Dokumentuaren akzioak
Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
Dantzan.eus-eko irakurleari agur beroenak Mexikotik! Urte bat pasatzen dutanez familia ttipiarekin herri-kontinente huntan, proposatzen dauzkitzuet noiz-behinka hemen gaindi ikusten ditugun besta eta dantzeri buruzko kronika labur batzu. Ez dira ikerketak baizik eta lekukotasun xoilak. Agian guk bezain gostukoak izan ditutzue. Milesker hasteko Dantzan.eus-eko arduraduner kronikatxo hauer beren xokoa eskaintzeagatik.
(Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
Ohidura dantzatuer interesatzen girenek ospakizun horiek frangotan lotzen ditugu mendi zokoetan dagotzin herrixker. Alta, hainbat hirietan ere zaintzen dituzte beren berezitasunak. Ciudad de México bezalako munstro urbano batean – 24 miliun biztanle, 1846 aldiz Xiberua -, auzo, colonia eta alcaldia bakotxak badu bere nortasuna. Hala da bereziki hiri nagusiari berant lotu izan diren periferientzat. México hegoaldean dagoen Coyoacán alcaldiaren auzo bakotxak badauzka, adibidez, bere ezaugarriak, sainduaren besta barne.
2022ko buruilaren 25an, igandearekin, San Mateo Churubusco Coyoacán-eko auzoak bere eliza-besta ospatu zuen, edo hobeki erran arrapesta. Buruilaren 21an markatua zuten sainduaren eguna, bainan ondoko igandean errepikatzen dute. Egun hartan, goizeko oren bata irian arribatzen gira San Mateo kaperarat, XVI. mendean eraikia, denbora batez Huitzilopochco deitzen zena. Ospakizunak goizean goizik hasiak ziren. Argi zirrintan, Mariachi taldeek Las mañanitas kantatuak zituzten karriketan. Elizako plazan sartzeko ataria loreztatua da. Bide nabar ikusten ditugu kartierreko jendeak prosesionearen xendraren apaintzen, delako tapete-ak prestatuz. Ikaragarriko lan xehea eta artexa. Kolorezko legarrez eskuz egindako irudi batzu prestatzen dituzte sainduak kurrituko dituen karrika nagusietan. Ederra bezain bizi-laburrekoa, prosesionea pasatu arau deseginen beitira tapizak.
Gero meza mezaren gainetik, oren bakotx. Gu oren batetako mezarako heldu gira, beranta eder batean. Fraile frantxixkano bat dute meza emaile – parropia haien esku da -, Mariachi-ek noiztenka kantuz laguntzen dutelarik. Meza betikoa, apaindua eta loreztatua den kaperan. Eliza bortako afitxa batek dio “Misión franciscana con los pueblos originarios”. Jakin behar da Ciudad de Méxicon berean auzo batzu pueblos originarios edo “oinarrizko herri” bezala ezagutuak direla ofizialki. San Mateo barne da, Coyoacán-eko bertze auzo batzu bezala (Mora Vazquez eta Quintal 1998). Ohargarri da bertzalde Coyoacán frantxixkanoek zutela konbertitu Konkista garaian, eta San Mateoren parropia oraindik haien esku dela. Oroimen luzea.
Meza denboran, kanpoan dantzan ari da Insignias Aztecas deitu talde bat. Lehen kolpean doi bat harritzen gaituzte. Konkista garaieko edo aintzineko indioak bezala bezti dira, luma luzeak kaskoan, zaiak soinean, zernahi apaindura. Gizon eta emazte, bakotxa bere jauntzi bereziekin, batzuk mandolina gisako soka tresnak eskuetan, eta atabal xut haundi baten erritmoan dantzan ari direnak. Gaude ez ote den revival edo neo-espiritualtasun indio zerbeiten emaitza. New age susmo hori azkartzen da ikusten dugularik landare batzu erretzen dituztela, indioen limpia purifikazio zeremonia prestatzen balute bezala. Eten gabe dantzan ari dira. Urrats xinpleak, aintzina, gibelka, sahetska.
Une batean, behazaleen artetik ateratzen da bikote bat, eta ñiñi bat ekartzen dute dantzarier. Dantzarien buru den chaman edo sasi apez batek benedikatzen du haurra eta erritual luze eta konplexu bat hasten du, bataio mota bat, dena limpia, dena Papa Dios y Mama Dios, dena Tierra Madre. Sinkretismoa hautemaiten da, ikusiz gainera dantzariek deramaten estandartean agertzen direla delako frantxixkanoak Indioen konbertitzen ari. Azalpenak behar gintuzke, dudarik gabe... Artean meza bururatu da, jendea eliz-atarian dago, eta nehorek ez du harritua iduri delako sasi bataioa plazan ikustearekin. Baliatzen gira kaperan berriz sartzeko. Pollita bezain xumea da. Sainduaren irudia untsa apailatua da. Inguruan dauzka bertze itxura batzu, Ama Birjina, Jesus odoletan, hunenbertze saindu, ikaragarri barokoak eta espresiboak. Artean bataioa bururatu da. Bestetako afitxan ikusten dugu sainduaren egunean berean, bertze dantzari mota batzu zituztela jinaraziak, chinelos deituak. Bazterreko oholtzan kokatu da musika kobre banda bat, eta hasten dute beren emanaldia, besta giroko martxa eta doinuak goxoki emanez. Baliatzen gira bizpahiru tacos-en iresteko ondoko ferian.
Arratsaldeko lauetan ttanko prosesioa ateratzen da kaperako plazatik, kartierreko itzuli luze baten menturan. Goizeko meza emaile frantxixkanoa hor da, bainan ordenuaren arropa gaztainarekin, xume-xume. Jendeen erdian da, batere kurutze edo seinale berezirik gabe. Prosesionea noizbehinka gelditzen da kartierreko familia batek jarri aldareen parean. Fraileak litania zonbeit erraiten ditu, Agur Maria edo Gure Aita kantarazten, eta jo aintzina. Prosesioaren alderdi interesgarriena da saindu desberdinen presentzia. San Mateo bera, loreztatua den ohantze batean baderamate bizkarrez hogoi bat gizonek. Hartarik landa Ama birjina bat, neska gazteek karreatua, “Viva la Reina de México” diona, hain segur Guadalupekoa. Ondotik bertze Ama birjina bat, hau xuri ta urdina, Lurdekoaren eitekoa, gizonek altxatua. Nago ez ote diren San Diego edo San Lucas-ko kartierrekoak. Gero Jesus kurutzifikatua. Gero bertze saindu bat, arropa gorri luze batekin, neskek eremaiten dutena. Ondotik bertze saindu baten itxura ttipia, lore tapiza baten gainean, hura ere neskek joaiten dutena. Prosesionearen aintzinean, delako Aztecak dantzan. Ondotik, musika banda eta sainduak.
Kartierraren itzulia giro lasai batean iragaiten da. Jendea ez da lerrokatua, izaitekotz nola nahika metatua sainduen inguruan. Noizpait, karrika izkina batean, junta egiten da han beha zagon bertze Kristo batekin, zurezko muntadura gorri, hori, urdin eta xuri baten aintzinean paratua. Otoitz labur batetarik landa, Kristo prosesioneari juntatzen da. Noizpait sartzen gira tapete-z estaliak diren karrika berdin zabal edo hertsietan.
Coyoacán auzo chic bat bezala ikusia da Méxicon, bainan kurritzen ditugun karrikak ez dira batere hala, izaitekotz alderantziz. Argi indarraren hariak dilindan alde guzietarik, zikinak herrestan, etxeak erdi-eraikiak. Prosesionea joan arau, giroa berotzen da, jendea metatzen, kohete edo petardoak alde guzietarik zartaka. Noizpait abiapundu zen kaperarat berriz heltzen girelarik, arrabotsa kasik ezin jasana da, tiroak alde guzietarik. Gure alaba beldurtzen da, eta bagaza kaperatik hurbil bizi diren adixkide batzuen ganat. Ikusten ditugu ere arratseko su artifizialentzat prestatu dituzten ikaragarriko muntadurak, “castillo” deituak, kapera sahetsean.
Alabainan, erantzun beino galdera gehiago sortzen ditu holako gertakizun batean parte hartzeak. Zer dira xuxen Azteca dantza horiek? Gaia ezagutzen duen lagun batek erraiten daut danza conchera ere deitzen dituztela, edo hobeki erran conchera hortarik ateratzen dela dantza azteca delakoa, berek asmatu zerbeit dela, indiotasunaren irudimen zerbeitekin, bainan arras serioski ari direla, eta biziki gaizki har lezaketela revival mota bat dela erraiten baginiote. Izigarri untsa antolatuak direla, sozietate edo elkarte batzu osatzen dituztela, bizi araudi berme batzuekin. Barnatzeko beraz bertzalde Mexikon eta Andes-etan frango landua izan den gai hori (De la Torre 2008; Molinié et Galinier 2013).
Bertzalde, nago saindu desberdinen arteko harremana ez ote den Coyoacán-eko auzo historiko desberdinen arteko loturen sinbolo. Bestaren afitxak dio prozesioan San Mateorekin batera ateratzen diren irudiak santos invitados zirela, gomitak. Alabainan behar laike behatu zehazkiago San Lucas Churubusco, San Diego Churubusco eta bertze auzoetan ze pasatzen den, eta gomitaren ordaina gertatzen ote den auzo bakotxaren besten karietarat. San Mateoren prozesioan atera zen adibidez Sr de la Columna-ko Kristoa. Kristo hori Coyacán-eko Los Reyes auzotik heldu da, han badu bere kapera, Bravo familiak zaintzen duena. Kasu hortan, herri erlijioa auzoen arteko erreziprozitate xixtema zabalago baten parte bat litaike. Alde hortara doatzi ikerketa zonbeit, Coyoacán-eko La Candelaria auzoari doakionaren gisakoak (Mora Vazquez y Quintal 1998).
Bestaren antolaketa ere behar laike barnatu. Nunbeit irakurri dut San Mateo zela Ciudad de México-ko auzo bakarrenetarik bat nun mayordomiaren sisteman oraindik xutik den. Jakina den bezala, mayordomia da besten antolaketaz ardura duen pertsona edo taldearen izena. Konkista denboran inportatu izendegi bat dudarik gabe – beha Baztanen berean maiordomoen betebeharra besta eta dantzen buru -, bainan tokiko indigenoek beren karguen sistemari egokitu dutena. Hori ere barnatzekoa litaike. Iduriz, Coyoacán-eko San Diego auzoan ere zaindu dute mayordomiaren sistema (San Mateo, San Lucas eta San Diego osatzen dute Carmen deitu auzoa). San Mateoren mayordomiaren sistema zaharkitua omen da, eta auzoak ezagutzen dituen aldaketer behar dute egokitu, gentrifikazioa alde batetik, inseguritatea bertzalde (Cardenas 2021). Los Reyes auzoan aldiz, mayordomia arrunt azkar da, iduriz elkartean sartu nahi dutenek behar dute batzutan 15 urte beha egon ohore – eta kargu – horren ardiesteko. Hala dio bederen auzo hartan bizi den ene bilo mozleak! Ondoko aldietan barnatzeko hainbat galdera...
Erreferentziak
Cardenas B. (2021), “Coyoacán, un barrio multicultural. Entrevista de Karina Corona”, Reporte índigo. https://www.reporteindigo.com/piensa/coyoacan-un-barrio-pluricultural-en-riesgo-constante/
De la Torre, R. (2008),“La estetización y los usos culturales de la danza cochera-azteca”, in K. Argyriadis, R. de la Torre, C. Gutiérrez Zuñiga, A. Aguilar Ros (coord.), Raíces en movimiento. Prácticas religiosas tradicionales en contextos translocales, México, Colegio de Jalisco, IRD, CEMCA, CIESA, ITESO, p. 73-110.
Molinié A., J. Galinier (2013), Los neo-indios. Una religión del tercer milenio, Quito, Abya Yala.
Mora Vazquez T., Quintal E. F. (1998), Fiestas tradicionales del pueblo de La Candelaria, Coyoacán. La defensa del patrimonio cultural de un pueblo originario de la Ciudad de México, Secretaria de Cultura, INAH.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Itzaina
➤ Beñat Irigoyen Galtxetaburu 2023/03/17
➤ Euskal Herriko dantzarako soinuaren historia soziala 2021/11/26
➤ Tanburinaren gizarteaz 2019/12/05
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Enquêter sur la danse : conversations avec J-M Guilcher 2015/01/14
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Kapeluak dantzan Bagolinoko ihauterietan 2013/02/24
➤ Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit 2010/04/12
➤ Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas 2008/01/08
Kronikak Mexicotik (2022-2023)
1 (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon 2022/11/17
2 San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak 2022/12/13
3 Otomi panpinen dantza politikoa 2023/01/11
4 Arimak dantzan Michoacán-en 2023/01/31
5 Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate 2023/02/22
6 Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera 2023/03/07
7 Erregeetatik Ganderailurat: urte hastapeneko urratsak 2023/03/28
8 Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa 2023/04/18
9 Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta 2023/05/04
10 Ihauteriak (3): zezena eta banderak lasterka Tenejapan 2023/05/23
11 Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak 2023/06/13
12 Barkamenaren soinua. Korpus dantza erritualak Papantlan 2023/06/26
13 Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n 2023/07/26
14 Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak 2023/08/28
15 Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak 2023/09/25
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua
- Oier Araolaza on Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en
- Oier Araolaza on Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n
- Oier Araolaza on Barkamenaren soinua. Korpus-eko dantza erritualak Papantlan
- Oier Araolaza on Arimak dantzan Michoacán-en
- Oier Araolaza on San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak
- Xabier Etxabe on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Oier Araolaza on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Ekaitz Santazilia on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
- Oier Araolaza on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
Revival airearen aipamenak etxera itzuli dit beha, amets mitikoz jantzitako asmazioak ez ote ditugun haiek beste sinesten. Hor dira Aker eta sorginen fartsak, akelarre amestu eta asmatuen iruditeriak dantzan jarriak.
Atzerritar begietatik nola ikusiko gaituzten ohartzeko ariketa polita San Mateoko neo-azteken antzezpena. Baina hara, bihotza xamurrago sentitzen dut Coyoacaneko indiar berrasmatuekiko. Ezin gaitzetsi mundu gotor eta berdinduan urtu aitzin gorputz eta bizitza asmatuak antzezteko nahirik.
Hurrengo kroniken zain irrikitan gaituzu.
Bejondeizula, hurrengo kronikaren zain nauzu ni ere.
Izan ondo,
Xabier.