Dokumentuaren akzioak
Landa-lanetik, sorkuntzara jauzi
Argia dantzari taldea, Donostiako Trinitate plazan Imotzeko esku-dantza dantzatzen. 1971-09-11. Argazkia: Arturo Delgado - Kutxateka
1968. Hango eta hemengo dantza ohiturak biltzeko landa-lan betean dira Argiako kideak. Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa… herrira joan, bertako dantzari jendearekin batzartu eta haien iturritik edan. Bildu, bildu eta bildu. Dantzak jatorrizkotik ahalik eta fidelen eszenaratzen saiatzen dira, baina, zer egin puzzleari piezak falta zaizkiolarik? Argiaren sorkuntza bidea, ez da 1980ko hamarkada bukaerakoa, haien ibilbidearen hastapen-hastapenekoa baizik.
Azken asteetan Iribasen izan dira Argiako kideak bertako ingurutxoa ikasten. Bukaera gisa, ohiko fandango eta arin-arinaren ordez, ukitu ezberdin baten peskizan, Imotzeko esku-dantza sortu eta txertatu diote ingurutxoari. Doinua Azkueren kantutegian aurkitu dute.
Ez zen berreskuratze lan bat izan. Birsortze lana izan zen guztiz. Jaurrietako Axuri-beltza eta Imotzeko esku-dantza izan ziren Argiaren lehen sorkuntzak. Jendeak barneratu izan du Axuri-beltza Marian eta bion sorkuntza izan zela, baina ez da berdin gertatu Imotzeko esku-dantzarekin, ingurutxoaren berreskuratze lanaren baitako parte izan baitzen.
Esan bezala, Imotzeko esku-dantzaren gibelean gogo bat ezkutatzen da, ingurutxoa ohiko solteko dantzak baino originalagoa izanen den zerbaitekin bukatzekoa.
Sormenerako hurbilketa bat eskaini zigun horrek. Txertatu genituen aldairak ez ziren aurrez ezarriak. Neskak makurtu egiten ziren eta mutilek jauzi! Salto egitean mutilek txalo jotzen zuten, batzuek izterretan, besteek orpoetan… eredu irekia zen. Norbaitek keinu berri bereziren bat egiten bazuen, dantzan txertatzen genuen. ‘Errusiar eran’ dantzatzea, esan zioten zenbaitzuk horri. Dantzaren gainean dantzan aritzen ziren batzuk!
Argiak tokian tokiko dantza baztertuak bildu eta galduak birsortu ahala, ezagutzera eman eta dantza taldeek gose handiz jaso eta bere egiten dituzte. Argiaren entseguak zein Urbeltz-Arregitarren etxeko ateak parez pare irekita dira beti eta haietako sartu-irten jarioa etengabekoa da, bai eta ezagutza, argibide, partitura eta arropa trafikoa ere. Dena azkarregi gertatzen ari da eta askotan ez du astirik ematen ez filosofia, ez xehetasunak behar bezala transmititzeko, eta ondorioz, gaizki ulertuak eta erabilera okerrak usu gertatzen dira. Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza elkarrekin emango ditu Argiak eta bakoitzaren jatorri eta izaera bereizia bidean galduko dira maiz. Adibidez, Imotzeko esku-dantzan dantzari baten ekarpen jostalaria izan zena, araututako keinu bihurtuko da zenbait talderen emanaldietan.
Gure dantzari Joseba Loidik, eriak eskuan jarri gabe bazekien txistu zorrotza egiten, eta txistu egin ote zezakeen galdetu zidan. Nik baietz. Baina berezitasuna eta lilura bilatzen genuen eta beraz, errepikapenetako batean baino ez zuen txistu egiten. Eta ez aldiro, geroago ikusi izan dugun bezala. Ikusleak ez dira ardiak, uneoro txistu egin diezaiegun.
Dantza oso bat birsortu behar izan gabe, xehetasun txikienetan ere antzematen da, artisauaren hautaketa sortzailea. Iribasko ingurutxoaren kasuan, berdin. Arrasto lauso batzuetan oinarrituz, osotasun bat sortu behar delarik, antzematen diren elipsiak norbere baratzeko uztaz bete behar.
Iribasko ingurutxoan neskek abiatzen zuten dantza, elkar eskuetatik helduta eta oso modu berezian. Soka ezkerrera eta eskuinera kulunkatzen zen, eta lotutako besoek markatzen zuten dantzarien arteko distantzia. Aurrera egite horrek gora egiten zuen mutilak saltoka eta kaskainetak joz sartzearekin. Garaian, nesken sarrera hori, segur aski ez zuten eginen guk atondu genuen bezala, soka dantzatuan. Ingurutxoa txistuz jotzen genuen eta esku-dantza, soinuarekin. Dantzaren tonua igotzen zuen horrek.
1968. Donostia. Iribasen egon ondotik, bertako ingurutxoaz bildutako oihal-txatalekin soineko berri bat josteko lanean ari dira Argiako kideak. Puzzleak piezak faltan ditu, beraz, zer egin? Atal solte horiek bere horretan eman edo, hutsuneak osatuz, zentzu osoa izanen duen dantza berritua plazaratu? Bildutako ondarea eta horretatik abiatutako sorkuntza txanpon beraren bi aldeak direla ulertuta, petatxuak josteari ekin diote. Bixen eta Juan Mari Beltran Argian ari dira txistulari eta haien eskutik heldu dira Iribasera
Ama Iribaskoa zuten eta berak eman zigun bertako ingurutxoaren arrastoa. 1968an, Marian eta biok ezkondu-eta, Iribas eta Iturenen izan ginen bertako ingurutxoak ikasten. Marianek doinuak idatzi zituen eta nik urratsak ikasi nituen, Juan Bautista Lasarterekin. Leitzako ingurutxoa ezagutzen genuen eta beraz, ez zen inolako zailtasunik izan.
Sorkuntzak baina ez die afera koreografikoei soilik eragiten. Iribastarrek, bakoitzak bere etxeko arropekin emanen zuten dantza, nola jantzi taldean dantzatzeko? Lekukoen jatorri eta esanei erreparatuz eta inguruko beste adibideen bitartez hutsuneak osatuz, eratu dute jantzia ere.
Gure lekuko eta irakasleak, normalean jende xehea izaten zen. Bagenekien norekin ari ginen. Galtza urratuz gero, petatxua jarriko zioten. Hartara, arropak printzipio horrekin josi genituen. Galtzen ehuna artile latzez egina zen, urdina. Larraun guztian festetako maiordomoek xingoladun txapelak zeramatzaten, beraz, jantziari gaineratu genizkion. Artileko galtzerdiak, abarkak, eta lepoan, koloretako zapia. Neskak beltzez jantzi genituen. Orkatilarainoko gona luzea, gerruntzea, lihozko brusa zuria eta xingolaz apaindutako txirikordak ilean. Neskek ere abarkak zeramatzaten. Leitzako ingurutxoan halatsu janzten baziren, antzeko jantzia proposatu genuen Iribaserako ere.
Larraungo, Imotzeko, Leitzaldeko, Araitz-Beteluko… ingurutxoak ikasi eta azterturik, dantza molde horren perspektiba zabala lortu dute Urbeltzek eta Arregik. Eta ikuskera horrek aukera eman die, tipularen hurrengo geruzara jauzi egin eta dantza-moduok beste lurralde batzuetako tradizio dantzatuekin harremanean jartzeko.
Lucile Amstrong-ek konparazio argia ikusten zuen Auverniako bourréaren, ingurutxoaren, Burgoseko dantzen eta Portugalgo Vira-ren artean. Bide horri jarraikiz, nik ingurutxoen eta bourré-aren arteko harremanei buruzko artikulu bat idatzi nuen. Azpimarragarria zait Martín Cayla gaita-jole eta akordeoilaria aipatzea. Bere doinuak ingurutxoenen oso antzekoak ziren. Bourréa gertuko moldea dugu eta ingurutxoa biziberritzeko eredu interesgarria izaten ahal zaigu.
- Aurreko atala: 22- Ingurutxoen lurraldean
Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi