Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argiaren Itzala Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

Dokumentuaren akzioak

Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

2024/02/20 09:00
Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

1967 - Juan Ignazio Iztuetari omenaldia Zaldibian. Argia dantzari taldea Oñatiko dantzak ematen, Juan Antonio Urbeltz buru. Argazkia: Iztueta Fundazioa - Josetxo Marin

Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua arkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu.

1967ko otsaila. Rikardo Arregik elkarrizketatu du Juan Antonio Urbeltz Zeruko Argian eta Argia dantzari taldearen lan eta asmoak izan dituzte mintzagai. Garaiko idazkeran ekarriko ditugu hona. Dantza konprometitua egin nahi dutela dio bertan, bere ibilbidean behin eta berriz aipatuko duen “ardura soziala”.

Gure joera berriak, gure dantza berriak, gure gaurko dantzatzeko moduak, gure garaiei dagozkienak, gure lehengo dantzetan sustraituta, finkatuta, egin nahi ditugu. 

Baina horretarako lehenengo tresna, dantza, bere formetan eta sinboloetan ezagutu beharra daukatela ohartuta dira eta horretarako jatorrizko iturrietara joan beharra dagoela.

Euskal dantzak bere jatortasunean ezagutu nahi ditugu lehendabizi beste ezertan asi baiño lehen. Orregatik herriz herri ibilliak gera iturburu auen billa, dantzak mistifikaziorik gabe jasotzeko asmoarekin.

1966an Berriz, Lesaka, Baztan eta Otsagabian izan dira. Urte trinko eta betea izan da. Asteburuak eta opor egunak probesten dituzte txangoak egiteko. Bizkaian hasi dira. Gero Nafarroako herrietara abiatu dira, “herrialde hori gure lanaren erdigunean kokatzeko asmoz”. Baina 1967an Gipuzkoara itzuli dira. Oñatiko Korpus dantzen sisteman eta erritualean barneratzen hasi dira. 

Jon Arenaza Argiako presidentea zen garaian. Berak lagatu zidan postua geroago. Arenazak familia zuen Oñatin eta bere lehengusu Carlos izan zen guri irakasten hasi zena. Baina aste baten buruan, bere amatxik beldurrarazi egin zuen eta ez zigun gehiago erakutsi nahi izan.

Oro ez dela urre. Aipatu izan dugu. Ordura arte, haien jatorrizko herrietatik at ezezagun samarrak diren dantzak ikasteko eta errepertorioa aberasteko bidea malkartsua gertatu zaie zenbait aldiz Argiako kideei. Baina Oñatiko dantzak interesgarri zaizkie arras eta Argiaren ibilbidean jarrera konstantea izanen denez, ez daude etsitzeko.

Oñatiko erretorea txunditua zegoen, Donostiako zenbait jende herriko dantza haietan interesatuak baikinen. Gure jakin-minaren jakitun zen. Beraz, erretorea beste dantzari batekin jarri zen harremanean eta berak lagundu zigun ikasten. Elizako sala batean erakutsi zizkigun urrats eta aldairak, ezkutuan eta diskretuki. 

Ezkutupean ibili beharrak giro bitxiz zipriztindu du Oñatiko dantzen ikasketa. Horregatik, nahiago izan dute, esaterako, musika kontuak beren gain hartzea. 

Oñatiko udal txistularien burua Demetrio Iriarte zen eta berak bazekien dantzak ikastekotan ginela. Berak beti distantzia gisako bat mantendu zuen gurekiko. Baina ikusita zer giro sumatzen zen, eta zer nolako kalapita sor zitekeen, nahiago izan genuen partiturak eskatu ere ez egitea, horrelako ataka batean ez jartzeko. Marianek prestatu zituen partiturak eta txistulariei pasatzen zizkien. Marianek oharrak hartzeko oso modu berezia zuen, sinboloen bitartez. Musikarako dohain berezia zuen. 

Argia Zaldibian - Oñati 1967
1967 - Juan Ignazio Iztuetari omenaldia Zaldibian. Argia dantzari taldea Oñatiko dantzak ematen. Argazkia: Iztueta Fundazioa - Josetxo Marin

1967 urte horretan bertan Oñatiko dantzak filmatu ditu Jaime Albillosek, Goizaldiko dantzari eta Urbeltzen adiskideak. Gipuzkoako dantzetan Goizaldiren ereduan trebatuta dauden Urbeltz eta Albillosentzat guztiz interesgarria da Oñatiko sistema. Urbeltzen arreta bereganatu dute pauso bera dantzatzeko molde desberdinek. 

Irudiotan ikus liteke, nola, esaterako, sentziloak egun baino gorago markatzen zituzten, belaunak altxatuz. Niretako azpimarragarria zen hori. Orain Oñatin egiten duten sentziloa ‘Gipuzkoakoa’ren antzekoagoa da, guk ikasi genuena baino baxuagoa. Albillosen grabazioetan ere horrela ageri da trokeo-dantzetan, baina aurreskuan sentziloa gorago egiten agertzen dira. Guk ikasi genuenaren antzera. Dantzak erakutsi zizkigun kontaktu hark dantza guztiak erakutsi zizkigun, aurreskua barne, nahiz eta guk batez ere trokeo-dantzak ikasi nahi genituen.

Oñatiko kaskaineta-jotze berezia ere ikasi dute haien ezkutuko maisuarekin, eta, 1967 urteko Euskal Jaietan egin du Argiak Oñatiko dantzen estreina.

Kaskaineten lehen begizta eskuko hiru erietan kokatzen genuen eta bigarren begizta bitan. Gisa horretan kaskainetak libre geratzen ziren joak izateko. Donostiako estreinaldian nik egin nituen kapitain lanak. 

 

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argiaren Itzala

Argiaren Itzala

Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.

Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.

Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.

1 - Argiaren itzala

2 - ...eta Argia egin zen

3 - Aire zahar huntan 

4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan

5 - Oteizaren postala

6 - Euskaldunon zerua

7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak

8 - Flageldarren sarean

9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia

10 - Mundu ezezagunetarako bidaia

11 - Oro ez da urre

12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

13 - Hungariar poeten kantuak primaderari

14 - Bihotzarekin dantzatua

15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

16 - Ezagutzaren bila

17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

19 - Aunitz Urtez!

20- Biba bobo!

21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

22- Ingurutxoen lurraldean

23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi

 

 

 

Giouzkoako Diputazioa - Kultur departementua. Logoa