Dokumentuaren akzioak
Barkamenaren soinua. Korpus-eko dantza erritualak Papantlan
Besta berri edo Korpuzti egunaz liturgia katolikoak libertate haundi bat uzten die tokiko kulturer. Behin Sakramendu saindua karriketan atera behar dela erran eta, ez du baitezpada gomendio berezirik eta mundu zabalean askatasun erlatibo hortaz baliatu dira Kristoren gorputzaren ospatzeko tokiko soinu, kantu eta dantzekin. Mexikon, Veracruz-eko estadoan dagoen Papantla de Olarteko Korpuztiek badute beren fama. Mexikoko Oñati. Papantla Totonaca – edo Tutunaku beren hizkuntzan – indioen aspaldiko lurra da, hiritik hurbil dagotzin El Tajin-eko piramidak lekuko. Papantla famatua da banillarentzat eta voladores edo dantzari hegalarientzat. Denak utzirik harat hurbildu ginen.
Korpus ortzegunez
Besta Berri hemen ortzegunez markatzen dute, Europan denbora batez egiten zen bezala. Astezken astirian ari ziren eliza ingurinako lau aldareen apailatzen. Aldaretarik dilindan zauden arto buru, piña eta mota guzietako fruitu, barazki eta landareak, aipatu gabe belardiz jositako iguzkiak, Besta berri eta udako solstizioaren arteko lotura markatzen zutenak. Eliza sahetsean, klerona eta atabalak errepikan ari ziren, Iholdin bagine bezala. Gomitatuak zituzten baita ere Oaxacako Unión Hidalgoko dantzari eta beztitu talde bat, Guelaguetza deitu ikusgarriaren emaiteko.
Bide nabar, etxe zaharkitu baten paretan hauteman ginuen plaka erdoildu bat zoinek zion Alexander Von Humboldt etxe hartan egona zela 1804an. Lau urte lehenago Itsasun zen Humboldt, Harambillet erretor xaharrarekin ixtorio eta kantu xahar ikasten. Elgar segitzen dugu! Oharartaz dezagun baita ere Rodney Gallop, euskal dantza eta ohiduretaz idatzi zuen ikerlari-diplomata inglesak (Gallop, 1930) Mexikoko voladores-ak ere aztertu zituela. Eta Papantlan hasteko ikusi zituen (Gallop 1939: 181-188).
Biharamunean, goizeko zortzitako beztituak bilduak ziren plaza nagusian. Herriko agintariak aintzinean, denak abiatu ziren patar baten kaskoan dagoen Volador-aren oroit-harrira. Korpus ortzegunez ospatzen dute dantzari hegalariaren eguna. Gain hartan entzun ginintuen hunenbertze hitzaldi, jakinez delako hegalariak untsa antolatuak direla, beren Kontseilu nazional nagusiarekin. Papantlaz aparte, hegalariak aurkitzen dira Mexikoko bertze hainbat estadoetan : Veracruz, Puebla, Hidalgo, San Luis Potosí, bai eta Guatemalan. Bakotxa bere berezitasunekin. Hitzaldi ofizialen artetik, hitza hartu zuen Tutunakuen kontseilu politikoaren kargudun zahar batek – hemen Tata deitzen dituzte adinekoak -, eta hegalarien oinarrizko mitoa kondatu zuen. Bi hitzez eta xinplifikatuz : gaitzeko idorte bat pairatzen zutela eta, herriko adinekoek dantzariak igorri omen zituzten zuhaitz baten puntara, iguzkiari euria galdegiteko. Beren hegalalditik landa erauntsi ederrak izan omen ziren eta artoa, ilar, kuia eta behar ziren guziak atera ziren. Mito horren aldaera desberdinentzat – adibidez bertsio batean, hegalariak desagertzen dira eta iguzkirat igaiten, herritarrek arbola lurrerat botatzen dute eta zonbeit egunen buruan hegalariak berriz agertzen dira zeruan - ikus Stresser-Péan (2016) – zoinek 1938an ikusi zizuen hegalariak Papantlan - eta, berrikiago bildu bertsioentzat, Enríquez-Andrare (2021). Hitzaldietarik landa, hegalariek oroitarriaren ingurinan dantzan arizan ziren, xirula-atabalariak El son del perdón jotzen zuelarik. Bertze talde batzuek dantza zonbeit eman zituzten. Hitzaldi frango politikoak izan ziren, batez ere Tutunaku nortasuna goraipatuz eta konkista hitz gordinez salatuz :“Nos conquistaron, nos explotaron, nos discriminaron, nos evangelizaron”.
Noizpait jeutsi ginen denak elizarat. Elizako plazan, hegalari talde bat hasia zen lanean. Zolan haur talde bat dantzan ari zen itzulika, xirula eta tanboril soinuz. Bizkitartean, ziri luzearen puntan hegalariek egiten zuten beren lana. Beren xirularia bazuten, kaporala deitua, muntaduraren kaskoan xutik zagoena. Kaporalak lau pundu kardinaler eskaini zuen soinu bana eta lau xoriak helgaldatu ziren, lurra lainoki hunkitu arte.
Hegalariak Besta Berriz, meza nagusia aintzin, Papantla (bideoa : X. Itzaina)
Mukurru betea zen eliza– katedralean, meza nagusia hasi zen hameketan. Irakurgai bat eman zuten tutunakuz, gaineratekoa gazteleraz. Mezatik lekora Sakramendu saindua atera zuten karriketan barna prozesio luze bezain sapa batean. Kobre banda batek irekitzen zuen prozesionea. Ondotik sartu ziren ziren bortz dantzari talde desberdin : Voladores, Guaguas (huahua ahozkatzen dena), Santiagueros, Moros y españoles, Negritos. Bi lehenak itxura guzien arabera aurrehispanikoak dira, bertze hiruak kolonizazio garaiekoak dauzkate. Dantzari gehienak gizonak, neska zonbeit artetik.
Dantzarien sahetsen agertzen zen beztitu berezi bat, zurezko maskara bat bisaian, alegiazko zaldi bat zangoen artean, artetan garrasika ari zena. Beztitu hori Pilato deitzen dute eta Papantlako dantzetan enigmatiko bezain garrantzitsua da. Otsagiko bobo-aren bikoiztasuna orroitarazten duen beztitua. Azpimarratzeko zurezko zaldiaz gain, alegiazko AK-47 harma bat bazeramala ere...
Dantzarietarik landa heldu zen emazte talde bat, zaia brodatu xuri eta gorriekin, lore sorta zareak buru gainean. Ondotik hiru emazte, xuri eta horiz bezti, copal edo intsensuarekin. Bertze emazte batzuek Sakramendu sainduaren irudiak bazeramazten. Ondotik heldu zen Sakramendu saindua bera pabillun azpian, apezak sahetsean zaukala Papantla-ko auzapeza bere aginte makil zizelkatuarekin. Prozesioak hiriaren itzuli zirkular luze bat egin zuen. Dantza ibiltari zonbeit emaiten zituzten artetik. Hor zabilan ere Korpus feriaren karietarat hautatu “erregina”.
Behin elizarat berriz jin eta, dantzariak joan ziren bakotxa beren aldetik, bainan herritarrek Sakramendu saindua lagundu zuten elizaren inguruan paratuak zituzten lau aldareetarat. Aldare bakotx, xirulari xahar batek bere soinua jotzen zuen. Ondotik meza-emaileak erran zituen sainduen litaniak, jendeer errepikaraziz. Erran dena, fruitu, barazki, belar eta lorez apainduak ziren aldareek besta girixtinoa iguzkiaren errito aurre-hispaniko bati lotua zela adierazten zuten. Behin lau aldareen itzulia egin eta, Sakramendu saindua elizara sartu zuten eta bertze meza oso bat eman.
Hortan bururatu zen goizekoa, arratsaldeko hiruak hirian, ikaragarriko aro bero, heze eta tropikal batean. Bezperak izanen ziren seiak irian, dantzaririk gabe ahatik. Arratseko zortzitako izan ginen hiriaren bazterretan dagoen Campo Anahuac deitu zelaierat, nun iragaiten zen feria, usaiako ahusagailuekin. Orduan zuten baita ere ospatzen Xanath deitu festibala. Delako gertakizun hori 1950 urte ondarretik geroz urtero erakusten duten soinu eta argi ikusgarri bat da, guti edo aski bi partetan apailatua. Lehenik, Tutunaku herriaren ixtorioa kondatzen dute, oinarrizko mitoekin hasita Konkistaraino. Bigarren atalean, tokiko dantzariek beren errepertorioa erakusten dute. 250 bat dantzari baziren, eta bortz taldeetarik bakotxak bere dantza zikloa erakutsi zuen, hegalariak barne alabainan. Xirula-tanboril-en son-en aniztasunaren gozatzeko aukera izan ginuen. Eta pollitena hain segur izan zen Guagua dantzarien joko berezia, nun zurezko kurutze batzuen gainerat igaiten diren lau dantzari eta itzulikarazten dituzten, errota bat balitz bezala. Xori batzuentzat dauzkate omen dantzari horiek, eta hala dirudi! Beren jokoa bi aldiz eman zuten. Bigarren aldian ahatik xirulariaren soinua arrunt estali zuen sono-ak orroaz pasatzen zuen “Papantla” deitu kantu erromantiko bezain meleka batek.
Guagua-en dantza, Xanath festibala, Korpus eguna, Papantla (bideoa: F. Lastere)
Xanath festibaletik atera ginen sendimendu nahasiekin. Totonaco kulturaren goraipatu zutela, hori bai, eta bazuken beharra, bainan den mendreneko tresneria, argi, su artifizial, eszenatoki eta guzien beharra ba ote zuten? Herritar batek erran zaukun lehenago dantzak Besta Berri arratsaldez herriko plazan emaiten zirela, gero zutela hasi delako zelaieko ikusgarria. Beraz hemen ere bazuten Oñatin, Otsagin edo bertzetan bezala Besta Berriz edo patroiaren bestan aurkitzen den egitura bera: goizean, dantzarien parte hartzea elizkizun eta prozesioan, eta arratsaldez dantza ziklo osoen erakusketa plazan. Erritualitate erlijioso bezain zibikoa.
Erranahi unibertsalak
Papantlan hauteman ginintuen alde batetik Europa eta mundu katoliko guzian atxemaiten diren Besta Berriko sinboloak. Kristoren gorputzaren alderako debozioa, iguzkia, izadia eta lurraren emankortasunaren ospakizuna. Udako solstizioarekilako lotura. Korpus eguna hemen sasoin idorraren bururatzean gertatzen denez, errito girixtinoa garai berean eurien galdegiteko markatzen ziren errito aurrehispanikoer lotu zuten. Europan bezala, prozesio luzeak sinbolikoki bereganatzen du herriaren espazioa, zirkulo perfektu baten bidez. Marcel Etchehandy-k euskal herrietan untsa azpimarratu zuen bezala, lau aldareen sinbolika kosmikoa hemen argi daukate, elizaren ingurinako aldare bakotxa puntu kardinal bati eratxikia izanki. Hemen bertzetan bezala, bestak toki haundia emaiten dio dantzari. Erran dena, Papantlan zaindu dituzte bortz dantza. “Danza” diotelarik, dantzari talde berezi batek emaiten duen dantza ziklo bati egiten diote erreferentzia. Bakotxak laburzki aipatzea merexi du.
Voladores
Autore gehienek berexten dituzte bi dantza aurrehispaniko, eta bertze hiru kolonial garaiekoak. Aurrehispanikoetan lehena, voladores edo hegalarien dantza da. Jada aipatu dut nola iragaiten den. Behin beren dantza lurrean egin eta, lau dantzari igaiten dira haga puntara, caporal deitzen duten bortzgarren bat jartzen da manzana edo hagaren puntan kokatu duten muntadura laukiaren gainean, eta xirula-tanborila jotzen ditu. Lau pundu kardinal bakotxari bere doinua eskaini eta, bertzen son bat jotzen du, eta hegalariak abiatzen dira airean. Diote bakotxak 13 itzuli emaiten dituela, erran nahi baita orotarat 52. 52 urte irauten zuen lehengo indioen mendea markatzen omen dute.
Gaur egun Papantlan 28 metra luzeko metalezko tubo bat erabiltzen dute haga gisa, bainan ez du hain aspaldi zuhaitz bat zuten hegalariek zutabetzat. Zuhaitzaren hautatzea bera erritual korapilatsu bat zen. Dantzari batek kondatu zautan oihanerat joaiten zirela, eta behin zuhaitza hautatu eta, xirulariak Son del perdón edo Barkamenaren soinua jotzen zuela Kiwikgolo deitu mendiko Jabe edo Jainkoari oihanean sartzeko baimenaren galdegiteko, eta botako zuten zuhaitzari barkamenaren galdegiteko. Hector Manuel Enrique Andrade-k (2021) xeheki kondatzen ditu harek 2012 eta 2014an Papantlan segitu zuen erritualaren urrats desberdinak. Pilato deitu maska da zeremoniaren maisua. Bere zurezko maska benedikatzen dute aldare batean oihanean sartu aintzin. Mendiko Jabeari bihurtzen diozkate behar diren otoitz eta ofrendak. Zuhaitza aguardientez imokatzen dute, behin moxkorturik botatzearekin gutixago sofri dezan. Zuhaitzaren botatzea eta oihanetik plazarat karreatzea auzolanean egiten da, batzutan 100 gizon edo gehiagoren artean. Nicolas Ellison antropologo adixkideak parte hartu zuen 2005an zuhaitzaren errituan Huehuetlan, Pueblako Sierra Norteko herri tototanacan, eta harek ere erritoaren urrats guziak xeheki kondatu ditu (Ellison, 2020). Herriko plazarat heltzean, zuhaitzaren landatzeko zilo bat egiten dute, oilasko bat sakrifikatzen eta ziloaren zolan uzten, “zuhaitzak janari zerbeit ukan dezan”. Papantlan erran dautate denbora batez indoilarra zutela erabiltzen, oiloa espainolek ekarria izanki. Beraz untsa ulertu behar da hegalarien dantza bera aste zonbeit irauten duen errito luze eta kolektibo baten azken urratsa bertzerik ez dela.
Tokiko antropologoak irakurririk, nahi nuen jakin zertan zen delako zuhaitzaren errito hori. Hiruzpalau dantzari eta herritarrekin solastaturik, ez nintuen baitezpada erantzun berdinak jaso. Batek erran zautan burdinezko haga ezarriz geroztik, etzutela gehiago egiten oihaneko erritoa. “Ez beita beharrik. Bainan beharra balitz berriz egin ginezake”. Bertze batek erran zautan noizbehinka Papantlan berean egiten zela zuhaitzaren erritoa, “beharra badelarik”. Hirugarren batek erran zautan Papantlan berean etzela gehiago egiten, bainan Sierra-ko komunitateetan aintzina betetzen zutela urtero zuhaitzaren erritoa.
Gehienik jo ninduena izan zen erritualitate aberats horri juntatzen zirela hegalarien dantzaren komerzializazioa eta “ondarezazioa”. Merkaturatzea alde batetik. Erran dena, hegalari zonbeit profesionalizatu dira, elkarte edo enpresa batzu gisa antolatu, eta beren xerbitxuak eskaintzen dituzte nun nahi, nazioarteraino. Papantlan berean, aste undar guziz emaiten dute beren dantza plazan. Eta ondotik eskea egiten eta girgilleria zonbeit saltzen inguruko ostatuetan. Horren lekuko izan ginen Besta berri ondoko igandean. Méxicoko Antropologia museoan ere aurkitzen da urte guzian eta kasik egunero ari den voladores talde bat, Papantlatik jinak hain xuxen. Tajin-eko piramidetan ere hauteman ginintuen hegalariak (prozesu hortaz ikusi Zuñiga 2014).
Alabainan, mitoa pixka bat farrastatzen du. Ber denboran, nor gira gu gure egoera abantailatutik haien epaitzeko? Ikusiz tokian-tokiko bizi baldintzak, aise uler ditaike batzuk aukera hori sesitu izanik. Hasteko, herritarrek dantzaren aldaketa hortaz eztabaida badutela erran zaukuten. Eta goizeko volador-aren zeremonian, argi eta garbi orroitarazi zuten erritual bat zela eta ez ikusgarri xoil bat. Herriaren ondare kulturaltzat daukate dantza hori, bereziki UNESCO-k 2009ak eman ezagupenetik geroz. Ondare kulturalaren diskurtsoa ez da mozkin komertzialarena, bainan ez da arras erritualitatearena ere. Erlijiotik kulturarat? Barnatu behar litaiken gai bat. Hegalarietaz halere bada Enriquez Andradek (2021: 139) ekartzen duen anekdota pollit bat : denbora batez misionesta nafar baten gatik, Papantla-ko hegalariak bonet edo txapel gorriekin ariran omen ziren dantzan! Etzuen luzaz iraun.
Guaguas
Bigarren dantza aurrehispanikoa ez da hain ezaguna, ikaragarri ederra eta indartsua izanik ere. Guaguas deitzen dituzte beztitu horiek. Buru gaineko apainduren gatik ainitzek xorien irudipentzat dauzkate. Xirula eta tanboril ttipia jotzen dituen soinulari bakarrak laguntzen ditu. Prozesione denboran lerroz-lerro emaiten zuten dantza ibiltariaz gain, arratseko Xanath festibalean eman zituzten bertze dantza eder batzu, horietan delako errotaren dantza. Xirula eta tanborilak lagundurik, lau guaguas dantzan ari ziren bi kurutzez eginikako zurezko muntadura baten ingurinan. Noizpait igan ziren muntadura gainerat eta itzulika hasi. Iguzkia eta biziaren zikloari lotua daukate dantza hori eta hemen toki eskasez ezin azalduak diren hainbat mito eta sinesmen eratxikiak zaizkio dantzari (Croda 2005; Enríquez Andrade 2021).
Los negritos
Bi dantza ziklo aurreshispanikoetaz gain, bertze hiru zaindu dituzte Papantlan, kolonial garaiekoak dauzkatenak. Hiruak prozesioan parte hartu zuten. Los negritos dantzan, dantzariak atorra xuri bat deramate galtza beltz apainduekin. Papoan trebeska pañuelo beltz bat, lore brodatuekin. Kasko gainean kapelu beltz bat, hura ere lore brodatu eta lumekin. Gitarra eta arrabitak laguntzen dute dantza. Gau batez karrikan dantzariak paretan margotzen ari zen gizon batek esplikatu zaukun dantza horren oinarrizko mitoa. Kolonia garaian, Espainolek Afrikatik ba omen zituzten ekarriak esklabo beltzak kañaberan lanean artzeko, musu- edo azote-truk. Behin esklabo haur bat suge batek ausiki omen zuen, eta esklaboek dantzan arizan ziren 24 soinuen doinuz haurraren sendatzeko. Totonakoek hori ikusi eta dantza ikasi omen zuten. Emaztez bezti den gizon bat ba da taldean, Maringuilla deitua, Tetela de Ocampoko ihauterian hauteman ginuen izena ere. Pilato-ak ere badu bere jokoa Negritos-en dantzari lotua den parte antzeztuan.
Santiagueros
Bi azken zikloak Espainiatik etorri Moro eta Kristauer lotuak dira. Santiaguero-ak gorri eta xuriz bezti dira, galtza eta papoko brodatuekin, machete-a eskuan. Beren kapelua gure zamaltzain-aren koha eta bolanten kaskaren egite haundia du, miraila aintzinean eta xingolak gibeletik. Dantzariekin bat dabila gizon-zaldizko bat, pixka bat Sanferminetako zaldiko-maldikoen egite duena. Beti gure pareta tindazailearen arabera, Santiago, Moroen aurkako arrakonkistaren sinboloaz gain, Hernán Cortes eta bere soldadoen zaindiaria zen eta heien sarraskien zuribide baliagarria. Flauta eta atabalak laguntzen ditu Santiagueroak.
Moros y Españoles
Azken dantza ziklo hau Moros y españoles deitzen dute. Dantza antzeztu horiek misionestek sartu zituzten XVI. mendean Mexikon tokiko jendeen ebanjelizatzeko tresna bezala. Beztituak bi taldeetan berexten dira. Kristauak, Mexikoren hiru kolorez apaindu XIX. mendeko bikornio batzuekin eta Moroak, astoferrarekin kapelu puntan. Dantzak berak bi taldeen arteko borroka irudikatzen du, flauta eta atabal soinuz. Xiberuko pastoralan bezala, moroen buruzagiak eta espainolen buruzagiak bandera edo entseña bana baderamate, xuria moroentzat eta gorria espainolentzat.
Danza de Moros y españoles, Korpus eguna 2023, Papantla (bideoa X. Itzaina)
Papantlako Besta Berriek mila galdera altxatzen dituzte. Alde batetik, ageri da erritoak kultura desberdinen nahasketaren ondorioak direla. Bestaren mamitik hasita, funtsean. Nicolas Ellison-ek (2020), Stresser-Péan (2006) segituz, erakusten du hegalarien erritoa Tutunaku-en munduaren ikuspegi kosmopolitikoan behar dela arrakokatu. Garai kolonialetik geroztik elgarri lotu zituzten Kristoren figura eta iguzkiaren kultoa. Kristo-Iguzkiaren figura hori Besta Berrien muinean da, hemen bertzetan bezala. Lapurdi-Baxenabarren hasteko, “iguzki saindua” erraiten zaio egun hartan ateratzen den Sakramendu sainduaren irudiari. Papantlan artoski beiratu dituzten dantza zikloak konplexutasun horren lekuko dira. Bertzalde, besta eta dantza horiek azken denboretan ezagutu dituzten aldaketak ere barnatu behar litaizke, behatuz nola elgarri lotzen diren– ala ez –erritualitatea, ekonomia eta ondare bilakatze prozesua. Galdera unibertsalak. Eta azkenik, alabainan, betikoa. Korpus aintzineko astean, tiroketa bat izan zen Papantlako ostatu batean eta hiru lagun kalitu zituzten. Taxi gidari batek kondatu zaukun bertzalde zonbeit egun lehenago gorpu puskatu bat aurkitu zutela hirian. Mugarik gabeko abrekeria eta tokiko aberastasun kulturalaren arteko erroitza ezin neurtua da bainan guk Papantlatarren eskuzabaltasuna dugu gogo-bihotzetan atxikiko. Milesker gurekin solastatu diren Gaudencio eta bertze herritar guzier!
Xabier Itzaina
Erreferentziak
Croda León R. (2005) (coord.), Entre los hombres y las deidades. Las danzas del Totonacapan, México, CONACULTA.
Ellison N. (2020), “Altepet/Chuchutsipi: cosmopolítica territorial Totonaca-Nahua y patrimonio biocultural en la Sierra Nororiental de Puebla, México”, TRACE 78, p. 88-122.
Enríquez Andrade H. M. (2021), Las danzas totonacas de origen prehispánico en Papantla, México, Secretario de Cultura, INAH.
Gallop R. (1930), A book of the Basques, London, Macmillan & Company.
Gallop R. (1939), Mexican mosaic, London, Faber & Faber.
Stresser-Péan G. (2006), Le Soleil-Dieu et le Christ. La christianisation des indiens du Mexique, Paris, L’Harmattan.
Stresser-Péan G. (2016), La danza del volador entre los indios de México y América central, Fondo de Cultura Económica, CEMCA, Secretaria de cultural de San Luis Potosi, El Colegio de San Luis.
Zuñiga F. (2014), “Nuevos usos del patrimonio arqueológico de el Tajín, a través de los procesos de turistificación, mercantilización y espectacularización”, Anales de Antropología, 48(2), p. 151-182.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Itzaina
➤ Beñat Irigoyen Galtxetaburu 2023/03/17
➤ Euskal Herriko dantzarako soinuaren historia soziala 2021/11/26
➤ Tanburinaren gizarteaz 2019/12/05
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Enquêter sur la danse : conversations avec J-M Guilcher 2015/01/14
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Kapeluak dantzan Bagolinoko ihauterietan 2013/02/24
➤ Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit 2010/04/12
➤ Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas 2008/01/08
Kronikak Mexicotik (2022-2023)
1 (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon 2022/11/17
2 San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak 2022/12/13
3 Otomi panpinen dantza politikoa 2023/01/11
4 Arimak dantzan Michoacán-en 2023/01/31
5 Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate 2023/02/22
6 Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera 2023/03/07
7 Erregeetatik Ganderailurat: urte hastapeneko urratsak 2023/03/28
8 Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa 2023/04/18
9 Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta 2023/05/04
10 Ihauteriak (3): zezena eta banderak lasterka Tenejapan 2023/05/23
11 Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak 2023/06/13
12 Barkamenaren soinua. Korpus dantza erritualak Papantlan 2023/06/26
13 Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n 2023/07/26
14 Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak 2023/08/28
15 Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak 2023/09/25
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua
- Oier Araolaza on Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en
- Oier Araolaza on Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n
- Oier Araolaza on Barkamenaren soinua. Korpus-eko dantza erritualak Papantlan
- Oier Araolaza on Arimak dantzan Michoacán-en
- Oier Araolaza on San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak
- Xabier Etxabe on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Oier Araolaza on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Ekaitz Santazilia on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
- Oier Araolaza on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
Interesgarria da halaber betaurreko horiek gure zilborrera begira jartzea eta gogoratzea ez dugula oraindik ikuspegi ekonomikotik aztertu gure euskalduntasuna eraikitzeko gako izan diren hainbat ikur, hala nola Etxahun-Iruri, Maurizia ala Jose Lorenzo Pujana.
Papantlako hegalariek behinola txapela gorriarekin hegal egin zutela jakinda ezin dugu aldarrikatu erritoan euskaldunok badugula ere partea eta souvenirrak saldu?