Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argiaren Itzala Itakatik urrunduz hasi da bidaia

Dokumentuaren akzioak

Itakatik urrunduz hasi da bidaia

2023/02/02 07:30
Itakatik urrunduz hasi da bidaia

Goizaldi dantza taldea, 1963. urtean. Tartean daude Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz

Bidaiek asko markatu gintuzten. Erakarpen eta xarma handiko beste mundu batzuk ezagutu genituen haietan, gero Argian aplikatzen saiatu ginenak. 

1961. Gisors (Frantzia). Uztaileko lehen hamabostaldia. Aurreko urtean Caceres-era (Espainia) egindakoaren ondotik, bigarren bidaia du Juan Antonio Urbeltzek Goizaldirekin. Atzerriko dantza taldeen errepertorio eta dantzakera ezberdinak ezagutzen hasteko leihoak zabaldu zaizkio parean.

Gisors-ekoa oso jaialdi interesgarria izan zen. Esaterako, Cabezón de la Sal-eko (Espainia) talde bat egon zen, Ibioko lantzen dantza egiten zuena. Itsas-karakoil batekin egiten zuten musika eta danborraren erritmoarekin bat mugitzen ziren herren urratsean. Kortsikako beste dantza talde bat ere gogoan dut, oso interesgarria hura ere. Gisors-eko jaialdia bukatu eta, Parisen egin genituen egun batzuk. Gainontzeko taldekideek turismoa egiten zuten bitartean, Jose Ignacio Montesek Rue Singer-era eraman ninduen, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitzara. Manuel Irujo jauna agurtu ahal izan genuen han.

1961. Niza (Frantzia). Uztaileko bigarren hamabostaldia. Ez dira geldi egotekoak Goizaldiko dantzariak eta hilabete berean, bigarren bidaia dute. Juan Antonio Urbeltzendako bidaia berezia izanen da honakoa, hainbat arrazoirengatik.

Jaialdia kanpoan gertatzen zen, Theatre de la Verdure izeneko lorategietan. Han Irlandako dantza talde bat ezagutu genuen. Dantzan eta kantan ari ziren, oraindik ere egun baino ezezagunagoa zen harpaz lagundurik. Errumaniako dantzariak ere baziren, xarma berezia zutenak. Yugoslavia ohiko talde bat ere bai, airera jauzi egin eta zolura belauniko erortzen zirenak. Akrobazia sinestezinak egiten zituzten. Interes handiz jarraitu nituen haiek denak.

Eta hura guztia gutxi balitz, bidaia hartako bueltako bidean, hasi zen Marian eta bion arteko bikote-harremana.

Goizaldi dantza taldea. 1961, Nizako Folklore jaialdian
Goialdi dantza taldea, 1961, Nizako folklore jaialdian

1963. Erbach eta Michelstadt (Alemania). Ignacio Gordejuela Goizaldiko zuzendaria min harturik da eta Juan Antonio Urbeltzi egokitu zaio bidaia horretan taldearen ardura hartzea. 

Taldearen antolaketa berezia egin nuen, hiru taldetan banatua. Lehenengoa, neskena, kaskarots edo arrainsaltzaileen martxarekin. Bigarrena ezpata-luzeko ezpata-dantzari taldea. Hirugarrena, Zuberoako aitzindariena. Taldeko kide batzuek ez zituzten nire proposamenak ongi hartu eta poliki-poliki, giro hark nekarazi ninduen.

Alemanian talde interesgarriak ezagutu genituen. Esaterako, turkiarrak. Ezpata eta brokel dantza ikusgarriak ematen zituzten. Borroka moduko bat antzezten zuten, elkarri oinetakoak jaurtitzen bukatzen zena, taberna-zulo bateko borrokaldi bat zirudiena gehiago. Errusiar talde bat ere bazen, egurra ematen ziguna dantzan, sasoi apartekoa. Varpalotako talde hungariar bikaina ere ezagutu genuen, meatzarien sindikatuaren menekoa. Çzardas dantzak ematen zituzten eta Marianek eta biok haiekin ikasten aritu ginen. Dantzatzeko molde haiek biziki interesgarri zitzaizkidan, euskal dantzei, galduak zituzten baikortasun eta grazia itzultzeko baliabide gisa. 

1963 Herbach folklore jaialdia
Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi, 1963an, Herbach-eko (Alemania) folklore jaialdian

1965. Lefkas (Grezia). Autobusez egin dituzte haraino Donostiatik dauden 2500 kilometroak, asfaltatu gabeko mendi pistak ere zeharkatuz, tarteka. Maletategian daramazkite Juan Antoniok erositako talde anfitrioiarendako xixtera eta Lefkas-eko alkatearendako aginte makila. Urbeltz eta Arregiren nekea, gero eta handiagoa da eta erabakia dute bidaiatik bueltan, Goizaldi utziko dutela. Hala ere, esperientzia aberasgarria bizi dute Lefkas-en.

Bidaia zoragarria izan zen. Sekulakoa! Goizaldiren presentzia arrakastatsua izan zen. Gipuzkoako ezpata-dantza eraman genuen bertara eta gure arropei begira, galdetu ziguten ea serbiarrak ote ginen. Yugoslavia, Finlandia, Congo eta beste zenbait herrialdeetako dantza taldeekin kointziditu genuen. Bulgaria eta Israelgo taldeak izan ziren niretako deigarrienak. Jerusalemeko Hebrear Unibertsitateko taldea ikusgarria zen. Oso ongi kantatzen zuten, koreografo bikainak zituzten, sobietar munduaren dantza-moldeak hartuak zituzten… Haien eszenaratzeak, haien neo-folklorea kitzikagarria gertatu zitzaigun, Goizalditik kanpo abiatuko genuen gure bidaia berrirako.

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argiaren Itzala

Argiaren Itzala

Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.

Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.

Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.

1 - Argiaren itzala

2 - ...eta Argia egin zen

3 - Aire zahar huntan 

4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan

5 - Oteizaren postala

6 - Euskaldunon zerua

7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak

8 - Flageldarren sarean

9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia

10 - Mundu ezezagunetarako bidaia

11 - Oro ez da urre

12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

13 - Hungariar poeten kantuak primaderari

14 - Bihotzarekin dantzatua

15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

16 - Ezagutzaren bila

17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

19 - Aunitz Urtez!

20- Biba bobo!

21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

22- Ingurutxoen lurraldean

23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi

 

 

 

Giouzkoako Diputazioa - Kultur departementua. Logoa