioz, chilon-aren dantzan norbeitek jaguar larrua jaunsten duten aldi bakotx Jainkoaren jaguar-ari lotzen dute, eta gizaki humano eta ez humanoen arteko junta indartzen. Tigre edo ocelote larrua snukulil bolom deitzen dute edo chilon. Chilon hitza bera chilchon-etik heldu da, cascabelear gazteleraz, xilintxa eta kuxkulek egiten duten arrabotsari erreferituz. Berantago plaza nagusian ikusiko ginintuen max taldeek ere bazuten batzutan chilon bat beren dantza zirkularrean.

Beti ere, eguerdi-oren bata irian, hiru kartierretako beztitu guziak bildu ziren plaza nagusirat. Han egon ginen frango luzaz beha, iguzki pean eta ikaragarriko jendetzearen artean. Baliatu ginen elizan sar-ateraren egiteko. Hor ere, argazkiak debekatuak ziren beraz behar da asmatu barne huts bat, kadera eta aulkirik gabe, dena xirio eta belar. Mistikoa. Eta zolan, Jesusen orde, Jondoni Batixta, herriaren zaindaria. “Guretzat Jesus baino inportantago da” erran zautan gibelerateko combi-an Chamulako neska batek. Funtsean, esplikatu zautaten hemen sainduek ez bazuten beren lana betetzen, Elizako paretari buruz itzultzen zituztela, gaztigu gisa. Hala gertatu omen zen duela zonbeit urte sua lotu zelarik elizari.

3chamula_r.jpg
San Juan Chamulako elizaren ingurinak, asteart-ihautez (arg. F. Lastère)

Plazan berean ez nintzan sobera fida. Antropologiaren klasikoak irakurririk, banakien testuinguru erritual batzutan hobe zela bazterrean ixilik egoitea. Jakinez bertzalde beztitu gehienek azken lau egunetan etzutela lorik egin eta etengabe pox edaten arizanak zirela. Ikerlari “extraktibista” bezala kausitua ez izaiteko nola egin? Nola sortu konfidantza harreman bat tokiko jendekin? Arte hortan, antropologoak irakurriak ez zituen Fabienne ene andreak espainol zerbeit mintzo zuten chamuler galdegin zieten hea argazki pare bat hartzen ahal ote zuen. Ni ahalgez itorik bainan hek, ustegabean, baietz. Salbu banderak, sakratuak zirelakotz. Galdegitea aski zen.

4chamula.jpg
Chamula talde bat, asteart-ihautez, San Juan Chamula (arg.: F. Lastère)

Nun nahi ageri ziren Max taldeak errondan kurri, ezkerretik eskuinerat, gitarra edo esku-soinuekin, beti erritmo berarekin. Arte hortan, kartier guzietako Paxon eta kargudunak bildu ziren eta banderekin plaza itzulika hasi. Artile xuriekilako gizonak ikusten ginintuen lasterka joan-jinka, intsensua eta sua arrapizteko. Zer nahi jende izanki, urrundik beizik ezin izan ginuen ikusi erritoaren une kritikoena. Plazaren erdian hedatuak zituzten lasto eta belardi zama batzuer sua ezarri zieten eta Paxon-banderariak suaren barna kurritu ziren. Esplikatu zaukuten El salto del fuego edo suaren jauzia purifikazio errito bat zela, besta hortan gertatu ziren guzien garbitzeko eta urte berria untsa hasteko.

5chamula.jpg
Max beztituak asteart-ihautez, San Juan Chamula (arg. F. Lastère)

Suaren erritotik landa zezenak laxatu zituzten plazan, Baztandarren soka muturraren prinzipio bertsiarekin. Salbu hemen zezenak zirela, eta segurtasun neurri izpirik gabe eginarazten zituztela hiru plaza itzuli azinda bakotxari. 25 bat orotarat. Eta gizonak arrailduak zezenaren gainerat igaiten. Ikaragarriko jauzi eta kaskak ikusi ginintuen, eta anbulantzia batek ahal bezala joan zuen kolpatu bat. Ondoko egunetan prentsa agertu zen hil bat izan zela bainan usos y costumbres-en arabera gobernatzen duten herriko agintariek etzutela ez ezeztatu ez baieztatu. Zezenak hiru orenez arizan ziren plaza itzulika giro elektriko eta, egia erran, ez hain fidagarri batean.

Noizpait senditu ginuen kanpotiarrak etxerat joaiteko tenorea zela. Colectivo bat harrapaturik berriz jeutsi ginen San Cristobal-erat. Chamulako neska bat hasi zitzautan solasean eta galdegin nola kausitu ginuen besta, eta herriari buruz ze entzuna ote ginuen? Chamula toki lanjerosaren fama omen zuela – gero ikasi nintuen ixtorio andana bat Chamula-ri buruz, konparazione, batzuk auzapeza hil artino zanpatu zutela orain duela sei-zazpi urte, konbertitu ebanjelikoak herritik haizatu zituztela 1974an, bazela halaber Chamula musulmano konbertitu komunitate bat San Cristobalen, eta bertze mila kontu. Chiapas-aren konplexutasuna. Eta eskertzen ginintuela jinik. Herri horrek bazuela ere bere aberastasun kulturala eta kontent zela kanpotiar zonbeit hurbiltzera menturaturik. Kondatu zautan baita ere Chamulak bazuela bere ohidurazko justizia sistema berezia. Kartier bakotxak bazuela auzoen arteko kalapiten trenkatzeko xixtema bat. Mail hortan ez baziren konpontzen, joaiten zirela cabecera-n dagoen ohidurazko epaitegira. Eta oraindik ez baziren akomodatzen, orduan zirela mexikar sistema judizialera pasatzen. Subsidiaritatea, eta sistema normatibo desberdinen arteko jokoa.

6hamula_r1.jpg
Plaza nagusian, asteart-ihautez, San Juan Chamula (arg.: F. Lastère)

Chiapas-eko hogoitalau ihauterien arteko konparaketaz Newell et al. (2022)-ek berriki argitaratu dute biziki lan zehatz bat, nun Chamulakoa arrakokatzen duten bere ingurumenean. Azpimarratzen dute baita ere historiaren garrantzia: errito horiek beti aldatuz joan dira eta garai bakotxak utzi du bere aztarna. Hasteko, guretzat bertze mundu bat hauteman ginuen, eta mila galdera airean gelditu ziren.

7chamula.jpg
Chamulako andereak ibilki, San Juan Chamula (arg.: F. Lastère)

Xabier Itzaina

Erreferentziak

Aguilar Penagos M. (1990), La celebración de nuestro juego. El carnaval chamula, un sincretismo religioso, DF, Gobierno del Estado.

Del Rosario Zermeño F., D. Montoya (2019), “El K’intajimoltik, el Mono y el Tigre. Una mirada a la complejidad relacional en Chamula, Chiapas”, Proa. revista de antropología y arte, 9(1), p. 157-170.

Montoya D. (2021), “Hostilidad perpetua, transformaciones transitorias: Persona, cuerpo y moralidad entre los tsotsiles de Chamula, Chiapas”, Trace, 78

Newell G. E., Jiménez Gordillo N. K., Pérez López E. (2022), “Historiar el carnaval en Chiapas: un reto de historiografía, análisis, síntesis y (re)construcción”, LiminaR, 20(1).

Reyes Urbina, Y. E. (sd) “Crónica del martes de Carnaval en San Juan Chamula”, Mexico desconocido,

https://www.mexicodesconocido.com.mx/cronica-martes-carnaval-san-juan-chamula.html

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina