Dokumentuaren akzioak
Erregeetatik Ganderailurat: urte hastapeneko urratsak hirigunean
Mexiko hiri nagusian segitu ginintuen 2023 urte hastapeneko urratsak, Erregeen egunetik Ganderailuraino.
Hiru erregeen mahaina Los Reyes-en
2023ko urtarrilaren 6an hurbildu nintzan Los Reyes-erat, gaur egun Coyoacán-en baitan dagoen “pueblo originario”-rat. Banakien egun hartan zerbeit markatzen zutela, bainan nihundik ere ezin jaso xehetasunik. Bezperan suertez gertatu zen Uber-eko gidaria Los Reyes-ekoa zela eta haren kusia zela aurtengo maiordomoa. Behar ziren argitasun guziak eman zauzkigun. Bertzeak bertze kondatu zaukun urtarrilaren 6a aintzina bederatzi egunez bazirela mezak, familia desberdin batek bedera eskainirik.
Urtarrilaren 6an, “Reyes magos y del Sr de la Misericordia” parropian nintzan, goizeko zortzitako. Meza eman zuten lau apezek, diozesako bikaria barne, mariachi-k lagundurik. Mezatik lekora, erretorak eskertu zuen lehen lerroan jarria zagon maiordomoaren familia eta parropiako bertze maiordomiak aipatu: Santiago apostolua, Kurutze saindua, Sr de la Misericordia eta harrapatu ez dutan laugarren bat.
Mezatik landa gazteek jeutsi zituzten aldare gibelean zauden hiru errege magoak eta atera zituzten eliz-atarian heien beha zagoen paso edo prosesiorako egina den zurezko egituraraino. Behin erregeak untsa kokatu eta, mariachi-en soinuz, apezak benedikatu zuen paso-a eta denak abiatu ziren karriketan barna, maiordomoaren etxeraino. Hantxet, maiordomoaren familiak – ehundaka – jender eskaintzen zuten atole edo artoz eginikako xokolat esne mota bat. Jendeek zerotraka hartzen zuten etxerat joaiteko. Urrunetik agurtu nuen ene Uber gidaria, xerbitxari lanetan ari.
Adineko gizon batek esplika zautan Los Reyes Ciudad-eko “pueblo originario” bat zela ―bezperan Uber gidariak zuzendu ninduen “barrio” erran nuelarik, “no, es un pueblo” ―. Eta Mexikoko hiriaren konstituzioak lehendabizik etzituela ezagutu, ahantzi zituztela. Dei auzitegira joan zirela eta irabazi. Eta ezagupen horrek eskubide bereziak bermatzen zituela, batez ere biltzarren bidez auzoaren gobernatzeko eskubidea. Halere, hunenbertze borroka joaiten zituztela beren usaien (usos y costumbres) zaintzeko, lurraren erabilpenaz, hilerrietaz, uraz eta bertze. Jakin nuen ere maiordomoaren familiak arratsaldean bazkaria eskainiko zuela hurbiltzen ziren jende guzier. Eta arratsaldeko seietan erregeak berriz joanen zituztela elizarat, eta hango plazan izanen zela dantzaldia, beti maiordomoaren bizkar. Gure bezperako gidariaren arabera, Errege egunean, ondoko urtean maiordomo izan nahi duenak arratsaldeko dantzaldi hortan du bere burua aurkezten publikoki “pido la mayordomia” erranez. Ulertu nuen baita ere biharamunean, larunbatean, erregeak joanen zituztela bisitaz auzo kartierra duten Niño Jesús-erat. Igandean izanen zela prosesione bat herriko karriketan. Eta ondoko astelehen, asteart eta astezkenez, errege mago bakotxari eratxikiak diren hiru maiordomoek eskainiko zutela meza bedera.
Ondoko igande goizean izan nintza berriz Los Reyes-erat. Goizeko 9tan atera zituzten hiru erregeak, aldi huntan pick-up batean kokaturik. Arte hortan, sahetzeko karrikatik heldu zen iduriz jada lehen karrika itzuli bat egina zuen musika banda, aintzinean zituztela izar bat eta hiru erregeen irudi ttipiak bi lagunek karreatu berinazko untzi ttipi batean.
Behin musika banda eta pick up beztituak juntatu eta, kartierraren itzuli luze bat hasi zuten. Karrika hertsietan gelditzen ziren eta familiek jatera eta edatera eskaintzen zuten dener, bai eta goxoki suerte guzietarik. Etxekoz-etxeko ibili ginen, goxoan.
Santiagueroen dantza Xoco-n
Urtarrilaren 22an, igande goizarekin, izan nintzan Coyoacáneko iparraldeko mugan eta Benito Juarez delegazioan dagoen Xoco auzorat, nun ospatzen zuten San Sebastian beren patroina. Hemen ere, aste oso bat irauten zuen besta xeheki antolatua zen. Urtarrilaren 5etik 20era, bederatziurrena egunero, familia berezi batzuen kargu. Urtarrilaren 14an, larunbatarekin, meza San Lorenzo Xochimanca kaperan. Eta arratsaldeko bortzetan, bestaren lehen iragarpena (“el vitor”) San Sebastian martirioaren ohoretan, San Lorenzo Xochimancako pueblo-a eta familia baten kargu. Ondotik prozesiona. Ortziralean, atsaldeko seietan: eliza bortan ezartzen duten kolorezko muntaduraren altxatzea. Larunbatean, arratsaldeko lauetan, kobre bandaren arribatzea, eta ondotik prozesio bat ― iduriz lehen aldikotz ― San Sebastian Axotla auzo pueblo-arekin. Prozesioak bi auzoak kurritu zituen, bertze herrietako gomitekin (pueblos invitados). Arratseko zortzitan: apainduren (ceras y adornos) prozesioa, beti familia batek eskainia. Igande goizean, mañanitas, askari eta betikoak.
Igande goizeko 10:30tan bertze kartier eta herrietako (Pueblos y barrios invitados) – berexketak badu bere garrantzia - ordezkarien ongi-etorria. Ni orduan nintzan agertu. Goizeko hameketan agertu zen Santiaguero-en dantza, Santa Cruz Atoyac auzotik etorriak. Dantzariak prestatzen ziren bitartean, apez gazte batek, sotana ta zinta morantza soinuean, elizako plazan zagotzin sainduen irudiak benedikatu zituen prozesiona atera aintzin. Ahatik, apezak etzuen parte hartu prozesioan. Egia erran, ez dut uste prozesio hitza egokia zenik hemen. Berek “irudien ibilaldia” dute aipatzen osoki herriaren esku den erritualaren izendatzeko.
Dantzari baten azalpener esker, jakin nuen delako dantza bi taldeek osatzen zutela: girixtino edo kristauak alde batetik, mahometanoak bertzetik. Espainiatik jinikako Moro eta Kristauen dantza bat beraz, bainan beti bezala Mexikar salsa picante-ari egokitua. 59 urteko “soldado” batek esplikatu zautan bere aita beztitu zela 73 urteetan, eta bere bi semeak ere. Hirugarren semea ere dantzan ari zela bainan egun hartan etzela hor. Santiaguero-en usaia auzo hartan Rodriguez familiak zuela suharki zaindu. Kondatu zautan halaber Konpostelako Santiagon iragan guduka zutela berriz antzezten dantza horren bidez.
Dantza hasi baino lehen kaperan sartu ziren kristauak sainduaren agurtzeko, lerroz-lerro. Gibelka atera ziren kaperatik, sainduari ez bizkar emaiteko. Ondotik elizako plazan hasi zuten alegiazko guduka bat, zehar flauta motxa eta atabalaren soinuz. Talde bakotxak bazuen bere alferez edo jenerala, bere banderarekin, embaxadorea eta erregea. Embaxadoreak zuen gerla deklaratu pareko bandokoer, eta ondotik aldizka ari ziren ezpata ukaldika gudukan, bata bertzearen kontra, edo bata hiruen kontra, batzutan bata bertzearen gainetik jauzi eginez. Mahometanoen banderariak iduriz manatzen zituen erasoak. Pifano eta atabala, Moro eta Kristauak egundaino moro bat ikusi ez duen Mexikon. Denbora batetako bortxazko ebanjelizazioaren emaitzetako bat, dudarik gabe. Juan Antonio Urbeltz gure maisua hemen loriatuko zen!
Hamekak irian, sainduen irudiek beren ibilaldia hasi zuten Xoco-ko karriketan barna. Ordenu huntan atera ziren plazatik. Lehenik estandarte guziak: Pueblo de Mixcoac; Pueblo originario San Simon Ticumac lugar de Vasijas; Niño Jesús; San Tomas de Aquino, pueblo de Actipan; San Juan Bautista, pueblo de la Candelaria; San Lorenzo Xochiminca; Señor del buen despacho parroquia; Santa Maria de la Natividad,Tepetlazingo.
Artetik ondoko karrikan prestatzen ari ziren chinelos dantzari talde bat. Segidan sainduen irudiak atera ziren lerroan: arrosaz bezti Ama birjina bat (nungoa ote?); Guadaluperen ama birjina San Lucas-ekin – hor ezagutu ginintuen San Lucas-eko Guadalupeko Amaren komunitatea eta auzo hartako maiordomoa –; San Miguel arkaingerua eta bi saindu (hain segur Domingo de Guzman eta Asisko Frantzisco, Coyacán-eko Santos Fundadores parropiakoak) San Luis, Frantziako erregea ; bigarren Santiagueros dantza bat; karro haundi bat El Señor de los Milagros Kristorekin, Ajusco-tik jina; Santiago apostolua, zaldiz, Santa Cruz Atoyac-etik; Guadaluparen Amaren tinda bat, neskek ekarria; eta azkenik San Sebastian Xoco, animaleko karro baten gainean. Atera zuten baita ere bertze saindu ttipi bat, ezin izan dutana identifikatu. Behin kartierreko karrika hertsietarik atera eta, irudiak pasatu ziren etorbide zabal batean, beribilak nola nahika geldiaraziz, anarkia erlijioso airos batean. Aintzineko batez aipatu nuen INPI (Institut Nacional de los Pueblos Indigenas) okupatuaren aintzinean pasatu ginen.
Bapatean, delako etorbide zabalaren bazterrean zagoen egoitza xut baten leihotik norbeitek zerbeit bota zuen prozesionaren gainerat. Prozesioa net gelditu zen, gazteak tiroak bezala abiatu ziren delako egoitzaren ganat. Cohete-ak eta eskupean zituzten guziak bota zituzten gaineko pisueri buruz, eta egoitzaren sartzearen bortxatzeari lotu. Segundu erdi batez prozesioa kale borroka bihurtu zen. Harrigarria. Adinekoek gazteak doi bat jabaldu eta prozesioa berriz abiatu zen. Andere batek esplikatu zautan “kanpotik jinikakoek” zutela zerbeit bota prozesioaren gainerat, bestaren kontra zirela eta “ez gaituztela errespetatzen”. Munstro urbanoaren barneko ezinbertzeko tentsioak, gentrifikazioari lotuak (Rodríguez Salazar 2016). Eta herri erlijioa tentsio horien lekuko.
Ondotik berriz karrika ttipietan sartu ginen. Noizpait gelditu ziren, San Sebastian bere karrotik kendu, eta bi mutikoek izigarri hertsiak ziren karriketan barna joan zuten saindua, soinulariek segiturik. Bertze mundu batetarat pasatu ginen: etxe barne eta korrale xumeak, ez erraiteko pobreak. Hor bizi ziren emazteak atera ziren, hiruzpalauen artean saindua hartu eta dantzarazi zuten, itzulika-itzulika, delako karrika hertsietan. Adineko andere bat hauteman nuen nigarrez, saindua hunkitzearekin.
Noizpait berriz elizako plazarat iritsi ginen. Han zagotzin bazter batean chinelo dantzariak bai eta dantza conchera edo azteca. Zolan tapete de aserrin edo kolorezko legarrez artoski egin kolorezko tapiza bat, “en memoria de Angel Didier Gutierrez Gomez” ziona. Prosesio guzia berriz sartu zen elizako plazan. Bi karro haundienak (Ajusco-ko Señor de los Milagros eta Xoco-ko San Sebastian) zinez dantzan ari ziren, aintzina, gibelka, itzulika, musikaren arabera. Hamar urte lehenago Sardegnako Sassari-n ikusi ginuen Candelieri-ren dantza ber-bera orroitarazi zautaten. Sainduen swing-a, harrigarria. Ondotik irudi guziak sartu eta pausatu zituzten elizan. Meza hasi zen arratsaldeko bietan.
Bazkaitera gindoazila, hauteman ginuen pankarta haundi bat pareta batean nun kondatzen zuten Xoco-ko biztanleek ondo-ondoan duten Mitikah zentro komertzialarekin – animaleko dorre bat – zuten auzia. Promotoreak arbolak bota zituela, kartier osoa nahi zuela erosi, lur eta ur ixtorio eta abar. Berriz ere hiri barneko tentsioak.
Arratsaldeko hiruetan, herri eta auzo bakotxeko ordezkariak sartu ziren kaperan bakotxak beren sainduaren biltzeko. Goizeko dantzariek bezala, kaperatik gibelka atera ziren. Sainduak berriz kokatu zituzten beren tokian, eta berriz dantzarazirik abiatu ziren berriz bakotxa beren kartierrera. Saindu bakotxari oihu bat emanez: “A la bin, alaban, alabinbom ban, San Sebastian, San Sebastian,” eta abar. Torito edo suzko zezenaren prestatzen ari ziren, iduriz biharamuneko, bestaren azken egunarentzat. Eta castillo-a edo su artifizialen gaztelua ere muntatua zuten.
Arte hortan, Atoyac-eko Santiaguero-ek eman zuten beren dantza, aldi huntan osorik. Parte antzeztu bat bazuen, nekez entzuten zena. Mahometanoen embaxadoreak gerla deklaratu zuen girixtinoer. Beren jokoa bazuten bando bakotxeko errege, alferez-banderariak, embaxadoreak eta soldadoek. Guduka noizpait girixtinoek irabazi zuten, alabainan. Mahometano guziak belaunikatu ziren lerroan kaperaren bort’aintzinean. Girixtinoek ezpata pausatu zeeten buru gainean, eta bakotxari kurutze ttipi bati potta emanarazi. Alferez-ak bi hitzez esplikatu zautan dantzaren erranahia: “argumentoa, nahi baduzu, hau da, xinple egiteko: gu, mahometanoak, badugu Mahomet bainan ez dugu egiazko Jainkorik, eta bururatzean girixtinoek irabazten dute Jainkoa beita egiazko Jainko bakarra”. Izaitekotz Trentoko kontzilioa Batikano II.koa baino gehiago.
Kaperan hauteman nuen Señor del veneno-aren irudia. Kristo horri debozio berezi bat daukate Mexikon, hemen leku eskasez ezin kondatua den ixtorio baten gatik: ikusiz apezpiku batek Kristoren oineri pottak emaiten zituela, etsai batek pozoina ezarri zuen oinen gainean, bainan gauzak etziren harek uste bezala iragan, eta abar. Xoco-n kartierran badira bertzalde zernahi kondaira eta sinesmen, San Sebastian-en gain ezartzen dituzten hunenbertze mirakulu barne. Jakina da bertzalde San Sebastian-en kultoak azkartzen dituela Xoco eta Coyoacán-eko bertze kartierren arteko loturak, jakinez historikoki Xoco Coyoacári lotua zela, bai elizaz bai herriz. Nahiz eta orain Benito Juarez alcaldiarekin eratxikia izan, auzo desberdinen arteko loturek orroitarazten dute Xoco Coyoacán-ekoa zela. Bertzeak bertze horren lekuko ziren ikusi ginintuen saindu gomitatuen lerroa. Bertzalde, Xoco-k parte hartzen du urtean zehar Coyoacán-en auzoz-auzo ibiltzen den Los Reyes-eko Señor de la Misericordia-ren tour-ean. Erritualitatearen bidez hiriaren hegoaldeko espazio desberdinen arteko harremanak erregulatzen dituzte.
Ganderailu (1): Niñopa etxez-etxe Xochimilcon
Espazioen erregulazio funtzio bertsia behar ginuen hauteman Ganderailuz, otsailaren 2an. Egun hartan izan ginen Xochimilco-ra, hiriaren hegoaldera. Herri hori famatua da bere ihiztoketan turistak joaiten dituzten untzi koloretsuentzat. Halaber daukaten baratzezaingo xixtema bereziarentzat, hiria parte elikatzen duena. Bainan bertze ezaugarri bat dauka ganderailuz ospatzen den Jesus haurraren besta. Egun hartan markatzen dute haundizki delako maiordomia aldaketa. Prinzipioa xinplea da: urte bakotx, herriko familia batek zaindu behar du etxean XVI. mendeko Jesus haurraren zurezko panpina, Niñopa deritzotena. Diotenez, Frantziskanoek zuten Niñopan-aren kultoa bultzatu, iduriz ohartu gabe indioek Huitzilopochtli, “hegoaldeko kolibri”-aren jainkoaren sinbolotzat zaukatela baita ere. Kolibria ur bezala arrapizten zela uste zuten, eta Jesus haurraren sortzea sinesmen horri lotu omen zuten. Bertze batzuentzat, bada lotura bat Niñopa eta Tlaloc, Azteken uraren jainkoaren aurpegien artean. Interpretazioen aniztasun hori ikusita, ikerlari batzuk besta hau zinezko erritual kontrahegemonikotzat daukate (Rios Espinosa 2020). Ez da lehen kolpean emaiten duen inpresionea, ikusiz apez lerroa eta ospakizunaren alderdi formal eta instituzionala. Bainan hurbilagotik behatuz egia da erranahien aniztasuna nabari dela hemen ere.
Ikaragarriko balio eta garrantzia emaiten diote Jesus haurraren itxura horri. Urtean zehar, Xochimilco-ko herriko bertze familiek galdegiten ahal dute Jesus haurra maileguz izaitea etxean, adibidez gau batentzat, eta urteko maiordomoarekin egiten dute tratua. Hola ibiltzen da etxez-etxe eta auzoz-auzo urte guzian. Jesus haurraren geriza duen familiak ikaragarriko kargua dauka. Haur bat balitz bezala behar arropaz aldatzen dazkote eta zapatak kentzen etzateko tenorean, jostatzekoak ekartzen dazkote, janaria, jatzartzearekin mañanitas kantatzen dazkote. Bisitatzen duten eriak senda ditzazkela ere sinesten dute.
Ganderailu egunean katedrala aintzinean gaitzeko muntadura bazituzten xutik ezarriak. Apez lerro bat meza emaile, nuntzioa barne. Ingurinan ehundaka edo milaka jende, denak beren Jesus haurra eta panpinekin. Zeremonia undarrean egin zen maiordomia aldaketa, eta kargua zuen familia berria abiatu zen emeki karriketan barna, chinelo dantzariek segiturik. Eta beren etxe aintzinean ehundaka jender behar izan zuten jaterat eta edaterat eskaini.
Egun hartan dituzte ere biztanle bakar batzuek arto, ogi eta bertze azi motak benedikarazten, hiri haundiaren bazterretan dagoen herri hori luzaz laborantza toki joria izanki. Arto azien garrantzia horrek ere baluke Huitzilopochtli eta erritualitate aurrehispanikoarekin lotura zuzen bat.
Ganderailu (2): sainduak dantzan Candelarian
Ondoko igandean Itsasutik bisitan jina zitzaukun Xalbat anaiarekin izan ginen Coyoacán-eko Candelaria auzorat. Han ere haundizki ospatzen dute Ganderailu, bainan aldi huntan jadanik frangotan ikusi dugun auzoko kartierren eredu berarekin: sainduen irudi gomitatuen karrika itzulia, elizatik elizara.
Hemengo patroin saindua Candelariako Ama birjina dute, zaia koloretsu eta lorios batekin beztitzen dutena (besta horren azterketa zehatz batentzat, ikus: Mora Vazquez y Quintal 1998).
Hor zen baita ere berriz Atoyac-eko Santiaguero-en dantza, baita bertze charro motako dantza bat, beren zaldizkoekin. Hastapenean, frango saindu guti ziren ibilaldian, bainan noizpait karrika izkina batean han zagotzin beha orain aski ezagunak zitzauzkigun pueblos hermanos-etarik jinikako sainduak. Denak ez ginintuen ezagunak, bainan huna guti edo aski ze lerrotan ibili ziren karriketan: Los Reyes-etik Errege magoak eta Sr. De la Misericordia, Niño Jesús, Santa Ursula Xitla, Santa Cruz Atoyako Santiago Apostol, Ama birjina bat, Ajuscoko El Señor de los Milagros, bertze Ama birjina bat, bi saindu fraile arropetan (san Frantses eta san Dominico ote?), bertze saindu bat eskuan luma batekin; bertze saindu bat, oihal arrosa bat soinean; bertze saindu ttipi bat zaldiz; bertze fraile iduriko saindu bat, aintzinean zituela Jondoni Batixta eta bertze bat; Kristo bat, arrosa kolorekoa eta ezpata eskuan; bi San Sebastian-ak, Xocotik eta Axotlatik jinak; San Isidro Labrador – hau Michoacán-eko Patzcuarotik ekarria, eta Mexikorat emigratu dutenek etxez-etxe derabilatena urtean zehar -; bertze Kristo ttipi bat kurutzefikatua; Guadaluperen tinda bat; San Lucas-eko Guadaluperen itxura; bertze Ama birjina bat Jesus harrarekin (Niño de las Azucenas, Santo Domingo). Hor ziren baita ere San Miguel arkaingerua eta egun hartako etxekanderea, Candelariako Ama. Behin denak elizarat berriz jin eta, saindu bakotxa bere muntaduretarik kendu eta elizan sararazi eta pausatu zituzten. Apeza hor zagon beha, eliza bortan. Behin denak sartu eta meza eman zuen.
Antropologoek eta historialariek diote Mexikon sainduen kultoak politeismo aurre-hispanikoaren tokia hartu zuela. Saindu bakotxak badu bere betebeharra (laborarien geriza, bidaiariena, ...) eta bere lurraldetasuna, auzo, herri edo etorkin talde berezi baten ikur bezala. Mexikoko hirian berean badugu aniztasun horren lekukotasun ainitz. Xoco-ko prozesioan, “Viva san Jesús!” oihua entzun ginuen. Jesus bertzen arteko saindu bat? Eztabaida teologiko eta antropologiko interesgarri baten mentura.
Xabier Itzaina
Erreferentziak
Rodríguez Salazar, I. R. (2016), Gentrificación en San Sebastián Xoco, Delegación Benito Juarez, distrito Federal, Tesis licenciatura en geografía, Ciudad de México, UNAM.
Mora Vazquez T., Quintal E. F. (1998), Fiestas tradicionales del pueblo de La Candelaria, Coyoacán. La defensa del patrimonio cultural de un pueblo originario de la Ciudad de México, Secretaria de Cultura, INAH.
Ríos Espinosa, M. C. (2020), "Estética y hermenéutica de la irrupción festiva: devoción del Niñopa en Xochimilco." Alea: Estudos Neolatinos, Vol. 22, núm.1, pp.75-92
San Sebastián Xoco. Rasgos culturales de un pueblo originario, UNAM, Secretaria de Educación, Ciencía, Tecnología y Innovación de la Ciudad de México https://www.puec.unam.mx/pdf/materials_divulgacion/2_San_Sebastian_Xoco_opt.pdf
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Itzaina
➤ Beñat Irigoyen Galtxetaburu 2023/03/17
➤ Euskal Herriko dantzarako soinuaren historia soziala 2021/11/26
➤ Tanburinaren gizarteaz 2019/12/05
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Enquêter sur la danse : conversations avec J-M Guilcher 2015/01/14
➤ Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/18
➤ Kapeluak dantzan Bagolinoko ihauterietan 2013/02/24
➤ Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit 2010/04/12
➤ Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas 2008/01/08
Kronikak Mexicotik (2022-2023)
1 (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon 2022/11/17
2 San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak 2022/12/13
3 Otomi panpinen dantza politikoa 2023/01/11
4 Arimak dantzan Michoacán-en 2023/01/31
5 Soinuak, sainduak eta kantuak auzoz-auzo eta atez-ate 2023/02/22
6 Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera 2023/03/07
7 Erregeetatik Ganderailurat: urte hastapeneko urratsak 2023/03/28
8 Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa 2023/04/18
9 Ihauteriak (2): K’in Tajimoltik: Jokoaren besta 2023/05/04
10 Ihauteriak (3): zezena eta banderak lasterka Tenejapan 2023/05/23
11 Erramutik Trinitaterat: primaderako errituak 2023/06/13
12 Barkamenaren soinua. Korpus dantza erritualak Papantlan 2023/06/26
13 Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n 2023/07/26
14 Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak 2023/08/28
15 Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak 2023/09/25
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Quetzales, Negritos, Migueles, Pilatos eta bertzeak. Pueblako mendietako dantzen mundua
- Oier Araolaza on Banderaren bortz musuak. Sainduak, jendeak eta erritoak Chilón eta Guaquitepec-en
- Oier Araolaza on Dantzarien agintza. Lumaren Dantza Teotitlán del Valle-n
- Oier Araolaza on Barkamenaren soinua. Korpus-eko dantza erritualak Papantlan
- Oier Araolaza on Arimak dantzan Michoacán-en
- Oier Araolaza on San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak
- Xabier Etxabe on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Oier Araolaza on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon
- Ekaitz Santazilia on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13
- Oier Araolaza on Kanbo 1727: xehekoa, jauzikoa, eta hil bat 2018/06/13