Dokumentuaren akzioak
Keinua eta neurritasuna
Iturenen bertako soka-dantza ikasten egon ginenean, borda bateko lastategian lo egin genuen Marianek eta biok. Gogoratu nuen Ramon Menendez Pidal eta bere emazte Maria Goirik, haien eztei-bidaian, El Cid-en ibilbidea egin zutela. Horrelako kontuak oso iradokitzaileak ziren niretako. Marianekin Baskonia guztia kurritu genuen herriz herri, hango eta hemengo soka-dantzak bilduz. Erromantikotasun sakon batek gidatuta lan egin izan dugu Marianek eta biok.
1968. Ituren. Malerrekako dantzen aldia da Argia dantzari taldeko kideentzat. Donezteben bertako Trapatana ikasi ondotik, Eugenio Urroz Iturengo sendagilearekin egin dute hitzordua.
Eugenio Urroz medikua zen eta Iturengo ohiturak inarrosteko lanean aritu zen. Berak jarri gintuen kontaktuan soka-dantza erakutsi ziguten Barberena etxeko Jose Maria eta Jose Urroz aita-semeekin. Jurdanea etxeko Fermin Luis Apeztegia eta Aurtiz auzoko José Macuso txistulari eta dantzaria ere saltsan aritu ziren. Tamalez jadanik soka-dantzarik ez zuten dantzatzen Iturenen, baina guri erakusten aritu zirenak oso dantzari onak ziren. Itzulietan, urratsa atzeraka markatzen zuten. Argiak keinu bereizgarri hori gorde egin du bere dantzakeran.
Keinuen garrantzia, berriz. Keinua ez da urratsa, apaingarria da. Eta hori ongi barneratu gabe, dantzakera guztiz eralda daiteke. Imotzeko esku-dantzarekin gertatu da eta Itureneko soka-dantzarekin ere gertatuko da. Frankismo hondarreko basamortu kulturalean, Argiaren eszenaratzeak ur fresko hurrupak dira dantza talde egarberendako eta egoera horretan, xehetasun asko galdu egiten dira.
Argian beste zortziko batzuen kadentzia berean dantzatu izan dugu soka-dantza ere. Baina estreinaldia egin genuenez geroztik, estilo saltarinago bat zabaldu zen beste dantza talde batzuen artean, aldaken kulunkatze handiarekin. Argiako dantzarietako batek neurriz gaineko keinuera zuen eta agian, hori izanen zen koxka! Gauza bera gertatu zen, esaterako, Axuri-beltzarekin. Begoña Huegun-ek gerri biraketa oso polit eta neurtua egiten zuen. Keinu hori degeneratuz joan zen beste dantza talde batzuetan, lurretik lili bat hartzearen tankerako imintzioa egiteraino. Jestu zehatz bat nola egin ez jakitea, nahiko arazo zabaldua izan da.
Iturengo soka-dantzarako dantzakera soila eta neurriduna zen eta hori da Argiak hedatu zuena. Dantzariren baten dantzakera, agian, manieristagoek bidea egin zuten beste dantza talde batzuetan.
Berpizkunde garaiko dantza-maisuek mugimenduen “mesura” edo neurritasunaren aldarrikatzen zuten, dantzaren armoniaren hobe beharrez. Kontzeptu hori bere egingo du Argiak XX. mendeko jardunari egokituz. Alta, soiltasun horri muzin eginez, 1960ko hamarkada urrentzean suma zitekeen dantzakera itxurati hura ikusten du zenbaitetan Urbeltzek, gaur egun ere.
Forman, azalekoa den horretan oinarri duen paradigma efektista, indarrean zen garaian eta indarrean da egun. Duela 50 urte genituen eskasiak berdin errepikatzen ditugu gaur. Garaikidea dugu orain. Taldeek benetan kultura-alor hau aitzinatu nahiko balute egiazki, ni ados nengoke. Baina ez zait iruditzen hala denik. Tribuko zaharroi ezin zaigu ziririk sartu, halako jarrerak ikusiak baikara lehenago ere. Dantzakera tradizionalean, badira estiloa eta karakterea ezartzen duten keinuak. Eta ongi erreproduzitu behar dira. Bestela, euskal dantza tradizionalaren aurreratzea bilatzen dugunean, esaterako, balletaren bidez, egiten dugun gauza bakarra da eredua hondatzea.
Iturenetik urrundu gara, baina, eta itzul gaitezen. Herriko adineko jendeak soka-dantza buruan badu ere, herrian ez da gehiago dantzatzen. Horrek, jantzietan ere haien ahalmen sortzailea aplikatzera behartu ditu beste behin.
Neskak beltzez jantzi genituen, Kexmir xahalak sorbaldetan. Abarkak pixka bat baztertu eta Itureneko soka-dantzarako hasi ginen zapatak erabiltzen, bai neskendako baita mutilendako ere. Mutilek galtza marradunak zeramatzaten, txaleko eta txapela beltza, alkandora xuria eta koloretako zapiak lepoan. Iturendarren iruzkinek inspiratu gintuzten jantzia berregiteko, igandetarako janzkera moduko bat proposatuz. Soka-dantza 1969an mustu genuen. Estreinaldiaren kronikak zoragarriak izan ziren.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi