Dokumentuaren akzioak
Mundu ezezagunetarako bidaia
Argian abian jarri duten proiektua aitzinarazteko ezagutzaren bila, Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltzentzat atzerrira egindako bidaiak garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, beste dantza tradizio eta dantzakera batzuk ezagutzeko.
1967. Cáceres (Espainia). Zazpi urte lehenago Goizaldirekin egin bezala, oraingoan Argiarekin egin dute bertako jaialdirainoko bidaia. Eta kasualitatearen kasualitatea, Goizaldirekin topo egin dute bertan. Hasi-berri duten proiektuaren lehen aleak erakutsi ahal izan dituzte jaialdian.
Esaterako, ordurako Dantzari-dantzako Berriz-eko aldaera ikasia genuen eta dirdira eta indar bereziarekin dantzatzen genuen. Zangoa ostikoz goratzen genuen. Gogoan dut, Euskal Herriko zenbait ikusle izan zirela jaialdian eta ‘Gora Euskadi Askatuta’ka hartu gintuztela. Cáceresen, Galiziako Rey de Viana balletarekin kointziditu genuen eta bere zuzendariarekin zenbait solasaldi izan nituen. Herri kiroletako estanpa batzuk eszenaratzea proposatu zidan, baina horrelako asmakeriak ez ziren sartzen nire planteamenduetan.
1968. Middlesbrough (Inglaterra). Caceres-eko lehen esperientziaren ondotik, Inglaterrako jaialdi garrantzitsuan erakutsi ditu Argiak bere aitzinamenduak.
Middlesbrough-erako bidaia ezberdina izan zen. Taldeko gazteendako atzerrirako lehen ateraldia zen. Niretzat, aldiz, Inglaterrara nindoan lehen aldia. Ingelesen idiosinkrazia berezia iruditu zitzaidan. Etxe partikularretan eman ziguten ostatu. Niri Britainiar armadako almirante baten alargun baten etxean, hain zuzen. Jauregi modukoa zen. Emazteak Zipreko ardoa edaten zuen, Turkiako tabakoa erretzen… sukaldaria ere bagenuen!
Middlesbrough-eko jaialdiak ospe handia zuen. Gipuzkoako ezpata-dantzari taldea eraman genuen eta lau neskek osatutako beste talde bat ere. Bereziki prestatu genuen emanaldi hura. Esaterako, mutilen jantziak egiteko, Gregorio Hombrados Oñatibia margolaria bisitatu genuen eta bere margo batean oinarrituta atondu genuen jantzia. Alkandorak lihozkoak ziren, mauka zabalekoak. Bordatutako gorbata generaman eta damasko-erako txalekoa. Galtza motz beltza eta buruan, txapela. Geroago konturatu nintzen jantzi harekin tronpatu nintzela eta Gipuzkoako dantzen ikuskizunerako (1972) janzkera aldatu genuen. Middlesbrough-en agurra, ezpata-dantza eta brokel-txikiena dantzatuz, lehen saria irabazi genuen. Musikariek ere bildu zuten sariren bat.
Arregi-Urbeltzen jakinminarentzat altxor ederrak dira jaialdiak. Prestatutako dantzak erakusteko aukeraz gain bateko eta besteko folklore adierazpenak ezagutzeko aukera paregabea.
Jaialdian hainbat taldek deitu zidaten arreta. Esaterako, Eslovakiako Zeleziar taldeak. Bigarren geratu ziren, gure atzetik. Talde bikaina zen eta oso ongi portatu ziren gurekin. Çzardas dantzak ematen zituzten, hungariarrekin harreman historikoa baitute eslovakiarrek. Hirugarrenak portugaldarrak izan ziren, Alentexokoak. Bertako fandangoak dantzatzen zituzten, makila-dantzan aritzen ziren bitartean. Oso talde ona zen.
Bulgariako ballet nazionalak ere parte hartu zuen Middlesbroug-eko jaialdian, lehiaketatik kanpo. Argiako kide guztiekin joan ginen haien emanaldia ikustera, ikasteko asmoz. Ez zituzten ahots bulgariarrik ematen, baina bueltako bidaian Parisen geratu eta Filip Kutev-en—Bulgariako ahotsen sortzailearen— hainbat diska erosi genituen Le chant du Monde musika-dendan. Euskal Herrira iritsi eta Filip Kutev-i gutun bat idatzi nion Bulgariako tradiziozko erritmoei buruz galdezka. Ez zidan erantzun.
1970. Dijon (Frantzia). Bertako dantza jaialdia ere lehiaketa modura dago antolatua. Albaniako talde bikain batekin eta Brasov-eko (Errumania) Kalushariekin gurutzatu dira bertan. “Aurre egin behar zitzaien horiei, gero!”. Sariak emanak dira aitzinetik —Urbeltzek hala uste du—. Argiakoek lau zaldi eskatu dituzte Nafarroa Behereko kabalkadaren aitzinean desfila dezaten.
Albaniarrak, errepublikak saritutako dantzari eta musikariak ziren. Horiek ez ziren nolanahi ateratzen haien herritik, sarituak izanen zirela jakin gabe, alegia. Kalushariek talde ikaragarria zuten. Makil-dantzan aritzen ziren, jauzika eta akrobazian. Ikusgarriak ziren. Gheorghe Zamfir Panen xirula jotzaile zoragarria zuten musikari. Birtuosoak ziren. Norgehiagoka itzela izan zen, eta jaialdiak zelai beteko gatazka zirudien. Horregatik eskatu genituen lau zaldiak.
Albaniarrek urrezko lepokoa irabazi zuten. Errumaniarrei urrezko diskoaren saria eman zieten. Batzorde antolatzaileak eskainitako azken afarian, aurreikusita ez zegoen zilarrezko lepokoa eman ziguten guri. Nafarroa Behereko karrika-inguru ikusgarria egiten genuen, 40 bat dantzarirekin: bolantak, neskak, zigantiak, zapurrak, banderaria, makilaria… Garaian ez zen gaur bezain errepertorio ezaguna. Mutilek zein neskek dantzatzen zuten bolant-dantza, denak antrexataka. Faustin Bentaberri Zuritz-en emazteak kontatu zigun bere amatxik dantza-jauziak ematen zituela Baigorriko plazan, eta hartara, guk ere neskak sartu genituen jauzi-dantzari, garaian batere ohikoa ez zena. Muntaia hura Nafarroako dantzen ikusgarrian aurkeztu genuen geroago.
Jaialdi hark mundu ezezagunak ezagutzeko parada eman zigun!
- Hurrengo atala: 11 - Oro ez da urre
- Aurreko atala: 9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Argiaren Itzala
Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.
Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.
Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.
4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan
7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak
9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia
10 - Mundu ezezagunetarako bidaia
12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak
13 - Hungariar poeten kantuak primaderari
15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa
17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle
18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia
21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu
23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi