Dokumentuaren akzioak
Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
Aiko taldeko Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) musikari eta dantza-maisua elkarrizketatu du Hazi Hezi aldizkariak. Dantzaren transmisioa eta sustapenari buruzko hainbat ideia mamitsu ageri dira elkarrizketan, hona horietako batzuk:
- "Gauza bat da berriztea eta ikertzea, eta beste bat, moderno izan beharra".
- "Konplexu asko dauzkagu. Moderno, cool izan nahi dugu eta nik horren atzean konplexuak ikusten ditut".
- "Gurasoak mahaiaren bueltan eserita Gin-tonica hartzen eta haurrei esaten diete, "zoazte dantzara". Hau da, euskararekin egiten duguna gauza bera egiten dugu dantzarekin: helduon artean erdaraz hitz egin eta gero haurrei euskaraz egiteko agindu".
- "Dantza umetu egin dugu eta horrek dantzak berez zeukan zentzu guztia galduarazi dio".
- "Sarritan hitzekin esaten ez dakiguna esateko bidea da dantza".
- "Helduen harremanetarako gailu inportante bat izan da dantza, sozializatzeko; bizimoduan txukun hitz egiten jakin behar zen moduan, txukun dantzan egitea inportantea zen".
- "Dantzaren funtzioa kontaktua izan da, harremana, eta ez, gaur egun bezala, ikuskizuna. Kultura oro har, horretara eraman dugu: ikuskizunera".
- "Gizakiak berezkoa du musika entzunda dantza egitea, berezkoa du halako erantzun psikomotore bat edukitzea, hori kultura guztietan gertatzen dela esango nuke. Baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori".
- "Lehen desiragarria zen dantza, eta helduen munduan parte hartzeko erritual bat zen plazan dantzan egitea".
- "Guk, helduok, dantza mesedegarria dela ikusten badugu, onuragarria dela ―osasuna, osasun mentala, euskalduntasuna, euskalgintza, euskal kultura, sozializaziotik...―, helduok dantza baloratzen baldin badugu, haurrek dantza egin nahiko dute, helduok transmititzen ari gatzaizkielako guretzat dantza benetan inportantea dela".
- "Dantza oso erreminta baliagarria da ikuspuntu pertsonaletik, terapeutikoa delako, eta sozializatzen laguntzeko duelako; baina, herri bezala, ingurua dinamizatzeko, loturak sortzeko eta indartzeko ere oso baliagarria da dantza. Elkartu egiten gaitu eta elkartuta baldin bagaude, indarra daukagu arlo askotan. Gaur egun sistemak horixe egiten du: banatu egiten gaitu eta sakabanatuta eta beldurtuta gaude, eta horrela ez daukagu botererik ezer egiteko".
- "Dantza irakasle onak behar ditugu, formatuak, eta gaur egun ez daukagu halakorik".
- "Dantza modu tradizionaletara jotzen dugu ez puristak eta talibanak garelako, baizik eta guk jaso dugun tradiziozko dantzaera zaharra ergonomikoagoa eta naturalagoa delako eta parte hartzea ahalbidetzen duelako".
Elkarrizketa: Sabin Bikandi "Hitzekin esaten ez dakiguna esateko bidea da dantza", Hazi Hezi, 2023 uda (pdf)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Puntapioa
Eguneroko prentsa artaziekin begiratzen duzunean.
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Oier Araolaza on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Xabier Etxabe on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- trabudua uriarte on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- trabudua uriarte on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Oier Araolaza on Dantza hitz egiten dugu
- Aritz Ibañez Lusarreta on Dantza hitz egiten dugu
- Oier Araolaza on Ez dago aurreskurik sokarik gabe 2019/12/16
- Patxi Montero on Ez dago aurreskurik sokarik gabe 2019/12/16
"Sistema" hitza aipatzen du Sabinek elkarrizketan, tradizioz jaso dugun modu ergonomiko eta natural horretaz ari dela. Elkarrizketan irakurri dudanak, eta Sabinek han-hemenka eman dituen hitzaldiak gogora ekarrita, iruditzen zait bere erreibindikazioetako bat dela gure partizio- eta espezializazio- joera horiekin bukatzea (alegia, diziplinak bereizten dituen joeraz ari naiz, alde batetik musika, bestetik dantza, bestetik jolasa...). Eta, baita ere, "erromeria" kontzeptuak bere gain har ditzakeen hainbat balore transmititzen saiatzea: sozializazioa, dibertsioa... hori guztia, nik "Ezer ez, ta festa" esanda adierazi ohi dudan espirituarekin, norberak bere festa egiteko gaitasunarekin, duen gutxi horrekin izanda ere: balore "ergonomiko" eta "naturalak", baita "ekonomiko" eta "ekologikoak", esango nuke nik.
Eta "sistema" osatzeko, euskaldun kontzientziarekin. "Tribua" gara, bai noski. Kontzientzia hori gabe jai daukagu, gurea baino estimulo indartsuagoak baititugu inguruan, pixkanaka-pixkanaka lekua hartzen ari zaizkigunak.
Hausnarketa berbera egin dezakegu, eta nik uste egin behar dugula, euskararen inguruan, eta oro har, "euskal kultura" deitzen dugun horren inguruan. Iparraldean, gaurko datuekin, euskara 2050. urtean gal daitekela ari dira esaten. Hegoaldean ez gaude itxaferoak botatzeko. Gaur, urriak 23, Ana Urkizaren zutabea irakurri dut Noticias de Gipuzkoa egunkarian. Hil berri den aitonaren inguruan idazten du: "Azken eskualduna", hala kantatzen omen zuen berak, eta hala sentitzen omen zuen bere burua. Herritik hirira joan bizitzera, eta ez omen zuen hango kale eta tabernetan kantatzeko girorik aurkitzen. Harentzat, kantua euskaldun sentitzeko esperientzia fisikoa omen zen, euskaldun sentitzeko eta euskaldun izateko eskubidea erreibindikatzeko bere modua. Bere zaintzaile erdaldunari ere euskaraz kantatzen omen zion.
Nik ez dakit transmisio-modu hori, "sistema" hori, non eta nola irakatsi daitekeen. Posible ote da? Hezkuntza-arautuan ez dut uste. Gure taldeetan bai? Horretan ari al gara, ala beste norabide batzuk dauzkagu. Noski, nik ez daukat soluziorik; frakasoa gehiago, lorpena baino. Baina dakidana da ni ere tribu horretakoa naizela, eta izan nahi dudala, "azken indioak" garela jakinda ere, eta beharbada hori da transmititu dezakedan gauza bakarra. Euskaraz kantatuz zaintzale erdaldunari, hil arte. Besterik ez.
Izan ondo,
Xabier.
Hezkuntza arautuak ez du salbatuko ez euskara, ez kantua, ez dantza. Komunitateak iraun-araziko ditu baldin eta festa egiteko zein negar egiteko baliatzen baditu. Gabe tresna horien ezagutza transmititzea hezkuntza arautuak parte hartu gabe (eta are gehiago, bizkar emanda) ezinezkoa izango da nire ustez.
Euskara hezkuntza arautuan sartuta dago eta ikusten dugu horrek ez duela salbatuko. Baina hor egongo ez balitz orduan bai batere aukerarik ez lukeela izango. Kantua eta dantza orain arte komunitateak (edo horren zati txiki batek) eutsi ditu, baina ahitzen ari den seinale argiak ematen ari da.
Gai horren inguruan Aritz Ibañez-ek egindako ekarpena, "Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz": https://dantzan.eus/kidea/aritz/euskararen-zinta-dantza
Lan horren inguruko Aritzen aurkezpena bideoan: https://dantzan.eus/bideoak/euskararen-zinta-dantza