Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

2023/03/16
Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

1985. Donostia. Juan Antonio Urbeltz Gipuzkoako Diputazioko kultura zuzendaria da. Roger Salas kazetari kubatarra heldu zaio bisitan. Berarekin batzartu da eta Urbeltzek ‘Dantzak’ bere liburua oparitu dio agurtu direnean.

1987. Donostia. Juan Antonio Urbeltzek Diputazioko kargua utzia du eta Euskadiko Kutxan ari da lanean berriz ere. Dei bat jaso du. Zurita doktorea da, Dantzak liburuaz galdezka. Alicia Alonso Kubako balleteko zuzendariari oparitu nahiko liokeela. Jesus Guridiren Eusko Irudiak koreografiatzeko asmotan da Alonso eta horretarako material gisa erabili nahi du Urbeltzen liburua. Bidali diote, noski.

Hortik denbora batera Alicia Alonso Madrilen dantzatzekoa zen eta ikustera joateko gonbidapena bidali ziguten. Handik gutxira heldu zitzaigun ere Kubara dantzara joateko gonbita, Habanako XI. Nazioarteko Ballet Jaialdira.  
Euskal dantzak eta ballet klasikoak hainbat mugimendu partekatzen dituztela jakitun, euskal folklore ikuskizun bat eskatu ziguten. Gure dantza preklasikoak bilduko zituen programa bat prestatu nuen Gipuzkoa, Zuberoa eta Bizkaiko ereduekin eta oso interesgarri egin zitzaien. Alicia Alonsok errepertorio hura erakutsi nahi zion, Kubako Ballet Nazionalaren kalitateaz oso kontziente zen Habanako ikuslegoari.

Alicia Alonso, Kubako ballet nazionaleko sortzaile eta zuzendari izandakoa, Gisellen errola jokatzeagatik famatu egin zen. Argazkia: Alicia Sanguinetti

1988. Habana (Kuba). 25 dantzari eta musikariz osatutako espedizioa heldu da irlara. Hotelean berean egiten dituzte dantza errepikak. Hamar egun emanen dituzte bertan eta Habanako Antzoki Nagusikoa dute lehenengo hitzordua.

Argiako dantzari eta musikariak Kubarako hegazkina hartzear

Habanako Antzoki Nagusian behin dantzatu ginen. Prestatutako dantza suite osoa erakutsi genuen bertan. Ordurako bagenuen bertute bat; dantza guztiak bata bestearen ondotik, etenik gabe harilkaturik ematen genituen. Dantza interesgarriak ziren gureak, konplexutasun handikoak, bere horretan ederrak. Gure emanaldia ikuskizun zabalago baten parte izan zen. Ballet dantzari garrantzitsuak ziren bertan, tartean Maximiliano Guerra argentinarra.
Gu dantzan ari ginen eta banbalina artean ikusten genituen dantzari profesional haiek guztiak, harriduraz gure emanaldiari begira. Berdin, banbalina artetik Maximiliano Guerra dantzan ikustea esperientzia zoragarria izan zen. Dantzari haiekin guztiekin izandako harremana oso gertukoa izan zen.
Publikotik Gora Euskadi Askatuta oihuak entzun genituen gure emanaldi bitartean eta ikurriñaren bat ere agertu zen ikusleen artetik.
Biharamunean, Granma egunkariko azalean agertu zen gure argazkia. Pena bakarra zera, ezin izan genuela Alicia Alonso agurtu bidaiak iraun zuen denbora guztian. Aitzitik, Kubako Ballet Nazionala Donostira etorri zen beste okasio batean, Victoria Eugeniako palkora igo eta berarekin solasaldi motx bat edukitzeko aukera izan genuen.

Habanako nazioarteko dantza jaialdiaren programa. Bertan Argiaren emanaldiaren aipamena

Habanako Antzoki Nagusikoaz gain, beste emanaldi batzuk ere izan dituzte Argiako dantzariek antilletako lurraldeetan. Nueva Geronan bata, Isla de la Juventud-en bestea, Habanakoa baino antzoki xumeagoetan.

Isla de la Juventud-en ere dantzatu genuen. Han ere, prestatutako programa osoa erakutsi genuen. Gogoan dut antzokiko zoluak ez zuela linoliorik, eta beraz, irrist egiteko arrisku handia genuela. Eszenatokiko zolua —non eta Kuban!— ur eta Coca-cola nahastura batekin blaituz atera ginen ataka hartatik!

 

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.