Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate

Dokumentuaren akzioak

Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate

2023/02/22 07:00
Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate

Posadak kantatzen Santa Maria la Ribera auzoan, Ciudad de México (arg.: F. Lastere)

Bestak betidanik izan ditu bi xede. Alde batetik, idekidura une bat da. Kanpotiarrak gomitatzen dira, joan-jin eta sar-atera ainitz bada, familia barreatuak elgarretaratzen dira. Ber-denboran, auzo, herri edo hiriaren nortasunaren arra-bermatzeko aukera da besta. Bainan mugak nun diren orroitaraziz erritualen bidez. Beha Ituren eta Zubietaren arteko harreman (hartu/eman) erritualizatu ezaguna. Bestaren funtzio unibertsal hori indartsua da oraindik Mexikon, hiri nagusitik hasita. Aldi huntan, larrazkeneko errito eta usaia xume zonbeit nahi nintuzke aipatu, bainan beren funtsezko erranahi sozialak azpimarratuz.

San Lucas auzoko patroiaren besta, Coyoacán

Ez da beti aise delako erritualen aurkitzea. Joan den urriaren 22an hurbildu nintzan San Lucas Churubusco deitu Coyoacán-eko auzorat. Patroi sainduaren besta 18an izanki, pentsatzen nuen aste ondarrean ospakizun zerbeit bazuketela. Larunbat arratsaldean lauetako hurbildu nintzan kaperarat. Lau gatu zauden plazan. Deusik etzen, salbu sono baten konpontzen ari ziren bi tipo, itxura guzien arabera elkorrak ikusiz soinuaren bolumena.

Kaperan estilo kolonialekoa da, barnetik 1970 urteetako elizen modura arraberritua. Hamar bat saindu – kausa desesperatuentzat otoizten duten San Judas Tadeo barne - eta San Lucas-en aldare loratua. Eliza borta eta sahetseko kaperako ateak ere loreztatuak zituzten. Eta barnean, usaiako tapete de aserrín edo lorez eta legarrez eginikako tapiza, aldareraino, eskaini duen familiaren izenarekin. Bestaren egitarauan ekarria da egun bakotx zoin familiak duen besta eskaintzen. Kanpoan, hogoi bat mutiko eta neskek osatu dantza talde bat hurbildu zen. Coyoacán-eko bertze auzo bat den Candelariatik etorriak ziren, eta delako sonoaren soinuz ihauterietakoak omen diren dantza batzu eman zituzten. Country kutsu bat zuten joan-jin batzu funtsean, frango airosak. Hasteko, auzoen arteko gomita zerbeiten lekuko zen beren emanaldia.

01 Coyoacan
Candelariako dantzariak San Lucas-en, Coyoacán, 2022ko urria (arg.: X. Itzaina)

Seietan hasi beharrak, sei t’erditan ttanko agertu ziren musika bandakoak, San Jeronimo Amanalcotik etorriak. Betaurrekoak jauntziak bezain ilun. Ez niezoke nere moltsa utziko. Kaperan eman zituzten Las Mañanitas eta bertze bizpahiru doinu. Etzen apezik, ez hitz-hartzerik, errituala herritarren eta soinularien esku zen. Sainduaren itxura karriketan eremaiteko zurezko muntadurak ateraiak zituzten, bainan saindurik ez ageri. Noizpait soinulariak abiatu ziren karriketan barna. Herritar batek erran zautan karrika itzulian soinulariek biltzen zituztela herritarrek sainduari egin eskaintzak, gibeleratekoan elizan uzteko. Biharamun arratsaldean aterako zela saindua, lauetan. Biharamunean, han nintzen lauetan ttanko, bainan karrikak hutsak ziren. Salbu betiko dantza “Azteca” edo conchera, hori bai, bainan sainduaren itzalik ez. Gero konprenitu nuen asteartean, bere egunean, zutela San Lucas aireztatu bere karriketan barna.

Guadaluperen bederatziorrena Tepoztlán-en

Auzoen arteko elgar-truke errituala argiago ikusi ginuen zonbeit aste berantago, abendoaren 3an Tepoztlán-en. Morelos Estadoko herri eder hortan ginauden laneko mintegi batentzat, eta baliatu ginen aste ondarra han iragaiteko. Frango xuta den Cerro del Tepozteco kaskora igan ginen, han dagoen tenplo pre-hispanikotik bixtaren gozatzeko. Handik jeustean, arratsalde apalean hauteman ginuen prozesio ttipi bat, Santissima Trinidad deitu eliza ttipitik ateratzen. “Barrio de la Santissima Trinidad” estandartea zerabiltzaten, Guadalupe-ko Ama Birjinaren irudiarekin. Andere batek indio moduko kalitza zerabilan bere intsensuarekin, denik ere sei-zazpi lagunek lagundurik. Karrika puntan beha zagotzin bertze kartier batetako (San Miguel Arcangel) ordezkariak. Hiruzpalau lagun, beren estandarte-arekin. Trinidadeko maiordomoak floka bat lotu zuen bertze kartierreko estandartearen puntan, eta bi ikurrek elgar agurtu zuten, besarkatzen balire bezala. Hor zagon baita ere Santo Domingo Ocotitlan-go auzo batetako bandera.

02 Tepoztlan
Auzoetako sainduak elgarri pottaka, Tepoztlan, 2022ko abendoaren 3a (arg. X. Itzaina)

Denak elgarrekin abiatu ziren berriz hastapeneko eliza edo kapera hartarat. Apezik gabeko zeremonia labur bat iragan zen. Guadalupe-ko Ama Birjinaren bestaren bederatziorreneko (novena) zeremonietarik bat zen. Mexikoko patroinaren besta abendoaren 12an da, eta aintzineko bederatzi egun bakotx errosarioa errepikatzen dute. Zeremoniaren itzain bi emazte. Ama birjinaren mixterioak irakurtzen zituzten, artetik errosarioa erranez. Kantu bakar zonbeitekin. Elizaren sahetsetan baziren hunenbertze saindu, eta bereziki zamaltzain baten egite zuen Kristo zaldizko harrigarri bat. Zeremoniatik lekora, gomitatzen gintuzten Eliza ondoan eskainia zen otordurat. Zernahi jende han zagotzin, beha. Kartierreko maiordomiak jatera eta edatera eman zuen ausarki dener. Giro ixil eta baketsu batean. Andere batek kondatu zautan maiordomiak novena-ren arrats bakotx eskaintzen zuela otordu hori, eta bertze auzoetako maiordomiak ere gomitatuak zirela. Eta aldizka bertzen kartierren aldi zelarik. Ihauteriak ere ederrak omen zirela Tepoztlán-en. Ciudad de Mexicon maiz ikusi ginintuen chinelo dantzariak jatorriz Tepoztlán-ekoak omen zirela.

03 Tepoztlan
Tepoztlán, chinelo dantzarien ohantze (arg. X. Itzaina)

Aipatu zautan baita ere buruilaren 7 eta 8an herri hortan ospatzen den bertze ospakizun bat, El reto al Tepozteco deitua, zointan Tepoztécatl, tokiko mexica gobernadorearen konbertsioa berriz antzezten duten náhuatl hizkuntzan. Diotenez, besta horrek “Tepehihuitl” edo “mendi lumadunaren” ospakizun aurre-hispanikoarekin baluke lotura zerbeit. Gero ikusi nuen Reto-aren usaia hori iduriz 1850 inguruan hasia zutela.

04 Tepoztlan
Buruileko Ama birjinaren sortzearen bestako pertsonaietarik bat, Tepoztlan, (Tepoztlaneko museoa, arg. X. Itzaina)

Guadaluperen eguna San Lucas-en, Coyoacán

Auzoen arteko harreman erritualizatu hori berriz aurkitu behar ginuen Ciudad de Méxicon, Guadalupe egunean hain xuxen, eta berriz ere San Lucas Churubusco auzoan. Egun hortan hiriaren iparraldean kokatua dagoen Guadalupeko santutegira hurbiltzen dira jendeak trumilka. 2022ko abendoaren 12an, 12 miliun bat erromes kondatu omen zituzten. Otoz, oinez, zaldiz, bizikletaz. Plazan berean lo eginez. Mexiko guzitik jinak, Amerika Zentraletik bai eta Hego Amerikatik. Batzuk aste osoa oinez pasatzen dute. Mendiz-mendi. Adixkide batzuek erran zaukuten Mexikoko erdigunea egun hartan tapatua zela, Basilikara ezin zela hurbildu eta segurtasun arazoak bazirela. Doi bat herabeturik, erabaki ginuen delako miliunak beren gisa uztea eta ordainez auzo “ttipi” (dena erlatiboa da) hartako ospakizun xumearen segitzea.

Behin San Lucas-en sartu eta, ulertu ginuen hemen ere besta aintzineko bederetzi egun bakotx familia desberdin batek eskaintzen zuela novenario-a. Egun nagusiaren bezperan, arratseko 20:30tan Ama Birjina ekarria zuten bere tokirat, eta familia berezi batek eskaini korona jarri zioten. Gu Guadalupe egunean eguerdi irian hurbildu ginen. Auzoko kaperara buruz bagindoalarik, San Miguel karrikan, garaja ate batetik ikusi ginuen barneko korralean zerbeiten prestatzen ari zirela. Biziki egongi xume baten sahetsean han zagotzin Ama Birjina eta Diegoren – Birjina ikusi zuen indioa - itxurak, abiatzeko prest, eta berrogoi bat kadira prozesio ondoko mezaren menturan jarriak. Egun hartan etzen deus auzoko kaperan iraganen beraz. Hor zagoen San Lucas-eko maiordomoa eta haren emaztearekin mintzatu ginen. Erran zaukuten besta hau etzela auzoko maiordomiak antolatua baizik eta etxe hartako familiak osatzen duen Comunidad de la Guadalupe kofradiak. Familiak zuela bestaren ardura, eta auzoko maiordomoak hor zirela gomita bezala.

Ahatik, urrian ikusi ginintuen auzoko bestak maiordomiaren – hirugarren belaunaldikoak ziren mintzatu ginintuenak – bizkar dira. Larunbat arratsaldean etortzen diren musikarietaz behar dute arduratu. Soinulariek auzoan egiten duten eskea “ate irekiaren” prinzipioaren arabera antolatzen da: nahi duenak atea ireki eta soinularier otordu eta/edo diru zerbeit eman. Afaria bera maiordomiaren kondu da eta kartierrean egin eskearekin pagatzen da. Biharamunean, gauza bera mariachi-rekin. Maiordomoaren emazteak prestatzen deie askaria. San Miguelez ere maiordomiak besta zerbeit antolatzen du.

Betiere, Guadaluperen egun hartan, noizpait mutiko eta neska gazte batzuk sainduak bizkarrean harturik denak abiatu ginen San Miguel karrika luzean barna. Ama Birjina Guadalupe komunitateko lau gazteek zerabilaten, San Lucas aldiz maiordomoak eta bertze bi lagunek. Ez ginen hamar. Otoak bazterretik firurikan, Ciudad de México-ko anarkia antolatuan. Noizpait iritsi ginen etorbide zabal batetara, eta han beha zagotzin bi irudi: bata San Sebastian-ena, bere gezi eta zauriekin, eta bertzea, ttipi-ttipia, San Juanita de los Lagos. San Sebastian Axotla auzotik ekarria zuten. Pixkanaka-pixkanak sainduak handik eta hemendik atera ziren.

05 Coyoacan
Guadalupeko Birjina eta Diego, beren bidean (San Lucas, Coyoacán, 2022ko abendoaren 12a, arg.: X. Itzaina)

Untsalaz eta egitarauaren arabera, Guadalupe-ko Amari juntatu beharrak ziren “irudi gomitatu” (“imágenes invitadas”) hauek: San Sebastián Xoco (etzen hor), San Sebastián Axotla (hor zen), Santiago de Santa Cruz Atoyac (etzen hor), San Miguel Arcángel de la Colonia Santo Domingo (hor zen), San Lucas (hor zen) y la Virgen de San Juan (hor zen). Elgar agurtu zuten auzo desberdinetako sainduen ekarleek. Han egon ginen goxoan, kalakan, bulta batez, Santo Domingoko Jondoni Mikele agertu arte.

Denak hor izanki, Guadalupe-ren komunitatearen famili buruak hitza hartu zuen. Ongi-etorriak desiratu zituen irudi gomitatuer, desiratuz gibeleratekoan ere geriza bera izan zezaten. Hots, ongi etorri kanpotiarrer, bainan behin erritoa bete eta, bakotxa bere etxerat. Herri erlijioa eta mugen markatzea. Prozesio xumea berriz abiatu zen bertzaldera, sono mugikor batek ixurtzen zituen paso doble-en soinuz. San Miguel karrika berriz kurritu ginuen bertzaldera, delako hastapeneko korraleraino. Harata, fraile frantxixkano gazte bat arribatu zen, irudiak benedikatu zituen lore hori umi batekin. Famili buruak berriz ere eskertu zituen denak, Santissima-ren geriza goraipatu eta denak gomitatu sartzera, saindu bakotxa txalotuz. Fraileak meza eman zuen, berrogoi bat lagunentzat. Mezak oren erdi bat iraun zuen, dena barne (denbora batez Esnazun bezala!). Predikuan, alabainan ikusiz “merkatu erlijiosoaren” lehia zertan den Mexikon, Guziz garbi kontzebituaren dogma onartzen ez duten protestante elizak farrastatu zituen fraileak eta Guadalupeko mirakuluaren ixtorio famatua berriz kondatu. Meza denbora guzian sahetsean zuen famili burua, xutik. Irakurgaiak ere etxekoen kondu. Meza ondarrean, familiakoek partehartzale bakotxari xaku ttipi batzu eman zieten, errosario, mixterio eta bixkotxekin. Arte hortan, dozena bat miliun erromes metatuak zauden Guadalupeko santutegian.

06 Coyoacan
Guadaluperen meza, Birjinaz ardura duen familiaren korralean (San Lucas, Coyoacán, 2022ko abendoaren 12a, arg. X. Itzaina)

Atearen sinboloa. Eguberriko posada-k

Mexikarrek diote Guadalupetik Erregeetaraino doan garaia maratoi bat dela, bestaz-besta badoazilakotz. Eguberri aintzineko bederatzi egun bakotx – beti bederatziorreneko prinzipioaren arabera – markatzen dute posadas deitu errito xumearekin. Etx’aintzin bakotx, gomitak bi taldetan partitzen dira. Multxo bat bort’aintzinean datza. Galileatik Belen-erat atez-ate aterbe baten menturan doatzin Maria eta Josep irudikatzen dituzten erromesak dira. Bigarren taldea barnean dago. Borta zerratzen dute, eta koplak kantatzen dituzte aldizka kanpokoek eta barnekoek. Kanpokoak aterbe eske, bertzek lehenik ezetz, kanpokoek berriz nor diren eta zertara doatzin, barnekoek azkenean baietz. Huna emaiten diren kopleetarik bi lehenak :

Kanpokoek (“Peregrinos”)
En nombre del cielo
Pedimos posada,
Pues no puede andar
Mi esposa amada.

Barnekoek (“Anfitriones”)
Aquí no es mesón
Sigan adelante
Yo no debo abrir
No sea algún tunante.

Eta bertze kopla lerro bat, doinu bihurri bezain loriosean emaiten direnak. Barnekoek noizbait atea irekitzen dute eta bertze doinu batean “Entran, entran peregrinos, peregirnos/Reciban este rincón...” bizpahiru kopla emaiten dituzte, aldi huntan denek elgarrekin. Posadas-en usaia Konkista garaian sartu zuten Mexikon, 1587an omen Diego de San Soria fraile agustindarrak Aita Sainduaren gandik besta horren ospatzeko eskubidea behin ardietsi eta. Ondotik, piñataren jokoa haurrentzat : soka batetik dilindan ezartzen da goxokiz eta zinkikeri sukratuz betea den kartoinezko untzi bat, bere izar-adarrekin, eta haurrek delako untzia hautsi behar dute makil batekin. Jokoak badu bere kantua (“Dále, dále, dále/ No pierdas el tino ...”). Batzuk diote joko horrek Mexica-tarrek garai hartan ospatzen zuten Huitzilopochtli jinkoaren aldeko erritoekin baduela lotura zerbeit. Bere bertsio kristauan hasteko, piñatak badu bere erranahia. Bekatua irudikatzen omen du hautsi behar den kartoinezko untziak. Kolore deigarriek tentazioak dira, eta izarraren zazpi pikoak zazpi bekatu kapitalak. Makilak bekatuak huxatzen ditu. Untsalaz, haurrek begiak kukutuak dituzte, eta horrek Jainkoaren baitan izan behar den fede itsua irudikatzen omen du. Azkenik, goxokiak dira behin bekatua garraitu eta errezebitzen diren graziak. Bon, diabetesa emaiten dituzten graziak, xuxen izaiteko.

Posada-k egiten dira bai famili esparruan bai eliza-bortetan. Gure partetik, abendoaren 18an alabaren eskolako lagun baten amatxiak gomitatu gintuen Mexikoko Santa Maria la Ribera kolonian daukaten etxerat. Etxekoak eta lagunak gomitatuak zituzten, eta karrikako bertze etxe zonbeitetan gauza bera egiten zutela hauteman ginuen. Xirioak pizturik Libro de letanias-etik kantatu ginintuen delako koplak. Haurrek hiru piñater behar izan zuten lotu. Ondotik, denak sartu ginen berriz eta Mañanitas-en doinuan Eguberriko kopla batzu kantatu. Jan-edanak eskaini zauzkiguten ausarki : ponche, tamales, tortas... Asetzeko doia.

07 Coyoacan
Posadak kantatzen Santa Maria la Ribera auzoan, Ciudad de México (arg.: F. Lastere)

Biharamun arratsean, Coyoacán-eko San Mateo kaperarat izan nintzan, lagun batek erranik han ere egiten zituztela posada-k, bainan auzoko maiordomiak antolaturik. Arratsaldeko bortzak irian jendea bildua zagoen kaperan. Otoitz labur zonbeitetarik landa itzuli bat egin ginuen Maria eta Josepen irudiekin batera. Ondotik taldea bi pa-rte egin zen, batzu eliza bortan, bertzeak barnean, eta maiordomoak gidaturik, delako koplak eman ginintuen. Gero piñata auzoko haurrentzat, beti maiordomoak kudeatua. Afitxa batean agertzen zen norek zituen eskaintzen posadak eta ondotik banatzen ziren oparitxoak, egun bakotx: abendoaren 16an familia batek; 17an, frantxixkanoek; 18an, ondoko karrikako komertziantek; 19an iduriz nehorek; 20an Ballet taldeak; 21an Rafael Oliva karrikako auzoek; 22an Churubusco-ko merkatuak, 23an maiordomoek.

08 San Mateo
Posadaren ondoko piñata San Mateon, Ciudad de México, 2022ko abendoaren 19a (arg. X. Itzaina)

Axaletik beizik aipatu ez dituztan errito xume horiek badute beren funtzio soziala. Auzoen – bi sentsuetan, etxearen auzoak eta kartierrak – harremanen erregulatzeko tresna sinbolikoak dira. Eta bizirik dirautenak, hiri haundian ere. Ondoko kroniketan ikusiko dugu erritualitate horiek itxura desberdinak har ditzazketela, adibideak hartuz Ciudad de Méxicon, Oaxacan eta bertze zonbeit eskualdetan.

Xabier Itzaina

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina