Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak

Dokumentuaren akzioak

Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak

2023/06/13 07:05
Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak

Maiatzaren 3a, Santa Kurutzearen eguna, Pueblo de Santa Cruz Atoyac, Ciudad de México (arg. X. Itzaina)

Erramuak Coyoacan-en

Garizuma xuhurtzen ari zela eta, Erramu ospatu zuten Coyoacán-en, Méxicon berean. Ez zen baitezpada ospakizun haundia, bainan auzo zaharraren – Hernán Cortes-en etxea izana da gaurko herriko etxea - karriketan barna antolatu zuten prozesio labur bat. Conchita-ko elizatik San Juan Bautista eliza nagusi artean joan zuten Jesus asto gainean, Jerusalemen sartu zelarik bezala. Hunenbertze beztituek laguntzen zuten, orduko palestindarren jauntziekin, erramu luze bana eskutan.

1_Mexiko11.jpg
Erramuko prozesioa Coyoacán-eko erdialdean, Ciudad de México (arg.: X. Itzaina)

Eliz’aintzineko plazan bazagotzin hunenbertze ofiziale, zoinek arto buru eta landare desberdinekin eginikako kurutze eta irudiak saltzen zituzten. Lan xehea, eta bertze behin errito agrario aurrehispaniko eta girixtinoen arteko nahasketa.

2_Mexiko11.jpg
erramuak eta kurutzeak salgai Erramuz, Coyoacán, San Juan Bautista eliza aintzinean (arg.: X. Itzaina)

Aste saindua Chilón-en (Chiapas)

Aste sainduan laneko izan nintzan Chiapas-eko Selva Norte-n dagoen Chilón-erat. San Cristobal-etik lauzpabortz oren behar izan ginintuen harat arribatzeko, eta suertez bideak libro ziren. Mexikoko eskualderik pobreena da Chiapas iparraldea. Biztanlegoaren %90a miseria gorrian bizi, inseguritatea nagusi, narkotrafikoa sartzen Guatemalatik, aipatu gabe autodefentsa talde eta paramilatarren sarraskiak eta abar luze bat. Joan den ekainaren 2an Chilón-etik hain urrun ez den Chenalhó-n bi banda harmatu elgarri lotu ziren eta zazpi tzotzil indio kalitu zituzten, hiru urtetako haur bat barne.

Holako testuinguruan, Chilón-en badute mestizo eta tzeltal-ek xutik ezarria kooperatiba batasun bat, Yomol A’Tel (“elgarrekin lanean”, tzeltalez) deitua. Bachajón-eko jesuitek abiarazia zuten esperientzia horrek gaur egun biltzen ditu kafe eta ezti ekoizleak, bai eta xauna, landare usaintsuak eta oihal brodatuak ekoizten duten emazte kooperatiba bat; mikrofinantziera bat eta bertze hainbat esperientzia. Ez ditut hemen kondatuko kooperatiba horien harat-hunatak. Hemen aipatzen badut da oroz gainetik kooperatibaren kideek azpimarratu zaukutelakotz tzeltal kulturan errotua zela esperientzia ekonomiko hori, eta horrek bazuel lotura tokiko besta eta erritualen sistemarekin. Bertzeak bertze, mikrofinantzieraren xedeetarik bat da komunitateetako besten ardura duten capitan-en laguntzea, bitartekari maltzur batekin ez diten zorretan sar bestaren gastuen pagatzeko.

Jakin ginuen baita ere kooperatiban kargu zerbeit hartzen dutenek behar dutela 24 orenetako baruraldia egin elizan, komunitatearen kargu zibiko-erlijiosoentzat egiten duten bezala. Baruraldi hortan, otoitzean, musikan eta dantzan ari dira. Maya aldarea (el altar Maya) prestatzen dute elizan, eta lau oren bakotx xirio bat pizten eta kooperatibaren gai batetaz solastatzen. Halaber, ospakizun zerbeit badutelarik kafe lantegian, delako Maya aldarea prestatzen dute, nun jartzen dituzten arto, kuia, ilhar eta lurrak emaiten dituen guziak, Jainko haundi eta ttipi guzien aldera. Ekonomia, espiritualitatea eta kultura ezin berexiak.

Gu ortzegun saindu arratsez arribatu ginen Chilón-erat. Mezatik ateratzen kausitu ginintuen jendeak, eta prozesio labur baten ondotik izan ziren eliza gibeleko barne batetarat, nun egin zuten otoitz labur bat. Han egin ginintuen ezagutzak. Ni Mexiko erdialdeko ekonomista talde batekin etorria nintzen, eta hek han ezagunak izanki, besoak zabalik hartu gintuzten. Biharamunean, ortzirale sainduko kurutze bidea egin ginuen Chilón-eko herritarrekin. Prozesioa xinplea zen. Edo hobeki erran, ez xinplea baizik eta apaindurarik gabekoa. Bainan ikaragarriko indarrarekin. Jesusen irudia atera zuten, eta kurutzea. Kurutzeketariaren gibelean hor zauden meza eman zuen Bachajón-eko jesuita, bere laguntzaileak eta cabecera eta hurbileko komunitateetako principales edo kargudun tradizionalak. Kurutzeketarien aintzinean, bi soinulari: batto kalakarekin, bertzea tzeltalen larruzko danborrarekin. Bien soinuen artean halako giro ilun bat sortzen zuten. Kooperatibako lagun batek erran zautan tzeltal danborrak bazituela bi erritmo. Batto airosa, dan-dan, dan-dan, dan-dan, eta bertzea, hau, iluna: dan, dan, dan... Prozesioak hiriburuaren itzuli haundi bat egin zuen, artetik kantu batzu bi bozetan emanez, tzeltalez. Estazio bakotx, otoitzak bi hizkuntzetan. Elizan sartu ziren berriz, eta hiru gizonek Jesusen itxura kokatu zuten aldare gibeleko kurutzean.

3_Mexiko11.jpg
Tzeltal danborra eta kalaka kurutze bidean ortzirale sainduz (Chilón, Chiapas) (arg. X. Itzaina)

Biharamunean igan ginen handik oren batetara dagoen tzeltal komunitate batetarat, Santa Cruz Reforma deitua, Sitalà munizipioan. Han ikusi ginuen xauna eta kosmetika egiten zuten emazteen lana, eta guhaur lanari lotu ere. Erregeak bezala hartu gintuzten. Gaua han pasaturik, Bazko igandez joan ginen bertze komunitate baterat, handik oren batetara, mendiz-mendi oinez. Kooperatibako arduradun batek erran zaukun han ez zela jenderi galdegin gabe argazkirik hartzen ahal, komunitate zapatista ohi bat izanki. Zonbeit egun lehenago izan zituzten arazoak herritik barna pasatu zen talde paramilitar batekin. Betiere, mendi ttonttor baten kaskoan zagoen kapera xoil batetara igan ginen, bainan harat nehore ez. Noizpait agertu zen emazte bat, eta erran zaukun diakonoaren – apezaren ordaina den laikoa Chiapas-eko indio komunitateetan- etxean zaudela denak, diakonoaren semearen sendatzearen alde otoitzetan. Noizpait agertu ziren, emazteak lehenik, gizonak ondotik. Dena jarri ginen kapera aintzinean. Diakonoak otoitz labur bat egin zuen tzeltalez, denek segitu zuten, bakotxa bere moldera. Ondotik jarri ginen eta bakotxak gure burua aurkeztu ginuen, zertarako jinak ginen eta abar. Arribatzean errana zautaten: hire burua beharko duk mila aldiz aurkeztu. Gure talde kide batek Bachajón-eko Misionean urte bat pasatua zuenez, bere burua tzeltalez aurkeztu zuen, eta herritarren aurpegiak piztu ziren. Hizkuntzaren indarra. Ondotik, erle kofoinak bisitarazi zauzkiguten, nundik ateratzen duten Chabtic kooperatibak saltzen duen ezti fina.

Santa Cruz Reforma
Ezker-ezerrean Xabier Itzaina. Santa Cruz Reforma tzeltal komunitatean, Sitalà, Chiapas (arg. EdF taldea)

Egonaldi horrek zonbeit egun iraun zuen oraindik, zernahi ikusi eta ikasi ginuen, bainan erran dena ez naiz hemen sartuko kooperatiba gaietan. Aipa dezadan bakarrik ez nintzala hor ikusten zuten lehen eskualduna. Alboan erakundearekin eta Arrasateko kooperatibekin aspaldiko harremana daukate Yomol A’Tel-ekoek. Dantza, soinu eta besta guti ikusi ginuen, ez ginen hartarat jinak, bainan hauteman ginuen erritualitatea eta ekonomia ezin berexiak zirela. Banakien bertzalde Chilón-eko munizipioaren parten den Bachajón herrian badutela ihauteri konplexu bat, nun kargu zibiko-erlijiosoek garrantzi haundia duten. Ihauteri hori xeheki aztertu dute Aurore Monod-Becquelin eta Alain Breton-ek (2020). Hasteko, gure Mendebaldeko ikuspegi binariotik nekez uler dezakeguna. Bertzalde, Bachajón-eko Misioan eskaini zautaten Eugenio Maurer jesuitak Chilón-eko munizipioan dagoen Guaquitepec herriari eskaini zion monografia klasikoa, zointan tokiko besta eta erritualak xeheki aztertzen dituen inkulturazioaren gaiarekin batera (Maurer, 1983).

Coyoacán, berriz: Miserikordiaren Jaunaren ibilaldia Los Reyes-en

Behin hiri nagusirat sartu eta, berriz hasi nintzen Coyoacán-eko sainduen ibilaldien segitzen. Los Reyes auzorat izan nintzen apirilaren 23an, igandearekin. Ikusia nuen aintzineko ostiraletik aintzina ospatzen zutela Santo del Señor de la Misericordia deitu besta. Los Reyes-ek baditu bi saindu, edo hobeki erran, lau: hiru errege magoak alde batetik, Miserikordiaren Kristoa bertzaldetik. Azken hunek badu bere berezitasuna. Maiatzean bere kartierretik ateratzen da eta buruila arte Coyoacán-eko bertze kartierretan aldizka errezebitzen dute. Bere itzulia hasi beino lehen, Los Reyes-en berean egiten dakote ohorezko despedida. Beti bezala, besta aintzin bada novenario edo bederatziorrenekoa, familia desberdin baten etxean egun bakotx. Toki eskasez ez ditut kondatzen ahal aintzinetko igandetik aintzina egunero egiten diren urratsak. Apirilaren 23an hasteko, igandearekin, denak ari ziren tapete de aserrin edo kolorezko legarren apailatzen. Meza bederatzietan, eta ondotik prozesionea abiatu zen. Delako Sr. de la Misericordiaren bi irudi atera zituzten, eta hirugarren bat, ttipia, berex (el Divino Pastor, El Sr. De la Misericordia y su imagen Mandita). Ttipi hori omen dute etxez-etxe prestatzen, eri bat delarik edo. Beti bezala, auzo kartierretako sainduak gomitatuak ziren. Hor ziren Candelariako Ama Birjina, Ajusco-ko el Sr. De los Milagros, Santa Cryz Atoyac-eko Santiago apostolua. San Mateo Churubusco jin beharra zen bainan etzen agertu.

5_Mexiko11_.jpg
Sr. de la Misecordia karriketan, 2023ko apirilaren 23a, Los Reyes, Coyoacán (arg. X. Itzaina)

Prozesioaren laguntzaile hor zituzten Santa Cruz Atoyac-eko Santiaguero dantzariak. Xoco-n eta Candelarian ikusiak ginintuen talde bera zen, beren Moro eta Kristauen dantza antzeztua emaiten, xirula-atabal soinuz.

Sr. de la Misericordiaren ibilaldia, Los Reyes Coyoacan, 2023ko apirilaren 23a (X. Itzaina)

Bertzalde kobre fanfare batek laguntzen zituen sainduak. Beti bezala, sainduak noiz nahi gelditzen ziren auzoek prestatu aldareen parean, kartierreko jendek eskaini trago eta janari zerbeiten hartzeko. Erran dena, karrika hertsi batzuetan sartu ginen, beti ongi etorri berarekin. Kartier batean su-ziriez betetako muntadura haundi bat bazuten ezarria, eta Kristo arribatzean ikaragarriko zartagailuak piztu zituzten. Auzoko maiordomo ohi batek erran zautan kartierreko jende ainitz bestaren kontra zirela, bertzeak bertze arrabotsaren gatik. Han bizi zen Mexikoko auzapez ohi bat barne. Ez da beharra bezalakorik eta kontrakoen izaiteak bestaren jarraitzaileak akulatzen zituela ulertu nuen. Auzoek beren burua antolatzen ere badakite kartier horietan. Iragarki haundi bat bazuten ezarria ohoinen aurka: “Vecinos unidos contra la delincuencia. Ratero si te agarramos, te linchamos”. Auto-justizia. Hiri munstroaren konplexutasuna.

Santa Cruz Atoyac kurutzearen egunean

Maiatzaren 3an, santa Kurutze eguna. Mexikoko aunitz eskualdeetan errito berezi batzu betetzen dituzte kari horretarat. Nik etxetik hurbil daukagun Santa Cruz Atoyac-en markatu nuen. Benito Juarez alcaldia-n kokatua dago bere burua pueblo originario-tzat daukan kartier hori. Goizeko han nintzen, elizako plazan. Sahetseko karrikan chinelos dantzari talde batek laguntzen zuen lau gizonek karreatu Santiago Apostoluaren irudi gorri bat. Behin etorbide zabal bat trebesatu eta, karrika hertsi batean sartu ginen, eta bi egoitzen artetik atera zuten bertze Santiago bat, hau xuri eta urdinez apaindua. Karreatzaile batek esplikatu zautan urdina zela el peregrino edo erromesa, eta gorria aldiz, saindu nagusia. Jakinez kartierreko elizak, nahiz eta Santa Kurutzeari eskainia izan, Santiago duela zaindaritzat.

7_Mexiko11.jpg
Maiatzaren 3a, Santa Kurutzearen eguna, Pueblo de Santa Cruz Atoyac, Ciudad de México (arg. X. Itzaina)

Toki berean han zagotzin beha Coyoacán-eko San Lucas auzoko Guadalupeko Ama. Noizpait berriz abiatu ginen, eta frango fite berriz gelditu. Karrika xoko batetan sartu ziren kobre soinulariak eta handik atera zuten kurutze haundi bat, lau gizonek bizkarrez zeramatena. Mañanitas kantatu ziozkaten, bertze chinelos talde bat juntatu zen eta jo aintzina. Etorbide nagusirat atera ginen eta prozesioak bere bidea segitu zuen testuinguru urbano beino urbanoago batean, trafikoa ahal bezala geldituz. Anarkia antolatua. Behin elizako plazarat sartu eta, kurutzea eta sainduen irudiak pausatu zituzten paretaren kontra. Noizpait sartu zituzten, eta apezak benedikatu zituen. Oren batean meza eman zuten. Artean eta beranta ederrarekin, Xoco-ko San Sebastián arribatu zen. Hortan utzi nintuen. Banakien arratsaldean sainduak berriz atera behar zituztela kartierreko itzulia haundiago batentzat. Halaber, ohartu nintzan besta etzuela hemen maiordomia batek antolatzen baizik eta sei lagunek osatu kooperatibak. Gizarte ekonomia sozialarekin lotura, barnatzekoa!

San Judas Tadeo, etsipenen saindua

Hainbat bitxikeriren artean, Ciudad de Méxicon badute debozio berezi bat San Judas Tadeo-ren alderat. Jesus-en apostolua zen San Judas – saint Jude frantsesez, Judas Iscariote-ekin nahasi behar ez dena – eta hemen kausa desesperatuen zaindaritzat daukate. Bordaleko Saint Pierre elizan badakit badutela Saint-Expédit deitu saindu bat, gai berean berezitua bainan jarraitzaile gutiagorekin. Erran behar da kausa desesperatuak ez direla eskas Mexikon. Hasteko, Mexico-ko San Hipolito elizan, Hidalgo metroaren parean, San Judas Tadeoko badu bere besta haundia urriaren 28an, bainan hilabete bakotxaren 28an markatzen dute ere. Maiatzaren 28a Mendekoste igandean gertaturik, harat hurbildu ginen. Kanpoan, tenploko saltzaileak. Izari eta prezio guzietako San Judas-en itxurak salgai.

8_Mexiko11.jpg
San Judas Tadeoren irudiak salgai, San Hipólito eliza, 2023ko maiatzaren 28a, Ciudad de México (arg.: X. Itzaina)

Meza mezaren gainetik, igande hartan hamalau segidan (kondatu ditut). Gu arratsaldeko lauetakoa segitu ginuen. Alkirik ez, denak xutik. Itxura guzien arabera, hiriko jende xehea. Bakotxa beren saindua besotan. Batzuk eliza belauniko trebesatzen, Fatiman bezala. Bertze bat otoitzean moltsa besoen puntan irekirik. Meza ondarrean apezak luzaz ur benedikatua botatzen itxuren gainerat. Eta sentsu bakar bat elizatik ateratzeko jendetzearen gatik. Kausa desesperatuen geroa segurtatua da.

Trinitatez, Culhuacan-en

Bi hitzez aipa dezadan bururatzeko Trinitate igandez sar-atera egin ginuela Culhuacan auzoan, Ciudad de Mexicoko hego-ekialdean. Han zortzi auzoek elgarrekin markatzen dute besta, eta lau saindu elgarri juntatzen: San Juan, Maria Madalena, Santa Ana eta San Francisco. Bertzalde San Franciscotik ekartzen dute Galbarioko Kristo bat, bere kutxan etzanik. Elizaz tronpaturik, sainduen ibilaldia huts egin ginuen, bainan meza harrapatu. Prediku denboran, apezak Jondonibane edo San Juan, Jesusek gehienik maite zuen dizipuluaz ari zela eta, emazte batek oihukatu zion beren kartierreko zaindaria bertze San Juan zela, Bautixta. Profesional haundi bat bezala predikaria egokitu zen eta aintzina segitu zuen. Lankide batek kondatu zautan Mexicoko bertze auzo batean biztanleek apeza herritik bota zutela besten antolaketa aldatu nahi izan zuelakotz. Holakorik ez Culhuacan-en, bainan jendea erne eta beren erro eta erritoer atxikia. Ikusiz bertzalde Culhuacan Iztapalapa-ko alcaldia-n dagoela, erran nahi bata ez baitezpada Mexikoko auzo fidagarrienean, mezatik landa fitexko eskapatu ginen, nahiz eta jendea izagarri gixakoa izan gurekin. Frantsesak diona, bihoztoi bainan ez ausart.

9_Mexiko11.jpg
Zortzi auzo eta lau sainduen meza Culhuacan-en Trinitatez, Ciudad de México (arg. X. Itzaina)

Xabier Itzaina

 

Erreferentziak

Breton A. eta A. Monod-Becquelin (2020), La guerre rouge ou une politique maya du sacré. Un carnaval tzeltal au Chiapas, Paris, CNRS Editions.

Maurer E. (1983), Los Tseltales ¿Paganos o cristianos? Su religion ¿Sincretismo o síntesis?, Mexico DF, Centro de Estudios Educativos.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina