Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argiaren Itzala Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

Dokumentuaren akzioak

Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

2024/01/16 09:55
Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

Argia dantzari taldea, Nazioarteko folklore jaialdian. Anoetako Belodromoa, 1967. Argazkia: Paco Marti

Nire denboretan entzuna nuen Durangaldeko ezpata-dantzari taldeen artean, Berrizkoa enblematikoa zela. Haien dantza bilduma ikusgarria zen. Dantzakera ikaragarri bizia zuten.

1965, Zornotza. Marian Arregi dantza-solteko txapelketan parte hartzera doa. Han elkartu dira Marian bera eta Juan Antonio, dantzariei musika jarriko dien Alejandro Aldekoa Berrizko txistulariarekin. Donostiako euskararen festan gurutzatu berriak dira eta bertan aipatutako asmoari forma ematea deliberatu dute. 

Handik gutxira, Berrizerako trena hartu dute, bertako dantzak ikasteko asmoz.

Gerra aurrean, Batzokietako gaztetxoen sareak ezpata-dantzaren eredu jakin bat zabaldu zuen. Artazia jo aurretik salto eta itzulia egiten zuten eta artazia bera ere, zangoa zuzen altxaz egiten zuten. Baina Berrizen ez! Artaziaren aurretik txingo eta itzulia egiten zuten eta artazia ostikoz jo. Plazan hartu beharreko espazioarena ere auzi garrantzitsua zen. Berrizko dantzariek elkarrenganako distantzia dezentea gordez okupatzen zuten plaza. Horrek desplazamendu zabalak egitera eta berriz azkar elkartzera behartzen zituen, dantzakera biziagotuz. Guk hala ikasi genuen! Durangaldeko gainontzeko herrietan ere halatsu egiten zuten, bakoitzak bere berezitasunekin.

Donostiatik Berriz-era behin joanen —hiru orduko bidaia da garaian— eta egun guztia pasatu dute bertan Argiako dantzariek. Alejandro Aldekoak urrats batzuk markatu eta xehatu dizkie baina ez da aldi oro dantzan ari. Horretarako, Berrizko ezpata-dantzarietako bat deitu du bere ondora; Rafael Albizuri, ‘Otsue’. 

Otsue pertsonaia berezia zen, oso bizia. Oso handia zen, 100 kilo eginen zituen, baina bere garaierari ez zegokion bizkortasuna zuen. Bat-batean, beste ezpata-dantzarietako batek aldaira harrigarria egiten zuen. Deian, txingoaren ondoko itzulian, kanpai buelta egin zuen airean! Harrigarria! Baziren beraz, arau orokorra hauts zezaketen berezitasunak. Keinu hori bera erreproduzitu genezakeen, gure dantzarietakoren bat hura egiteko kapaz izan balitz! 

Aitite Gorritxategirekin ere izan ginen eta berak binango zaharraren berri eman zigun. Aldekoak berak ez zuen dantza horren entzuterik! Gorritxategik melodia txistukatu zigun. Gaur egun egiten den binangoaren antzekoa zen, baina hala ere, ezberdina!

Halako bitxikeriak kaier batean notatzen ditu Juan Antoniok eta Marian Arregi doinuak bildu eta magnetofonoarekin grabatzeaz arduratzen da. Hala, astebururo, sei hilabetez. Astean zehar, Donostian, ohar horiek guztiak praktikan jartzen dituzte haien errepiketan, xehetasun txikiena ere ez dakien eskapa. 

1967 Anoetako belodromoko nazioarteko folklore jaialdia_01
Argia dantzari taldea, Nazioarteko folklore jaialdian. Anoetako Belodromoa, 1967. Argazkia: Paco Marti

Gogo handiz lan egin genuen. Beti bilatu izan dugu egiten genuen haren transzendentzia eta proiektu garrantzitsua muntatzea genuen helburu. 1967an estreinatu genuen ezpata-dantza berritua Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta handik gutxira, Biarritzeko Agilerako dantzarien alardean ere aurkeztu genuen, ikasitako aldaera guztiekin. Arropak ere bereziak ziren. Alkandora zuri hutsa eta maukak bilduta eraman beharrean, txaleko beltza jantzi genuen. Bularrean siemprebibak eta brontzezko txintxarriak zangoetan. Ezpatak ere benetakoak ziren, Madrilgo feria batean erosiak. Janzkera berritzailea izan zen askorendako. Elementuen baturak eragin zuen azkeneko emaitza erabat aldatzea. Dantzan egoki egin, indarrez, jantzi berrituekin… elementu guztiak egiazkoak direnean, emaitza ere egiazkoa da. 

Arlo guztietan jatorrizkoaren bila gindoazen. Gainontzeko dantzari guztiak seko harrituta geratu ziren Agileran. Gutxika-gutxika, haiek ere dantzatzeko manera aldatuz joan ziren, gurearen eraginez. Eta handik aurrera ere izan zen, beste talde asko jatorrizko iturrietara jotzen hastearena, dantza berriak ikasi eta zaharrak aberasteko.

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argiaren Itzala

Argiaren Itzala

Argia dantzari taldearen lan-moduak, ekarpenak eta berrikuntzak bildu eta modu egituratu eta didaktikoan zabaltzea du helburu proiektu honek.

Juan Antonio Urbeltzekin izandako zenbait elkarrizketa daude proiektu honen oinarrian. Argiaren ibilbidean kide izan dituen Xabier Urbeltz, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik parte hartu dute elkarrizketa hauetan, azken honek jarritako puntuei erantzunez. Transkripzio eta edizio lanak Aritz Ibañezek egin ditu, eta azken lan horietan Oier Araolazak ere parte hartu du.

Euskokultur Fundazioa, Ikerfolk eta Dantzan elkarteak ari dira elkarlanean Gipuzkoako Diputazioren Kultur sailaren babesa duen proiektu honetan.

1 - Argiaren itzala

2 - ...eta Argia egin zen

3 - Aire zahar huntan 

4 - Argia, Ez Dok Amaiuru dantzan

5 - Oteizaren postala

6 - Euskaldunon zerua

7 - Sinboloen interpretaziorako gidariak

8 - Flageldarren sarean

9 - Itakatik urrunduz hasi da bidaia

10 - Mundu ezezagunetarako bidaia

11 - Oro ez da urre

12 - Paparreko tintinlariak eta paperezko liliak

13 - Hungariar poeten kantuak primaderari

14 - Bihotzarekin dantzatua

15 - Gisellek Kubara gonbidatu gintuenekoa

16 - Ezagutzaren bila

17 - Otsue eta Aitite Gorritxategiren ikasle

18 - Lesakan topatu dute Gipuzkoako ezpata-zubia

19 - Aunitz Urtez!

20- Biba bobo!

21- Gaurko euskaldun gisa dantzatu nahi dugu

22- Ingurutxoen lurraldean

23- Landa lanetik sorkuntzara jauzi

 

 

 

Giouzkoako Diputazioa - Kultur departementua. Logoa