Dokumentuaren akzioak
Biba bobo!
Argia dantzari taldea, Donostiako Trinitate plazan Otsagabiko dantzak ematen. 1971-09-11. Argazkia: Javier Garayalde, Gure Gipuzkoa
Otsagabiko boboaren jantzia zoragarria da. Erdi Aroan gisa horretako pertsonaiek zeramaten jantzi tradizionala da goitik behera, koloreetako gurutze arlekinatuekin. Maskara berezia ere badu, atzean beltza, aurrean zuria. Julio Caro Barojaren esanetan, Jano jainkoa irudika lezake maskara horrek. René Guenon-ek oso artikulu interesgarria idatzi zuen Janori buruz. Guenon-en esanetan, Janok iragana begiratzen du, orainaldia ez da ageri baina hor da, nonbait, eta ondotik, etorkizuna heldu da. Artaizko (Nafarroa) elizan bada hiru buru dituen eskulturatxo bat ere. Irudi horretan nik Janoren adierazpena ikusten dut eta Otsagabiko boboarengan ere bai! Maskararen alde beltza iragana litzateke eta zuria, etorkizuna.
1966. Otsagabitik Itzaltzura doan bide ondoko makaldian kanpai denda muntatua dute Juan Antonio Urbeltzek eta Mikel Lizartzak. Astea emanen dute bertan Otsagabiko dantzak ikasten dituzten bitartean. Bertako dantzariak egunero ari dira errepikatzen, Espainiako Telebistako Raíces saioan agertzeko trebatzen ari baitira.
Pedro Esarte zen boboa garai hartan eta berak zuzentzen zituen dantzariak. Oso giro eder eta naturalean gertatu zen ikasketa prozesua. Haiei ikusia gure entseguetan errepikatuz ikasi genuen. Raíces-eko bideoan ageri denez, garaian, ezkerreranzko itzuli bakarrarekin dantzatzen zuten modorro dantza. Hau ondokoagatik diot: urte batzuk geroago Patxi Arraras heldu baitzen Otsagabira eta eskuineranzko beste itzuli bat sarrarazi baitzien. Guk itzuli bakarrarekin dantzatzen jarraitu dugu ondotik ere!
Ez da hori izan Patxi Arraras, Iruñeko udal dantza taldeko zuzendari ohiak Otsagabiko dantzetan aldarazi duen xehetasun bakarra. Koreografietan ez ezik, janzkeran ere eraginen du gero. Urbeltz aldaketok arbuiatu ditu.
Otsagabian galtza zuria erabiltzen zuten, oso femeninoa. Zangoaren ertza parpailaz apainduak zituzten. Arrarasek pentsatuko zuen janzki haiek galtzontziloak, pololoak edo gisakoren bat zirela, edo auskalo, eta galtza beltzak ezarrarazi zizkien. Dantzarako erabiltzen diren jantzietako asko dira androginoak, zulo-puntudun galtzerdiekin-eta. Gerriko moreak aragoiarren ezaugarri omen zirenez, horiek ere baztertu zituen Arrarasek eta urdinengatik aldatu. Desastre bat! Lepoko zetazko zintak ere tapizeriazko beste batzuengatik ordezkatu zituen. Zetazkoak erosi nahi izan nizkien, San Telmo museoan uzteko, baina ez zizkidaten saldu nahi izan.
Mikel Lizartza arduratu da oraingoan ere jantziei buruzko xehetasunak biltzen. Jantziak berregiteko eredurik ez baitiete utzi, ohar guztiak notatzen ditu bere kaierrean.
Lizartza oso arduratsua zen bere lanean. Esaterako, lepoko zintak banan-bana zenbatu zituen, zehazki zenbat ziren jakiteko. Gasteizko eta Iruñeko hainbat denda kurritu genituen zinta egokien bila. Tira zabalak behar genituen, eskoziar tankerakoak. Azkenik, Iruñeko Xabier karrikako Martinez Erro-ren dendan eginarazi genituen zintak. Buruko katxutxak meza-jantzien oihalkiekin egin genituen. Zinten azpian apenas ikusten diren etxarpeak ere meza-jantzi moreen zerrendez egin genituen. Oso jantzi erritualak ziren. 1969an Iruñeko Gaiarre antzokian Axuri-beltza mustu genuenean, Otsagabiko dantzak ere eman genituen, orduan bai, Otsagabiko dantzarien zintzarriak utzi zizkiguten erabil genitzan.
Argiak bere ibilbidearen hasieratik aintzat hartu ditu dantzaren osagai guztiak. Haien jardunari ikuspegi holistikoa aplikatzen diote. Urratsak zein koreografiak tentuz gordetzen dituzte buruan, berehala entseguetan transmititzeko. Jantziei buruzko xehetasunak, koadernoetan biltzen dituzte eta horien araberako erreplika zehatzak sortzen. Eta nola ez, musikari dagozkionak ere kuidado handiz jaso eta eszenaratzen dituzte, zenbaitetan ohikotik harago ipiniz soa.
Jaurrietan ere izanak ginen eta bagenekien bertako klarinetistek dantzarazi izan zituztela Otsagabiko dantzariak. Argian, beti aurreko estaiaren bila aritzen ginen, beraz, dantzak modu horretan erreproduzitzea erabaki genuen. Argian “Nueve” ezizenez ezagutzen genuen Gareseko mutil bat bazen, eta klarinetea jotzen zuen. Berak eta Bixen Beltranek jo zituzten gure Otsagabiko dantzak, klarinetez. 1970ean Herri Gogoa zigiluarekin argitaratutako diskoan ere hala grabatu genituen eta uste dut dokumentu-funts interesgarria dela.
Urte trinkoa izan da 1966koa. Berriz, Lesaka, Baztan, Otsagabia… Baina boboaren maskak iragartzen digun gisan, alde beltzak zuriari ematen dio bide, eta urte zaharrak berriari. 1967an landa-lanak ez du etenik izanen. Jon Arenaza, Argiako presidentea oñatiarra da eta txantxikuen herria izanen da hain zuzen, gure bidai honen ondoko geltokia.
- Hurrengo atala: 21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
- Aurreko atala: 19 - Aunitz Urtez!
Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi