Sinboloen interpretaziorako gidariak

2023/01/19
Sinboloen interpretaziorako gidariak

Frazer-en ‘Urrezko adarra’ izan da XX. mendeko antropologia libururik irakurriena. Hasieran niretako ere iradokitzailea izan zen. Europako erritu zaharretako asko naturaren birsortzearekin, fertilitatearekin eta gaitzaren uxatzearekin lotu zituen Frazer-ek. Baina gaitza ez da uxatu behar. Gaitzari ez zaio sartzen utzi behar ere! Frazer-en lana aztertu eta kritikatu nuen. Nire ustez, gure tradizioan benetan agertzen dena dira gaitza geldiarazteko forma erritualak. Frazer eta bere jarraitzaileak ez ziren honetaz ohartu. Gutxi ateratzen ziren haien bulegoetatik eta apenas zuten harremanik landa-eremuarekin.

Urbeltz Frazer-en interpretazioetatik poliki-poliki aldentzen joan den arren, garai batean, taldean sartzeko bi baldintza izan dituztela dantzariek gogoratu digu Jexux Larrea Argiako dantza-maisuak: Barry Lyndon filma ikustea batetik, eta Frazer-en Urrezko adarra liburua irakurtzea, bestetik.

Frazer eta Amstrong

2001. urtea. Donostia. Milurteko aldaketarekin, atzera begiratu eta Juan Antonio Urbeltzek, Argia oroitzapen gisa izeneko artikulua idatzi du Euskal dantza. Sinboloen inguruan liburuan jasoa—, Marian Arregirekin batera egindako 35 urteko dantza ibilbideari errepasoa emanez. Artikuluaren atal batean, haien lanean eragin berezia izan duten ikerlari eta adituak aipatzen ditu Urbeltzek, besteak beste James Frazer eta Lucile Amstrong folklorista britainiarrak. Haiengandik jaso du Urbeltzek, besteak beste, dantzen gibeleko zeinu eta sinboloei buruzko interesa. 

Lucile Amstrong Violet Alford-en nolabaiteko oinordekoa zen eta James Frazer-en tesiak itsumustuan jarraitzen zituzten. Amstrong, 1966. urtean ezagutu nuen. Donostiara etorri zen, egunkarian bere erreferentzia irakurri nuen eta idatzi egin nion. Laguntasun handia sortu zen gure artean eta asko lagundu gintuen. Aurrerago, Otsagabian ere izan ginen berarekin, bertako dantzak ikusten. Mundu britainiarrerako atea zabaldu zigun eta hindúen espiritualitateaz ere asko zekien. Edozein gauza edo adierazpenen atzean zentzu sinbolikoa bilatzen zuen eta oso iradokitzailea izan zen hori guretako.

Lucile Amstrong, 1981ean Errenterian egin ziren Musikasteko jardunaldietan

Eliade eta Guenón

Argiaren hastapenetako lana etnografikoa da, alor formalari ematen diote arreta, baina Urbeltzek hasieratik bertatik du alde sinbolikoarekiko kezka. Asko irakurtzen du gai horiei buruz, Mircea Eliade eta René Guenón-en liburuak, konparazio, eta bertan irakurritakoa berehala lotzen du dantzarekin. Autore horiei —eta Urbeltzen iruditeri sinbolikoa eraikitzen lagundu duten beste hainbati— buruz galdetu diogu Urbeltzi:

Mircea Eliade: Antzematen nuen gure dantzek lotura zutela sakratuaren munduarekin eta kanpoko erreferentziek hala baieztatu zidaten gero. Mircea Eliadek sakratua eta transzendetala denarekiko ateak zabaldu zizkidan. Ioan Petru Culianu Eliaderen ikaslea izan zen eta bere lanak irakurriz ere asko ikasi nuen.

René Guenón: Frantziar matematikari, masoi eta esoterista zen, iniziazioan eta antzinako munduan aditua. “Zientzia Sakratuaren sinboloak” bere liburuan mila ohar idatzi nituen. Gogoratzen ditut berari irakurri nizkiola Jano jainkoaren bi aurpegiei buruzkoak, iraganera eta etorkizunera begira daudenak. Ortzadarraren zubi izaera sinbolikoa azaltzen zuen, zeinetatik pasatzean, femeninoa maskulino bilakatzen zen, eta alderantziz. Soka-dantzaren zubien korapiloaren metafora berak inspiratu zidan.

Gaignebet

Claude Gaignebet: Inauteriekin harremanean interesatu zitzaidan bere lana. Bere jakituriak Marianek eta biok irakurritako gauza askoren gainetik zen. 40 eguneko hilabeteak, ilargiaren faseak, data aldakorrak… gnostizismoari buruz ere jakituria ikaragarria zuen. Nizako Unibertsitatean etnografía katedratikoa zen eta pertsonalki ezagutzeko aukera izan genuen. Gure lana interesgarri zitzaion.

Jung

Carl Jung: Erudizio handiko psikiatra suitzarra izan zen. Sei urte zituenerako latinez bazekien, adibidez. Beti izan naiz Jung-en jarraitzaile. Ezkutuan dagoenarekiko, transzendentea denarekiko joera nabaria zuen eta horrek beti erakarri izan nau. Erramintak eskaini zizkidan sinboloz betea den dantzaren mundua interpretatu ahal izateko. Bidea argitu digun esku-argia izan da Jung.

Irakurketa hauek guztiek lagundu digute gure bizi-ibilbidean hainbat sinbolo aurkitzen: ezpata-dantza, intsektu eta haien lepogabetzearena, zinta-dantza patuaren dantza gisa, edo soka-dantzaren giza-batasunaren adierazpenarena. Izan ere, dantzak mugitzen diren sinboloak baitira!

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.