Dokumentuaren akzioak
Argia, Ez Dok Amairu dantzan
Ez Dok Amairu: Baga, Biga, Higa sentikaria. Donostia, Trinitate plaza, 1971-09-07. Argazkia: Javier Garayalde - guregipuzkoa.net CC BY-SA
Praga, 1964. Goizaldi dantza taldea dantza-bira egiten ari da Txekian. Goizaldiren dantza- saioen atsedenetan hiru neska gazte kantuz aritzen dira. Kemen hirukotea da. Bi urte lehenago, sortu dute Marian Arregik, Marian Murgiondok eta Encarna Uriartek Trío Kemen musika taldea. Donostiako Arte Ederrak antzokian leihaketa irabazi dute eta hortik gutxira euskarazko kantaldiak ematen hasi dira, arrakasta handiz. Kanta eta kanta artean, dantzan ere ari dira, Arregik akordeoia jotzen duen bitartean. Kantaldi, kontzertu eta dantzaldi; bilera, elkarrizketa eta eztabaida; amets egin eta ametsak martxan jartzeko garai moduan gogoratzen ditu Juan Antonio Urbeltzek.
Iñaki Gordejuelarekin mintzatu eta Kemen hirukotea Goizaldin sartu genuen. Dantzan berehala ikasiko zutela, eta gainera beste erregistro bateko saio bat egiteko modua izanen genuen, horrela. 1964. urtean Txekian izan ginen dantzan Goizaldirekin eta Kemen hirukotea gurekin etorri zen. Pragan dantzatu genuen eta Kemen-ekoak kantatu. Zoragarria izan zen.
Ez Dok Amairu Arte Garaikidearen Euskal Eskolako sekzioetako bat izan zen, gizartean predikamendu handia izan zuena. Jorge Oteizak eman zion izena. Kataluniako Nova cançok eta Els setze jutges mugimenduek zerikusi handia izan zuten Ez Dok Amairu-ren sorreran. Katalanek, era berean, greziarrengandik jaso zuten inspirazioa. Mugimendu antifaszista handia zen bertan eta Mikis Teodorakis eta Maria Farantouri bezalako kantariek bidea argitzen zieten.
Mikel Laboak Kataluniako musika mugimendu horien berri zuen eta haiekin jarri zen harremanean. Horrek piztu zuen Euskal Herriko mugimendua era berean. Kursaal zaharrean egin zituzten lehenbiziko bilerak eta Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Jexux eta Joxanton Artze, Juan Miguel eta Jose Angel Irigarai, Oskarbi, Julen Lekuona, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Kemen hirukotea bezalako musikariak biltzen ziren haietan. Kursaalean bertan eman zituzten lehenbiziko kontzertuak Ez Dok Amairu gisa ere, Kemen hirukotea partaide zela.
Kontzertu haietan, esaterako, Artze anaiek txalaparta jo zezaketen, garaian ia ezezaguna eta galdua zen musika tresna. Gero Fernando Larruquert-en “Pilotari” filma proiektatu zezakeen eta horren ondotik, kantariak etorriko lirateke, Laboa eta abar. Baita Kemen hirukotea ere.
Musika tradizionala, zinema, kantagintza, deklamazioa, dantza… Jorge Oteizak antzerki totala du buruan, arte tradizional ezberdinak bateratuko dituena. Bide horretatik doaz Ez Dok Amairuren ikusgarri integralak eta Argiak Baga-biga edo Zazpiribai bezalakoetan jarri du dantzaren alea.
Baztango mutil-dantzek proiekzio berezia izan zuten Ez Dok Amairuren Baga-biga ikuskizunean. Espainiako bigarren Errepublikaren garaietatik Aita Donostiak esana zuen mutil-dantzek euskal dantza nazionala izateko bertutea bazutela. Dantza erraz eta kolektiboak ziren. Ez Dok Amairukoak Aita Donostiaren esanetan oinarritu ziren eta diziplina artistiko ezberdinak bateratuko zituen ikuskizun integral hura dantzan amaitu nahi zuten. Hiru puntukoa eta bilantzikoa irakatsi genizkien eta oso ongi ikasi zuten. Ez Dok Amairuko artistek dantzatzen zuten, Lurdes Iriondo eta Nekane Oiarbide barne, Argiako beste 6 dantzariren laguntzaz. Ikuskizunak oso kritika onak jaso zituen egunkarietan.
Beste zenbait alditan ere lan egin genuen elkarrekin. Ez Dok Amairu Donostiako Trinitate Plazan aritzen zenean, mukuru betea izaten zen hura. Baina Argiakoak dantzan ari ginenean ere bai! Euskal festetan arratsalde eta gaueko programak dantzatuak gara, egun berean, eta ikusleak txundituta geratzen ziren. Erreferentzia kulturalen artean Argia Ez Dok Amairu bezain garrantzitsua zen. Berdin betetzen genituen plazak. Gogoan dut 1976ko 24 ordu euskaraz jaialdia Anoetako belodromoan. Ez Dok Amairutik geratzen ziren kantari guztiek kantatu zuten, baina dantza talde bakarra aritu zen: Argia.
- Hurrengo atala: 5 - Oteizaren postala
- Aurreko atala: 3 - Aire zahar huntan
Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi