Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua

Dokumentuaren akzioak

Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua

2023/09/25 07:50
Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua

Quetzal-ak prozesioan xirulariarekin, Tuzamapan de Galeana, 2023ko agorrilaren 6a.

Agorrila hastapenean behar izan nuen laneko joan Pueblako Sierra Nororiental-ean dagoen Cuetzalan-erat. Han elgarretaratuak daude Tosepan batasunaren baitan hunenbertze kooperatiba, zoinek nahua eta totonaco leinuetako 40,000 familia beino gehiago juntatzen dituzten. Esperientzia aberats hortaz balaike ainitz kondatzeko, bainan batetik ez da hemengo solasa eta bigarrenik badira xoko hori nik beino aise gehiago kurritua dutena, euskaldun zonbeit barne! Arrasateko Lanki, Emun eta Garabideko kideak han gaindi ibiliak omen dira bai kooperatibismo bai hizkuntza gaiak lankidetzan barnatzeko. Hots, Euskalduna etzaie batere arrotz gain horietan. Mundu ttipi bat.

Betiere, kooperatibekilako lana astelehenean hastekotan zenez, aintzineko larunbatetik etorria nintzan Ciudad de Méxicotik – zazpi orentto autobusez, halere -, igandean besta zerbeiten harrapatzeko tirriarekin. Banakien, Nicolas Ellison lankide antropologoak erranik, sasoin hortan zirela ospatzen Huehuetlako bestak. Totonaco herri hori Cuetzalan-etik oren bat t’erditara kokatua dago eta dantza ziklo interesgarriak zaindu dituzte (Ellison, 2007). Bainan bestaren egunaz ez nintzan arras fida eta Tosepan-ak duen hotel (kooperatibo)-ean gomendatu zautaten Tuzamapan de Galeana-rat joaitea. Han patroiaren bestak zirela eta dantzariak aterako zirela.

Aintzina beraz. Hiru autobus, taxi kolektibo eta oren pare bat berantago, han nintzen berme eta xut Tuzamapan-eko plazan. Gobernu federalaren arabera, Tuzamapan de Galeanak 5924 biztanle dauzka. Horietarik %46,6eko hizkuntza indigeno bat bederen mintzo dute (1751ek náhuatl -aeta 1006ek tutunaku edo totonaco-a). Kafe bat hartu nuen karrikan. Egun aterako ote zena prozesioa, bere dantzariekin? Baietz. Oraindikan maiordomoaren etxean zirela bainan gero elizatik abiatuko zirela hamarrak irian. Ederki.

Tuzamapan de Galeanako eliza
Tuzamapan de Galeanako eliza dorrea, 2023ko agorrilaren 6a (arg. X. Itzaina)

Eliz’aintzineko plazarat joan nintzan, eta ordukotz lanean hasia zen lehen dantzari talde bat. Quetzal dantzariak ziren, beren buruko apaindura harrigarriarekin. Batzuk diote dantzak quetzal xoriaren sinoak dituela eskarniatzen, bertze batzuek dantza izen bera duen herri batetik datorrela, bertzek denbora batez quetzal-aren lumak erabiltzen zirela burukoaren egiteko. Hasteko, dantzariak izigarri ederki ari ziren. Figura desberdinak egiten zituzten eta urratsak xeheki pikatzen zeinatze mota batzu eginez. Hiru xiloetako xirula eta tanboril joile batek laguntzen zituen. Ikerle batek (D’Harcourt 1958) zion flauta eta larruzko atabal luzeak indioen artean aspaldian erabiltzen baziren ere, hiru xiloetako xirula eta tanborila aldiz espainolek ekarriak zitaizkela. Baditaike, bainan barnatu beharreko gaia. Hots, mikro eta altaboz batekin mintzo zen komentarista baten solasak musika pixka bat estalirik ere, xirularen doinu ozen eta garbiak untsa hautemaiten ziren halere. Eta komentaristak emaiten zituen dantza eta bestari buruzko xehetasun interesgarri zonbeit, orroitaraziz egun hartan Padre Jesús de las tres caidas zela ohoratzen, eta beilari ainitzek urak hartzen zituztela besta denboran herriko iturri berezian.

Quetzal dantzari bat Tuzamapan de Galeana
Quetzal dantzari bat Tuzamapan de Galeanako eliza bestan, 2023ko agorrilaren 6a (arg. X. Itzaina)

Bigarren multxo bat agertu zen eliz’aintzineko plazarat eta dantzan hasi. Negritos talde bat zen, pixka bat Papantlako Korpus-ean ikusi ginintuen parekoak. Zortzi gizon eta neska bat, naski maringuilla deitzen dutena, handik hurbil dagoen Tetelako ihauterietako konpartsetan bezala. Esku batean kriskitinak bazeramazten, eta kolorezko lumekilako kapelu haundi batzu. Talde buruak erran zautan Veracruz-eko auzo estadoan dagoen Coxquihui herritik bazatozela. Laugarren aldikotz segidan gomitatuak zituzten Tuzamapan-etik. Negritos taldea orain duela hamalau urte apailatu zuten Coxquihuin. Gitarra eta arrabitaren soinuz ari ziren dantzan. Cuetzalan-eko museoan berriz ikusi nuen dantzaren azalpena. Diotenez, 1550 inguruko gertakizun bat du dantza horrek kondatzen. Veracruz-eko azukre etxalde haundi batean, Afrikatik jinikako emazte esklabo edo maringuilla baten semea suge batek ausiki omen zuen. Delako ama eta bertze esklaboak dantzan hasi ziren haurraren salbatzeko. Ondoan zituzten Totonaco indioek dantza hori ikasi omen zuten eta gaur arte beiratu. Untsalaz dantzan badira 12 negritos, maringuilla bat (lehen emaztez beztitua zen mutiko bat, Tuzamapan-en aldiz neska bat zen) eta 3 huehue edo alegiazko xahar maskatu (horiek ez ginintuen hauteman Tuzamapan-en). Untsalaz maringuilla-k eskuan baderama zurezko suge bat, delako ixtorioaren seinale.

Coxquihui-ko Negritos-en dantza
Coxquihui-ko Negritos-en dantza, Tuzamapan de Galeanako eliza bestan, 2023ko agorrilaren 6a (arg . X. Itzaina)

Bi taldeak baratu gabe dantzan ari zirelarik, eliza gaineko karrikan agertu zen bertze komunitate bat, beren saindu, musika eta dantzariekin. Kasu hartan toreadores talde bat zen. Pixka bat mariachi-ak bezala beltzez beztituak ziren dantzariak, beren sombrero zabalarekin, izari desberdinateko gitarra eta arrabitak lagundurik. Dantzarietarik batek kartoinezko zezen bat bazeraman airez-aire. Beren dantza izaitekotz zapateado mota bat zen, figura desberdinekin. Laguntzen zituen musika airosak egia erran Frantzia erdialdeko Limousin edo Périgord-eko doinuak orroitarazten zituen. Kurutzaketa zerbeit hor ere menturaz.

Toreador dantzariak, Tuzamapan de Galaeana
Toreador dantzariak, Tuzamapan de Galaeanako eliza besta, 2023ko agorrilaren 6a (arg. X. Itzaina)

Goizeko hamarretan nunbeitan atera zen elizatik prozesioa, ordenu huntan : Quetzal dantzariak, Negritos dantzariak, Asociación Guadalapana de Tuzamapan-eko estandartea, ezagutu ez dutan saindu baten itxura, Peregrinación al santuario de la Virgen de Juquila estandartea, Tetelilla de Miguel Islas-etik jinikako San Judas Tadeo-ren estandartea (hemen jada aipatua dugun kausa desesperatuan patroina); bertze hiru saindu, lore eta intsensuarekin; ama birjina beltz bat, xuriz beztituak ziren neskek inguraturik. Delako komentaristak prozesioa segitzen zuen, altaboza eskorgetan kargaturik.

Ama Birjina ta laguntzaileak Tuzamapan de Galeana
Ama Birjina eta bere laguntzaileak, Tuzamapan de Galeanako eliza besta (arg. X. Itzaina)

Ondotik heldu zen bertze saindu ttipi bat bere etxolan, lau gizonek karreaturik ; Jesus kurutzeduna, aintzinean zituela hemen gaindi naski cera deitzen dituzten apaindura haundi batzu. Artetik atera zuten baita ere Asociación Sagrado Corazón de Jesús-en estandartea. Prozesioak bi orenez egin zuen herriaren itzuli eder bezain luzea, elizatik elizarat, sekula bere urratsetarik berriz iragan gabe. Bero sapa eta umi batean. Adineko jende batzu untutsik kurri. Berriz ere naukan, Papantla edo Teotitlan-en bezala, dantzarien indarra eta kemena, ez erraiteko pairamena, beren eskaintzaren parte zela.

Quetzalen dantza prozesio denboran, Tuzamapan de Galeanako eliza besta, 2023ko agorrilaren 6a (bideoa: X. Itzaina)

Beren lana etzen, gainerat, prozesio undarrean gelditu. Atsaldeko oren batean, hain xuxen iguzkiak gehienik jotzen zuelarik, hiru dantzari taldeak berriz hasi ziren lanean eliz’aintzineko plazan, meza nagusi denboran. Bata bertzeen soinu, jauntzi eta urrats artexen preziatzeko suertea izan ginuen berriz.

Quetzal-en dantza prozesiotik landa, Tuzamapan de Galeana, 2023ko agorrilaren 6a (bideoa: X. Itzaina)

Negritos-en dantza, Tuzamapan de Galeanako eliza besta, 2023ko agorrilaren 6a (bideoa: X. Itzaina)

Quetzal-en xirularia
Quetzal-en xirularia (arg. X. Itzaina)

El Cristo de las tres caidas
El Cristo de las tres caidas, urteko maiordomoek karreatzen, Tuzamapan de Galeana, 2023ko agorrilaren 6a (arg. X. Itzaina)

Quetzal-ak prozesioan
Quetzal-ak prozesioan (arg. X. Itzaina)

Tuzamapan-eko lagunak hortan utzi nintuen, Cuetzalan-era gibelerat joaitea bertze espedizio ttipi bat izanki.

Maskarada eta Pastorala Sierran. San Miguelak eta Pilatusak Chilcuauhtlan

Ez ustean, ene gibelerateko bidaia etzen sobera gaizki iragan, nahiz eta azken partean untsalaz hogoi leku zauzkan camion edo autobus ttipi batean berrogoi ginen – kondatu dut. Ene balentria entzun eta, hoteleko langileak erran zautan handik hurbil bazela bertze besta bat, eta hain segur etzela oraindik bururatua. Akiduraren gatik dudan egon nintzen bainan azkenean itxuli baten egitea deliberatu nuen. Etzitzautan dolutuko.

Oinez abiatu nintzan San Miguel Tzinacapan-eko bidea harturik, eta hoteletik hogoi bat minutura hauteman nintuen usaiako bestetako apaindurak, paper pikatu eta bertze. Chilcuauhta deitzen den komunitate batean nintzen, nun 391 biztanleetarik %92a indigenoak diren. Astiria izanki, bestaren lehen ondorio teknikoak hauteman nintuen, erran dena arras xuxen kurri ez ziren gizon zonbeit.

Kartierraren erdian bazen kapera xume bezain lorios bat, eta haren aintzineko plazatxoaren ingurinan jendea jarririk zagoen, goxoan. Eta, ze sorpresa, bi dantza ari ziren betan lanean, bata plazatxoan eta bertzea kaperan. Bezperan Cuetzalan-eko museo ttipia bisitaturik, iduritu zitzautan kanpokoa Santiago-en dantza zela, eta barnekoa Migueles-ena.

Kanpoan dantzan, edo hobeki erran, alegiazko borroka batean ari ziren beztitu batzu. Alde batetik, Santiago bera, zamaltzain bat bezala bere zurezko zaldi ttipiarekin, xapel eta galtza apainduak, ezpata eskuan. Bere laguntzaile gazteak bazituen, ezpatadunak baita ere. Parekoak gorri eta urdinez beztitu bortz mutiko, maskatuak eta zurezko ezpatekin. Xiberuko maskadetako buhamien parekoak. Gorri horiek Pilatos-ak deitzen omen dituzte, eta batto beren erregetzat daukate.

Santiago eta Pilatos-ak
Santiago eta Pilatos-ak, Chilcuauhtla, 2023ko agorrilaren 6a (arg. X. Itzaina)

Inpresio bikoitza emaiten zuen jokoak. Alde batetik, Moro eta Kristauen joko-antzerkiaren bertze bariante bat eta bertzaldetik arrunt Xiberuko beltzeriaren sinoak. Mementu batean, Pilatos-ek jauzi batean metatzen ziren lurrean, gure buhame eta kauteren gisarat, eta beren plazaren kurritzeko manerak, ezpata dilindan, Pitxu eta bere lagunek plazaren okupatzeko duten moldea orroitarazten zuen. Sei xiloetako xirulak eta larruzko atabalak laguntzen zituzten.

Santiagoen dantzaren joko bat, Chilcuauhtla, 2023ko agorrilaren 6a (bideoa: X. Itzaina)

Barnean aldiz, dantzari gaztetxoak San Miguel arkaingerua bezala beztituak ziren, ezpata eta kurutzea eskuan, kaska buruan eta hegalak bizkarrean. Bi neskatxa bazituzten taldearen erdian, xuri eta urdinez bezti. Dantzan ari ziren arras polliki, aintzina, gibelka, itzulika, kaperaren barnean eta atarian. Gitarra eta arrabitak laguntzen zituzten. Kaperaren atarian, ene sahetsean banuen debru baten eite zuen beztitu bat, maska ilun beldurgarri batekin.

Migueles-en dantza kaperan, Chilcuauhtla, 2023ko agorrilaren 6a (bideoa: X. Itzaina)

Iluntxean, plaza izkina batetik sartu zen bertze dantzari talde bat, beren flauta eta atabalarekin. Urrats indartsu batekin sartu ziren, kuxkula ozenak gerrian eta banderak mugituz entseñari batzuen gisarat. Artean Pilatosen erregeak hilarena egiten zuen. Lurrean etzanik zirauen iratze edo belar zama batzuen gainean, lore eta xirioekin. Inguruan zaukan dolua. Maskarada, pastorala, doktrina ortodoxo eta heterodoxoak, mitoak, kolonizatzaile eta indioen soinu, dantza eta sinoak, denak betan. Eta etziren gelditzekotan. Ilun nabarra izanki, noizpait hortan utzi nintuen Chilcuauhtlan-ekoak eta oinez ahal bezala bildu nere egongirat, ilargia bide lagun.

Pilatosen erregea hil zorian
Pilatosen erregea hil zorian (arg. X. Itzaina)

Cuetzalan-eko museoan ukan nintuen dantza horier buruzko xehetasun zonbeit. Erran dena, Danza de los Migueles delakoa Moros y cristianos eta danzas de conquistas-en bariante bat da. Indioak iduriz San Miguel-en itxurari identifikatu ziren, bere soldado eta lumekin. Eskualde hortan, dantza oroz gainetik San Miguel Tzinacanpan eta Cuetzalan-eko eliza bestetan da emaiten. Parte hartzen dute hiru erreginek, debru pare batek, 10 eta 19 arteko Migueles dantzariek. Hauteman nuen bezala, untsalaz ainitz haur badira dantzarietan. Diote arimaren garbitasunaren gatik haurrak dituztela aingeruz beztitzen, pertsonai nagusia Jondoni Mikele bera delarik. Migueles-ak bi lerrotan jartzen dira, eta erdian hiru erreginak. Behazaleen artean dagoen debruak noizpait mehatxatzen du San Miguel eta borroka hasten dira, Ongiak irabazi arte alabainan. Aingeru eta erreginek Jondoni Mikele geritzatzen dute beren mugimenduekin. Dantza zikloa izigarri luzea da – nunbeit irakurri dut, bainan hala ote den zinez behar behar litaike, batzutan egun bat beino gehiago iraun dezakela - , bainan dantzariek behar dute osorik eman, dantzaren mozteak komunitateari demendreneko kalteak ekar lezazkelakotz.

Migueles dantzari gazteak
Migueles dantzari gazteak, Chilcuauhtla, 2023ko agorrilaren 6a (arg: X. Itzaina)

Santiago-en dantza aldiz Espainiako arrakonkistaren mito klasikoan oinarritzen da, nun Santiago apostolua agertu omen zen moroen kontrako gudukan, zaldi xuri baten gainean, kapa xuri eta kurutze gorri batekin. Bere geziekin moroak haizatu omen zituen. Erdi Arotik geroz Espainian emaiten zuten dantza hori Mexikora ekarri zuten konkistadorek. Indioek berenganatu zituzten Santiago-en dantzak, berek ere hunenbertze gerlari dantza izanki. Dantza osatzen dute Santiago-en armadak, Santiago apostoluak, Cain batek, moro edo Pilatos-ek, beren erregearekin. Erran dena, Santiagok baderama zurezko zalditxo bat, kapa, ezpata eta kurutzea. Santiagoek badituzte zernahi xilintxa eta joare gerrian, eta maska bat aurpegian. Ekartzen dituzte beren gradu militarraren araberako hunenbertze seinale: estandarte bat, iguzki bat, bilo-ordea, bizarra, xapel beltz bat edo paperrezko lorekin apaindutako buruko bat. Cain egiten duen haurrak galtza gorriak dauzka, xapel bat zazpi koloretako xingolez apaindua, kurutze bat. Pilatosek baderamate zurezko ezpata bana maska xuri eta gorri bizardunak, baita xapel perladuna. Pilato erregea berexten da xapelan dituen miraila eta perlekin. Eskualdea sakonki ezagutzen duten ikerle batzuek (Beaucage et al. 2017) diote dantza aurrehispanikoek gizakiak kosmogoniarekin daukan harremana antzezten badute, kolonia garaieko dantzek aldiz Ongia eta Gaizkiaren arteko lehia dutela erakusten. Chilcuauhtlan hala zen, dudarik gabe.

Santiago dantzariak Chilcuauhtlako kaperan
Santiago dantzariak Chilcuauhtlako kaperan, 2023ko agorrilaren 6a (arg: X. Itzaina)

Ondoko egunetan elkarrizketatu nuen delako hotel kooperatiboaren arduradun bat. Solasean aipatzen ginuelarik kooperatibak ze turismo mota bultzatu nahi zuen eta tokiko kulturarekin ze harreman zuen, herrietako besten adibidea eman zautan. “No vendemos la fiesta, la compartimos” erranez. Gogoetatzekoa den erranaldi bat naski, Mexikotik urrun ere. Mila galdera buruan partitu nintzan berriz Ciudad de Mexicora buruz, behin Cuetzalan-eko hegalarien zuhaitzari azken agurrak bihurtu eta.

Cuetzalan-eko voladores-en zuhaitza
Cuetzalan-eko voladores-en zuhaitza, 2023ko agorrila (arg. X. Itzaina)

Azken predikua

Kontakizun hunekin bururatzen dut Mexikon urtean zehar bizi izan ditugun ospakizunen kronika hau. Agian irakurle zonbeit interesatu ditu. Oxala gehiago gelditu bagine, izanen ziren bertze hainbertze ikusteko... Bertzeak bertze, Morelos eta Mexico-ko estadoetan badute Los doce pares de Francia deitu herri antzerki bat, Karlomagno, Roland eta gaineratekoekin, hots Xiberoko pastoralaren eta Toscanako Canto di Maggio-ren ekei ber-bera. Aipatu gabe batere kurritu ez ditugun Mexiko iparraldeko ohidurak, Taharamura indioen Aste saindu sinkretikotik hasita. Gauden eskutan dugunarekin. Daukat kanpoko azturen ezagutzeak gurearen hobeki ulertzeko molde bat dela. Bertzea beti ispilu. Agian izanen ditugu bertze parada batzu hango eta hemengo dantza, soinu, jauntzi, uste eta sinesmenenak elgarri konparatzeko. Kultura desberdinak elgar lot diten soka dantza unibertsal batean.

Historia de las Indias de Nueva España
Diego Durán fraile dominikarraren Historia de las Indias de Nueva España e Islas de Tierra Firme (Códice Durán – 1581, lehen aldikotz argitaraua 1867 eta 1880an)

Iturria: Pueblos originarios, escritura y simbología https://pueblosoriginarios.com/meso/valle/azteca/codices/duran/duran.html

 

Erreferentziak

Beaucage P., L. Durán Olguín, I. Revadeneyra Pasquel, C. Marina Olvera Ramírez (2017), “La fête et la lutte: religion et mouvements autochtones dans la Sierra Noriental de Puebla (Mexique)”, Anthropologica, 59(2), p. 267-280.

D’Harcourt R. (1958), « Le flûtiste tambourinaire en Amérique », Journal de la société des américanistes.

Ellison N. (2007), “Symbolisme sylvestre et rapports d’altérité dans une danse rituelle totonaque”, Fondation Fyssens Annales n°22.

Dokumentuaren akzioak

2023/09/26 08:46
Mila esker Xabier, bai azken kronika eder honengatik, bai Mexicotik urte osoz eskainitako kronika sorta harrigarriarengatik. Ez nintzen konziente zenbat giza-talde, kultura, hizkuntza eta errito dagoen Mexicon "konkistadoreen" kultura eta hizkuntzaren kerizpean dirautenak. Ez eta zer nolako errito eta ohitura berezi, eta aldi berean Europakookin antzekotasunak dituztenak, ospatzen dituzten.

"Daukat kanpoko azturen ezagutzeak gurearen hobeki ulertzeko molde bat dela. Bertzea beti ispilu." idatzi duzu azken ahapaldian, eta bai, niretzat ere hala balio du, munduaren beste puntara begiratuta ere beti gurea ageri da espiluan.

Zinez mundu ezezaguna gure kultura globalizatu eta homogeneotik aparte irauten duena. Poz handia da hori, eta arrangura ere aldi berean, gure kultura globalizazio deritzon, baina kolonizazio kultura den horretan zer nolako abiaduran murgiltzen eta diluitzen ari den ikusita. Kultura isolatu horien kemena ere miresgarri zait: "ez dugu festa saltzen, partekatu egiten dugu". Biba zuek. Eta Esker mila zuri Xabier, hain urrun joan eta zure jakinmin nekaezinarekin espilu harrigarria atontzen hartutako lanengatik.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina