Aunitz urtez!

2024/01/30
Aunitz urtez!

Lourdes Iriondo, Nekane Oiarbide, Xabier Lete, Benito Lertxundi… ateratzen ziren dantzara eta taldea Argiako 6 dantzarik osatzen zuten. Bilantzikoa eta Hiru puntukoa dantzatzen zuten. Kantariek oso ongi ikasi zuten dantzan, eta egiten zuten hari ukitu transzendentea eman zion dantzak. Dantza xaloak dira, kolektibo eta komunitarioak. 

Haien ibilbidearen hastapenetik dute Argiako arduradunek hainbat diziplina artistikoen arteko elkar igurtzi orohartzailearen indarraren kontzientzia. 1970eko hamarkadan Ez Dok Amairuko kantariekin batera Baga-biga eta Zazpiribai izeneko ikuskizunak apailatu dituzte. Bertan, diziplinen arteko mugak lausotzen dira. Dantzariak kantan ari dira eta kantariak eta musikariak dantzan. Dantzatuko dituztenen artean, Baztango mutil-dantzak.

Mutil-dantzek Ez Dok Amairu-ren Baga-Biga ikuskizunaren bitartez proiekzio garrantzitsua izan zuten. Espainiako errepublika garaian Aita Donostiak esan zuen mutil-dantzak izan zitezkeela euskal dantza nazionalak. Ez Dok Amairukoek ere aintzat hartu zituzten Aita Donostiak esanak. Ikusgarri integrala egitea zen helburua, zeinetan dantza izanen baitzen azken printza. 

Gerraosteko dantza taldeen errepertorioetan ezohikoak diren dantzen bila, bidea egiten jarraitu dute Argiako kideek. Ordura arte, esaterako, Baztango sagar-dantza neskendako dantza gisa ezagutua da, 1928an estreinatutako Saski-Naski ikuskizunerako egindako bertsioan. Eszenarako dantzakera eta koreografia estilizatuen aurrean, Argiako kideek iturrietara jo eta plazetako dantzarien soiltasun, bizitasun eta indarra bilatzen dituzte.

1966an hasi genituen landa-lanak. Berrizen, Lesakan eta Baztanen izan ginen, kasik ber denboran. Baztanen Maurizio Elizalderekin eta Mariano Izetarekin izan ginen. Maurizio txistularia zen eta nire aitak ezaguna zuen. Mariano aldiz, mutil-dantzak irekitzeko ardura izaten zuen dantzaria zen garaian. Maurizio Donostian ere elkarrizketatu genuen eta Joxean Artze ere han izan zen. Nik nuen magnetofono batekin grabatu genuen Elizalderekin izandako solasaldia. Magnetofono harekin grabatu nuen ere Hego Afrikako dantzei buruzko pelikula baten soinu banda Kursaaleko zinema zaharrean.

Baina oro ez da urre ere… 1966 hartan hainbatetan elkartu dira Maurizio eta Marianorekin. Mauriziorekin Bilantzikoa, Hirupuntukoa eta sagar-dantza ikasi dituzte, berari begira. 

Ez zekien irakasten, dantzan hasten zen eta bere bizkarrean berak egindakoa errepikatuz ikasi genuen. Izetarekin beste mutil-dantza batzuk ere ikasi genituen: Xerri begi eta bere itzulia, Xoxuarena eta abar. Mutil-dantzak has eta buka ikasi genituen. Ez zegoen inongo eskemarik ez eta urratsen sistematizaziorik. Hori urte dezente geroago egin zuen Patxi Larraldek, dantza-jauzien gisara.

Ez dituzte mutil-dantza guztiak ikasi, eta ikasi dituztenetatik ere, estreinaldian bakar batzuk baizik ez dituzte eman. 1967. Donostiako Victoria Eugenia antzokia. Argi guztiak itzali dira eta beltzez jantzitako hiru emakume irten dira publiko artetik, eszena gainerantz, argizaiola bana eskuetan. Iluntasun horretan testu bat irakurri dute: “Ni nauzue dantza, hastapenean ni izan nintzen zuen lengoaia…”

Ikusleen artean hasi ginen dantzan. Aunitz urtez! oihukatuz. Ez genituen mutil-dantza guztiak eman, pare bat baino ez. Aski zen. Programa eklektikoa izan zen, hango eta hemengo dantzak uztartuz. Esanen nuke, garai hartan, oraindik ere, gorularien eta mateloten dantzak ematen genituela… errepertorio zaharra, berria gehituta. 

Sagar-dantzako jantziek arreta deitu dute ikusleen artean. Zetazko paperez apaindutako kapela koniko erraldoi haiek. 

Mutil-dantzak galtza urdinekin ematen genituen, beraz, irudimena baliatu behar. Sagar-dantzariek ere mutil-dantzak dantzatu behar bazituzten, toki jakin batzuetan kokatzen genituen simetria gordez, eta denek batean dantzatzen zuten.

Argia dantzari taldea: Arizkungo sagar-dantza

Berehala beste dantza talde batzuk hasi dira Argiakoengana hurbiltzen dantza ezezagun horiek ikasi nahian.

Esanen nuke gainera, Maurizio Elizalde fokupean jarri genuela eta ordutik goiti hasi zela ezagunago izaten.

 

Argiaren itzala Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da.