Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
Aiko taldeko Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) musikari eta dantza-maisua elkarrizketatu du Hazi Hezi aldizkariak. Dantzaren transmisioa eta sustapenari buruzko hainbat ideia mamitsu ageri dira elkarrizketan, hona horietako batzuk:
- "Gauza bat da berriztea eta ikertzea, eta beste bat, moderno izan beharra".
- "Konplexu asko dauzkagu. Moderno, cool izan nahi dugu eta nik horren atzean konplexuak ikusten ditut".
- "Gurasoak mahaiaren bueltan eserita Gin-tonica hartzen eta haurrei esaten diete, "zoazte dantzara". Hau da, euskararekin egiten duguna gauza bera egiten dugu dantzarekin: helduon artean erdaraz hitz egin eta gero haurrei euskaraz egiteko agindu".
- "Dantza umetu egin dugu eta horrek dantzak berez zeukan zentzu guztia galduarazi dio".
- "Sarritan hitzekin esaten ez dakiguna esateko bidea da dantza".
- "Helduen harremanetarako gailu inportante bat izan da dantza, sozializatzeko; bizimoduan txukun hitz egiten jakin behar zen moduan, txukun dantzan egitea inportantea zen".
- "Dantzaren funtzioa kontaktua izan da, harremana, eta ez, gaur egun bezala, ikuskizuna. Kultura oro har, horretara eraman dugu: ikuskizunera".
- "Gizakiak berezkoa du musika entzunda dantza egitea, berezkoa du halako erantzun psikomotore bat edukitzea, hori kultura guztietan gertatzen dela esango nuke. Baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori".
- "Lehen desiragarria zen dantza, eta helduen munduan parte hartzeko erritual bat zen plazan dantzan egitea".
- "Guk, helduok, dantza mesedegarria dela ikusten badugu, onuragarria dela ―osasuna, osasun mentala, euskalduntasuna, euskalgintza, euskal kultura, sozializaziotik...―, helduok dantza baloratzen baldin badugu, haurrek dantza egin nahiko dute, helduok transmititzen ari gatzaizkielako guretzat dantza benetan inportantea dela".
- "Dantza oso erreminta baliagarria da ikuspuntu pertsonaletik, terapeutikoa delako, eta sozializatzen laguntzeko duelako; baina, herri bezala, ingurua dinamizatzeko, loturak sortzeko eta indartzeko ere oso baliagarria da dantza. Elkartu egiten gaitu eta elkartuta baldin bagaude, indarra daukagu arlo askotan. Gaur egun sistemak horixe egiten du: banatu egiten gaitu eta sakabanatuta eta beldurtuta gaude, eta horrela ez daukagu botererik ezer egiteko".
- "Dantza irakasle onak behar ditugu, formatuak, eta gaur egun ez daukagu halakorik".
- "Dantza modu tradizionaletara jotzen dugu ez puristak eta talibanak garelako, baizik eta guk jaso dugun tradiziozko dantzaera zaharra ergonomikoagoa eta naturalagoa delako eta parte hartzea ahalbidetzen duelako".
Elkarrizketa: Sabin Bikandi "Hitzekin esaten ez dakiguna esateko bidea da dantza", Hazi Hezi, 2023 uda (pdf)