Dokumentuaren akzioak
Oro ez da urre
Zenbaitetan irudi lezake Argiaren ibilbidea arrosa bidea izan dela baina ez da beti horrela izan.
1972. Sidmouth (Inglaterra). Argiako dantzariak mundua kurritzen jarraitzen dute, haien lana atzerrian erakutsiz, baina bidaia horiek ezagutza metatzeko ere baliatuz. Oraingoan Sidmouth-en dira, English Folk Dance and Song Society-k gonbidaturik.
Sidmouth-ekoa oso jaialdi atsegina izan zen, oso britainiarra. Arena deitzen zuten eta ikusleek esertzeko baliatzen zuten belar-borobil baten erdian dantzatzen genuen. Gogoan dut, Durangaldeko banako-zaharra eman eta gurpilak egitean, jendea txaloka hasten zitzaigula, Morris dantzarientzat ere urrats ezaguna baitira grabileteak, nahiz eta haiek ez duten zehaztasunez gauzatzen.
Sidmouthen harreman handia egin genuen Lancashire-ko Garstang Morrismen taldearekin. Eskalapoi eta onddo-kapelekin dantzatzen zuten, azote txiki batzuei eraginez. Gu baino helduagoak ziren baina nolabaiteko adiskidantza egin genuen. Haien Fool edo eroak halako hitzaldiak ematen zituen dantzatu aitzin: Euskaldunekin futbolean aritu gara eta 4-0 gailendu zaizkigu! Oso dantzari finak ziren, baina batez ere oso adeitsuak.
Errepertorio zabala eraman genuen. Bizkaiko ezpata-dantza, Iturengo soka-dantza, Nafarroa Behereko dantzak… ordurako Gipuzkoako dantzen programa ere aurkeztua genuen eta dantza haietako batzuk ere eraman genituen Sidmouth-era. Esaterako, Lesakako ezpata-dantzaren zubiekin eraldatuak genituen Gipuzkoako ezpata-dantzarenak eta bertan erakutsi genituen.
1973. Charleroi (Belgika). Industria-hiria da Charleroi. Kez betetako hiri belztuan kolore pindar bat da bertako folklore jaialdia.
Gipuzkoako dantzen programan mustu genituen adar-formako burukoak jantzi genituen desfileetan. Charleroin Espainiatik lanera joandako migratzaile zenbait baziren, baina jantzi horiekin, ez gintuzten ‘Espainiar’tzat identifikatu. Bulgariako Varna hiriko dantzariekin bat egin genuen bertan. Dantzari zoragarriak ziren. Haien Rachenitsa dantzak gogoan ditut, gerrikoetatik elkar-helduta, xirolarruaren eta Davul-aren doinura. Arin-arinaren antzeko erritmo eta urratsak zituzten. Dantza orgiastikoak ziren.
1974. Langollen (Gales). Musika eta dantza jaialdi sona handikoa da Langollen-ekoa. Hain da horrela, Ez Dok Amairuko Nekane Oiarbide, Jose Angel Irigarai eta Benito Lertxundi ere Argiarekin bidaiatu direla Galeseraino. Alta, bidaia ez da uste bezain gozoa izan.
Langollenen lehen postuan berdinduta geratu ginen portugaldarrak, sardiniarrak eta gu. Berdinketa desegiteko, jaialdi horretan garaipen gutxien zuen herrialdeko taldeari ematen zioten lehen saria. Goizaldik irabazia zuen jadanik eta agian horregatik hirugarren saria eman ziguten guri. Lucile Amstrong, epaimahaian zen eta bere lagun euskaldunei mesederik egiten ez ziela erakutsi nahi izan zuen.
Dezepzio horri, taldeko zenbait kideren desafekzioa gehitu zitzaion. Gure lana sakrifizio handikoa izan da, hainbatetan frustrazio handiak ere ekarri dizkiguna. Bidaiatik itzuli eta halako surmenage edo nekezi kroniko episodio garrantzitsu bat izan nuen. Lau hilabete eman nituen bajan, ohetik ezin jaiki kasik. Desbitaminizatua nintzen eta estres handia pairatzen nuen. Gantzarain doktoreak ikusi ninduen eta zera esan zidan: Urbeltz, kasu eman, Argiarekin egiten duzun lanean, bihotza jartzen duzu mahai gainean, eta horrek badu bere arriskua.
Gisa honetako gertaerek bizitza osorako markatu ninduten.
- Hurrengo atala: 12- Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
- Aurreko atala: 10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi