Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Xabier Itzaina, Tanburinaren gizarteaz

Dokumentuaren akzioak

Xabier Itzaina, Tanburinaren gizarteaz

Xabier Itzaina, Tanburinaren gizarteaz

Xabier Itzaina, Isasuko kabalakadan, 2007-08-19. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Politika zientziatan doktore eta Bordeleko unibertsitateko Emile Durkheim ikerketa zentroko ikerlaria dugu Xabier Itzaina. Bere zentroko ikerketa gaia ez bada ere, ohidurazko dantza eta musikak ikertzeko zaletasuna du, eta horien artean da "Tanburinaren gizarteaz" egindako azterketa. Berak dioen moduan "ikerketa klandestinoa" izan da, zientzia politikoen inguruko ikerketa zentroa baita berea. Dantzaren inguruko ohiturak aspaldidanik aztertu izan direla Ipar Euskal Herrian dio baina beste begirada batetik aritu da Itzaina. Dantzari eta testuinguruari erreparatu nahi izan dio, ohitura dantzatuen testuinguru sozial eta historikoari. Hala kontatu zuen 2016an Euskadi Irratian.

Ikerketa eta gogoetak

Aztertu dituen dantzak testuinguru edo festa berezietan kokatu izan direla dio, gehienbat, Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzak landu ditu. Neguko festetan, udaberriko festetan eta udako festetan kokatzen ditu dantzak; neguan inauteriak ditugu, udaberrian Besta Berri eta udan herriko festak, kabalkadak edota toberak

Umetatik ibili izan da dantzaren munduan, txikitatik dantzari eta gero txirularekin. Horrela, gaztetatik hasi zen dantzen inguruko ikerketarekin, "Itsasun bazen gogoeta bat dantzaren testuinguruari buruz gazteen artean. Ea ze zentzu ematen genion gure urratsari". Inauteriak galduak zirela dio eta berriz abiarazi zituztela. Besta Berri jaiaren inguruko esanahiaren inguruan ere bazela gogoeta dio, 1992an kabalkadak abiarazi zituzten. Zenbait jai birsortu zituzten eredu zaharretatik, esanahiak gaurkotuz baina ez zen nahikoa jardun hori, "galdera berriak sortzen ziren, festen jatorriri buruz, ze festek zuten zentzua, zenek ez".

Hogei bat urterekin murgildu zen dantzaren ikerketan. "Ahozko memoriaren biltzea urgentziazkoa zen", hasieratan lehentasuna lehenengo mailako testigantzei eman zion, baita dantzatzeko manerari ere, "lehen lana dantzari zaharrekin dantzan ikastea izan zen". Gero artxibo lanera itzuli zela dio, "urrunago joateko historian". Prentsa, herrietako artxiboak, epaitegietako artxiboak... arakatu ditu; gehienbat XVII eta XIX mende artekoak.

Zapurrak, Besta Berri Bidarrain, 1899.
Zapurrak, Besta Berri Bidarrain, 1899. Irudia: Marie Garai/Baionako Euskal Museoa

Udaberriko jaia Besta Berri

Gure festen esanahiak beti aldatuz joan direla dio eta Besta Berri jaia ipini du adibidetzat. "Besta berriak dira Korpus eguneko jaiak. Prozesioak egiten dira eta prozesioan ateratzen dira gazteak dantzan, militar kutsua duen arropa eta musikarekin, alarde mota bat da". Jai interesgarria iruditzen zaio oso eta azken urteetan festaren inguruko eztabaida dagoela dio, kutsu militarrarengatik edota elizaren eta armen presentziagatik. Itzainak ikusten du festa beraren inguruko irakurketa asko egin daitezkeela, "Ikusten ahal da eliza festa bat, ikusten ahal da naturaren edo udaberriaren festa, ikusten ahal da ere frantses nazional katolizismoaren oroitzapena, iraultza aitzineko foralitatearen oroitzapena edo gazteriaren festa bat". Itzainak Herriko Etxeen arteko harremanak erregulatzeko ospakizun bat ikusten du, bakoitzak bere esanahi eta zentzua ematen dio eta uste du aniztasun horrengatik iraun duela.

Kaskarotako inauterietako protagonistak

Jaietan etxeek ere presentzia handia dutela ikusi du Xabier Itzainak. Besta Berrin, eguzki santuaren palioa esaterako lau etxetako ordezkariek eramaten dute edota inauterietan etxez-etxe ibiltzen dira gazteak "herriaren mugak berriz markatzeko manera bat da". Eske itzulietan dohaitza eta kontradohaitza harremana dago, "Dantzariek dantza eskaintzen dute eta etxeak jana, edaria eta dirua". Festa horiek guztiz positiboak direla ikusten du gazteentzat, "gazteek ikasten dituzte herriko etxeen eta auzoen izenak edo euskara gehixeago entzuten eta erabiltzen dute eta belaunaldien arteko harreman berriz egiten da".

Kaskarotak, Ainhoa, 1950eko hamarkada.
Kaskarotak, Ainhoa, 1950eko hamarkada. Argazkia: Thierry Truffaut-en artxiboa.

Inauterietan etxez etxe ibiltzen diren gazte taldeak kaskarotak dira, "Lehen ez zen dantza talderik herrietan, kaskarotak ziren. Inauteriak aitzin hartzen zituzten dantza lezio batzuk. Partzuergo edo kooperatiba moduko bat osatzen zuten". Zortzi hamar bat dantzari elkartzen zirela dio eta bakoitzak dirua aurreratzen zuen dantza-maisua, arropak edo musikariak ordaintzeko. Gero itzulia egiten zuten herrian bertan, Baionan eta beste herri batzuentzat. Gerra ondorenean, kaskarotek irabazitako dirua herriari eman izan zioten, gastuak ordaintzeko baliatzen zuten eta gelditzen zena beraien artean banatzen zuten.

Kaskarotak
Kaskarotak, Beskoitze, 2019-02-16. Argazkiak: Jokin Artola - Dantzan CC-BY-SA

Dantzarien eta musikarien artean bazela merkatu harreman bat ikusten du Itzainak. Bestalde, herriko etxeek edo botere publikoak okasio berezietarako kontratu ohi zituzten dantzariak, inguruetatik printzeren bat edo pasatzen zenean, herrietatik dantzariak bidaltzen zituzten.

Elkarrizketa osoa: Xabier Itzaina, Tanburinaren Gizarteaz (Euskadi Irratia, 2016-06-07)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.