Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera

Dokumentuaren akzioak

Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera

2023/03/07 09:20
Oaxacan. Urte batetik bertzera, mundo batetik bertzera

Mendi sakratuko aldarea, Santa Maria de Tlahuitoltepec, 2022ko abendoa (arg.: X. Itzaina/ F. Lastère)

Eguberri-Urtats garaia Oaxacan pasatu ginuen. Autobus konpainiak hitzeman sei orenak zortzi bihurturik ere, sierra-ko bazterretaz goxatu ginen Oaxaca de Juárez hiri nagusirat arribatu arte. Nahiz eta Oaxaca hiri frango segurra den, gure egongia kartier “konplikatu” – hemengo metaforaren baliatzeko – batean zagoen. Funtsean, han iragan ginuen azken gauean emazte bat garbitu zuten ondoko merkatuan. Hots. Gu arribatu eta biharamunean, ospatzen zuten Noche de los rábanos deitu feria, nun azken 125 urte hotan eskualdeko ofiziale eta laborariek erakusten dituzten erradi edo errefauekin zizelkatu obra artexak. Emaztea eta alaba hiru orenez beha egon ziren delako ferian sartzeko. Nik artean itzuli bat egin nuen hirian barna. Larunbat arratsa izanki, karrikan parrandan zabiltzan bi eztei talde eta quincenera bat. Bigarren eztei taldearen aintzinean bazoazin bi gazte, baloi haundi bana ziri batzuen puntan zerabiltzatela. Ondotik senar-emazteak irudikatzen zituzten bi zigante, bi neska dantzari zare apainduak kaskoan, esposak, gomitak, eta kobre musika banda. Oaxaca-ko bandek fama haundia dute, arrazoinekin. Soinu erne eta airosak, Flor de piña ezaguna barne. Eztei-taldekoak dantzan ari ziren nola nahika, itxura guzien arabera uraz aparte bertze zerbeit xurgaturik.

Oaxaca 2022 001
Eztei taldea, Oaxaca de Juárez, 2022ko abendoa (arg.: X. Itzaina)

Biharamunean, Eguberri bezperako azken posada-k ikusi ginintuen arratsaldeko seietan San Juan de Dios elizan. Eliza horrek merexi du ikustea paretetan dauzkan tinda harrigarrien gatik. 1700-ekoak dira, eta indioen idolatria-ren kontrako errepresioa irudikatzen (eta justifikatzen) dute. Ezpatak airean. Posada-n berean haur guti. Eliza koro barneetarik atera zizuten Josep eta Maria, eta kanpoko sahetseko ate batetarik koplak kantatu, aldizka barnekoekin.

Oaxaca 2022 002
Posadak San Juan de Dios elizan, Oaxaca de Juarez, 2022ko abendoan (arg.: X. Itzaina)

Arrats hartan berean, zazpitako izan ginen handik hurbil dagoen San Francisco elizarat. Han ez zuten gehiago posada-rik bainan bezperan, 23an, harrapatu nuen pastorela deitu antzerkiaren azken poxia. Eguberriko antzerki hortan zagotzin aingerua, Maria, Josep, Errege magoak bai eta debru edo Satan zonbeit. Haurrak ziren beztituak, bainan badakit Mexikoko bertze hainbat eskualdeetan, pastorela konplexuagoak antzezten dituztela, batez ere Patzcuaroko partean, nun dantzan ere ari diren. Hemen gauzak xumeago ziren. Beti ere San Franciscon 24an, Jesus haurra zuten ospatzen. Jendeak ikusi ginintuen beren Niño Dios elizarat joaiten, benedikatzeko. Meza undarrean, karriketan barna egin ginuen prozesio ttipi bat, ezin imitatuzko Mexikar kitsch estiloan. Pick-up kamiun batean jarriak zituzten Maria eta Josep-ez beztituak ziren bi haur, bai eta Jesus haurraren panpina. Dena argi eta dirdira. Gibeletik bazoatzin bi soinulari, bata gitarrarekin eta bertzea requinto moduko gitarra ttipi batekin. Villancico edo Eguberriko kantuak emaiten zituzten, Rorro Jésús eta bertze. Soinulariekin batera hamar bat lagunek segitzen ginuen delako kamiuna, haizearen gatik ezin piztuak ziren xirioak eskuan. Pick-up-aren aintzinean kartierreko gazteek zartagailuak botatzen zituzten etengabe. Hemengo kirol nazionala. Itzuli labur bat egin eta, prozesioa berriz elizako plazarat sartu zen.

Oaxaca 2022 003
Jesus haurraren prozesioa, San Francisco Eliza, Oaxaca de Juarez, 2022ko abendoaren 24a (arg. X. Itzaina)

Eguberri egunean ukan ginuen adixkide batzuekin soinua jotzeko suertea. David Recondo ene aspaldiko lagun ikerlariak hogoi bat urte baditu Oaxacan iraganak, indioen egitura politikoen aztertzen. David-ek bere soinulari lagunak deiturik, arratsalde goxo bat iragan ginuen Gloria adixkidearen etxean. Mexiko, Cuba, Colombia eta Estatu Batuetako piezak eman ginintuen. Bertzeak bertze, El Chuchumbe-ren koplak eman ginintuen. Kantu hori son jarocho estiloari doakio eta XVIII. mendean Veracruz-en emaiten zen bikote dantza bezala. Hitz-erdika frango lizuna izanki, El Chuchumbe 1766an auziperatu zuen Mexikoko Inkisizioak, eta berrogoi bat urtez delako dantza debekatu. Bainan bere izaite transgresiboaren gatik, Mexiko-ko independentziaren aldekoek – Miguel Hidalgo apeza barne - XIX. mende hastapenean berpiztu zuten El Chuchumbe. Eta Inkisizioaren auziari esker, kantuaren hitzak izkiriatu eta artxibatuak izan ziren. Gaur egun herrikoia den kantu hori entzun nahi duenak beha dezala Mono blanco taldearen bertsio zainarta.

El Chuchumbe-ren emaiteko, Oaxaca-ko soinularietarik batek erabiltzen zuen jarana deitu gitarra, son jarocho-n erabiltzen dena. Untsalaz jarana-k ritmika jotzen du, requinto-ak aldiz melodia. Euskal doinu zerbeit galdeginik, fandango bat eman nuen ahal bezala gitarrarekin. Lagunek ohartarazi zautaten son huasteca estiloaren egite haundia zuela. Estilo hortan, arrabitak du melodia jotzen, gitarrak erritmika eta artetik koplak inprobisatzen dituzte. Fandangoa erraiten dakote ez baitezpada dantza berezi bati, bainan bai dantzaldia berari, bereziki Veracruz-en. Delako son huasteca entzunez, ohartu nintzen bazutela El querreque deitu doinu bat inprobisatzeko erabiltzen zutena. Zerbeit egiten ahal ginukeela gure bertsulariekin egiten nuen. Etziren nere beha egonak gure neurtitzlariak. Zonbeit hilabete berantago, Maialen Lujanbioren entzuteko plazerra izan ginuen Mexiko-ko Euskal etxean, eta kari horretara pasatu zuten bideo bat nun gure bertsulariak mexikar neska talde batekin desafioka ari ziren, hain xuxen delako El querreque-aren doinuan. Mundua gero eta ttipiago egiten ari da.

Oaxaca-ko hiriaz balaike ainitz kondatzeko. Uda bakotx egiten dute Guelaguetza (zapoteko hizkuntzan “lankidetza/eskaintza”) deitu festibal haundi bat, nun estadoko hainbat herri eta komunitateetako dantzak agertzen diren. Ederra omen da, nahiz eta beti bezala holako dantzak hobe diren beren testuinguruan ikustea. Oaxaca no es folklore pintada bat ere hauteman ginuen. Eztabaida zerbeiten susmoa hain segur. Oaxaqueñoen umorea ere aipa ginezake. Posta bulego baten iragarki hau ikusi ginuen: “Ya enviamos mezcal y medicamentos a USA”. Zoinek zoin sendatzen duen norek ote daki? Berek bertzalde dioten bezala “Para todo mal, mezcal, para toda bien, también”.

Bertze mundurat

Ondoko egunetan munduz aldatu ginen. David lagundu ginuen Sierra Mixe-ko mendietan dagoen herri batetara. Han bisitatu beharra zuen aspaldian ezagutu familia bat. Ba omen zutela compromiso deitu erritual baten mentura, eta gomitatzen gintuztela. Abendoaren 27an abiatu ginen beraz goiti, David eta hiruak, Santa Maria Tlahuitoltepec-eri buruz. Olerki bat merexi luketen bideak harturik, noizpait iritsi ginen herrirat, iluntxean. Herria Mixe indioen eskualdean kokatua da, bortuaren mazelan, xut eta ilun. Historiaren ironiaz, herriak hiru izen dauzka. Izen ofiziala bera konkista desberdinetarik dario: Azteken nahuatl hizkuntzan Tlahuitoltepec, eta espainolek gehitu Santa Maria. Bainan gaur egun oraindik, tokikoek beren herriari Xaamkëjpx deritzote, oraindik egunero mintzo duten ayuujk hizkuntzan.

Herria zabala da, ainitz auzoekin. Erdialdean aldarailu grisezko etxeak dagotzi, xuhur bezain munttoak. 2010an ikaragarriko lur lerratzea jasan zuten, etxeak bota zituen eta ainitz hil pairatu zituzten. David-en adixkideen familian errezebituak izan ginen erregeak bezala. Ilun nabarrean arribaturik, sukalderat sararazi gintuzten eta afaria eskaini. Erran dena elgarren artean ayuujk-ez hitzegiten zuten etxekoek eta gurekin españolez. Mahain xoko batean zauden hiru neska gazte, arto opilekin bortz panpina ttipiren egiten ari. Behin talo ekeiaren egite zuten pastarekin bi pertsonai haundi eta hiru ttipi egin eta, arto hosto berde batzuekin polliki troxatu zituzten. Panpinek familia irudikatzen zutela ulertu ginuen, eta biharamuneko erritualarentzat zauzkatela. Halaber anderek prestatzen zituzten arto opilez eginikako ziri motx batzu, gero dozenaka troxatzen zituztenak delako hostoekin. Ondotik su gaineko labe mota batean ezarri zituzten erretzen bulta batez. Etxekoekin azken mezcal ttintta bat edan eta – ezin uko egin – joan ginen etzatera, mendiko freskuran.

Oaxaca 2022 004
Compromiso-aren erritoaren bezperan prestatu gizakiak (arg.: F. Lastere)

Biharamunean, goizetik hasiak ziren etxekoak eguneko urratsen apailatzen. Etxeko barne nagusian bazuten paretaren kontra prestatua aldare ttipi bat nun ezarriak zituzten polliki xirio, mezcal botoilak, arto - elikagai sakratua -, arroltze bat eta bezperan prestatu artozko bortz panpinak eta artozko ziri edo makil ttipi troxatuak. Kartoin zahar bat ere bazuten pausatua zolaren kukutzeko. Laister ulertuko ginuen zendako. Otoitzetan hasi ziren, ayjuuk-ez, elgarri errepostuka. Hor zauden aita, ama, bi semeak, alaba eta osaba. Halako batean ekarri zituzten hiruzpalau oilo, oilar bat eta indoilar bat. Aitak eta amak hegazti bakotxa pasatu zuten familikide bakotxaren buru gainean, bizkarrean, papo aintzinean, benedizione eta geriza gisa. Ondotik eta etengabe xuxurlatzen zituzten otoitzen artetik, machete-arekin lepoa moztu zeieten hegaztier. Odola ziliportaka zariotela delako panpinen gainerat.

Etxeko errituala bururatu eta, denak atera ginen eta hiruzpalau beribiletan jo mendirat. Bide luze baten puntan lepo batetarat atera ginen. Otoak han utzirik, sartu ginen oinez delako cerro edo mendi sakratuko oihanean. Ez ginen kaskoraino joan. Komunitate osoak egiten dituen erritualak dira omen gailurrean iragaiten. Famili bereziek dutelarik bere compromiso-a betetzen, bide erditsutan dagoen harroka sakratu batean gelditzen dira. Leku hori frango berezia zela ezagun zen. Alde guzietarik baziren bai sinbolo girixtinoak, bai zuhaitzetarik dilindan utzi zurezko egitura berezi batzu, fruitu edo barazki xuri batzu, lore eta bertze. Harroka pean berriz egin zuten etxeko aldare bertsia, delako bortz panpina, xirio, arto, botoila eta gaineratekoarekin. Etxeko erritual bera bete zuten. Zaku zahar batzuetan untsa loturik gain hartarat joanak ginintuen bertze hainbertze oilo, oilar eta indoilarrak kalitu zituzten. Gure aldetik bazterretik so ginauden, ahal bezain diskretuki. Noizpait etxekandere xaharrak deitu gintuen eta bakotxari oilar, oilo edo indoilarrak pasatu gorputzaren ingurinan. Etxekoentzat bezala. Adixkidetasun seinale hunkigarria.

Oaxaca 2022 005
Mendi sakratuko aldarea, Santa Maria de Tlahuitoltepec, 2022ko abendoa (arg.: X. Itzaina/ F. Lastère)

Behin urrats guziak bete eta, jeutsi ginen menditik. Gibeleratekoan seme gazteenak erran zautan errito hori urte undar bakotx betetzen zutela, jaz gertatuetaz orroitzeko eta urte berriko gauza onen galdegiteko. Sustut jakinez bi anaiek urtatsez hartzen zituztela kargu berriak, komunitateak segitzen dituen usos y costumbres araudi konplexuaren arabera. Bertze gai bat litaike – beha David-en lana (Recondo 2009) – bainan jakin behar da herri huntan lur amankomunak dituztela eta xixtema politiko berezi bat badutela, alderdietarik kanpo eta komunitatearen biltzarren inguruan eraikia.

Erritoaren bidez zerbeiten galdegitea bat da, bainan nori? Jinkoari, bainan baita ere ama-lurrari, izadiari, eta Mixe mitologian garrantzitsua den Kong Oy edo Konk ëy errege-izpirituari. Arroltze batean sortua omen zen Kong ëy eta espainolen eta bertze indio leinuen aurkako ihardokitzean aintzindari izana omen zen. Toki eskasez ez naiz hemen sartuko Mixe mito konplexu horien azalpenean (aurkezpen xehe batentzat, ikus: Vásquez García, 99-105 o.), bainan jakin behar da Konk ëy eta Tajëëw bere arrebaren presentzia oraindik izigarri azkarra dela herri huntan, batez ere erritoetan.

Oaxaca 2022 006
Tajëëw, Kong Oy erregearen arrebaren mitoaren irudikapena Tlahuitoltepec-eko karrikan (arg.: X. Itzaina)

Arratsean berriz afaldu ginuen denek elgarrekin, berriz ere artoz eginikako plat goxo batetarik. Mezcal-ari uko eginez noizpait eskapatu ginen eta oheratu. Biharamunean, familiarekin jeutsi ginen herriko elizarat, nun etxekoek egin zituzten hunenbertze otoitz, aldare gibeletik pasatuz bai eta sahetseko saindu baten irudiaren aintzinean geldituz. Berriz ere elgarri limpia edo gorputzaren geriza jestuak egin zituzten, bainan aldi huntan ez hegaztiekin baizik eta xirioekin eta elizetan erabiltzen dituzten suge belar sorta batekin. Bezperan etxean eta mendian egina egun elizan egiten zuten. Sinkretismoa, bete-betean. Artetik erraiteko aipatu zaukuten padre Leopoldo, hemen egon apez bat, zoinek tokiko hizkuntza, usaia, sinesmen eta erritoak xeheki bildu omen zituen. Etxean baskaldu ginen berriz eta noizpait abiatu Oaxaca-ra buruz. “Bazazte?” galdegin zaukuten, ohartaraziz erritualak oraindik segituko zuela biharamunean eta egun hartan plat haundi batetik denek betan janen zuten otordu berezi bat prestatuko zutela.

Sierratik jeustean ez ginuen solas haundirik ereman. Dena galde, dena amets, dena duda. Bertze mundu batetik ateratzen bagine bezala. Bizi izan ginuen erritoaren hainbat elementu ez ginintuen ulertu. Bainan ez zen argitasunen galdegiteko tenorea. Garrantzitsua zen zerbeitetan parte hartu ginuela susmatu ginuen, ohorezko gomita bezala. Errazionalitatea eta sinesmenen arteko mendebaldeko muga doi bat zalantzan ezarri zaukuten hiru egunez. Ikusiz bertzalde hain ederki hartu gintuzten adixkideak etzirela beren zokotik behin ere ateraiak ez ziren jendeetarik. Bi semeetarik bat soinularia bezala ibilia zen Frantzian eta Italian, erdi erromes. Seme zaharrena Mexico-n egona zen bulta batez, eta orain herrian ezinduekin mezcal ekoizteko kooperatiba baten apailatzen ari zen. Alaba, ezindua, izigarri maitagarria zen, ez jakin nola eskerrak bihurtu gure bisitarengatik. Guk ginintuelarik eskertu behar. Erran behar da familia hortakoa zela Mexiko guziko indio mugimenduaren aktibista nagusi izana zen Floriberto Díaz, zoinek ardietsi zuen nazioarteko erakundeen partetik, Nazio Batuak barne, indigenoen eskubideen ezagupen eta onespen zerbeit. Díaz-ek zuen, bertzeak bertze, “comunalidad”-aren konzeptua landu (ikus Nava 2020). Sierratik mundurat. Beren oinarrizko sinesmenak ukatu gabe. Aipatu behar da ere Tlahuitoltepec famatua dela bere musika bandarentzat eta musika eskolarentzat, baita beren irrati eta hedabide komunitarioentzat (ikus Elena Nava antropologoaren lanak, Nava 2011, 2020).

Oaxaca 2022 007
Mendi sakratutik mundura, Tlahuitoltepec (arg.: F. Lastere)

Oaxaca-ko egonaldia bururatu ginuen turista arrunt gisa, Monte Alban eta Mitlako arrasta arkeologikoak bisitatuz, bai eta Hierba dela Agua-ko ur jausteetara agertuz. Mitla-n doi-doia hauteman ginintuen, karrikan dilindan, urte zahar arrats hartan erre behar zituzten “zaharren” panpinak (La quema de los viejos). Monte Alban-en mirestu ginintuen “dantzariak” deitu harri zizelkatu aurre-hispanikoak, beren gisako pilota jokoaren ondoan. Mexikotik Euskal herrietaraino doatzin joko, arte eta sendimendu unibertsalen lekuko.

Oaxaca 2022 008
Monte Alban-eko “dantzari” bat (arg.: X. Itzaina)

Erreferentziak:

Vásquez García C. M. (2018), Ser mujer y hombres en la filosofía Ayuujk. Ja yää’tyëjk ja të’ëxyëjk ja jyujky’äjtïn, ja tsyënää ‘yïn, tyanää ‘yïn, yä ‘et näxwiiny, Oaxaca, Colectivo editorial Casa de las Preguntas.

Nava E. (2011), Prácticas culturales en movimiento. Internet en Santa Maria Tlahuitoltepec Mixe, Oaxaca, Editorial Académica Española.

Nava Morales E. (2020), “Ecos de la Comunalidad en Oaxaca a inicios del siglo xxi”, IdeAs [Online], 16 | 2020, Online since 01 October 2020, connection on 02 March 2023. URL: http://journals.openedition.org/ideas/9121; DOI: https://doi.org/10.4000/ideas.9121

Recondo D. (2009), La démocratie mexicaine en terre indienne, Paris, Karthala

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina