Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Beñat Irigoyen Galtxetaburu

Dokumentuaren akzioak

Beñat Irigoyen Galtxetaburu

2023/03/17 08:55

Beñat Irigoyen "Galtxetaburu" (1934 Monterrey Park, 1990 Gamarte) soinulariaz eta gizonaz ainitz errana eta izkiriatua izan da. Ene partetik, arrunt gazte nintzelarik izan nuen han eta hemen Beñaten entzuteko parada, bainan ez nahi bazenbat maleruski. Aldiz, soinulari artexa duen semea entzuteko parada izan dut frangotan, eta ze gostuz! Beñat zendu eta fite Irulegiko irratiak haren musikarekin atera zuen "cassette"-a fite higatu ginuen entzutearen bortxaz Itsasun parropiak dantza jauzien errepasako uzten zaukun barne hartan. 30 urte berantago, orduko soinuek ez dute galdu beren indarra. Dantzarako gomita beti hor.

Ni ez niz musikologoa. Ez niz gai soinulari baten teknikaren aztertzeko. Ahatik, ene gorputzak eta bihotzak eraiten dautate soinulari horrek duen "cadence"-a xuxena dela. Urratsari doakiona. Dantzaren eta dantzarien serbitxuko, herri soinulariak beti hala izan behar beitu. Jotzeko manera ezagun da plazetako esperientzia, bakarrik edo lagunekin.

Soinulari onak ez dira euri ttanttak bezela zerutik erortzen. Sartzen, hazten eta huntzen dira nunbet eta giro batean. Galtxetaburu "Garaziko musikaren", kasik "eskolaren", emaitza da ere. Ramuntxo orkestraren erroak aspaldikoak ziren; La Lyre orkestra, Bentaberry aneiak, haiek ahide ziren Madalenako Otheguy "Landaburu" arrabitaren leinua, eta abar luze bat. Xiberun ez bezala, garaztar soinulari belaunaldi desberdin horiek ez ziren hortz eta haginez lotu aintzinagoko musika tresner. 1914 inguruan ordukotz xirula eta ttunttuna desagertzear zagotzin Baxenabarren, salbu hein batean Amikuzen. Arrabita eta xirribikak gehixago iraun zuen, bainan Faustin berak ere gero eta gehiago baztertzen zuen klarinetearen alde, hunek ots gehiago emaiten zuelakotz plazan, sustut bertze soinulariekin ari zelarik. Emeki-emeki klarineta, kobreak eta eskusoinua sartu ziren eta lehenagoko xirula-tanburina eta arrabitaren lekua hartu zuten. Bainan tresnaz kanbiaturik ere, soinulari hoberenek lehenagoko dantzen errepertorioa, izpiritua eta jotzeko manera zaindu zituzten. Daukak behar dela Beñat Galtxetaburu entzun Xibandiarrak akordeonarekin emaiten XIX. mendeko arrabitari eta ttunttuneroen soinuaren ideia zerbeiten izaiteko. Kadentzia, berriz ere. Aipatu gabe urratsen markatzeko zorroztasuna.

Bere soinulari ibilbidea etzen nolanahiko izan. Kalifornian sortu zen 1934an, eta familia laster hurbildu zen Gamarterat. Kompolstelako camino bazterrean kokatu den Galtxetaburua ostatua zen orduan, eta Beñatek ttipitik ikusi zituen jendeak dantzan etxean. Ama musikazalea zuen, sukaldari bezela ibiltzen zen ezteietan. Beñat hamar urtetan hasi zen soinua jotzen, osabaren etxean, Jutsi-Agerrean, aurkitu eskusoinu diatonikoarekin. Aitamek geroxago akordeon bat erosi zioten, piano teklatuekin ahatik. Akabo diatonikoarekin ikasia eta dena berriz haste! Solfeoan trebatu zen Donibanen, ahatik berak zuen ikasi eskusoinua jotzen. Hamazazpi urtetan eman zuen lehen dantzaldia Izuran. Ondotik, Aita Sagaseta orroitarazten daukun bezala, Beñat-ek ibilbide aberatsa izan zuen: Gazte taldea sortu zuen ("Viva Garazi" dizka atera zuten, Beñat gidari), gero Beni-Roberto orkestra, Colette Petoteguy eta lagunekin. Ondotik sartu zen Ramuntxo orkestra ospetsuan, Antton Piarrasteguy-ren zuzendaritzapean, hamabortz bat urtez. Bera orkestraren buru izan zen Piarrasteguyren ondotik, eta hainbat herriko besta, dantzaldi, kabalkada, tobera, eztei eta bertzetan bete zuen ofizoa. Bakarrik ere jo zezakeen, edo biranazka. Jean-Christian-i zor diot Guillaume Etchebarne tronpetalariarekin Beñatek Donazaharren 1964aan eman dantzaldi zati baten grabaketa. Loroatzekoa.

Beñat laborantxan arizan zen 1975 arte etxean, andrearekin batera. 1975an Ramuntxo orkestra gelditu zelarik uraren sindikatan sartu zen eta etxez-etxe ibili ur sari biltzen. Musikan segitu zuen aintzina 1990an zendu artino, baina ez baitezpada orkestraren sistema formalarekin. Erran behar da 1970 urte erditsutan, El Fuego bezelako talde berri batzu agertzen zirela plazetan, eta Ramuntxo pixka bat moda xaharrekoa bezala ikusia zela. Halere, Ramuntxoren soinulari ohiak, Peio Jaury, Henri Uhaldeborde, Patrick Loustau eta bertzeak, berriz ibiltzen zituen Beñatek okasione berezietan eta bereziki kabalkadetan jotzen.

Denbora hartako soinularien bi ezaugarri ez dira behar bada hain ezagunak. Batetik, Ramuntxo-ko soinulariak musikari ikasiak zirela. Bixtan da ahozko transmisioz ikasiak zituztela hainbat doinu, baina bertzalde partiturak biziki untsa irakurtzen zituzten, Gertatu izan da Piarresteguyk egunean berean partiturak banatzea eta soinulariek zuzenean jotzea paparretik lehen aldikotz ikusten zituzten doinu eta konponketak. Transmisioak paperraren bidea ere hartzen zuen. Bigarrenik, iraupena. Luzaz jotzeko ahalmena. Eztei ainitz goizetik egiten ziren denbora haietan. Soinulariak behar zuen jo mezatik landa, aperitifa denboran, bazkari denboran, arratsaldean, afari denboran eta afaritik lekora. Hots, dozena bat orenez segidan. Eta batzutan bakarrik, Beñati frangotan gertatu zitzaion bezala. Iraupen horren sekretua dantzan dago. Jean-Christian-ek polliki dion bezala, "dantzaria bateria joile ixila da". Beñat bezelako soinulariak dantzariendako ari ziren, Musikak dantza hazten zuen.

Beñat ez zen jarraitzaile soila izan. Denbora batez dantza jauziak frango apal zauden Baxenabarren ere, eta kabalkadetarik kanpo bakan beizik etziren hautematen. Eliza bestetan, meza nagusi ondoko jauzietan gero eta dantzari gutiago ateratzen ziren. Bal-etan fandangoak emaiten ziren kaxkarot martxa zerbeit, bainan jauzi guti. Beñat berriz hasi zen dantza jauzien emaiten dantzaldietan. Eta ez bakarri jauzi buztan ezagunenak, baizik eta galtzear zeuden jauzi osoak ere.

Hemen entzungai diren Azkaindarrak, konparazione, etziren gehiago emaiten. Halaber, Iholdi-Amikuzen gorde zituzten Gau Ainarak jotzen zituen ere Beñatek, tokiko dantzari jakintsuenen laguntzarekin. Eta beste musika guztietarik hazkurri hartuz. Orduan dantzaldietan modan ziren Amerika latineko hainbat doinu jotzen zituen Beñatek: mambo, cha-cha, samba edo swing. Denak gorputzen harrotzeko on. Hots, aintzinagoko soinularien gisan, ofiziale bat zen, artista bezain artisaua. Dantzarien eta herriaren zerbitzuko.

Ernest Hirigoyen-ek Milafrankan 1988an grabatu zituen Beñat eta haren lagunak. Bi hitz hemen bilduak diren doinuetaz:

1. Mutxikoak: jauzi osoetan ezagutuena, Biarnotik Lapurdira emaiten dena, eta Baztango mutil dantzetan "Muxike" erraiten diotena.

2. Azkaindarrak; aspaldiko jauzia, doi bat ahantzia. Jauzi hunen doinua XIX. mendeko eskuizkribuetarik hartua izan da. Batzuk doi bat bitxi daukate Azkaindarrak minor tonuan ezarria izaitea. Ez da alta salbuespen bat, partitura zaharrenetan aurkitzen ditugu anitz jauzi minorrean ekarriak (Lapurtar motxak, Gau ainarak, Milafrankarrak,...) Bizirik iraun duten jauziak denak maior tonura pasatu zituzten soinulariek, eta bereziki xirulariek, bainan itxura guzien arabera doinu beren jotzeko manera ainitz bazen lehenago. Beñat-i zor dakogu doinu ahantzi hunen interpretazio erne hau.

3. Lapurtar motxak: Mutxikoekin batera bizi-bizirik hiru probintzietan iraun duen jauzia. Hemen Baxenabarre-Lapurdiko usaia segituz, Beñatek elegarri lotzen ditu hiru jauzi: Lapurtar motxak, Zeina (edo Lakartarrak), Ahuntxa.

4. Xibandiarrak: jauzi noble eta osoa, bere hiru parterekin: jauziak, entrexatak (Baxenabarren), kontrapasak. Azken parteak branle zerbeiten itxura dauka. Lapurtar luzeekin azkenik iraun zuen jauzi osoa. Garaziko partean, 1950 urteetan jauzi zoin-gehiagoketan emaiten zituzten Xibandiarrak, eta dantza irakasle eta soinulari amorratu bakar batzueri zor diegu harri bitxi horren zaintzea. Jauzi hunen izenaz izan dira hipotesi ainitz, bertzeak bertzen "chibau" (zaldia) kaskoinari lotuak, Fitsik ez dakigunez gero, mentura gaiten hipotesi berri baten botatzera. XVIII. mendean bazen Baionan Mr. De la Gibaudière Erregearen lieutenantea. De la Gibaudière-ek bazuen dantzarekin harreman zerbeit. Pamperruque edo Baionako ohorezko soka dantza emaiten zuen tokiko jauntxo eta andrekin printze zerbeiten pasaia estakuru. Ber-denboran dantzari lotuak ziren kalapitetan kontra hartu ziteun zonbeit delibero, denen gostukoak ez zitazkenak, Haren izena eman ote zioten jauzi bati, ohorez edo trufaz? Berak dakike...

5. Eskualdunak eta Sorginak: "antrexat" desberdinak elgarri lotuz Faustin Bentaberry-k 1927 inguruan Londreseko Royal Albert Hall agertu ziren dantzarientzat moldatu bi dantza, geroztik kabalkadetako errepertorioan sartu direlarik.

6. Sorginak

7. Les deux bavards (polka)

8. Martxa: diotenez Faustinek moldatu zituen "Martxa" desberdinak kabalkadetan ordu arte beti jotzen zen Bolant jantza beino fitexago kurritzeko. Geroztik hainbat doinutan eman izan dira Martxa horiek, batez ere kadrilletarik hartuta.

9. Bolan jantza: bere xinpletasunean, hemen dugu behar bada dantza zaharrenetariko bat. XVI.-XVII. mendeetarik geroz aipatua dena bere izen desberdinekin: "bolant dantza", "kaxkarot martxa", "kantabren martxa", "moresque", "mairu dantza"... Ohorezko dantza, nun dantzariek herria bi lerrotan trebesatzen duten, handi-mandi horien karrosen laguntzen, edo haundi-mandi berak eskarniatzen zituzten tobera-mustren laguntzeko...

10. Lauetan erdizka: Garazi-Baigorriko kabalkadetan plaza sartzean emaiten diren antrexatak, Martxa eta Bolant jantzatik landa.

11. Kadrilla: gaur komuzki "Garaziko kadrilla" bezala ezagutua denaren lehen figura.

12. Kadrillaren bigarren figura.

13. Kadrillaren hirugarren figura (polka).

14. Kadrilla 4: laugarren figurari "xilo xilo" erraiten zako, eta Faustinek asmatua omen da.

15. Angel (Fandango)

Xabier Itzainak Beñat Irigoyen Galtxetaburu CDrako eginiko testua (eskerrak Michel Aurnague-ri bere oharrentzat eta Jean-Chistian Irigoyen-i aitari buruz hainbat xehetasun emanik)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina