Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Itzaina Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa

Dokumentuaren akzioak

Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa

2023/04/18 13:10
Ihauteriak (1) : Tetelako masken guduka airosa

Huehue-en dantza, Tetela de Ocampo-ko ihauteria, 2023 (X. Itzaina)

Joan den otsailean, Simon Lévy, CEMCA-ko doktoregai lerdenarekin izan ginen Pueblako Sierra Norteko bortuetarat, Cuetzalan-eko kooperatiba famatuaren ezagutzeko xedearekin. Nahua eta Totonaca indio leinuek osatzen duten Cuetzalan-ek baditu bertzalde bere dantza erritual bereziak, voladores famatuak barne, agian bertzaldi batez hemen aipa ginezazkenak. Hots, kooperatiben jasta izanik, gibeleratekoan gelditu ginen auzo herria den Tetela de Ocampon. Baginakien egun hortan markatzen zutela El huehue del chirrión deitu besta, ihauterikari, eta merexi zuela. Mendien artean kokatua dago herri gotor hori biziki zabala eta barreatua da, zernahi kartier eta komunitateekin. Egun hartan besta herri erdigunean iragaiten zen. Menditik jeustean herriaren sartzean hauteman ginuen 8 bat metra gorako itxura bat, ihauterietako beztitu bat erakusten zuena. Gero jakin ginuen hain xuxen egun hartan estrenatzekotan zirela.

Tetela1.jpg
Cuetzalan eta Tetela de Ocampo-ren arteko bidetik (arg. X. Itzaina)

Simon-ek aspaldian ezagutzen zuen bikote bati esker gaitzeko ongi etorria egin zaukuten herrian. Aurora eta German-ek hartu gintuzten berekin, azalpen guziak eman eta dantzariekin soslatatzeko aukera eskaini. Hauste aintzineko larunbata izanki, egun hartan komunitate desberdinetan ateratzen ziren dantzari talde guziak bilduak zituzten Tetela-ko plaza nagusirat. Biltzarre hori orain duela hamar bat urte abiarazia zuten herriko etxekoek. Aspaldikoa dena, ahatik, dira komunitateetan egiten diren dantzarien ateraldiak, etxez-etxe eske, gure kaxkaroten gisara.

Gu eguerdi irian agertu ginelarik, taldeak dantzan ari ziren karriketan. Ondotik, talde bakotxak hiruna dantza eman zituen (entrada, principal, salida) plazan, herriko agintarien aintzinean. Untsa ulertu badugu, 22 “dantza” baziren, Tetela-ko 65 komunitateetatik jinikakoak. Talde bakotxa berdintsu osatua zen. Aintzinean bazoan Tata deitzen duten dantzarien aintzindaria. Dantza bakotxak baditu Tata bat edo bi, bandera eta maska bizardun batekin. Tata bakotxak antolatzen du bere taldea, dantzak eta soinuak erakasten ditu, dantzarien harat-hunatak antolatzen ihauteri garai guzian. Ihauteri hastapenean, Tata-k biltzen ditu dantzariak, eta presidente munizipalari galdegiten dio karriketan dantzan eta eske ibiltzeko baimena.

Tetela2.jpg
Komunitate batetako dantza, ihaute-larunbatez, Tetela de Ocampo (arg. X. Itzaina)

Bandera bedera zeramazten Tata delakoek, batzu frantses kolereekin, gero konprenitu ginuen zendako. Tata-ren ondoan zoatzin “erregina” bat edo bi, tokiko jauntzi eleganteekin. Dantzak aipatzen duen gerla denborako Tetelako emazteen erresistentzia irudikatzen omen dute. Ondotik heldu ziren dantzariak berak. Huehue (“zaharrak” nahuatl hizkuntzan) deitzen dituzten dantzariak maskatuak ziren, kepi bat buruan, gure bolanten iduriko xingola luzeak bizkarrean, oihal xuri bat xapeletik edo bizkarretik zariotela. Képi-a eta oihala XIX. mendeko frantses armadako zouaves-en oroimenez ezarri dituzte naski. Oihal bakotxak bazuen bere apaindura brodatua, eta huehue bakotxak bazuen bere azotea eskuan (el chirrión).

Gero heldu ziren zirtzil gisako maska zonbeit, debru bat, emaztez beztitua zen gizon bat (maringuilla). Dantza bakotxak bazituen bi soinulari: gitarra eta arrabita. Italia Iparraldeko edo Europa zentraleko doinuak orroitarazten zituzten soinu airosen arabera dantzan ari ziren. Komunitate bakotxak ba omen ditu bere doinu eta dantza bereziak. Dantzari maskatu eta azotadunek Sardegnako Mamoiadan hamar urte lehenago hauteman ginintuen issohadores-en egite haundia bazuten. Pertsonai horiek dira, Barbagiako ihauterietan, Mamutones deitu joaldunen akulatzaileak. Huehue batzu zezen adarretatik tutaka ari ziren. Lagunek azpimarratu zaukuten huehue-en masken garrantzia. Zurezkoak dira, eta dantzari bakotxak bere bisaiaren izaritara eginarazten dute tokiko ofizialer. Dantzariek errespetu haundia zor diote beren masker.

Tetela3.jpg
Huehue dantzaria, Tetela de Ocampo-ko ihauteria (arg. X. Itzaina)

Tetelako ihauteriaren berezitasuna bere oinarri historikotik dario. Egun hartan guduka batetaz dora orroitzen. Jakina den bezala, frantsesek izan zuten gaitzeko balentria Mexikon XIX. mendean, Maximilien inperadore bezala bortxaz ezarri arte (1864-1867), mexikar kontserbadoreen laguntzarekin. Mexikar liberalak oldartu zizkieten eta Tetelako milizianoek parte hartu zuten 1862ko maiatzaren 5eko Pueblako guduka famatuan. 1865an frantsesen alde ari ziren austro-hungaro tropak sartu ziren Tetelan eta zortzi hilabetez okupatu zuten herria. Tropa frantses eta austro-hungaroen aurkako borroken buru izan ziren “los tres Juanes” deitzen dituzten aintzindari liberalak, geroztik haundiziki ohoratzen dituztenak. Ihardokitze eta errebeldia historio luze horren gatik, 2020etik geroz herriaren izen ofiziala da Tres veces heroica Ciudad de Tetela de Ocampo. Lagunek ohartarazi zaukuten austro-hungaroen okupazioz geroztik, agertu zirela begi urdinekilako niñi zonbeit Tetelako mendi zokoetako komunitateetan...

Tetela4.jpg
Soinulariak (arg. X. Itzaina)

Ihauteriz, dantzariak delako soldado atzerritarren eskarnia dute egiten. Banderak gudukan sartuak ziren erresuma desberdinetakoak dira: Frantzia, bainan baita ere Hungria, Italia, Slobenia, Austria eta Beljika. Bandera batzutan agertzen da dantzarien komunitatearen izena. Tetelako bi historialariekin solastatzeko parada izan nuen, eta batalla eta ihauterieri buruzko hainbat xehetasun eman zauzkidaten. Ene partetik, nindagon bertzalde beren ihauteria bera ez ote zen delako guduka baino aise zaharragoa, kolonia garaiekoa bederen, ikusiz Europako hainbat ihauteriekilako paraleloak.

Tetela5.jpg
XIX. mendeko guduken orroitharriak Tetelako plaza nagusian (arg. X. Itzaina)

Lagunek esplikatu zaukuten baita ere huehue-k ihauteriz beizik erabiltzen ez duten hizkuntza berezi bat bazutela. Gizonek boz mehe eta bihurri batekin denak infrentzuz erraiten dituzte, ihauteriko modu tipiko batean. Aurora lagunak noizpait errezebitu zuen sakeleko telefonoan beztitua zen senarrarengandik mezu bat, zoinek zion: “bagaza goiti botatzera”. “Ah, badoazi bazkaltzera” erran zaukun irri batean!

Tetela6.jpg
Huehue-en dantza (arg. X. Itzaina)

Eguerditan bazkaltzera gomitatu gintuzten esku zabalez, eta huehue-ekin herriko etxeko lehen pisuan dagoen barne zabal batean preziatu ginuen tokiko janari fina. Atsaldean bisitatu ginuen Auroraren tailerra eta denda, eta ondotik ikusi ginuen plaza nagusian berriz juntatzen ari zirela huehue-ak. Huehue talde bat sartu zen plazan eta erronda haundi bat osatu zuten dantzariak beren azotekin elgarri lotuz. Erdian bi huehue-k (Tata-k iduriz) hirugarren bat hartu zuten, preso hartu balute bezala. Soinua noiztenka gelditzen zen eta huehue-a hasten zen solasean, beren binperrazko hizkuntzan, guretzat ezin ulertua alabainan. Bere decima edo koplak emaiten zituen, Tata-etaz trufatuz eta herriko ixtorioak kondatuz. Behazaleen irri zaflek erakusten zuten heiek arras untsa ulertzen zituztela. Gero musika eta dantza itzuli zonbeit emaiten zituzten, soinua berriz geldi, eta berriz haste Tata-ek hautatu bertze norbeitekin. Joko horri las herencias erraiten omen dakote. Untsalaz, asteart-ihautez emaiten dira bainan delako festibal horren karietara larunbat arratsaldez ere egiten dituzte.

Ciudad de Mexico-rateko bidea luzea izanki, hortan behar izan ginintuen utzi adixkideak. Kondatu zaukuten asteart-ihautez iraganen zen El remate deitu gertakizuna. Egun hartan, parez-pare dauden bi mendi mazeletarat igaiten dira huehue-ak eta bi parte egiten dira delako gudukaren antzezteko. Tiroen ordez, cohete edo zartagailu botaka eta azoteka ari dira, zoin-gehiagoka. Irabazlea da azken cohete-a tiratu duen taldea, eta badituzte hortarako zernahi jokutria. Ondotik egiten dituzte larunbat arratsaldean ikusi ginintuen las herencias. Lagunek esplikatu zaukuten horren ondotik denbora batez bazutela oilar jokoa. Oilar bat jartzen zuten urkabe batetik dilindan, soka batekin jeusten eta iganarazten zuten, eta huehue-k behar zakoten lepoa moztu. Behin kalitu eta, karrikan lasterka joaiten zen irabazlea behazaleak odolarekin ziliportatuz. Gaur egun, oilarraren orde edariak eta goxokiak dituzte jartzen dilindan delako urkabean. Ondotik ospatzen dute “Tata-ren urkatzea” (la horca del Tata). Huehue-k Tata harrapatzen dute eta urkatzen – azken puntan panpin batek ordezkaturik ere -. Hil kutxa batean ezartzen dute, eta nigarren artean ehorzten. Sega-zahiz eginikako marika bat erretzen dute. Gero parte hartzaile guziak beren artean biltzen dira, elgar eskertzen eta ondoko urtean parte hartuko dutela hitzemaiten. Nunbeit irakurri dut untsalaz dantzariak zazpi urtez zirela. Ondotik afaiten dira eta dantzaldiarekin bururatzen dira egun gizenak. Iduriz, orduan da ere markatzen transmisio zerbeit dantzari zahar eta gazteen artean, bainan hortaz ez dakit gehiago. Ondoko asteetan suertez gertatu ginen Ciudad de México-ko etxe batean Tetelako andere batekin. Esplikatu zaukun bere aita arrabitaria zela, eta huehue-ak berriz ateratzen zirela Bazko inguruan, bainan komunitate bat edo bietan bakarrik.

Tetela7.jpg
Arratsaldeko dantza eta jokoa (arg. X. Itzaina)

Gudukaren oroimenaz aparte, Tetelako ospakizunetan hautemaiten ditugu Europako landa eremuetako ihauterieetako ezaugarri nagusiak: maskaraden antolaketa bikoitza (dantzariak/zirtzilak), herriko espazioen markatzea eskearen bidez, hierarkien itzulipurdikatzea eta mundua binperraz ezartzea, oilar jokoak, salaketa soziala, panpinaren epaiketa... Kolonia garaian inportatu eredu bat ote? Edo jada aintzinetik egiten zuten urte berriko ospakizun zerbeitekilako nahasketa? Interesgarria da baita ere ikustea nola 1860 urteetako gerlek ze heinetaraino markatu duten herriaren oroimen kolektiboa, erritual ziklikoak kutsatu arte. Konparaketarako gomita beraz. Hasteko, berriz ere milesker Simon, Aurora, German eta Tetelako herritarrer beren eskuzabaltasunaren gatik. Euskal lurretan ez ditugu beti hain nobleki errezebitzen dena galde etortzen zauzkigun kanpotiar begiluzeak.

Tetela8.jpg
Tetela de Ocampo-ko bixta bat, 2023ko larunbat ihautez (arg. X. Itzaina)

Bideoa: huehue-en dantza, Tetela de Ocampo-ko ihauteria, 2023 (X. Itzaina)

Xabier Itzaina

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina