Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

2023/02/23
Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

1980. Zagreb (Jugoslavia ohia). Argiako dantzariak bertako jaialdian parte hartzekoak dira.  Tito presidentea hil berri da eta tentsio politikoa antzematen da herrialdean. Zagreb-era heldu eta udalean harrera egin diete xirolarru jotzaile eta guzti. Baina berehala Euskal Herrira itzultzekotan izan dira Argiako kideak.

Jaialdiko zuzendariarekin istilua izan genuen, Espainiako bandera ipini baitzuten gu dantzatzera gindoazenean. Hura kultura jaialdi bat ez ote zen galdetu genion. Euskaldunak gure kulturaren jabe ginela esan nion eta berak, ea nongo pasaportea ote genuen ihardetsi zidan. Kontu hori berehala zuzendu ezean, arratsaldean autobusa hartu eta Euskal Herrira itzuliko ginela mehatxatu nion.

Argiako dantzariak 1980ko Zagreb-eko bidaian

Tentsioak-tentsio, jaialdia ongi joan zen. Auditorium berri zoragarrian dantzatu genuen. Jugoslaviar Federazioko balletarekin batera dantzatu genuen eta bere zuzendariaren aginduetara aritu ginen. Ohar batzuk egin nizkion, gure musikarien kokapenari buruz eta onartu zizkidan. Euskal Herrian erlojuaren orratzen kontrako zentzuan dantzatzen dugula adierazi nion eta beraz, musikariak eszenaren ezkerraldean behar zutela, gure irteerak kontrolatzeko.
Gogoan dut, ikuskizuna Mazedoniako neska talde batek itxi zuela. Zoragarria izan zen. Gaita jotzaile bat atera zen lehenbizi. Neskak oinez sartu ziren eta denak batera hasi ziren kantan, inork sarrera agindu gabe. Ondotik Horoa dantzatu zuten eta haien zilarrezko paparrekoak tintin egiten hasi ziren. Euskaldunok ez dugu horrelako edergailuekin dantzatu izan!

Argia dantzari taldea, 1980an, Zagreb-eko kaleetatik dantzan

1981. Nuoro (Sardinia). Ezker-eskuin egindako bidaiek aukera eskaintzen diete dantza talde eta ohitura erreferentzialak aurkitzeko, ezagutzeko eta zuzenean ikusteak eragiten duen zirrara sentitzeko. Youtube eta enparauak amestuak ere ez dauden garaiak dira, baina Arregik eta Urbeltzek Europa osoko dantza tradizioen katalogo zabala ikusia dute dagoeneko, zuzenean. Bidaiek, gainera, parada ematen diete harremanak egin eta sare horiek sendotu eta zabaltzeko. Esaterako, Langollenen ezagututako dantzari sardiniarrak etorri zaizkie bisitan Nuorora Argiako kideei.

Mamoiadako Mamuthonak lehenbiziko aldiz ikusi genituen zuzenean bidaia hartan. Bi lerrotan desfilatzen zuten, ardi-larru beltzez beztiturik, egurrezko maskak jantzita, 30 kilo joare bizkarrean. Jotzeko hiruzpalau modu ezberdin zituzten. Benetan ikaragarriak ziren. Mamuthon rola jokatzen zuten pertsonak ere ikaragarriak ziren, primitiboak ziren, fintasunik gabeak, berezkoak.

Nuoron museo ederra zuten eta bisitatzera joan ginen. Gure gazteetako batzuk harritu egin ziren, bertan, Erronkariko emakumeenak ziruditen soinekoak ikusterakoan. Gonak ehun berdinez eginak ziren eta zerrenda gorri berezi bera zuten. Hura, mediterraneoaren eragina zela azaldu nien nik.

1983. Strážnice (Txekoslovakia oiha). Tradizio luzea du bertako dantza jaialdiak. II. Mundu Gerrak Txekoslovakian eragindako sarraskia nolabait arintzeko sortua, bigarren aldia du Urbeltzek bertan, 1964an Goizaldirekin izan eta gero. Gerezi zapore eztia gogoratzen diote hala bidaiari, nola hiriari.

Bidaia zoragarria izan zen, hiria bera bezalakoa. Kaleak fruitudun gerezitzez beteak ziren. Poema bat idatzi nion Strážnice-ri: Hego Moravia izan zen, ardo zuri eta gerezi lurraldea. Etxe kareztatuak eta paperezko liliak…

Jaialdia bikaina izan zen. Eszenatokiak liluragarriak ziren, ikuslez mukuru beteak! Txekia eta Eslovakiako dantza talde bikainekin bat egin genuen bertan. Korçulako ezpata-dantzariak han ziren, Renaat Van Craenenbroeck-en Antwerpen-eko ezpata-dantzariak ere, zenbait Morris dantzari…  Baina benetan deigarri egin zitzaizkigunak Mkhedruli taldeko georgiarrak izan ziren. Hura zen dantzatzea! Dantzari trebatuak ziren eta euskaldunon eta georgiarren arteko loturen berri bazuten. Anai-arrebatzat gintuzten Argiakoak. 

Argiako dantzariak Georgiako Mkhedruli taldeko dantzariekin batera

Georgiako Mchedruli taldeko dantzari baten argazkia Straznice-ko jaialdiko eskuko programan

Argiako dantzariak Durangaldeko ezpata-dantza dantzatzen, Straznicen

Straznice-ko bidaiko irudiak, Jexux Larrearen artxibotik.

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.