Dokumentuaren akzioak
Euskaldunon zerua
Rayna Katzarova, Sofiako Zientzien Akademiako kidea, Juan Antonio Urbeltzi arrapostu emanez, 1981eko Nazioarteko folklore jardunaldietan
1981. Donostia. Nazioarteko folklore jardunaldiak antolatu ditu Eusko Ikaskuntzak. Antolatzaile lanetan ari da Juan Antonio Urbeltz, baina baita hizlari ere. Euskal folklore koreografikoari buruzko gogoeta egin du, tradiziozko dantzak ikasteko metodoaren eta sistematikaren beharra azpimarratuz. Folklorearen ezagutza zientifikoa helburu, gai horiek jorratu dituzten autoreen lanak irakurri eta aztertzearen garrantzia nabarmendu du.
Iztueta, Donostia, Azkue, Barandiaran, Lekuona, Salaberri, Rodney Gallop, Etxebarria, Sagaseta eta abarren lanak aztertzea nahitaezkoa da informazio egokia biltzeko, eta are garrantzitsuagoa dena, metodo bat izan nahi badugu.
Erreferentzia horien inguruan galdetu diogu Urbeltzi.
Resurreccion Maria Azkue. Bere lana aztertu nuen. Bere ekarpen batzuekin kritiko izan naiz, baina Azkueren lana oso interesgarria da, adibidez, etnografiari buruzko Euskal Herriaren Jakintzaren bere lau liburukiak.
Julio Caro Baroja. Nik 25 bat urte nituelarik, Berako Itzea bere etxean izan ginen. Oso ongi hartu gintuen eta harremana luze atxiki genuen. Bere etxean ikastera ere gonbidatu ez gintuen ba! Orduan nik ez nuen Donostiatik Berara joan ahal izateko auto propiorik eta ezin izan nion baiezkorik eman. On Juliorekin buruz buruko harremana izan genuen Marianek eta biok. Espainiako Kultura Ministeriorako ere gomendatu ninduen, baina adeitsuki baztertu nuen proposamen hura. Jakintza handiko gizona zen, eta bere liburuak, haiekin kritiko izanik ere, gure ohiturak ulertzeko ezinbestekoak iruditu zaizkit beti.
Aita Donostia eta Jorge Riezu. Aita Donostiarekin ez nuen harreman zuzenik izan. Bai, aldiz, Jorge Riezu kaputxinoarekin. Lekarozko ikastetxean kokatua zegoen Aita Donostiaren artxiboa gordetzen zuen Riezuk eta hamarnaka dokumentu utzi zizkigun, gero Marianekin batera gure ikuskizunak osatzeko oso baliagarri egin zitzaizkigunak. Riezuk beti hartu gintuen eskuzabal eta babes handia eskaini zigun.
1973. urtean Francisco Berueterekin ikasitako Larrain-dantza kontrastatzen ari dira Iruñeko Oberena dantza taldeko zuzendari izandako Maxi Aranbururekin. Keinu batzuk ez zaizko natural egiten Urbeltzi, ez dira ohikoak gure dantza tradizioan. Beste fraide baten eskua igarri du Juan Antoniok jestu horien atzean.
Aita Hilario Olazaran. Larrain-dantzaren defendatzaile sutsua zen, bai. Baina ulertu beharra dago apaiza zela finean eta bere dantza horrekiko irakurketa guztiz baldintzatua zegoela, hortaz. Nire ustez, Larrain-dantzako baltsa lotuan dantzatu beharko litzateke, baina Olazaranen bertsioan neska eta mutilak ez dira lotzen eta soltean dantzatzen dute. Apaiza erromeria zuzentzen ematen baduzu, akabo erromeria! On Joxe Migel Barandiaran edo Jose Mari Satrustegirekin ere izan nituen eztabaidak, gure kultura adierazpen asko lotzen baitzituzten kristautasunarekin eta ni ez nintzen ados. Apaiz jendearekin ez genuen beti harreman ona izan. Egin genituen ekarpen batzuk ez ziren ongi ikusiak izan eta jazarpena ere pairatu genuen.
Estornes anaien dei bat jaso du. Lurmutur Hiriko eta San Franziskoko orkestrako zuzendari izandako Enrike Jorda Gallastegik dantza-argazki batzuk behar ditu bere argitalpen baterako eta Urbeltzengana jo dute. Urbeltzek argazkiak bidali dizkio. 1970eko hamarkadako hastapenetan dira
Jorda Gallastegi. Donostiako ostatu batean geratu ginen. Adin bateko gizona zen, baina Donostian zen bakoitzean ez zuen gure San Telmoko museoko errepiketako bakar bat ere galtzen eta gure hainbat ikuskizun ikusten ere izan zen. 1978. urtean Dantzak liburua argitaratu nuenean ale bat bidali nion. Asko eskertu zidan.
Javier Bello Portu. Nafarroako dantzen monografikoa aurkeztu genuen Iruñeko Gaiarre antzokian eta bertan izan zen Javier Bello Portu konpositore eta orkestra zuzendaria. 1970. urtea zen. Argiaren lana goraipatu zuen. Bazekien zertaz ari zen, izan ere, 1951. urtean estreinatu zen Duguna izeneko ikuskizunean Iruñeko Santazezilia orkestra zuzentzen zuen eta nahiko kritiko agertzen zen Patxi Arraras, ikuskizun horretako koreografoaren lanarekin. Javier Bello Portu ere izan zen gure hainbat entseguetan.
Aingeru Irigarai. San Telmotik askotan pasa zen beste bat. Euskaltzaina eta Pablo Fermin Irigarai, Larreko, mediku eta idazle auriztar famatuaren semea. Hura ere adinean gora zihoan ezagutu genuenean, baina dantzari gazteak ikusten zituen errepiketan eta horrek adorez betetzen zuen. Gipuzkoako dantzen monografikoa Victoria Eugenia antzokian estreinatu eta Aingeru Irigarai izan zen bertan, baita bere seme Joxe Angel ere, Iñaki Aginagarekin batera. Azken hau hurbildu zitzaidan, zera esateko: Urbeltz, euskaldunon zerua irabazi duzu gaur! Niretako izugarrizko ohorea izan zen hura!
- Hurrengo atala: 7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
- Aurreko atala: 5 - Oteizaren postala
Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi