Dokumentuaren akzioak
Otomi panpinen dantza politikoa
Jakina den bezala, herri kulturen erabilpen sozial eta politikoak ainitzak dira. Agintariek betidanik bestak eta ospakizunak erabili badituzte beren boterearen bermatzeko, herri mugimenduek aldiz herri kulturaren ezaugarri jakin batzu berrirakurri dituzte protesta eta aldarrikapen ikur bezala. Bikoiztasun hori, denbora batez lankide batzuekin Europa mendebaldean aztertu ginuena (Favretto eta Itçaina 2017), ez da gaurkoa eta unibertsala da. Mexikoko indio eta/edo oinarrizko herrien aldeko mugimenduak hor dauzkagu lekuko.
Eta batzuetan, politika solas hain xuxen, dantzak ustegabetarik harrapatzen gaitu. Bestaz-besta ezin ibiliz eta noizbehinka tokiko balentria politikoak hein batean segitu beharrez, joan den urriaren 12an hurbildu ginen Ciudad de México-n kokatua dagoen INPI- Instituto Nacional de los Pueblos Indígenas erakundearen egoitza nagusirat. INPI 2018an sortu zuen Andrés Manuel Lopez Obrador “AMLO” Mexikoko lehendakari berriak, komunitate eta herri indigenoen garapen jasangarriaren sustatzeko xedearekin. Egitasmo hori bat zoan Gobernuaren neo-liberalismoaren aurkako agendarekin. Beren idurikotz erakunde berriak hitza jana zuenez, aspaldi huntan Mexicon plantatuak ziren Santiago Mexquititlán-etik (Queretaro) jinikako Otomi indio talde bat sartu zen INPI-n 2020an. Geroztik han dagotzi berme. 1985 eta 2017eko bi lur ikaretarik landa karrikan edo etxola tzar batzutan bizi zirenek dute bereziki osatzen talde hori.
Okupazioa sustengatzen dute, bertzeak bertze, CNI – Congreso Nacional Indigena – indigeno federazio alternatiboak baita EZLN-eko zapatistek. Artetik erraiteko, hunarat geroz hitzak minbera direla frango fite ohartu gira. Hemen nahiago dute “indigena” hitza erabili, edo batzutan “oinarrizko herri/leinu” (pueblo originario) ezinez eta “indio”, azken hitz hau kolonialismoaren arrasto daukatelakotz. Frantsesez alderantziz, “indigène” hitzak derama kutsu ezezkor bat, Afrika eta Asiako historio kolonialari datxikola. Québéc-iarrek aldiz “autochtones” dute nahiago, inuit, cri, huron eta bertzeen berexteko. Hots, hitzekin pixka bat kasu egin behar beraz.
Joan den urriaren 12an, mundu ibero-amerikoanoak Cristobal Colonen balentria ospatzen zuten bitartean, Mexikoko Otomi-ek borroka egun alternatibo bat zuten apailatu. Delako INPI-ren egoitza okupatuaren aintzinean antolatu zuten biltzar politikora hurbildu ginen lankide batekin. Borroka giroa, bere kutsu latinoarekin : prediku militanteak, ukabila xut, oihu zapatistak, lepoko gorriak, kantuak,... Hots, beren gisako meeting politiko bat. Eta oroz gainetik, kausa desberdinen arteko junta aldarrikatzen zuena : Otomi-en kezkak, etxebizitza, osasuna eta hezkuntzari lotuak, emazteen eskubideak, Ayotzinapako 43 desagertuak, Samir Flores laborari aktibistaren erahiltzea 2019an... Eta lurrarena : hor zagotzin baita ere Mexikoko hainbat eskualdeetan harrobi, meategi, treinbide, urtegi eta bertze hainbat megaproiektuek mehatxatzen dituzten indio komunitateen ordezkariak.
Alabainan, ixtorioa doi bat konplikatuagoa edo nahasiagoa zela susmatu ginuen. INPI-koek zer zioten behar zitaikela bederen entzun. Eta egoera horiek gauza guti zutela ikusteko Europako kalapitekin. Guerreron, Michoacan edo Pueblan meategi baten kontra soberaxko asaldatzen direnak tiroz garbitzen dituzte edo/eta herriak husten. Kapitalaren metatze mekanismoer gehitzen da ustelkeria, gehi sekulan urrun ez den narkotrafikanteen itzala. Bainan hemen dena bortitzago izanik ere, Mexikon Europan bezala tokian-tokiko herri eta komunitateak beren lurralde eta eskubideen alde jatzartzen dira, geroa beren esku izaiteko xede bermearekin.
Eta horien guzien artetik, erran dena eta ustegabean, dantza. Lehendabizik, Otomi haurrek eman zuten “erresistentzia dantza” bat, erronda xinple nun erakusten zituzten beren herriaren kontrako erasoak antzerki ixil baten bidez.
Ekitaldi politikoaren ondarrean, antolatzaileek jarririk egoiteko erran zaukuten, ba omen zela sorpresa zerbeit. Musika grabatu baten soinuz, Otomi emazteak lerroz-lerro pasatu ziren dantzan behazaleen artean, izigarri urrats xinple batekin, berek eskuz josirikako panpinak behazaleer eskainiz, EZLN lema erdian zaukatela. Dantzak berak emazteek Otomiek borrokak daukaten premia zuen adierazten.
Alabainan, Otomi kulturari egina zitzaion begi klixka ohargarri bezain labur hunek urrunago joaiteko emeia zuen oroz gainetik emaiten. Gaur egun Otomi-ak aurkitzen dira Mexiko erdialdean. Hainbat estadoren artean barreatuak dira: Estado de México, Hidalgo, Querétaro, Guanajuato, Michoacán, Tlaxcala, Puebla eta Veracruz. Eta erran dena, heietarik ainitzek ezinbertzean behar izan dute hiri nagusietan kokatu, Ciudad de México-tik haste. Beren hizkuntza desberdinak otomangueana hizkuntza familian biltzen dira. Kosmobisio eta erritual xixtema konplexu bat zaindu dute, bertzeak bertze Jacques Galinier antropologo frantsesak xeheki aztertu duena. La mitad del mundo. Cuerpo y cosmos en los rituales otomíes liburuan (Galinier 2018), antropologoak hurbiletik aztertu zituen Otomien besta eta dantza erritualak, izan diten ihauteriz, Aste sainduan edo sainduen ospakizunetan. Sinkretismoa, berriz ere.
Ondikotz, INPI-ren parean aberastasun kultural horren jasta beizik ez ginuen hauteman. Sendi ginuen halere bazela mundu bat esku-zabalez emaiten zauzkuten panpina polliten gibelean. Eta mundu hori mehatxatua zela. Hautemaiten ginuen halaber indio edo indigenoen aldarrikapenen erroak baita Mexikar gobernuen politika multikulturalistak ikaragarri konplexuak zirela. Koropiloaren deslotzeko hor ginuzke, bertzeak bertze, David Recondok Oaxacatik ereman ikerketa xeheak (Recondo 2007). Hasteko, gure gazte denboran ainitz entzuten zen “besta bai, borroka ere bai” (nahiz eta gure xokoan hasteko, gehienetan lemaren lehen partea ginuen suharki jarraikitzen). Mexikon lema horrek badu oraindik kanore, bortitzkeria sozial eta fisikoek egunero gainditzen duten herri-kontinente huntan.
Erreferentziak
Favretto I., X. Itçaina (eds.) (2017), Protest, Popular culture and Tradition in Modern and Contemporary Western Europe Basingstoke, Palgrave
Galinier J. (2018) [1990], La mitad del mundo. Cuerpo y cosmos en los rituales otomíes, Ciudad de México, UAM, Instituto de Investigaciones Antropológicas, CECMA, Universidad Intercultural del Estado de Hidalgo.
Recondo D. (2007), La política del gatopardo. Multiculturalismo y democracia en Oaxaca, CIESAS.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Itzaina
➤ Beñat Irigoyen Galtxetaburu 2023/03/17
➤ Euskal Herriko dantzarako soinuaren historia soziala 2021/11/26
➤ Tanburinaren gizarteaz 2019/12/05
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Enquêter sur la danse : conversations avec J-M Guilcher 2015/01/14
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Kapeluak dantzan Bagolinoko ihauterietan 2013/02/24
➤ Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit 2010/04/12
➤ Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas 2008/01/08
Kronikak Mexicotik (2022-2023)
1 (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon 2022/11/17
2 San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak 2022/12/13
3 Otomi panpinen dantza politikoa 2023/01/11
4 Arimak dantzan Michoacán-en 2023/01/31
5 Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate 2023/02/22
6 Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera 2023/03/07
7 Erregeetatik Ganderailurat: urte hastapeneko urratsak 2023/03/28
8 Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa 2023/04/18
9 Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta 2023/05/04
10 Ihauteriak (3): zezena eta banderak lasterka Tenejapan 2023/05/23
11 Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak 2023/06/13
12 Barkamenaren soinua. Korpus dantza erritualak Papantlan 2023/06/26
13 Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n 2023/07/26
14 Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak 2023/08/28
15 Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak 2023/09/25
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua
- Oier Araolaza on Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en
- Oier Araolaza on Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n
- Oier Araolaza on Barkamenaren soinua. Korpus-eko dantza erritualak Papantlan
- Oier Araolaza on Arimak dantzan Michoacán-en
- Oier Araolaza on San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak
- Xabier Etxabe on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Oier Araolaza on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Ekaitz Santazilia on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
- Oier Araolaza on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13