Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ekaitz Santazilia Dantzei buruzko aipu bat Belako zaldunaren bi eskuizkributan

Dokumentuaren akzioak

Dantzei buruzko aipu bat Belako zaldunaren bi eskuizkributan

2018/05/23 10:20

Sarrera

Aurten mauletarrek Belako zaldunari eskainiko diote pastorala. Hori estakuru, belaren bi eskuizkributan heldu diren dantzen inguruko datu zenbait ekarri nahi nituzke hona. Jean-Phillipe Bela edo Belako zalduna (Maule, 1709/7/8-Paue, 1796/03/15) Zuberoak eman duen pertsona burutsuetarik da, nire ustez. Familia kapareko semea, 1727an sartu zen militar, eta hainbaten zerbitzutan Europan barna ibili ondoren, 1775an Régiment Royal-Cantabre sortu zuen. 1749an utzi zuen armada, zenbait arazo ekonomiko eta politiko tarteko. Militar karrera utzita, bizitza politikoari ekin zion, bere ustez zuzenbidezkoak ziren hainbat auziren defentsan. Bere iritzien berme, txosten eta izkribu ugari utzi zizkigun frantsesez, egun hainbat biblioteka eta artxibategitan atxikitzen direnak.

Autorea XVIII. mendekoa izanik ere, bere testuen irakurketan murgiltzen denak, norenak diren ez baleki, aise pentsatuko luke XIX. mendeko idazle baten esanen aitzinean dela. Batetik, txosten eta izkribuei erudizioa darie: intertestualitate aberatsekoak dira; aipu, ohar eta datu historikoz lepo. Bestalde, jasotzen diren ideiak hurbilago dakuskit Humboldtengandik eta Erromantizismotik, XVIII. mendean inguru honetan zeuden idazleek ekoizten zituztenetatik baino.

Garairako, beraz, aski aitzinatua zen Belako zalduna. Haatik, bere izkribuek argitaragabe diraute, eta ikerketa ere ments dute. Testuen bolumenak, konplexutasunak eta aberastasunak, baina, zenbait ikerlariren bi edo hiru bizitzaren denbora eskatuko lukete, zorionez edo zorigaitzez.

Bela dantzei buruz

Gure artean ezagunen den eskuizkribua Histoire de Basques izenekoa da, Frantziako Biblioteka Nazionalean gordea (NAF 20053-20055). Euskaldunen historia luze bat da eta 1500 orrialdetik goiti ditu folio tamainako hiru liburukitan, letrakera txikian idatzirik. Altxor bat da historian, hizkuntzalaritzan, ohituretan, edo etnografian interesa dutenendako: dantzak, janzkerak, jokoak, elikagaiak... Ia ikertu eta are irakurri gabe dirauen altxorra. Inoiz ezer ikertzera animatuko nintzelakoan, Parisera joan eta eskuizkribu osoari argazkiak atera nizkion behin. Gaur dakardana testu osoaren zati ñimiño bat baizik ez da.

Belako zaldunaren aipatu izkribuan dagoen pasarte bat bihurtu dut hona; dantzez mintzo dena hain zuzen. Testuaren transkripzioaren ondotik zenbait puntu axaletik eta ahal dudan neurrian iruzkinduko ditut; izan ere, bada gauza ilunik edo interpretazioa merezi duenik. Ez naiz gai honetan aditua; beraz, ezertan oker banago, edo ezer osatu edo aberastu badaiteke, zuen iruzkinekin ni kontent.

Memoires Pour servir a l’histoire des Basques avec vn abbregè du Regne des Roys de Navarre
1. irudia. Memoires Pour servir a l’histoire des Basques avec vn abbregè du Regne des Roys de Navarre.

Testua

Histoire des Basques-en hirugarren liburukian (NAF 20055) 404. orrialdetik 406.era, euskaldunen izaera zaluaz eta indartsuaz mintzo zaigu Bela. Bere ustez, besteak beste, txikitatik dantzatzeko zaletasuna dutelako bide dira euskaldunak horren azkarrak. Testua hobeki uler dadin, puntuazioa gaurkotu dut, eta ese luzeak arrunt bilakatu (ſ > s). Hala dio:

Dez leur tendre jeunesse, yls s’accoutument a des danses fort hautes et trés vives, qui leur donnent beaucoup d’agilité et de la grace dans leur maintein, de sorte qu’on pourroit dire que rien ne ressembre moins a un païsan qu’un païsan basque.

La synphonie a quelque chose de celeste pour ces peuples. Yls y trouvent les amusements les plus vifs de leur vie. Le tambourin est leur instrument favori, qu’yls accompagnent ordinairement du violon. Les femmes grosses dansent dans les places publiques comme les filles et, apeine les enfans peuvent marcher seuls, qu’yls sont admis dans les cercles, et leus premiers pas sont fomés en cadence (a). Parvenus a l’age de raisson, on leur aprend a lancer un baton et a s’en servir pour se déffendre. De là yls passent au jeu de la longue paume dans lequel yls excellent. Les basques-espagnols qui y sont aussy fort a droits, vienent souvent chez les basques-francois pour faire des parties où l’on joüe et parie gros jeu. Elles se font en place publique, on y accourt de toutes parts. Les vieillards de tous les etats se font un spectacle de ces sortes de défis, et encouragent les vitorieux par des aplaudissemens aussy flateurs pour les joueurs que ceux que les fiscaux
recevoient sur l’aréne de Rome.

Mais toutes ces parties de plaïsir ne sont plus si frequentes, et surtout celles de danse, depuis que les eveques ont deffendu severement cet exercice, et excomunié les tambourins. Nous ne connoissons que Sycurgue qui ait reussi a changer les moeurs et les coutumes d’un peuple. Les bonnes intentions de ces prelats n’ont point eu tout le succés qu’on eu devoit attendre. Les peuples ne dansent plus a la verité; on dansent trés peu. Mais, en revanche, les hommes et les femmes vont ensemble au cabaret, ce qui ne s’etoit jamais vû auparavent, et ces rendez-vous sont devenus des maisons publiques qui servent certainement a des plaisirs moins innoscens que les dances des places publiques. Je m’en raporte la dessus au jugement des pasteurs qui ont dirigé les ames des danseurs et des denseuses avant et aprés la deffense des danses. Un grand prelat auquel je fis part yl y a quelques années de cette police eclesiastique me dit que la religion et les lois ne devoient pas ressembler a la toile d’aragnée qui laisse paſser les choses pesantes et retiene les legéres, et que s’il etoit eveque des basques, yl donneroit de l’argent pour faire joüer les tambourins dans les places publiques, afin d’antretenir leur joye naturele.

Ces peuples ont plusieurs danses qui sont toutes fort difficiles a cause des differens pas qu’elles demandent pour les danser en cadence. Les principales deus danses sont nommées Mouschico et Orsaïs. Elles ont plus de deux cens messures chacune, et sont formés par des pas qu’yl faut aprendre par principes et par regle. Ces danses se font en cercle et en forme de branle, qu’yls apellent Contrapassac. Les hommes et les femmes sont mélés, et se tienent par la main, aprés quoy yls dansent une curante qu’yls apellent Dantza schuhia et qu’yls finissent par une dansse ellevée qu’yls nomment Jauziac.

Laburpena

Aski modu eskematikoan, testutik idokitako ideia nagusiak ekarriko ditut hona.

  • Euskaldunak txiki-txikitatik dantzatzen dira, eta lehen pausoak dantzan ematen dituzte.
  • Dantzarako danbolina (ttun-ttuna, segur aski) erabiltzen dute, soka igurtzizko instumentu batez lagundurik anitzetan.
  • Bestelako jokoetara ere zaleak dira, pilotara esaterako, eta Espainiako euskaldunak Frantziako euskaldunekin elkartzen dira jokorako eta apostuetarako.
  • Apezpikuek dantzak debekatu dituzte, eta danbolinteroak eskumikatu; ondorioz, gutxi dantzatzen da.

       - Jendea ordainetan kabaretera joaten da, eta gorputz eta arimak dantza baino plazer lizunagoetara bideratzen.
       - Bela horren kontra agertzen da, eta kontatzen du apezpiku batekin Elizaren politika horri buruz mintzo, apezpikuak esan ziola bera ere ez zegoela ados eta euskaldunen apezpiku balitz, dirua emanen zuela danbolinteroek plazetan jotzeko. Dantzak zailak dira, pauso asko dituztelako, kadentzian ematen direnak.

  • Dantzarik ohikoenak Muxiko eta Ortzaiz deitzen dira.

       - Bakoitzak berrehun konpas baino gehiago ditu.
       - Pausoen arauak ikasi behar dira.

  • Borobilean dantzatzen dira, branleak bezala, eta plaza publikoan.

      - Kontrapasak deritzote.
      - Neskak eta mutilak nahasian eta elkarrekin dantzatzen dira, eskutik helduta. Courante bat dantzatzen dute, Dantza Xuhia(?) izenekoa.

  • Bukatzeko, Jauziak izeneko dantza “goratu” bat ematen dute.

Testuaren egilea eta data

Esan bezala, Belaren Histoire des Basques-en ageri da pasartea, baina, izan zitekeen XIX. mendeko kopia bat, eransketak dituena. Hala balitz, bertan esandakoak Belarenak ez beste norbaitenak izan zitezkeen, eta geroago gehituak. Testua Belarena dela argudiatuko dut labur.

Parisen Belako zaldunaren beste gutun eta testu batzuk ikusi ahal izan ditut eta, zaldunak aski letra aldakorra badu ere, gure ustez Histoire des Basques bere eskuz idatzia da.

XVIII. mendekoa da, beraz, baina noizkoa zuzen? Lanak ez du datarik, eta testu nagusia idatzaldi bakar batean egina dago. Lan horretan XVIII. mende bukaera bitarteko kontakizunak daude; hartara, kopia korrek gertakizun horien ondokoa behar du izan. Haatik, Belaren beste eskuizkribu batek argi gehiago ekar dezake. Memoires Pour servir a l’histoire des Basques avec vn abbregè du Regne des Roys de Navarre izenekoa aski ezezaguna izan da, eta XIX. mendeaz geroztik, nik dakidala, inork ez du aipatu (Begiratu 1. irudia). Ziur aski beti esku pribatuetan egon delako izan daiteke. Gaur egun nik gordetzen dut eskuizkribua. Histoire des Basques-ekin bertsio laburtu bat da, 500 bat orrialdekoa, folio tamainan, Belak berak idatzia, eta dantza-jauziei buruzko pasartea ere badakarrena, oin-ohar batean (Begiratu 2. irudia). Honek ere ez du datarik; haatik, historia luzea baino zaharragoa dela —eta ez geroago egindako laburpen bat— pentsatzeko arrazoiak badaude.

Bela, Histoire des Basques
2. irudia. Histoire des Basques-en bertsio laburtuko dantza-jauziei buruzko pasartea.
 

  • Testu honetan Erreferentziarik berankorrena Larramendiren El Impossible Vencido liburua da, 1729koa.
  • XIX. mendeko zenbait autorek (Walkenaerrek eta Clement-Simonek) ere esaten dute Memoires lehen idatzaldi bat dela, eta bestearen oinarri.
  • Ur-markek ez dute datarik eta Frantziako legeen arabera, papera 1745 baino lehenagokoa da, ondorioz.
  • Orrialde batean operazio aritmetiko bat ageri da bazter batean: 1753-1679=74. Orrialde horretan 1679ko gertakari batez mintzo da Bela, baina 1753ko data ez da inon ageri. Nire ustez, eskuizkribua atondu zeneko urtea izan daiteke 1753, eta Belak gertakaritik zenbat urte pasatu ziren jakiteko egin zukeen kenketa.
  • Memoires, Belak berak hainbat garaitan egindako albo-oharrez josita dago. Ohar horiek geroko Histoire de Basques-en sartu beharreko gehiketak direla dirudi. Ez dago, beraz, datu osoki erabakigarririk, baina Memoires 1753 baino lehenagoko testua dela ematen du, eta Histoire des Basques baino lehenagokoa.

Ondorio zenbait

Ondoko lerroetan Guilcherren La Tradition de danse en Béarn et Pays basque français liburuan esaten direnak izanen ditut abiaburu, zenbait ondorio oinarritzeko.

Nire uste menturaz okerrean, hauek dira dantza jauziei buruzko erreferentziarik zaharrenak. Guilcherrek dakarren jauziei buruzko lehendabiziko erreferentzia 1823koa da eta, ondotik, XIX. mendean idazle frankok aipatu dituzte (67. or.).

Bestalde, Muxikoak bide da dantza jauzirik hedatuen eta ezagunena (145. or.), eta jauziez mintzatu diren autore guztiek aipatzen dute. Gainera, dagoeneko XIX. mende erditik “Muxikoak” terminoa baliatzen dute zenbaitek genero osoari deitzeko (67-70. orr.). Ortzaiztarrak, haatik, ez dirudi horren hedaturik egon den; gaur egun, ez dut uste Zuberoan anitzetan ikus daitekeenik. Jauziei buruzko aipamen zaharretan ere ez da erraz aurkitzen. Aldaerak aldaera, Laharragueren bilduma inprimatuan heldu da, Salaberryren eskuizkribuan eta Constantinen lehen kaieran (Salaberrirenetik edaten du), XIX. mendean beti ere. Gero, jauzi ahantzien zakuan erori bide zen (84-85. orr.). Belaren erreferentziari so, ematen du XVIII. mendean Muxikoak eta Ortzaiztarrak jauzi luzeak zirela, 200 konpasetik gorakoak. Ordutik hona, bistan dena, aldatu dirateke, baina jaso diren aldaera guztietan ere jauzi luzeak dira bi horiek.

Guilcherrek dio dantza jauziak gizonen dantzak direla egun, eta emakumeek intimitatean ematen dituztela, baina Harruguetek XX. mendean zioen aspaldian emakumeek ere ematen zituztela (71-72. orr). Belaren testigantzak ere horren alde egiten du, baina XIX. mendeko kroniketan dagoeneko, bietarik aurki daiteke.

Ez da erraza Belak deskribatzen dituen gainerako dantzen itxura antzematea. Kontrapasak deritzona branle bat dela dio. Eskutik oratuta egiten zen, egun bezala (cf. 28. or.).

Ondotik courante bat bide dator. Belak Dantza Xuhia izendatzen du bi eskuizkributan, eta ezin izan dut asmatu zer dagoen izen horren gibelean. Edonola ere, Dantza-luzea edo Dantza-korda datorkit burura, edo branletik jauztea. Dantza-korden lekukotasunik badugu, esaterako, Azkainen 1752an (48. or.).

Horren ondotik dantzatzen bide zituzten “jauziak”, Belak dioenez. Zaldunak dansse ellevée deitzen ditu horiek. Honek, batetik, Biarnoko Branlou bas/Branlou Ayrejan oposizioa dakarkit gogora; dantza solemnea bata, eta arina bestea. Ezin alde batera utzi, bestalde, dantza jauziak emateko bi moduak ere. Garai hartan jauziak “jauzika” egiten zirenak ziren bakarrik?

Beste aukera bat, sinestekoagoa agian, zera da: Dantza luzearen ziklo osoa deskribatu izana. Gaur egun ezagutzen dugun moduan, Dantza luzea courante batekin hasten da, gero kontrapasak heldu dira, courante-a berriz, eta jauziak buruenik. Dena dela, Muxikoak eta Ortzaiztarrak mota honetako dantzatzat ditu Belak, eta Dantza Xuhia courante-ari deritzo soilik.

Horra, beraz, testu horretatik atera ahal izan dudana, nahi duenak aberats, zorrotz eta zuzen dezan. Balio beza lantxo honek Belaren testuak ahanzturatik ateratzeko: horietan sudurra sartzeko adorea duenak edirenen du non laketu.

Dokumentuaren akzioak

2018/05/23 21:42
Benetan interesgarria!
Hemen aipatutako testuaren zatitxo bat argitaratu zuen Txomin Peillenek Baionako Euskal Museoaren bilduman(1994 urtea, 137° zenbakia), baina dantzen izenak zituen lerroaldea bakarrik, damurik... Testuinguru eta xehetasun gehiago ukaitea merezi du!
Mila esker!
2018/05/24 10:35
Mila esker Ekaitz Santazilia! Orain arte ezagutzen zen dantza-jauziei buruzko lehen erreferentzia (1823) baino 70 urtez zaharragoa (1753?) izan daitekeena ekarri diguzu. Baina horrez gain beste hainbat ekarpen interesgarri ditu artikuluak eta berau irakurriz bururatu zaizkidan zenbait ohar jaso ditut hemen:

- Euskaldunak dantzan ume-umetatik hasteko duten ohituraren inguruan: "Dez leur tendre jeunesse, yls s’accoutument a des danses fort hautes et trés vives". Euskaldunon dantzarako jaiotzetiko zaletasunaren mitoaren tradizioan koka daiteke Belarena. Ia 100 urte lehenago, 1659an, Le Pays-ek zioen euskal ume batek lehenago ikasten zuela dantzan bere aitari zein zaintzaileari deitzen ikasi aurretik: "un enfant y sçait danser avant que de sçavoir appeller son papa ny sa nourrice". Belaren esaldia tradizio horretan uler liteke.

- Emakumeak plaza publikoan dantzatzen direla. "Les femmes grosses dansent dans les places publiques comme les filles et, apeine les enfans peuvent marcher seuls, qu’yls sont admis dans les cercles, et leus premiers pas sont fomés en cadence (a)". Hainbat testigantza dira emakumeek dantza egiten zutela agerian jarri dutenak, baina XX. mendean hori ukatu egin zenez pozik hartzen ditugu horren berri ematen diguten aipu guztiak. Bestalde, hemen berriz ere umeak ageri dira, oinez hasten direnetik dantza borobilean onartuak direla esanez, lehen oharrarekin bat eginez.

- Elizgizonek plazako dantzak debekatzu eta ondorioz dantzaldiak ezkutuan egiteak oker handiagoa, lizunkeria nabarmenagoak zekartzala salatzen du Belak, garai eta norabide berean Manuel Larramendik eta beste zenbaitek adierazitakoaren hildo berean.

- "Dantza schuhia"-ren auziaz. Bat nator courante eta dantza-luzearekin egiten duzun loturarekin Ekaitz. Nik ere sumatzen dut hortik joan daitekeela 'xuhia' horren esanahia. Belak dio 'dantza schuhia' berez 'curante' bat dela: "une curante qu’yls apellent Dantza schuhia". Louis Horst-en esanetan 'Courante' dantzaren aitzin-forma 'corrente' zitekeen ('curro' latinetik eratorria, korrika), eta izan zituen aldaeren artean, bazen bat zenbaitetan "luzea" oharrarekin zehazten zena: "Esta forma de la corrente que lleva a veces la indicación de 'largo'".

Esandakoa Ekaitz, eskerrik asko eta segi hariari tiraka!
2018/06/18 12:12
Xabier Itzainak Ekaitz Santaziliaren lan honen haritik sarrera bat egin du: https://dantzan.eus/kidea/itzaina/kanbo-1727

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.