Dokumentuaren akzioak
Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n
Teotitlán del Valle Oaxaca-ko Erdialdeko haranetako herri gotor eta eder bat da. Sei mila biztanlez goiti dituen zapoteco herri horrek zelai joriak dauzka parean eta mendi xutak bizkarrean. Bere tapiza-egile eta jostunentzat famatua da mundu osoan bainan badu bertze aberastasunik ere. Urte osoko erritual eta zeremonia ziklo konplexu bat beiratu dute gaur artino Teotitlánen (Gagnier de Mendoza 2007). Eta dantzak badu bere garrantzia ziklo horretan.
Uztaila hastapenean Kristoren odol baliosa dute haundizki ospatzen (Fiesta de la Preciosa Sangre de Cristo). Besta berez astelehenean hasten da eta hiru egun irauten du, astezkena egun haundia izanki. Ondoko ortziraletik igandera egitarau osoa errepikatzen dute, bestaren octava dela eta. Gu ortziralez eta igandez ginen hurbildu. Suertez izan nuen Teotitláneko herritar batetik aintzinetik luzaz hitzegiteko aukera, eta igandean elgar atxeman ginuen. Francisco Garcia dantzaria izana zen 1993etik 1995era eta dantzari eta herriari buruzko zernahi xehetasun eskaini zauzkigun.
Ortziralez arratsaldeko bortzetako han ginen. Aro euritsua, sasoinekoa. Elizako plaza zabalean hamarnaka neska gazte – ez ezkonduak - prestatzen ari ziren, tokiko bestetako jauntzitan. Arratsaldeko convite (“gomita”) deitu karrika itzulia apailatzen ari ziren. Bortzetan ttanko bi lerrotan jarri ziren eta buru gainean ezarri zare batzu, gainean zauzkatela irudi erlijioso haundi batzu. Kobre banda baten soinuz abiatu ziren karriketan. Ez ditut kondatu, bainan ehunetik goiti baziren naski.
Gibeletik heldu ziren Oaxaca-ko calenda desfileetan komuzki erabiltzen duten globo haundi horietarik bat, ziri baten puntan eta Kristoren irudiarekin. Ondotik bigarren kobre talde bat eta Danza de la Pluma bera, bere hamazazpi dantzariekin. Bandaren sahetsean baziren txanbela gisako tresna joile bat eta atabalari bat. Gero jakin nuen txanbela horri chirimia zeritzotela. Larruzko atabala aldiz teponaxtle deitzen dute, nahiz eta Mexikoko bertze hainbat eskualdetan hitz hori (edo teponaztle) egurrezko danbor etzan aurrehispanikoarentzat erabiltzen den. Teotitlán-eko teponaxtle-ak orroitarazten zautan Chiapas-eko Chilónen ortzirale sainduz ikusi nuen tzeltal danborra. Chirimiak etzituen dantza doinuak jotzen bainan izaitekotz basa-ahaide mota batzu.
Dantzariak bandaren martxaren arabera ari ziren, erne eta zainart. Noiz-behinka, bertze urrats konbinazio batzu eta figurak egiten zituzten, beti aintzinatuz. Euri uharrak zirela eta, dantzariek beren penacho edo buru gaineko apaindura harrigarriak plastiko argalez estaliak zituzten. Dantzarien sahetsetik bazabiltzan bi beztitu, kolorezko jauntzietan eta zurezko maska beltzekin, bakotxaren sudur petik bi adar bazoatzila, basurdearen gisarat.
Bideoa: Lumaren dantza ortzirale arratsaldeko convite-an, Fiesta de la Preciosa Sangre, Teotitlán del Valle, 2023ko uztailaren 7a (bideoa: F. Lastère)
Dantzarien gibeletik heldu zen adineko gizon talde bat, eskuan zaukatela poleo deitu ahamenta belar zama bedera. Uste dut elizaz arduratzen den batasunaren kideak zirela. Convite-ak herriko hainbat auzo kurritu zituen, bakotxak beren aldia izan zezan. Itzuli osoa eginik berriz sartu ziren elizako plazan. Lehenik sartu ziren haurrak, edo ziri batzuen puntan alegiazko animale batzu edo arto landak zeramaztela. Zigante zonbeit ere bazituzten, Oaxacan maiz ikusten diren horietarik. Neska talde bat sartu zen elizan, bertzeak kanpoan gelditu ziren behin beren irudiak pausatu eta. Dantzariek dantza bakar bat eman zuten eta berriz atera ziren plazatik, beti dantzan. Jendea elizatik sar-ateraka, lorez beztitua zuten Kristoren margo haundi baten aintzinean debozioak eginik. Hortan bururatu zen guretzat ortziralekoa.
Larunbat arratsaldean berriz atera ziren dantzariak, bainan gu igandean ginen berriz hurbildu. Baginakien egun hartan dantzariak arizanen zirela lanean arratsaldeko oren batetarik arratseko bederatzietaraino. Arteka labur bat hartuz bazkaiteko. “Gu ez ginen gelditzen” ohartarazi zautan Franciscok. Xiberun entzunak nintuen denboran dantzarien iraupen fisikoaz gisa bereko ixtorioak. Gero ulertuko nuen Teotitlán-en indar hori sakrifiziotzat zaukatela. Hasteko igandean hor ginen oren batetako ttanko. Plaza huts aire bainan bi kadira lerro bazituzten jarriak lauki zabal batean. Oren batean, behazalegoa eskasa izanik ere, dantzariak hasi ziren kartsuki lanean.
Lumaren Dantza Mexikoko xoko ainitzetan ezaguna den Danzas de conquista zikloaren parte da. Konkista garaiean Oaxaca-ko Erdiko balleetarat etorri ziren fraile dominikanoek dantza eta teatroa erabili zituzten tokiko indigenoen ebanjelizazio tresna bezala. Ezpata eta kurutzea bai, bainan dantza ere. Itxura guzien arabera, Espainiatik ekarri zituzten Moro eta Kristauen dantza antzeztuak, eta hemen egokitu nahuatl, zapoteco eta bertze leinuen politeismoaren suntsitzeko xedearekin. Tokika, eta gaur arte – guk Papantlan eta Mexikon hauteman ginintuen – Moro eta Kristauen dantza eta izena atxiki zuten, Santiago ere sartu. Tokika, Moro eta Kristauen arteko lehia Mexika eta conquistador-en artekoa bihurtu zen. Diotenez, Danza de la Pluma-ren lehen emanaldia handik hurbil dagoen Cuilápam de Guerrero-en eman zuten, XVI. mendean. Martin Cortés, Hernán Cortés-ek La Malinche deitu bere itzultzaile indioarekin ukan zuen semeak apailatu omen zuen dantza hori lehen aldikotz, bere aitaz trufatzeko xedearekin. Dantzariak bi parte egiten ziren: Moctezuma azteca inperadorea alde batetik, Hernán Cortés bertzetik, bakotxa bere aliatu eta soldadoekin. Hots, pastorala. Franciscok erran zautan Teotitlán-era frango berant arribatu zela dantza, 1910 inguruan, erran nahi baita Mexikar iraultza betean. Cuilápam-etik ikasi omen zuten. Dantza azkarki errotu zen Teotitlán-en eta geroztik urtetik urtera eman izan dute. Gaur egun ahatik, gehienetan Moctezuma-ren taldea da bakarrik ateratzen. Francisco-k esplikatu zautan Cortés-en bandoa berriz ateratzen ahal zela beharrez behin Moctezumarena betetzen zuen dantzarien buruzagiak hala deliberatu eta.
Bideoa: Lumaren dantza otaba igandez, Teotitlán del Valle, 2023ko uztailaren 9a (bideoa: F. Lastère)
Guk ikusi ginuen dantzari taldea 17 lagunek osatzen zuten, hierarkia argi batekin. Ororen aintzindari, Moctezuma. Ondotik, Moctezumaren bi mezulariak: lehen Teotila eta bigarren Teotila. Gero, Moctezumaren bi gerlako kapitainak. Ondotik, lau errege aliatuak: Tlatelolco, Texcoco, Xochimilco eta Tlaxcala-koak, untsa ulertu badut. Ondotik lau basailu (vassalos). Denak mutikoak. Moctezumaren sahetsean baziren ahatik bi neskatxa dantzari: La Malinche, indioz bezti, eta doña Marina, espainol jauntzietan. Azkenik delako bi subalterno-ak, zapotecos campos deitzen dituztenak naski. Bi beztitu horiek bi betebehar dauzkate. Alde batetik, dantzarien mutil dira. Dantzariek zerbeit galtzen badute biltzen dute, eta edaterat emaiten egarri direlarik. Eta ber-denboran behazaleak irrieginarazten dituzte, jokutria eta eskarnia zonbeit eginez. Europako hainbat dantza zikoletako “ero”-a orroitarazten duen figura bikoitza. Lapurdin berean, bazen gisa hartako beztitu bat gerla aintzineko Kanboko kaxkarotekin ateratzen zena, bi koloretako jauntzietan. Tobera mustretako huxerra ere gisa bereko pertsonai bat da: arlequin modukoa, ber-denboran plazan emaiten ari den dramaren haria segurtatzen duena eta jendea bere sinoekin libertitzen duena. Eta bixtan da Otsagiko bobo-a, bere maska bikoitzarekin, jin zitzautala gogorat subalterno-ak ikustearekin.
Lumaren dantzak ziklo luze bat osatzen dute. Dantzen artetik pertsonaiek testu errimatu bat deklamatzen dute, espainolez. Delako Konkista gerla dute kondatzen, artetik dantza Jesuseri eta komunitateari eskainiz. Salbu, untsa ulertu badut, Teotitlán-eko bariantean, azkenean indioek dutela irabazten. Antzerkiaren testua dantza maisuen familietan zaindua izan diren eskuizkribuen kopien kopietarik ateraia da. Daukate testua Oaxacako komentu batean zagoen Códice Gracida-Dominicano deitu eskuizkributik dariola (historialaren arteko eztabaidaz ikus Hernández-Díaz 2012).
Ezin izan dugu ziklo oso-osoa ikusi, bainan larriena bai. Dantza urratsak eta figurak izigarri aberatsak eta koropilatsuak dira. Batzutan denak ari dira dantzan, bertzetan Moctezuma bera, bertzetan Teotil-ak, bertzetan lau errege aliatuak. Une batean Moctezumaren palazioa irudikatzen duten hiru kadira ezartzen dituzte plaza erdian eta han jartzen dire inperadorea, La Malinche eta Doña Marina. Luma dantzariek badituzte 35 dantza beren errepertorioan. Doña Marina eta Malinchek bizpahiru. Bi neskatxek jota doinu elegante batean eman dantza ederra ikus ginuen. San Ferminetako garai bete-betean hain xuxen! Bi subalternoek badute ere beren irri dantza, ondikotz ikusi izan ez ginuena.
Bideoa: Malinche eta Doña Marinaren jota, Danza de la Pluma, Teotitlán del Valle, otaba igandez (bideoa: X. Itzaina)
Soinua herriko kobre bandaren esku da, iduriz denbora batez soka tresnak izan eta. XX. mende hastapeneko errepertoriotik ari dira : martxak, baltsak, polkak, scottish (hemen “chotis” erraiten diotena, Naparrek bezala naski), jota. Urratsetan nabari da espainol eta aurrehispanikoen arteko nahasketa. Noiz nahi bi aldiz segidan belaunikatzen, Oñatiko Gorputztietan bezala. Bertze urrats batek Lesakako zeiharkakoa iduri du. Eta beti airean. Hori Teotitlán-eko berezitasuna omen, Franciscoren arabera. “Hemen karrika itzulietan ere beti dantzan behar dute arizan, ez dute kurritu behar. Beti airean”. Ohargarri da dantza bakotxa bururatzen dutela zango bat dilindan. Dantzaren ikasten pasatzen dituzte hilabeteak, herriko dantza maisuekin. Lehenik ikasten dituzte urratsak, bakotxa bere izenarekin (hincado, picado, sobrepasa - Baztango aintzinepasa? -, paso tres), eta abar luze bat. Gero figurak eta dantza desberdinak. Batzuk diote figurak zapotekoen kosmobisioari lotuak direla, izadia irudikatzen dutela, ximixta, karakola eta bertze.
Agintza
Dantza ziklo hunek, bere dimentsio estetiko eta historikoaz gain, badu bera erranahi soziala. Franciscok esplikatu zautan dantzarientzat, dantzaren oinarri historikoak etzuela baitezpada garrantzia haundirik. Berez, fedez zirela dantzari bihurtu. Dantzari bakotxak, eta Moctezumak lehenik, agintza bat egiten du (la promesa) eta hitzemaiten du hiru urtez danzan arizanen dela herriko zeremonia nagusietan. Kargudun zibiko eta erlijiosoen aurrean zin egiten dute lau besta nagusietan aterako direla urtero : uztailean Kristoren odolaren bestan, buruilaren 8an Ama birjinarentzat, urrian Errosarioko Ama birjinarentzat eta Abendoan Guadalupeko Amarentzat. Ez da alegiazko agintza. Dantzen ikastea luzea eta nekea da. Uztaileko bestan sei egunez ari dira dantzan, eta horietan bi aldiz zortzi orenez segidan. Eta badu bere gastu ekonomikoa. Dantzari bakotxak bere jauntziak egiten edo eginarazten ditu, lumazko gaina barne, eta izigarri kario dira. Lumaren dantza ateratzen den aldi bakotx, dantzari batek ditu bere etxean taldearen goizeko askaria eta arratseko afaria bere kondu hartzen. Bakotxak badu bere aldia: Moctezumak lehen egunean, Lehen Teotilak biharamunean eta abar. Aldizka egun eta besta bakotx. Dantzariek dituzte baita ere soinulariak pagatzen. Horrez gain eta gero aipatuko dugun bezala, dantzarien askaziek ainitz ofrenda eskaintzen dituzte bertze herritarrer.
Dantzaren inguruan pasatzen dena dantza bezain garrantzitsua zela ohartu ginen igandean. Dantzariak oren batetik geroz beren lanean ari zirelarik, arratsaldeko hiruetarik aintzina polliki-polliki agertu ziren plazara gizon eta emazte talde desberdin batzu. Batzuk fruitu zaretra haundiak bazeramazten, bertzek edariak.
Franciscok esplikatu zautan zertan ari ziren. Fruituak ekartzen zituztenak dantzarien aita, osaba eta etxekoek osatu dantzaren mesa directiva edo zuzendaritza komisioa da. Hek dituzte gomitatzen elizaren arduradunek osatu bigarren taldea (comité del templo catolico). Azken hauek edariak bazeramazten. Denak gizonak ziren. Dantzaren batzordea plaza eskuinean kokatu zen, Elizaren batzordea aldiz ezkerretarik. Dantzaren arduradunek halaber gomitatzen dute hirugarren talde bat, herriko cabildo edo gobierno komunitarioa. Oaxaca-ko hainbat komunitate bezala, Teotitlán del Valle araubide indigenoen arabera gobernatua da. Ez da hemen hauteskunde munizipal klasikorik ezta alderdi politikorik. Komunitatearen biltzarrak ditu izendatzen bere agintariak, hiru urterentzat (xixtema konplexu horren balentrietaz, ikus Recondo 2009). Aintzindari horiek behar dituzte lehenik bete hunenbertze kargu zibiko-erlijioso. Bada karguen ordenu edo “eskalera” bat (escalafón de cargos), ofizio xumeetik aintzindari karguraino. Berriki arte emazteak ez ziren sartzen xixtema hortan, bainan orain legez gobernu komunitarioaren erdia emaztez osatua da. Ulertu dutanez, ez da erretxa izan emazteentzat, ikusiz zonbeiten arabera karguen xixtematik ez pasatzeak etziotela behar zen ezagutza eta esperientzia emaiten. Gai minberatsua. Hasteko, herriak kontsideratzen du dantzarien promesa kargu baten ekibalentea dela, eta hiru urtez ez dute bertze kargurik betetzerik. Azken gomitatu talde bat agertu zen plazarat, museo komunitarioko arduradunena, hau aldiz osoko andereek osatua.
Dantzaren Mesa directiva-ko gizonek poleo belar zamak banatu zituzten plaza inguruan jarriak ziren jende guzier, bakotxa agurtuz esku sino batez edo, adinekoen kasuan, burua ukurtuz. Belar zamaren eskaintzeak zeremoniara gomitarako seinalea zen. Noizpait atera zen gizon xahar bat, eta poleo-arekin benedikatu zituen lehenik elizako karguduner eta gero plaza itzulia egin zuen jende guziak benedikatuz. Franciscok esplikatu zautan gizon hori huehuete-a zela: komunitatearen erritualitate eta zeremonien arduraduna, izigarri errespetatua. Teotitlán-en ez da apezik, kanpotik jinarazten dute beharra badelarik. Bainan badute beren erritual xixtema proprioa, huehuete-ak kudeatua. Eskaintzia guziak benedikatu zituen, fruitu eta edari, kurutzearen seinale eta bertze sinbolika berezi batzuekin.
Horiek oro iragaiten ziren plaza erdian Lumaren dantza etengabe ari zen bitartean. Arratsaldeko seietan behar izan ginuen herritik joan, garraio solas – bertze ipuin bat... –, bainan banakien geroxago dantzaren batzordeak delako fruitu eta edariak banatuko zituztela gomitatuak zituzten behazaleer. Banakien ere noizpait bi subalternoek beren irri dantza eginen zutela. Eta azkenean, dantza noizpait bururatu eta, dantzariek elgar besarkatuko zutela, aurtengo agintza beterik.
Bi egun berantako, berriz sar-atera bat egin nuen Teotitlán-erat, herriak daukan Museo comunitario-aren bisitatzeko. Han eskuratu nuen dantzari buruzko filma dokumental sakon bat, nun dantzariak untsa esplikatzen duten ze fede eta ardurarekin bizi duten beren agintza. Museoan aurkitzen dira ere Cortés-en taldearen argazki eta jauntziak. Ageri dira 1969eko argazkiak, nun bi taldeak atera ziren. Cortés eta bere soldadoak XIX. mendeko jauntzi militarretan ziren, Cortés bera bikornio batekin. Irungo Alardea edo gure Besta Berrikoen idurikoa.
Bazen halaber museoan lehengo eztei-erritoeri buruzko barne bat nun, bertzeak bertze, kondatzen zuten denbora batez huehuete-ak zuela familiekin deliberatzen nor norekin ezkonduko zen. Hori aldatu zela azpimarratzen zuten, bainan kargudun horrek denbora batez ze garrantzia zukeen adierazten zuen.
Iztuetaz geroztik baginakien dantzaren funtsa politika zela. Politika diotalarik, greziarren sentsuan da. Polis-ari, hiritartasunari eta gorpu sozialari lotua. XIX. mende hastapeneko Goierri gipuzkoarrean bezalaxe, Teotitlán-en Lumaren dantzaren funtzio soziala ezin da ulertu ez bada herriaren antolaketa komunitarioaren baitan arrakokatzen. Dantza ez da hemen identidade ikur xoil bat, baizik eta herriaren gobernuaren muinean dagoen erakunde bat, sentsu soziologikoan. Dantzak beti guk uste beino urrunago garamatza. Hasteko milesker Teotitlán-eko herritarrer eta bereziki Franciscori gu hola errezebiturik, barneko ikuspegiaren izaiteak dena aldatzen beitu.
Xabier Itzaina
Erreferentziak
Gagnier de Mendoza M. J. (2007), Rituales de armonía. Fiestas de Teotitlán del Valle, México, Artes de México.
Hernández-Díaz J. (2012), La Danza de la Pluma en Teotitlán del Valle. Expresión de identidad de una comunidad zapoteca, Oaxaca, Colección Diálogos Pueblos Originarios de Oaxaca.
La Danza de la Pluma. Fe, sacrificio y tradición. Teotitlán del Valle, DVD, Metamorfosis Documentation Project, 2008.
Recondo D. (2009), La démocratie mexicaine en terres indiennes, Paris, Karthala.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Itzaina
➤ Beñat Irigoyen Galtxetaburu 2023/03/17
➤ Euskal Herriko dantzarako soinuaren historia soziala 2021/11/26
➤ Tanburinaren gizarteaz 2019/12/05
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Enquêter sur la danse : conversations avec J-M Guilcher 2015/01/14
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Kapeluak dantzan Bagolinoko ihauterietan 2013/02/24
➤ Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit 2010/04/12
➤ Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas 2008/01/08
Kronikak Mexicotik (2022-2023)
1 (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon 2022/11/17
2 San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak 2022/12/13
3 Otomi panpinen dantza politikoa 2023/01/11
4 Arimak dantzan Michoacán-en 2023/01/31
5 Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate 2023/02/22
6 Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera 2023/03/07
7 Erregeetatik Ganderailurat: urte hastapeneko urratsak 2023/03/28
8 Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa 2023/04/18
9 Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta 2023/05/04
10 Ihauteriak (3): zezena eta banderak lasterka Tenejapan 2023/05/23
11 Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak 2023/06/13
12 Barkamenaren soinua. Korpus dantza erritualak Papantlan 2023/06/26
13 Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n 2023/07/26
14 Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak 2023/08/28
15 Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak 2023/09/25
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua
- Oier Araolaza on Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en
- Oier Araolaza on Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n
- Oier Araolaza on Barkamenaren soinua. Korpus-eko dantza erritualak Papantlan
- Oier Araolaza on Arimak dantzan Michoacán-en
- Oier Araolaza on San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak
- Xabier Etxabe on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Oier Araolaza on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Ekaitz Santazilia on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
- Oier Araolaza on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
Zortzi orduz dantzan aritzen direla irakurrita gogoratu ditu Oñatiko Korpus dantzariak hiru egunez nola aritzen diren behin eta berriz dantzan, 70-80 aldiz errepikatuz dantza nagusietako batzuk. Mendian hamaika orduz korrika ibiltzeko egungo modak badituela dantza maratoietan bere aurrekariak?
Jesuitek beraien eskolen bidez dantza munduan zabaldu zutela ezaguna bada ere, agian ez diegu horrenbeste begiratu fraide dominikoek ebanjelizazio tresna modura erabilitakoari. Orain, tokikoen erlijioak desagerrarazteko erabilitako mairu eta kristauen pastoralak ez ote dira bihurtu sinesmen horiek eusteko tresna?
Ze harrigarria den Moctezuma dantzan jartzea hainbeste mende berantago. Europara ere ekarri zituzten XVII. mendean haren irudira egindako dantzak. 1693an Juan Antonio de Castro dantzari beltzak arrakasta handia eskuratu zuen Sevillan Moctezuma izeneko dantza eskainiz. 330 urte berantago bizirik dirau Moctezumak dantzarien oinetan.
Otsagiko bobo edo Guardiako katximorroen lehengusuak, Nafar erriberako paloteadoen testu errimatuen parekoak, eta zein eder eta bizi Doña Marina eta Malinchen jota dantza! Lesakako ziharkoakoa ikusteko etorri beharko gara hurrengoan Teotitlanera eta dantzaren irakaskuntza zorrotz hori ere behatu hincado, picado eta sobrepasaren ikasteko.
Mila esker Xabier!